Beroa eta ura... onddoak gustura
Udako beroak uretan murgil egitera eraman ohi gaitu, eta beroa eta ura den tokian, gu ez ezik onddoak ere izaten dira. Jende askori igerileku eta dutxa publikoetan kutsatzen zaizkio onddoak -oinetan izaten dira, batik bat-, baina infekzio mikotiko eta fungikoak, berez, gorputzeko hainbat ataletan ager daitezke. Infekzio horiek udan sarri samar gertatzen direla ikusirik, formula farmakologiko berri eta eraginkorrak asmatu dituzte. Esaerak dioen bezala, ordea, zauria sendatzea baino hobe da ez egitea, eta onddoen aurka, higiene neurriak ongi zaintzea da prebentzio-tratamendu guztietan eraginkorrena: leku hezeetan txankletak erabiltzea eta eskuoihalak ez trukatzea.
Landare-erreinuko mikroorganismo batzuek sortzen dituzte infekzio fungikoak edo mikosiak; onddoek, alegia. Landareek ez bezala, onddoek ez daukate klorofilarik, eta bizirik irauteko, beste organismo baten parasito bihurtu behar izaten dute. Giro eta leku hezeak maite dituzte, horietan hazten dira, eta horrexegatik izaten dira infekzio horiek hain ohikoak azal-toles txikiak eratzen diren guneetan, behatz tarteetan eta iztarteetan, adibidez, baita oin izerditsuetan ere (oinetakoen erruz arnasarik hartzen ez dutelako).
Agertu, hala ere, gorputzeko edozein ataletan ager daitezke infekzio horiek:
- Infekzio azalekoak. Azalari eragiten diete, azalaren inguruko atalei (ileari eta azazkalei), eta mukosei (ahoari eta baginari); kandidiasia eta ezkabia dira infekzio horietako batzuk.
- Larruazalpeko infekzioak. Larruazalean agertzen dira, azalpeko beste gune batzuetan ere bai; esaterako, hodi linfatiko hurbilekoetan.
- Erasate handiko infekzioak. Organismoan barneratzen dira, sakon-sakonak izaten dira, barreiatuta egoten dira eta gorputzeko hainbat barne-organori egiten diete kalte.
Larru-infekzio azalekoak izaten dira ohikoenak
Infekziorik ohikoenak larruazalari, ileari, azazkalei eta mukosei eragiten diete, era askotako onddoek izaten baitute gaitasuna horiek sortzeko. Oro har, bi azpitalde handitan banatu daitezke onddo horiek: batetik, legamiak egongo lirateke (kandidak, adibidez), eta bestetik, dermatofitoak.
da helduetan infekzio fungikorik
ohikoena eta gauez eman
behar dira horren aurka
erabilera bakarreko azoleak
Kandidek eragiten dituzten infekzioak, batik bat Candida albicans onddoak eragiten dituenak, kandidiasi deitzen dira, eta ahoak eta bulba-baginek jasaten dute horien eragina; ahoan, aftak edo pikor zurien moduko zauriak agertzen dira (azkura ematen dute, aho barnea hanpatu eta mina eta ondoeza izaten da jaterakoan). Bulba-baginetan, berriz, ohiz kanpoko jarioak agertzen dira (baginan), eta infekzioak erredura eta ondoeza eragiten ditu sexu harremanetan eta gernu egiterakoan.
Dermatofitoek eragiten dituzten infekzioek larruazalari, azazkalei eta ileari erasaten diete. Ezkabia deitzen zaie infekzio horiei, eta era batekoak baino gehiagotakoak izan daitezke: buruko ile-larruko ezkabia, iztarteko ezkabia, eraztun kruralekoa edo hebra-ren ekzema marjinatua, oinekoa (atleta-oina ere deitzen diote), eskuetako edo oinetako azazkaletan agertzen dena (onikomikosia ere esaten zaio), gorputzekoa, eta larruazal ilegabekoa edo herpes zirtzinatua.
Adinaren araberakoak
- Haurtxoetan: Ahoko infekzioak izaten dira ohikoenak, onddoek edo kandidek eraginak; hor daude, adibidez, muget edo kandidiasia (ahoan agertzen diren orban edo zauri zuriak, pikor modukoak). Gehienetan, erditze-kanaletik kutsatzen zaio infekzioa haurtxoari, onddoak ondestean eta uzkian egoten baitira. Bestalde, “pixoihalaren dermatitisa” ere eduki dezakete haurtxoek, gernuak eta gorozkiek etengabe ukitzen dutelako larruazala eta ongi garbitu gabe gera daitezkeelako; horrek zauritxoak edo urradurak sortzen ditu, eta kandidek horien gainean eragin dezakete infekzioa. Dermatitisarekin, urradura gorrixkak agertzen dira pixoihalak estaltzen duen inguruan, artesiak ere bai, eta are odola ere. Egungo pixoihalak, hala ere, erabili eta botatzekoak dira, eta horrek asko gutxitu ditu dermatitis kasuak.
- Haurretan: Haurrak sarri jolasten dira landa inguruetako animaliekin (untxiak, karraskariak, katuak eta txakurrak), eta horiek gaitzen bat edo zauriren bat eduki dezakete azalean edo ilean (ezkabiak); horren ondorioz agertzen da herpes zirtzinatua haurretan, eta ez du zerikusirik herpes arruntarekin. Buruko larru-ileko infekzioa ere ohikoa izaten da haurtzaroan, eta horrako hori bi eratakoa izan daiteke: batek ilearen sustraiari eragiten dio, eta erorarazi egiten du; besteak larruazalari eragiten dio (Celsoren Keriona ere esaten diote), eta hanpadurak eta zornea agertzen dira.
- Nerabeetan: atleta-oina eta pitiriasi aldagarria izaten dira ohikoenak. Udan eskuoihal hezeak trukatzeko joera izaten da, eta horrexegatik agertzen da pitiriasia. Oinari arnasarik hartzen uzten ez dioten zapatilen erruz ere infekzio fungiko ugari izaten dira, kirola egin eta oina izerditu egiten delako.
- Helduetan: atleta-oina izaten da helduetan ere infekzio fungikorik arruntena, horixe baita guztietan kutsakorrena. Dutxa eta igerilekuetan oinutsik ibiliz gero, txankletekin ibili beharrean, oso erraz kutsatzen da. Ameriketako Estatu Batuetan egin den ikerketa batek esaten duenez (Mayo Klinikak egina da), herritarren % 70ek noizbait eduki dute ezkabia mota hori oinetan.
- Emakumeetan, ohikoa izaten da kandidek infekzioak eragitea baginan: datuen arabera, haurrak izateko adinean dauden emakumeen % 70-75 inguruk bizitzan behin, gutxienez, izaten dute infekzio hori, eta horietako % 40-45i berriz ager dakieke gerora. Iztarteko ezkabia, berriz, gizonezko helduek soilik edukitzen dute ia beti. Iztartea eta izterren barruko aldea gorritzen zaie, azkura ematen die, eta larruazala ezkatatu egiten zaie. 50 urtetik gorako pertsonetan, berriz, % 50ek onikomikosia eduki ohi dute, azazkaletako infekzioa, alegia.
Tratamenduak
Infekzio fungikoen aurkako tratamenduak luzeak eta nahiko deserosoak izan dira orain arte. Azken urteetan, ordea, sendagai berriak iritsi dira merkatura, erabilera bakarreko azoleak, eta iraultza txiki bat ekarri dute. Azalean zabalduz ematen dira -kremen bitartez-, eta nahikoa da egunean behin ematea infekzioak hartuta daukan gorputz atalean (orain artekoak, egunean bitan eman behar ziren). Horiek erabiltzeko, hala ere, garaiz antzeman behar da infekzio fungikoa, eta betiere, medikuaren oniritzia behar da. Horrela ez bada, infekzioak barreiatu egiten dira, tratamendua zaildu egiten da, eta ahotik hartzeko botikak ere erabili behar izaten dira.
- Oineko ezkabia edo atleta-oina. Gauez eman behar dira erabilera bakarreko azoleak, modu horretan krema kontzentratuta geratzen baita, eta funtzio terapeutikoa egiten du guk nahi dugun eremuan.
- Buruko ile-larrua. Onddoen aurkako xanpu berezi batekin garbitzen da infekzioak hartu duen gunea (ketokonazola daukate xanpu horiek). Zazpi urtetik beherako haurretan, grisofulbina soilik erabil daiteke buruko ile-larruko infekzioak desagerrarazteko; nahiz eta tratamendu luzea izan (hiru eta sei hilabete artean irauten du), horrek baino ez du ematen erabateko ziurtasuna.
- Bagina. Kandidek baginan sortu duten infekzio bati aurre egiteko, ahotik hartzeko botikak erabil daitezke (itrakonazola edo ketakonazola moduko azoleak), obulu erakoak (ketokonazola), edo azalean ematekoak (flutrimazola, adibidez, berriki agertu den sendagaia).
- Onddo-infekzio bat daukagula iruditzen bazaigu, dermatologiako espezialista batengana joan behar dugu, ohikoa izaten baita diagnostikoan huts egitea.
- Ez inorekin trukatu eskuoihalak, oineko ezkabia ez kutsatzeko.
- Oinei arnasa hartzen uzten dieten oinetakoak erabili.
- Igerileku eta dutxa publikoetan ez ibili oinutsik.
- Infekzio fungikoen aurkako tratamendua gauez eman.
- Ez erabili zuntz sintetikoak.
- Kotoizko galtzerdiak erabili eta maiz aldatu.
- Besapeetako azala, iztarteetakoa eta oinen behatz tarteetakoa ongi-ongi lehortu.
- Gorputza garbitzeko eta zaintzeko lana hartu behar da, eta saihestu egin behar dira infekzio fungikoak agerrarazten dituzten egoerak; adibidez, beroa eta hezetasuna.
Iturria: Enrique Maria Alberdi (dermatologoa) eta Joan Martí (Espainiako Pediatria Elkarteko pediatra, Lehen Mailako Arretakoa).