Oporrak erromes
Udaberria iristearekin bat, eta Aste Santutik aurrera nagusiki, itxuraldatu egiten da Done Jakue bidea, eta uda sasoian inoiz baino ugariago biltzen ditu XXI. mendeko erromesak. Tramankuluak hartu, eta Santiagorantz ekiten diote. Tradizioak dio han daudela Santiago Nagusia apostoluaren gorpuzkinak (duela 1.200 urte aurkitu omen zituzten), eta atseden hartu beharrak eta luxuak bide bazterrean utzita, milioika erromes abiatzen dira harantz, munduko bazter guztietatik etorrita. Pentsa liteke gero eta erromes gutxiago egongo direla han eta hemen, baina Done Jakue bidean, behintzat, jende asko dabil orain ere, berdin oinez, bizikletaz edo zaldiz. 2008. urtean, adibidez, 125.141 lagunek jaso zuten Compostela agiria, aurreko urtean baino gehiagok (114.026). Agiri horrek ziurtatzen du gutxienez azken 100 kilometroak oinez edo zaldiz egin dituela erromesak, kristau ikuspegi batekin betiere, edo bizikletaz joan bada, gutxienez azken 200 kilometroak egin dituela.
Done Jakue bidea 2010. urteari begira jarria dago orain, horixe izango baita azken Urte Santua 2021. urtekoa bitarte. Urte Santuetan asko ugaritzen da erromes kopurua, eta horiek guztiak hartzeko prestatu beharra dago; 1999an, adibidez, 154.613 lagunek egin zuten bidea, eta 2004an, 189.944k.
Frantziar Bidetik barrena joaten da erromes gehien; bide hori Donibane Garazin hasten dute batzuek (Nafarroa Beherea) eta Orreagan beste zenbaitek (Nafarroa), eta 800 kilometro inguru ibili ondoren heltzen dira Santiagora. Frantziar Bidea ez da, hala ere, Euskal Herritik Santiagora heltzeko bide bakarra; hortxe daude, halaber, Nafarroako Bidea, Kostaldeko Bidea, Barnealdeko Bidea edo Baionako Bidea, eta abar. Eta inguruko lurraldeek ere badute berea: Aragoar Bidea (Frantziar Bidearen aldaera da, eta Somport gainean abiatzen da), Iparraldeko Bidea, Antzinako Bidea, Via de la Plata izenekoa, Sanabriar Bidea, Portugaldar Bidea, Levanteko Bidea, Kataluniar Bidea… Horrek guztiak argi erakusten du zenbateraino erakarri izan dituen Santiagok erromesak, eta zein aspalditik, gainera (gehiago jakin nahi duenak, CONSUMER EROSKI-k argitaratu duen gida praktikoan begiratu dezake: https://caminodesantiago.consumer.es/). Historiaz eta kulturaz betetako bidaia da, eta Santiagora joateko ez ezik, norbere baitara iristeko ere erabiltzen du jendeak. Bide bat hartu edo bestea hartu, egunez egun egin beharrekoa da, etenik gabe, eta ezin esan erraza denik. Ongi dokumentatu beharra dago aurrez, eta entrenatu ere bai, fisikoki prestatua joan beharra baitago. Behin abiatuta, elikadura egoki zaintzea eta zentzua erabiltzea dira helmuga iristeko lagunik onenak.
- Bideari ekin baino bi edo hiru hilabete lehenago hasi beharra dago prestatzen. Esfortzu test bat egitea ere ez legoke gaizki, ezustekorik ez gertatzeko.
- Astean behin, mendian edo bidezidorretan kirola egin beharra dago (15 eta 20 kilometroko ibilaldiak txandakatzea komeni da), eta astean bitan, oinez ibiltzera edo footing egitera joatea komeni da.
- Bidea egiteko eramango ditugun oinetako berberak erabili behar ditugu prestaketa saioetan, eta motxila ere eraman behar dugu, ohitzen joateko zamatuta ibiltzera.
Prestakuntza fisikoa eta eraman beharreko materialak
Aurrez planifikatu
Hautatu dugun bideari buruzko dokumentazioa biltzea garrantzitsua da, eta egutegi bat egitea ere bai: zenbat egun ditugun eta zenbat etapa egingo ditugun finkatuz gero, ezusteko ugari saihestu litezke. Egokia izaten da Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarte batera joatea (Espainian 40 inguru daude); informazio eta aholku baliagarriak emango dizkigute, eta erromes agiria ere bai. Dokumentu hori igarobaimen moduan erabiltzen da, eta hainbat koadrotxo izaten ditu, aterpe bakoitzean zigilua jar diezaguten (egunean behin eman behar da, gutxienez, zigilua). Gainera, ezinbestekoa izaten da erromesen aterpeetan gaua igarotzeko, eta Santiagora heldutakoan, erromesaldia egin dugula ziurtatu eta Compostela eskuratzeko.
Oinetakoak eta motxila nola hautatu
Donibane Garazitik Santiagora bitarte, bide asko eta askotarikoak ibili behar izaten dira: asfaltoa, hormigoia, hartxintxarra, lurra, lokatza… Eta erromesak ezin du eraman oinetako pare bat zoru mota bakoitzarentzat. Beraz, aukeratu beharra du, eta aukeratzen hasita, oinetakoak ez du izan behar ez oso arina, ez oso astuna ere, malgua izatea komeni da eta egonkortasun ona ematea. Ez da erraza ezaugarri horiek guztiak biltzen dituen oinetakoak aurkitzea, baina halakoak ere badira merkatuan: mendiko lasterketetan erabiltzen dituzten zapatilak, hain zuen (trail zapatilak deitzen zaie, eta 80 euroan aurki litezke). Mendiko botak baino arinagoak dira, malguagoak ere bai, eta oina zoru gainean jartzerakoan, botekin baino leunagoa izaten da kolpea. Lasterka egiteko ohiko zapatilen aldean, berriz, trail delako horiek sendoagoa dute zola, eta horregatik, hobeto erantzuten diete zoruko gorabeherei. Gore-Tex ehuna dutenak irazgaitzak dira, eta euria eginda ere, oinik ez da bustitzen; ehun horrek, gainera, oinari arnasa hartzen uzten dio, eta izerdia kanporatzen.
- 40 eta 50 litro arteko edukiera behar du, eta beteta dagoela, ez du izan behar erromesaren pisuaren % 10 baino gehiago. 70 kilo pisatzen duen pertsona batek, adibidez, 7 kiloko motxila eraman behar du, gehienez. Hortik gora sartzen badugu, luze gabe sumatuko ditugu ondorioak: urradurak, gainzamak eta muskulu uzkurdurak.
- Jostura sendokoa izan behar du, besaburuko uhalak bigungarriekin eginak behar ditu eta, gainera, bizkarrak eta gerrialdeak bat egiten duten lekuan, sistema bat eduki behar du motxila norberaren altuerara egokitzeko. Babes-zorro irazgaitza eraman behar da euria egiten duenerako.
Behar-beharrezko dena soilik eraman
Urte sasoi batean edo bestean joan, gauza batzuk aldatu daitezke, baina orain arte esan dugunaz gain, honako hauek eraman behar dira:
- Lozaku arina, 700 edo 800 gramokoa
- Litro bateko kantinplora.
- Barrengo arropa aldagarria (pare bat).
- Bi galtzerdi pare, bidezidor kirola egitekoak.
- Bi kamiseta tekniko (sekula ez kotoizkoak, gorputzak ez baitu arnasarik hartzen horiekin, eta, gainera, lehortzeko denbora asko behar dute).
- Bidezidor kirola egiteko galtzak, galtza motz ere bihur daitezkeenak.
- Jertse edo forro bat eta euritako arina edo haizetakoa.
- Bisera bat edo lepoa babestuko digun txano bat
- Eskuoihal edo toalla bat.
- Dutxarako txankletak.
- Garbitzeko tresnak: hortzetako eskuila eta pasta, xaboia (arropa garbitzeko ere balio duena) eta, behar izanez gero, bizarra egitekoak.
- Sendagai zorrotxo bat: aspirinak, eguzkitako krema (babes handikoa), eta babentzat, iodoa, orratz esterilizatuak eta tira itsaskorrak.
- Nortasun Agiria, Osasun Txartela, kreditu txartel bat eta erromes agiria.
- Katekorratzak eta pintza batzuk (arropa lehortzen jartzeko).
Aurrekontua, elikadura eta aterpetxeak
Aurrekontua
Dirua ere behar izaten da Done Jakue bidea egiteko. Aterpeetan gaua pasatzea, batez beste, 7 euro kostatzen da. Horrez gain, otorduak eta edaria ere kontuan hartu behar dira. Beste gastu batzuk ere sortzen ditu bideak: aterpeetako garbigailu eta lehorgailuak erabiltzea, monumenturen bat ikustera joatea eta ustekabean sortzen direnak. Guztira, egunean 30 euro inguru behar izaten dira. Frantziar Bideak, adibidez, 29 etapa ditu (Finisterreraino jarraitu nahi duenak, hiru gehiago), eta, beraz, 1.000 euro inguruan ateratzen da.
Motxila bizkarrean, makila eskuan eta oinak arin
Ibilbideko lehen egunak neurria hartzeko izaten dira, bideari eta geure buruei neurria hartzeko. Gidabaimena atera berritan auto berriari saka eta saka ari denak bezala, guk ere min hartzeko arrisku handia izan dezakegu pausoa noiz luzatu eta noiz laburtu ikasi ezean. Esaerak ere, erromes hasiberriarentzat egina dela dirudu: Poliki-poliki, urrutira. Pisua eramateko ohiturarik ez badugu, lehen hiru egunetan ez genuke ibili behar egunean 20 kilometro baino gehiago. Hasierako minak eta eragozpenak joaten direnean, ibilaldi luzeagoak egin ahal izango ditugu egunero, 30 edo 35 kilometro ingurukoak ere bai. Kirolari buruberorik ere ez da falta izaten, egunean 40 eta 45 kilometroko ibilaldiak egin zaleak, baina horietako asko bidean geratzen dira, tendinitisak jota (perone-tendoian eta Akilesen tendoian agertzen dira gehienbat). Era horretako minak saihesteko, luzapen ariketak egitea komeni da ibiltzen hasi aurretik eta ibilaldia bukatu ondoren. Gorputz atal batzuk asko samar zigortzen ditu eguneroko ibiliak, eta horiek zaindu behar dira: oinak, orkatilak, zangoak, bizkarra eta besagainak.
Aterpetxeak, bidearen bereizgarri
Publikoak, parrokienak edo pribatuak izaten dira aterpetxeak, eta Done Jakue Bidearen bereizgarrietako bat direla esan liteke. Azken urteetan asko eraiki dituzte (pribatuak, batik bat), jendearen emana handitzen ari baita. Frantziar Bidean, adibidez, 200 baino gehiago daude, eta erromesak, beraz, aukera bat baino gehiago izango ditu gaua non pasatu eta etapak nola banatu erabakitzeko orduan. Aterpetxeek, oro har, ez dute onartzen tokia aurrez gordetzea (pribatu batzuek bai), eta erromesak iritsi ahala ematen diete ostatu; oinezkoek izaten dute lehentasuna, eta zaldiz edo bizikletaz doazenek ondoren. Ostatu hartu ahal izateko, ezinbestekoa da erromes agiria erakustea. Gehienez, gau bat igaro daiteke horietan, non eta ez den ezinbestekoa gehiago igarotzea (gaixotasunen bat tarteko dela edo).
- Gosari osatua egin behar dugu: laboreak, esnekiak, zukuak eta fruta.
- Bidean goazela, ura edo edari energetikoak hartu behar ditugu ordutik ordura; ez dugu itxaron behar egarritu arte.
- Erretako kaloriak berritzeko, fruitu lehorrak, labore barratxoak eta txokolatea dira gauzarik onena.
- Ez da komeni urdaila bete-betearekin ibiltzea, ez da osasungarria. Otordurik handiena ibilaldia bukatu ondoren egin behar da, eta bide erdian jan beharra egokitzen bazaigu, bide luzea geratzen delako edo, orduan ogitarteko bat jatea komeni da, edo pasta edo barazki plater arin bat.
Bidea nola hasi
Nola iritsi Orreagara, Donibane Garazira edo Somportera:
Bidea Orreagan hasi nahi duenak, lehenik Iruñera joatea du onena, eta han Orreagarako autobusa hartzea. Honako ordutegi hauek ditu
Iruñetik Orreagarako autobusak:
- Uztailaren 1etik irailaren 1era: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara. Larunbatetan, 09:30etik 16:00etara. Igande eta jaiegunetan ez dago zerbitzurik, eta, beraz, taxi bat hartu beharra dago. Beste erromes batzuekin elkartuz gero, taxia merkeago aterako zaigu. Honako hauek dira Teletaxiaren zenbakiak: 948 23 23 00 eta 948 35 13 35.
- Gainerako hilabeteetan: astelehenetik ostiralera, 18:00etan irteten da autobusa. Larunbatetan, 16:00etan, eta igande eta jaiegunetan ez dago autobusik. Autobusean txirrindua eramateko aukera dago 6 euro gehiago ordainduta.
- Informazio gehiago nahi duenak Autocares Artieda-ra dei dezake: 948 30 02 87. Iruñeko autobus geltokia Yanguas eta Miranda kaleko 2. zenbakian dago, eta honako hau du telefonoa: 948 20 35 66. Helbide elektronikoa ere badu: www.estaciondeautobusesdepamplona.com
- Behin Orreagara iritsita, taxi zerbitzu bat izaten da Donibane Garazira joateko. Baionatik ere joan daiteke Donibane Garazira, trenez. Baionako Geltokian hartzen da trena (Pereire plazan dago). Ordutegiak jakiteko, honako helbide honetan begiratu liteke: www.ter-sncf.com/aquitaine (guri komeni zaigun egunean trena zein ordutan den jakin ahal izango dugu). Informazioa gehiago eskuratzeko, Baionako Geltokira dei dezakegu (36 35 du telefonoa, eta 0033 markatu behar da aurrez, Hegoaldetik ari bagara), edo bestela, Donibane Garazikora (05 59 37 02 00, aurrez 0033 markatuta Hegoaldetik deituz gero). Hegoaldeko herriren batetik Baionara joateko, Hendaian hartu liteke autobusa; Hendaiara iristeko, berriz, EuskoTrenen topo zerbitzua erabil dezakegu.
- Somportetik abiatu eta Aragoar Bideari ekin nahi diotenek, Jacara joan behar dute lehenbizi, eta han Somport gainerako autobusa hartu. Jacako geltokia Jacetania etorbidean dago, eta hauxe du telefonoa: 974 35 50 60. Aragoiko Goi Ibarreko Mankomunitateak bost autobus irtenaldi eskaintzen ditu egunero, honako ordu hauetan: 08:20, 11:30, 14:55, 19:30 eta 21:55. Abiatu aurretik informatzea komeni da (974 37 34 20 telefonoan), ordutegiak aldatu egin baitaitezke urte sasoi batetik bestera.