José Manuel Sánchez Ron/ Zientziaren historialaria eta Espainiako Errege Akademiako kide

"Zientifikoek ez dute behar den zuzentasunarekin hitz egiten"

1 junio de 2009
Img entrevista listado 553

Zientziaren zabalkundean lan egitea predikari ibiltzearen antzeko da?

Antzeko zerbait. Espainiako gizartean, herritar gehienentzat, kultura ez da zientziaren parte eta administrazioaren aldetik ere, asko falta da egiteko. Gabezia ikaragarriak daude. Nire liburuetan edo artikuluetan beti ibiltzen naiz, esan eta esan, zientzia atsegina dela, zientziak dibertitu egiten duela, zientzia garrantzi-garrantzitsua dela… eta zentzu horretan ba bai, predikari sentitzen naiz, sermoia botatzen. Badu alde hori nire lanak, bai.

Inork egiten ote dio jaramonik sermoiari?

Nor edo nork entzungo ez balu edo entzuten duela pentsatuko ez banu, aspaldi utzia izango nuen lana. Desertuan ari naiz predikari baina oasiak badaude. Espainia bera desertua ote den? Ez nuke horrenbeste esango. Baina zenbait esparrutan, berebiziko garrantzia duten esparrutan, maila politikoan, adibidez, edo gobernu mailan, bada desertu-antzeko. Gobernuek, parlamentuek eta erakundeek herritarren ordezkaritza dute, beraiena da berrikuntzan ahalegina egiteko boterea eta nire iritzitan, derrigor izan beharko lituzkete aholkulari politikoak eta departamendu zientifikoak beraien ondoan. Baina oso gutxitan gertatzen da hori. Hala ere, nik guzti horretatik ihes egiteko gaitasuna daukat, egiten dudana oso-oso gustuko dudalako eta biziki gustatzen zait nirekin ikasi duten pertsonak aurkitzea, zientzia ulertzen eta maitatzen lagundu badiet, pozik geratzen naiz, asebeteta.

Egoerak egin ote du hoberantz?

Tira, produkzio zientifikoa, nolabait esatearren, hobetu da, bai. Ederra litzateke kontua egin izan ez balu! Baina kontua ez da hobetu duen ala ez duen, aurrera egin bada ere. Kontua da, hasteko, zientifiko gazteenek ba ote duten beraien gaitasunak aurrera ateratzeko modurik. Eta bigarren, zientzia ez da soilik jakituria hutsa, kultura soilik. Zientzia konpetizioa da, lasterketa. Estatuarentzat berebizikoa den neurrian, besteak baino lehenago iristea inportantea da, edozein lorpen industria sare produktiboan sartzen jakin behar da eta geuk izan behar dugu lehenak, orijinalekin. Edozein estaturentzat zientzia egitea ez da aski, munduko zientziarik onena egin behar da eta Espainian hori ez da horrela. Nik ez dut uste, behintzat. Galdera zuzena hauxe da: ze distantzia dago benetan zientzia sortu eta zientziaren bidez aberastasuna lortzen duten herrien eta Espainiaren artean? Nire ustez, beti egon den berbera. Kontrakoa esatea demagogia da.

Nahiako zenuke beste herrialde horietako hiritar izan?

Kritikak kritika, bizi naizen lekuan gustora bizi naiz. Egon izan naiz Ingalaterran eta Estatu Batuetan eta miresten ditut baina ez naute zoriontsu egin. Estatu Batuetan aso gustatzen zitzaidan jendearen jarrera baina diruaren kultura da eta bizimodu oso lehiakorra dute eta hori ez, hori ez zait gustatzen. Gainera estatu-inperioaren zera hori dute buruan, ideia hori, eta ez da batere nire gustokoa.

“Zientzia sortu eta
Zientziaren bidez
aberastasuna lortzen
duten herrialdeen eta
Espainiaren arteko
distantzia gero eta
laburragoa denik ez dago
batere argi”

Espainian zientziaren egoera aldatu dadin, zer behar da, denbora, beste belaunaldi batzuk agertu arte?

Aldaketa arinik nekez gertatuko da. Horregatik da hain garrantzitsua beti esaten dena eta beste behin ere esan behar dena, estatu ituna sortzea, denak ados jarriko dituena eta kultura politiko bateratuaren parte izango dena. Zientzia arloan posible dela uste dut. Baina ekin egin behar zaio proiektu horri eta denbora behar du, ez da hain erraza. Arinago lortzen da Joko Olinpikoetako txapelduna, Nobel Sariduna baino. Baina interesa egon denean sortu dira bai sortu atleta olinpikoak eta txapeldunak! Absurdoa da. Azken baten kirola baino ez da, joku hutsa, kultur baliorik gabea… zientziak, aldiz, aberastasunarekin du harremana, ongizate intelektualarekin, jakituaria eta jakituriak ematen duen askatasunarekin, ekonomia eta osasun publikoarekin. Ahalegin nahikorik, ostera, ez da egiten. Zientziak kulturaren parte izan behar du eta horren ardura gobernuena da. Batzuetan egin zaio arreta zientziari baina beti egiten zaio zientzialariari idazleari, artistari edo zine zuzendariari baino kopla gutxiago… Zientzia aspergarriagoa dela esaten da eta zailagoa baina zaila bada ere eta onartzen dut izan daitekeela, ez da aspergarria, inolaz ere. Egia da entrenamendua behar dela baina berriz diot, zientziak dibertitu egiten du. Konparatuko duzu futbolarien esanekin! Beti ari dira eta, gauza berbera errepikatzen! Hori da aspergarria.

Eta zientifikoek ez dute ardurarik?

Jakina. Zientifikoak gizartearen aurrean aurkeztu behar du bere burua eta hiritar izaten ahalegindu behar du. Bere ahotsa entzun arazi, arlo kultural eta politikoan. Egoerak hobera egin du baina ez behar bezain beste. Plaza publikoan leku gehiago behar dute izan zientifikoek. Horretarako zer esana izan behar dute, laborategitik kanpora eta hori konplikatua da. Zenbait gaitasun hobetu behar dituzte baina ez dute uste gehiegi eskatzea denik zientifiko bati hobeto idatz dezala edo ganoraz hitz egin. Gizartean lekua izan behar dute zientifikoek, beste herrialde batzutan gertatzen den bezala. Zintzotasuna eskatu behar zaie, gainera, eta hori ez dut esaten soilik Espainiako zientifikoei buruz, ez pentsa. Zenbatetan agintzen den hau edo bestea eta gero ez den betetzen! Zintzoagoak izan behar dira, artezagoak egiten dutenaren egia kontatzeko orduan.

Zientziak, beraz, ba ote du etorkizunik Espainian?

Galderari buelta emanda erantzungo dizut. Ez dute uste Espainiak zientziarik gabe etorkizunik duenik. Ez behintzat, etorkizun onik. Ez bada zientzia erabiltzen gaitasun ekonomikoa eta industria gaitasuna hobetzeko, gauzak ez dira bide onetik joango. Etorkizun bakarra zerbitzuak ematen dituen herrialdea izatea, horixe izango du eta hori epe luzean mantentzea zaila da.

Beste era bateko etorkizuna nahiko zenuke baina kostako da.

Zinez kostatu ere. Begira ze tranpa egiten diguten. Zera esaten digute, atzerriko aldizkari zientifikoetan idazten duten zientzialari espainiarrak gero eta gehiago direla baina hori tranpa da. Zientzia kultur moduan ulertuta gauza bat baita eta beste bat, oso desberdina, zientzia produkzio lehiakorraren alorrean.

Zer egin beharko luke maila zientifiko onargarria nahi duenak?

Gutxien gutxieneko tresnak beharko lituzke, jakituria maila orokorra. Pertsona batek zerbait jakin behar du Newtoni buruz, Lavoisier, Maxwell edo Einstein nortzuk ziren eta ze lan egin zuten. Eta ez dakienak argi euki beharko luke neurri baten erren dabilela, ez erabat jantzia. Bigarren Mailako Hezkuntzan, hortxe konpondu behar dira halako gabeziak. Herri batek duen kultur maila karta jokoa bada, hortxe banatzen dira kartak.


“Zientzia egiten dutenek
zenbait gaitasun hobetu
behar dituzte baina ez dut
uste zientifiko bati hobeto
idatz dezala edo ganoraz
hitz egin dezala eskatzea
gehiegi denik”

Akademiaren kide zara, zure lana hizkuntzaren zaindari izatea ere bada, beraz.

Sartu nintzenetik beste zientifiko batzuekin elkarlanean aritu naiz, bereziki zera egin dugu, hiztegi zientifiko eta teknikoari buruzko batzordea osatu. Gizarteak ezin du teknologia eta zientziari bizkarra emanda bizi. Konturatu ala ez, hori ez da posible, gizarte, hain zuzen ere, zientzia eta teknologiaren eskutik aldatzen delako. Ohikoa da hiztegi berria sortzea bi alor horietan eta ez bakarrik adituentzat erabilgarria den hiztegia, gainera, kalean dagoena. Pentsa, adibidez, informatikarekin zer gertatzen den, denok erabiltzen dugu. Akademiaren hiztegian, hiztegi zabal horretatik hitz batzuk soilik sartzen dira, jakina. Eguneroko bizitzarekin harremana dutenak, orokorrenak. Pentsa bestela, hegazkin baten piezak banan-banan idatzita soilik, hortxe genuke hiztegi bakar bat osatzeko beste. Baina era berean, kontuan izan behar da badela beste alderdi bat ere Akademiaren lanean. 1713an sortu zenean egin zuen lehen hiztegia. XVIII. mendeaz ari gara! Ordutik hona pentsa ze hiztegi zabala osatu duen. Hori etengabe zuzendu eta moldatu behar da, definizioz-definizio zorrotz begiratuta. Eta zientziaren arloan eta arlo teknikoan lan itzela da hori.

Ingelesaren eragin handia du hizkuntza zientifikoak?

Ingelesetik datorren hitz asko eta asko erabiltzen dira, jakina, alor guztietan. Ingelesa da munduan harremanetarako erabili ohi den hizkuntza eta normala da hiztegian horren eragina nabaritzea. Egia esateko, posible da zientziari buruz gaztelania hutsean hitz egitea baina ez da hain erraza. Nire ustez zientifikoak jakin egin behar du zrra duela gizartearekin eta gizartearen parte izateko, hizkuntza egokia erabili behar duela. Nire kasuan, horrek gaztelania zaintzea esan nahi du eta ahalik eta txukunen erabiltzea. Zientifikoa teatrora joan behar da, liburuak eta egunkariak irakurri… munduan bizi da eta mundua eta bere hizkuntza ezagutu behar du. Bestela pertsonaia xelebrea baino ez da izango.

Zientifikoek ongi erabiltzen dute hizkuntza?

Denetarik dago baina orohar ez, ez dut uste. Hobetu egin beharko lukete. Ez dut esaten beraien lan osoa gaztelania hutsean argitaratu behar dutenik baina badute zer hobeturik.

Herritar, orohar, ezagutza zientifikoa falta dutela esaten duzu baina, zure Akademiako kideen artean maila egokia da?

Ba, begira akademikoen artean Zientziarekiko abegikortasuna aurkitu dut. Badituzte gabeziak, bai, baina jakitun dira, badakite gabeziak direla eta hori ez pentsa hain erraz aurkitzen denik. Filologoak daude Akademian, lexikologoak, nobelagileak, poetak. Eta jarriko dizut adibide polita: nire azken aurreko liburua Antonio Mingoterekin egin nuen. Bere hezkuntza zientifikoa ez da oso zabala baina jakingo bazenu proiektu honetan ze ikuspuntu zabala izan duen, zer nolako interesa erakutsi duen.

Gauza bitxia bada ere, hizkuntzaren akademia baten egin zaituzte kide, zientzia akademia baten baino lehenago. Zer dela eta?

Hasteko, ez naiz zientifikoa, hori argi esan nahi dut. Zientziaren historiaz idazten duen akademikoa naiz. Egia da nire antzeko gutxi egon direla Errege Akademia. Lehen historialaria naizela uste dut.

“Bigarren Mailako
Hezkuntzan, hortxe
konpondu behar dira
zientziaren inguruko
gabeziak. Herri batek
duen kultur maila karta
jokoa bada, hortxe
banatzen dira kartak”

Lehenbizi letren Akademian egoteak eta gero Zientzietakoan, zer esan nahi du, zientifikoentzat zuk egiten duzun zabalkunde ahalegina bigarren mailako kontua dela?

Bai. Ni ez naiz zientifikoa orain. Eta profesionaltasunez historia, filosofia edo zientziaren soziologia egin nahi duenak ezin du era berean zientifiko lanetan aritu. Zientifikoen artean eta ez dut nigatik esaten, gutxietsi egiten dira Zientzia arloan aritzen direnak baina ez zientifiko, Zientzia egiten, baizik eta Historiaren ikuspuntutik nire kasuan bezala edo Filosofiaren ikuspuntutik.

Eta akatsa iruditzen zaizu.

Bai, ez baitato inolako lehiarik. Zientziaren historiak ekarpen handia egin liezaioke Zientziari eta ez bakarrik Zientzia hobeto uler dadin, baizik eta zientifikoek beraien lan diziplina hobe uler dezaten.