Atuna eta hegaluzea oliba oliotan: bederatzi kontserba

Atuna baino % 30 garestiagoa da hegaluzea, baina ez da hobea elikadura ikuspegitik eta dastatze proban ere ez zaio gailendu

Jaki elikagarri eta osasungarriak dira atun eta hegaluze kontserbak, eta ongi prestatuta daude. Gatz kopuruan dute 'gabezia' bakarra: % 0,5 eta % 1,8 artean daukate (askotxo)
1 ekaina de 2009
Img analisis listado 199

Atuna baino % 30 garestiagoa da hegaluzea, baina ez da hobea elikadura ikuspegitik eta dastatze proban ere ez zaio gailendu

Arrain kontserbak aztertu eta alderatu ditugu oraingoan, atuna eta hegaluzea. Bederatzi kontserba mota erabili ditugu esku artean; horietako bostek atun argia eduki dute, eta gainerako laurek, hegaluzea, guztiek ere oliba oliotan. Albo, Ortiz, Cuca, Isabel, Calvo eta Garavilla etxeetakoak izan dira, formatu batean baino gehiagotan merkaturatuak (banakako ontzia eta hiru ontziko zorroa izan dira ohikoenak). Horrela ontziratutako hegaluzea % 33 garestiagoa irteten da atun argia baino: hegaluze kilo xukatuak 24,3 euro balio du, eta atun argiak, 18,3 euro. Etxetik etxera, hala ere, alde handia dauka prezioak: atun argirik merkeena Isabel etxekoa izan da, eta 14 euro balio izan du kilo xukatuak; garestienak, berriz, Cuca eta Ortiz etxeetakoak izan dira, eta 21 euro inguruan ibili da kilo xukatua. Hegaluzea ere Isabel etxekoa izan da merkeena (21,5 euro kilo xukatua), eta gainerako hiruretan, 24 euro balio izan du Garavilla etxeko hegaluze kilo xukatuak, eta 25 eurotik gora Ortiz eta Albo etxeetakoak.

Alde horiek ikusita, batek baino gehiagok galdetuko du ea baden horretarako arrazoirik. Bi alderdiri erreparatu behar litzaioke horri erantzuteko. Elikadura ikuspegitik, oso antzekoak dira bata eta bestea, osaera ia berdina baitute eta ezaugarriak berberak: kalitate bikaineko proteina asko eta bihotzarentzat osasungarri diren gantzak, bai oliba olioari dagozkionak eta bai arrain urdinek eduki ohi dituzten omega-3 gantzei dagozkienak. Alde bakarra gatzean daukate, baina oso txikia da: atuna zertxobait gaziagoa da hegaluzea baino; atunak, batez beste, % 1,2 dauka gatza, eta hegaluzeak, % 0,9. Guk aztertu ditugun bederatzi ontzi motetatik, hala ere, bakarra jo liteke gaziegitzat, Ortiz etxeko atun argia (% 1,8 du gatza).

Bigarren alderdian gastronomia ikuspegia hartu beharko genuke aintzat. Hegaluzea garestiagoa da, esan bezala, eta ospe gehiago du (haragi zuriagoa du, eta testura eta zapore finagokotzat jotzen da), baina ikusi egin beharko litzateke ea ezaugarri organoleptiko hobeak dituen: zaporea, usaina, kolorea, uzten duen zaporea, murtxikatzerakoan sortzen duen irudipena eta mamitsutasuna. Guk, dastatze proba egin dugu hori jakiteko: 45 kontsumitzaileri eman dizkiegu ontzi guztiak dastatzera, zer jaten ari ziren esan gabe, eta hegaluzeak ez ditu lortu emaitza hobeak. Hegaluzearen eta atunaren artean baino alde handiagoak izan dira etxe batetik bestera. Emaitza onena lortu duten hiruretatik bi atun argiak izan dira (6,7 eta 7,1 puntu artean lortu dituzte), eta kontsumitzaileek gehien nabarmendu dutena ere atun argia izan da, Albo etxekoa; bi etxetako hegaluzeak, berriz, ez dira iritsi 6,5 puntura.

Dastatze proba batean gehien zein nabarmendu duten ere begiratu behar da; alegia, produktu bat zenbat aldiz bereizi duten onenen artean atal bakoitzean. Eta hor berriz ere argi geratu da etxetik etxera daudela alderik handienak: Albo etxeko biak izan dituzte gustukoen atalik gehienetan, Ortiz etxekoak gero, eta Isabel etxekoak hurrena; gutxien Calvo etxeko atun argia gustatu zaie, eta gainerako biak (Garavilla hegaluzea eta Cuca atuna) erdi parean geratu dira. Zorrotzago jartzen bagara eta atal guztietan edo gehienetan zein nabarmendu duten aztertzen badugu, ikusiko dugu Ortiz hegaluzea eta Albo atuna besteen gainetik jarri dituztela. Eta bi horien atzetik, etxe berberetako beste bi produktuak etorri dira: Albo hegaluzea eta Ortiz atuna. Eta bat bakarra aukeratu behar bagenu guztietatik, Ortiz etxeko hegaluzea egingo genuke (25,4 euro balio du kilo xukatuak). Kalitate-prezioetan, hala ere, Isabel etxeko atun argia gailendu da; guztietan merkeena da (14 euro balio du kilo xukatuak), kalitate egokiko osaera du, eta emaitza ona eman du dastatze proban.

Zergatik da hain ona kontserbako atuna edo hegaluzea jatea

Kontserba hauek atuna edo hegaluzea izaten dute, oliba olioa eta gatza, eta oso jaki egokiak dira maiz jateko ere, elikagarriak baitira oso (produktu xukatuaren % 24-29 kalitate oneko proteinak dira, arrain urdinarenak); eta gantzak, berriz, bihotzarentzat osasungarriak: omega-3 gantz azidoek dituzten ezaugarri onuragarriez gain, oliba olioaren azido oleikoarenak gehitu behar zaizkio (pisu garbiaren % 20-38 artean hartzen du olioak). Arraina freskoa denean, atunak gantz gehiago eduki ohi du (% 12), hegaluzeak baino (% 6), baina kontserbetan gutxitu egiten da alde hori. Arraina noiz harrapatu duten (neguan gantz gutxiago edukitzen du), zein neurritakoa den, zein egoera fisiologiko duen eta itsasoan zer elikadura izan duen, horrek guztiak eragiten dio lehengaiari, eta horrexegatik izaten dute osaera antzekoa atunak eta hegaluzeak. Guk ez dugu berariaz aztertu produktu hauek zenbat gantz eta proteina dituzten, etiketan ageri baita hori.


“Iparreko hegaluzea”
izendapenak ez du esan
nahi Bizkaiko itsasoko
hegaluzea denik, Thunnus
Alalunga espeziekoa dela,
besterik ez

Eta kaloriak? Atunak eta hegaluzeak 200 kaloria inguru ematen dituzte ehun gramo bakoitzeko, eta oliba olioak, 900 kaloria ehun mililitro bakoitzeko. Bederatzi kontserba hauetan, % 19tik % 40 bitarte da oliba olioa, eta, ondorioz, ontzi batzuen olioak kaloria gehiago ematen du besteenak baino; Isabel hegaluzeak, adibidez, % 62 soilik du arraina, eta Ortiz hegaluzeak eta Cuca atun argiak, berriz, % 80 inguru. Beraz, arraina soilik janez gero, izan etxe batekoa edo izan bestekoa, 200 kaloria hartuko genituzke 100 gramo bakoitzeko. Baina arrainaz gain olioa ere jango bagenu, hartuko genukeen kaloria kopurua asko aldatuko litzateke ontzitik ontzira: Isabel hegaluzeak 480 kaloria emango lizkiguke ehun gramo bakoitzeko, eta Ortiz hegaluzeak edo Calvo atun argiak, 340.

Baina produktu hauen onura ez da mugatzen proteina eta gantzetara. Bitaminak eta mineralak ere badituzte. Mineraletan, adibidez, potasioa, fosforoa, magnesioa, kaltzioa, burdina eta sodioa nabarmendu behar dira. Gatz kopurua aztertuta, bada alde pixka bat ontzitik ontzira, baina ez gorabehera aipagarririk. Cuca etxeko atun argiak % 0,5 du gatza, eta Ortiz etxeko atunak, % 1,8; gainerako guztiak % 1etik behera dabiltza. Legeak dio, produktu bat gaziegitzat jotzeko, % 1,5 baino gehiago eduki behar duela gatza, eta Ortiz etxeko atunak soilik gainditu du muga hori. Azkenik, kontserbak prestatzerakoan ematen dieten tratamendu termikoari esker (oso azkarra izan ohi da) eta esterilizatzeko erabiltzen duten teknikari esker, bere horretan irauten dute atunaren eta hegaluzearen bitaminek (batik bat, bitamina lipodisolbagarriak dauzkate, A, D eta E, baina baita hidrodisolbagarri batzuk ere, B3, B6 eta B12).

Ongi prestatuak y tabla comparativa

Ongi prestatuak

Produktu bat “ongi prestatua” dagoela esan ahal izateko, eskatzen zaizkion baldintza eta betebehar asko egoki bete behar izaten ditu; arrain kontserbak ongi prestatuak daudela baieztatzeko, berriz, legea betetzen dutela egiaztatu ohi da, eta kalitate proba asko gainditu dituztela. Lehenik eta behin, produktu bakoitza zein arrain espezierekin osatua dagoen aztertu dugu, arauak zehazten duena betetzen ote duten jakiteko (DNA azterketak erakutsi du atun argiko kontserbak Thunnus albacares espeziez osatuak daudela eta hegaluze kontserbak, Thunnus alalunga espeziez; arauak agindu bezala, beraz); bigarrenik, higiene eta osasun egoera egokia duten ikertu dugu (esterilizatze proba bat egin dugu eta aerobio mesifiloen bila aritu gara). Eta berdin gertatu da laborategian egin ditugun beste proba batzuekin ere: olioa, ontzi guztietan, oliba olioa izan da; merkurio kopurua arauak onartzen duen baino txikiagoa izan da (metal astuna da, eta kopuru txikietan agertu ohi da halako espezieetan; arauak 1 zati milioiko muga jartzen du); eta ontzi batean ere ez dugu topatu kalitate-gabeziarik (materia arrotzak, hezurrak, azalak, ezkatak edo haragi gorrixka). Histamina analisia ere egin dugu, lehengaia (arraina) freskoa dela egiaztatzeko, eta halaxe gertatu da kasu guztietan (substantzia toxikoa da histamina, eta proteinak degradatuta daudela salatzen du; ondorioz, alergiak sor ditzake). Hegaluze ontzietan “Iparreko hegaluzea” dela esaten du (“Bonito del Norte”), baina horrek ez du esan nahi “Bizkaiko itsasoko hegaluzea” dela. Legeak ez du esaten zein itsasotan arrantzatua izan behar duen; legeak soilik esaten du Thunnus alalunga espeziekoa izan behar duela, eta hori itsaso batean baino gehiagotan aurki liteke.

Bi akats edo gorabehera baino ez ditugu antzeman. Lehena etiketari dagokio (hiru etxek gaizki emana eduki dute): Garavilla hegaluzeak eta Cuca atun argiak esaten dute “kontserbagarririk eta koloragarririk gabeak” direla, baina hori sobera dago, kontserba mota hauetan ezin baita gehigarririk erabili; Ortiz hegaluzearen etiketan, berriz, sortaren zenbakia ezin izan dugu irakurri. Beste akatsa Isabel etxeko hegaluze ontzian aurkitu dugu: arrainak pisu garbiaren % 62 soilik eman du, eta arauak dio, gutxienez, % 65 eman behar duela.

Marka Ortiz Albo Isabel Garavilla
Salgaiaren izena Hegaluzea oliba oliotan Hegaluzea oliba oliotan Hegaluzea oliba oliotan Hegaluzea oliba oliotan
Prezioa (euro/kilo xukatua)1 25,4 26,2 21,5 24
Prezioa (euro/kilo garbia) 1 18,6 19,2 14 16,9
Pisu garbi adierazia (g)2 112 112 266 115
Analisian eman duen pisu garbia (g) 114 115 274 119
Pisu xukatu adierazia (g)3 82 82 173 81
Analisian eman duen pisu xukatua (g) 90 85 169 81
Analisian eman duen pisu xukatua / Analisian eman duen pisu garbia (%)4 79 73,8 61,6 68,2
Sodio kloruroa (%)5 0,95 1,06 0,84 0,74
Merkurioa6(ppm) 0,15 0,31 0,28 0,16
Espeziea7 Thunnus alalunga Thunnus alalunga Thunnus alalunga Thunnus alalunga
Dastatze proba (1etik 9ra) 6,8 6,5 6,3 6,1
Marka Ortiz Albo Cuca Isabel Calvo
Salgaiaren izena Atun argia oliba oliotan Atun argia oliba oliotan Atun argia oliba oliotan Atun argia oliba oliotan Atun argia oliba oliotan
Prezioa (euro/kilo xukatua)1 21 19,4 21,2 14 15,9
Prezioa (euro/kilo garbia) 1 15,4 14,2 16,3 9,1 10,4
Pisu garbi adierazia (g)2 112 112 3×65 3×80 3×80
Analisian eman duen pisu garbia (g) 117 113 3×66 3×80 3X82
Pisu xukatu adierazia (g)3 82 82 3×50 3×52 3×52
Analisian eman duen pisu xukatua (g) 91 84 3×53 3×55 3×57
Analisian eman duen pisu xukatua / Analisian eman duen pisu garbia (%)4 77,1 74,4 80,6 68,5 69,2
Sodio kloruroa (%)5 1,8 1,4 0,51 0,88 1,2
Merkurioa6(ppm) 0,42 0,15 0,20 0,05 baino gutxiago 0,05 baino gutxiago
Espeziea7 Thunnus albacares Thunnus albacares Thunnus albacares Thunnus albacares Thunnus albacares
Dastatze proba (1etik 9ra) 6,7 7,1 6,2 6,2 5,5

Ontzi guztietan, oliba olioz estalia egon da atuna edo hegaluzea. Egoera mikrobiologiko egokia eduki dute bederatzi ontziek. Eta freskotasuna ere bai: histamina kopurua arauak jarritako mugaren oso azpitik egon da (arauak onartzen 100 zati edukitzea milioiko, eta ontzi hauek guztiek 5 zati baino gutxiago eduki dute milioiko); aminoazidoak degradatu direlako sortzen da histamina (bakterio infekzio baten ondorioz, hain zuzen), eta horrexek adierazten du arraina freskoa den edo ez. Kalitate-akatsak aurkitzeko proban ere emaitza onak eman dituzte ontzi guztiek (ez dugu aurkitu materia arrotzik, hezurrik, azal eta ezkatarik, haragi gorrixkarik eta odol hodirik).

1. Prezioa: produktu xukatuaren kiloak eta produktu garbiaren kiloak zenbat balio duen kalkulatu dugu.

2. Pisu garbia: ontzi barrukoaren pisua (arraina eta estaltzen duen likidoa).

3. Pisu xukatua: arrainaren pisua, estaltzen duen likidoa kenduta.

4. Pisu xukatua/pisu garbia (%): legeak dio erlazio horrek, gutxienez, % 65ekoa izan behar duela.

5. Sodio kloruroa: Jaki bat gaziegitzat jotzen da osasunarentzat, sodio kloruroa % 1,5etik gora badu.

6. Merkurioa: gai kutsakorra da –metal astuna-, eta uretan egoten da, industriatik datorren kutsadura kimikoaren ondorioz. Hori dela era, arrainak ere eduki dezake. Arauak muga hau onartzen du, gehienez: 1 zati milioiko (z/m). Guk egin dugun azterketan, gehien eduki duena ere, ez da iritsi arauak jartzen duen mugaren erdira.

7. Ontzi bakoitzeko arrainaren DNA analisia egin ondoren, ikusi dugu dagokion espeziea erabili dutela sail bakoitzean: Thunnus alalunga hegaluzeetan eta Thunnus albacares atunetan.

Banan-banan

Atuna eta hegaluzea oliba oliotan: bederatzi kontserba

Ortiz

  • “Hegaluzea oliba oliotan”
  • 112 gramoko ontzian etorri da.
  • Kilo xukatuak 25,4 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 18,6 euro. Garestienetakoa izan da. Hegaluze ontzien artean, hau da aukerarik onenetakoa, eta azterketa guztia aintzat hartuta, hau izan da kalitate onenekoa.
  • Osagaiak: Hegaluzea (atun zuria), oliba olioa eta gatza.
  • Etiketa gaizki emana du: sortaren zenbakia ezin da irakurri.
  • Aztertu ditugun lau hegaluze ontzien artean, honek eduki du arrainik gehien (% 79).
  • Dastatze proban 6,8 puntu lortu ditu, eta kontsumitzaileei gehien gustatu zaienetakoa izan da. Alderdi batean ere ez da nabarmendu (kolorea, usaina, zaporea, murtxikatzerakoak sortzen duen irudipena, mamitsutasuna eta uzten duen zaporea), eta deus txarrik ere ez diote antzeman.

Albo

  • “Hegaluzea oliba oliotan”
  • 112 gramoko ontzian etorri da.
  • Kilo xukatuak 26,2 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 19,2 euro. Aztertu ditugun bederatzietatik, hau izan da garestiena.
  • Osagaiak: Hegaluzea (atun zuria), oliba olioa eta gatza.
  • Honek eduki du gatz gehien hegaluzeetan (% 1,06), nahiz eta ez duen gehiegirik.
  • Dastatze proban 6,5 puntu lortu ditu, eta kontsumitzaileei gehien gustatu zaienetakoa izan da. Kolorea gustatu zaie, eta ez diote deus txarrik antzeman.

Isabel

  • “Hegaluzea oliba oliotan”.
  • 266 gramoko ontzian etorri da.
  • Kilo xukatuak 21,5 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 14 euro. Hau izan da merkeena hegaluzeetan, nahiz eta besteek halako bi baino gehiago eduki hegaluzea.
  • Osagaiak: Hegaluzea, oliba olioa eta gatza.
  • Proportzioan arrain gutxien duen ontzia izan da, eta ez du araua bete: pisu xukatu/pisu garbia erlazioa % 62koa du, eta % 65ekoa izan behar du, gutxienez.
  • Dastatze proban 6,3 puntu lortu ditu, eta kontsumitzaileei gehien gustatu zaienetakoa izan da. “Kolore argia” eta “zati handiak” dituela esan dute kontsumitzaileek, eta hori gustatu zaiela; aldiz, “lehorra” iruditu zaie.

Garavilla

  • “Hegaluzea oliba oliotan”
  • 115 gramoko ontzian etorri da.
  • Kilo xukatuak 24 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 16,9 euro.
  • Etiketa gaizki emana du: “kontserbagarririk eta koloragarririk gabea” dela esaten du, baina arauak ez du onartzen halakorik, produktu hauek ezin baitute eduki gehigarririk.
  • Osagaiak: Hegaluzea, oliba olioa eta gatza.
  • Dastatze proban 6,1 puntu lortu ditu. “Zaporea” eta “kolorea” gustatu zaizkie, baina “oliotsuegia” iruditu zaie.

Isabel

  • “Atun argia oliba oliotan”
  • 3 ontziko zorroan etorri da, eta ontzi bakoitzak 80 gramo eduki ditu.
  • Kilo xukatuak 14 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 9,1 euro. Guztietan merkeena izan da. Hauxe gailendu da kalitate-prezioetan.
  • Osagaiak: Atun argia, oliba olio birjina estra (%7) eta gatza.
  • Arrain gehien duenetakoa izan da (pisu xukatua/pisu garbia: % 68), eta merkurio gutxien (metal astuna da merkurioa, baztergarria): antzemate-teknikak ezartzen duen gutxieneko mugaren azpitik ibili da (0,05 zati milioiko da muga). Gatzarekin ere berdin gertatu da, gutxien eduki duenetakoa izan da (% 0,9).

Albo

  • “Atun argia oliba oliotan”
  • 112 gramoko ontzian etorri da.
  • Kilo xukatuak 19,4 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 14,2 euro.
  • Osagaiak: Atun argia, oliba olioa eta gatza.
  • Gatz gehien eduki duenetakoa izan da: % 1,4 (gatz gutxien eduki duenak halako hiru ia).
  • Dastatze proban 7,1 puntu lortu ditu (honek atera du emaitzarik onena), eta kontsumitzaileei gehien gustatu zaienetakoa izan da. “Gatz puntua” gustatu zaie, baita “zati handiak” edukitzea ere; ez diote deus txarrik antzeman.

Ortiz

  • “Atun argia oliba oliotan”
  • 112 gramoko ontzian etorri da.
  • Kilo xukatuak 21 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 15,4 euro. Atun argietan, garestienetakoa izan da.
  • Osagaiak: Atun argia, oliba olioa eta gatza
  • Honek eduki du gatz gehien (% 1,8). Osasunaren ikuspegitik, gatza % 1,5etik gora duten jakiak gaziegitzat jotzen dira. Merkurio gehien ere honek eman du (0,42 zati milioiko), nahiz eta araua ongi betetzen duen, urrun baitago gehienezko mugatik (1 zati milioiko).
  • Dastatze proban 6,7 puntu lortu ditu, eta kontsumitzaileei gehien gustatu zaienetakoa izan da; ez dute alderdi jakin bat nabarmendu, eta deus txarrik ere ez diote antzeman.

Cuca

  • “Atun argia oliba oliotan”
  • 3 ontziko zorroan etorri da, eta ontzi bakoitzak 66 gramo eduki ditu.
  • Kilo xukatuak 21,2 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 16,3 euro. Ortiz etxekoarekin batera, hau izan da

garestiena atun argietan.

  • Osagaiak: Atun argia, oliba olioa eta gatza
  • Etiketa gaizki emana du: “kontserbagarririk eta koloragarririk gabea” dela esaten du, baina arauak ez du onartzen halakorik, produktu hauek ezin baitute eduki gehigarririk.
  • Honek eduki du gatz gutxien, % 0,51. Eta arrain gehien: pisu xukatua/pisu garbia erlazioa % 81ekoa da.

Dastatze proban 6,2 puntu lortu ditu, eta erdi parean geratu da. Ez dute alderdi jakin bat nabarmendu, eta deus txarrik ere ez diote antzeman

Calvo

  • “Atun argia oliba oliotan”
  • 3 ontziko zorroan etorri da, eta ontzi bakoitzak 80 gramo eduki ditu.
  • Kilo xukatuak 15,9 euro balio du, eta kilo garbiak (olioa barne), 10,4 euro. Aztertu ditugun guztietatik hau izan da

bi merkeenetako bat (alde handia dago, gainera, besteekin alderatuta).

  • Osagaiak: Atun argia, oliba olioa eta gatza
  • Merkurio gutxien duten bi ontzietako bat izan da (metal astuna da, baztergarria): antzemate-teknikak ezartzen duen gutxieneko mugaren azpitik ibili da (0,05 zati milioiko da muga). Arrain gutxien eduki duten lau ontzietako bat ere izan da (pisu xukatua/pisu garbia erlazioa % 69koa eduki du.