Hiri 'naturalak'
Ekosafariak autobus geltokien ondoan, fabrikak inguratuz doazen bidegorri luzeak, tokiko fauna eta flora espezieen begiratokiak bulegotik gertu, etxe gainetako baratzeak… Hiriek gero eta aukera gehiago eskaintzen dute naturarekin harremanetan egoteko eta hiriguneetan bertan ingurumenarekin gozatzeko, etxetik gertu-gertu askotan. Ez da kontu hutsala, inondik inora: zenbat eta eremu eta jarduera gehiago izan naturari lotuta, orduan eta bizi-kalitate hobea denentzat.
Gaur-gaurkoz, jenderik gehiena hirietan bizi da; Europan, adibidez, biztanleen % 80 baino gehiago. Hori dela eta, ekimen ugari sortzen ari da hiriak eta naturak bat egin dezaten, aski bitxiak ere bai tartean. Biodiverciudad izeneko programak, esaterako (Jane Goodall Institutuak Espainian duen ordezkaritzak jarri du abian), hainbat ekosafari eta tailer eskaintzen ditu, jendea ohar dadin -harrigarria iruditu arren- zer-nolako bioaniztasuna dagoen hirietan eta zer garrantzitsua den natura babestea. Jarduera guzti-guztiak doakoak dira (familiei, ikastetxeei eta norbanakoei eskaintzen dizkiete), eta 2009-2010 ikasturtean, Madrilen, Bartzelonan eta Lleidan egingo dute euren ahalegina. Era askotako jarduerak dituzte, izen bitxikoak gehienak: “Txirrinduak hegan”, “Anfibioen koroa”, “CSI gau fauna”, “Zentzumenen bidez ibilian” edo “Denboran hara eta hona”. Programari buruzko web orriak azaltzen du xehetasun guztien berri eta zer egin behar den izena emateko: www.biodiverciudad.org.
Txoriak maite dituztenentzat, berriz, SEO/BirdLife erakundeak eskaintzen ditu hainbat jarduera, guztiak hirian egitekoak. Txoriei erreparatu eta horiek identifikatzea da jarduera horietako bat (arrakasta handia eduki du herrialde anglosaxoietan), baina badira gehiago ere: hegaztientzako janlekuak eraikitzea, lorategiko hegaztiei jaten ematea edo txita umezurtzak zaintzea.
Atleta oina edo oineko ezkabia
da helduetan infekzio fungikorik
ohikoena eta gauez eman
behar dira horren aurka
erabilera bakarreko azoleak
Berrikiago sortua da Bide Berdeak programa, trenbide baztertuak lehengoratu eta oinezkoen eta txirrinduzaleen eskura jartzeko ekimena. Bide horiek hiriguneetan barrena igarotzen direnean, bide alternatibo moduan erabil daitezke, hiri inguruak eta erdigunea lotzeko. Egun, 70 bide berde daude Espainian, eta 1.700 kilometro dituzte. Espainiako Ingurumen, Landa Eremu eta Itsas Arloko Ministerioak, Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF), RENFEk eta FEVEk dute bide berdeen ardura, eta webgune bat ere jarri dute informazioa nahi duenarentzat: www.viasverdes.com.
Ingurumen heziketako zentroak
Natura hobeto ezagutzeko eta egunero nola zaindu ikasteko bilguneak dira Ingurumen Heziketako Zentroak, eta Espainian 700 baino gehiago daude. Hainbat izen hartzen dituzte zentro horiek: Baserri-eskolak, Naturako Ikasgelak, Interpretazio Zentroak, Parke-etxeak, Ekomuseoak… Gainera, Autonomia erkidego guztiek badute lorategi botaniko bat, gutxienez; lorategi horietan, modu zientifikoan sailkatzen dituzte landare biziak, tokikoak bezala exotikoak, eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak babesten dituzte. Arduradunek zientzialarientzat antolatzen dituzte zenbait jarduera, baina heziketa arloa ere sustatzen dute, eta herritar guztiek izaten dute aukera horietan parte hartzeko. Zoologikoek ere zeregin garrantzitsua dute heziketaren eta kontserbazioaren alorretan, nahiz eta gehien-gehienek hobetu egin behar dituzten instalazioak.
Ingurumen Heziketako Zentroek, oro har, heziketa-jarduera eta proiektu ugari eskaintzen dituzte, eskolaumeei, haurrei eta gaztei zuzenduta batzuk, eta helduentzat besteak. Horien berri izateko, nor bere udalera joatea izaten da onena, guztien erregistroa egina izaten baitute.
Ingurumenaren aldeko parte-hartze aktiboa
Ingurumenaren alde lan egin nahi duen jendeak hirietan eta hiri inguruetan ere egin dezake orain, eta ez soilik natur eremu handietan. Ingurumenaren aldeko taldeak eta erakunde publikoak hasi dira aukera hori eskaintzen, eta inork interesik edukiz gero, Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batzuekin harremanetan jartzea izango du onena: WWF, Ekologistak Martxan, SEO/BirdLife, Acciónatura, Global Nature Fundazioa, Oxígeno Fundazioa eta Más Árboles Fundazioa. Jarduera batzuk estatu mailakoak izaten dira, beste batzuk probintzia mailakoak, eta beste zenbait, tokian-tokian egitekoak. GKEek ez ezik, erakunde publikoek ere egin dute urrats hori; Espainiako Ingurumen, Landa Eremu eta Itsas Arloko Ministerioak, adibidez, ingurumen heziketako programak sustatzeaz gain, boluntario moduan ari nahi dutenentzat ere badu eskaintza bat edo beste. Hor dago, adibidez, Ibaietako Boluntariotza-Programa. Horren bidez, ibaien ibilguan kalteak jasan dituzten ekosistemak lehengoratu nahi dituzte, herritarren laguntzarekin, betiere.
Talde eta erakunde horiek zer eskaintzen duten jakiteko, inguruko bulegoetako batera jotzea da egokiena. Ekimen horietan parte hartuz, natur eremuak iraunarazteko eta lehengoratzeko laguntza ematen ari gara; horrez gain, gure lana onuragarria dela sentitzeko modua ere bada, eta ingurumenarekin konpromisoa duen jendea ezagutzeko ere bai.
Ingurumenaren onuraz eta harekiko konpromisoz sortu dira, hain zuzen, hiri baratzeak. Etxerako produktu naturalak ekoizteko ez ezik, naturarekin harremanetan jartzeko ere balio du ekimen horrek, modu ludikoan eta ingurumenarekiko errespetuz. Lur eremu gutxirekin etekin polita lor liteke: bertan behera utzitako orube bat, balkoi bat, terraza bat, teilatu lau bat… ortu bihur ditzakegu denbora eta pazientzia pixka batekin (oinarrizko ezagutzaren bat ere behar da, jakina). Tokian-tokian egindakoa jatea, sasoian sasoikoa, oso onuragarria da naturarentzat, osasunarentzat eta baita ekonomiarentzat ere, eta zenbait jende horri lehentasuna ematen hasia da: locavore esaten diete ingelesez, tokiko jakiak soilik kontsumitzen dituztelako.
Hirietako eremu berdeak: merezi du ibilalditxo bat egitea
Hirian eko-txango bat egin nahi duenak badaki nora joan behar duen: lorategi eta parkeetara, eta hiritik zertxobait irtetea ardura ez bazaio, hiri inguruko natur eremuak ere leku egokiak dira. Eremu berdeak esaten zaie horiei, eta honako onura hauek ekartzen dituzte (horregatik da garrantzitsua horiek zaindu eta hedatzea):
- Klima aldaketari aurre egiten diote, hango florak atxiki egiten baitu karbono dioxidoa (CO2)
- Kutsadura akustikoa eta argi-kutsadura gutxitzen dute
- Airea, zorua eta ura arazten dute
- Hirien mikroklima egonkortzen dute
- Lurra higatzea eragozten dute
- Ondare natural eta kultural bat bildu ohi dute
- Nekazaritzako eta basogintzako produktu kalitatezkoak eskaintzen dituzte
- Kirola egiteko eta aisialdirako inguru osasungarriak dira
- Aukera ematen dute natura hurbil eduki eta harekin harremanetan egoteko
Onura horiek bistakoak izanik ere, adituek oroitarazi nahi dute eremu berdeak arriskuan egoten direla askotan, arrazoi bat baino gehiagoren eraginez, gainera: hiri-garapena gaizki planifikatzen delako, azpiegiturak eraikitzen dituztelako, ingurua modu artifizialean eraldatzen dutelako edo baliabide natural horiek era desegokian erabiltzen dituztelako. Herritarren lana funtsezkoa da eremu horiek iraunarazteko. Haiei dagokie errespetuz erabiltzea gune horiek, eta haiei dagokie, halaber, erakundeei eskatzea, tokikoei bezala erkidegokoei, planak abian jar ditzatela mehatxuei aurre egiteko.