Bidaiatzerakoan gerta daitezkeen eragozpenak

Atzerrian, dirurik eta dokumentaziorik gabe

Dokumentazioa galtzea edo lapurtzea amorragarria izaten da, eragozpen eta buruhauste dezente ekartzen baititu, eta berdintsu gertatzen da sakelako telefonoarekin, diru-zorroarekin eta kreditu txartelekin. Eta gaitz erdi etxe inguruan bagabiltza, eta ez atzerrian! Gure herrialdetik kanpo gabiltzala suertatzen bazaigu halakorik, erabat urduritu baino lehen, kontsuletxera edo kontsul-bulego batera joatea komeni izaten da.
1 ekaina de 2009
Img consejo listado 236

Atzerrian, dirurik eta dokumentaziorik gabe

Neurriak hartu ezean…

  • Atzerrira joateko asmotan bagabiltza, Espainiako Enbaxadak edo Kontsuletxeak zein helbide duen jakitea komeni zaigu, eta nonbait idatzita eramatea. Espainiak atzerrian dituen enbaxada eta kontsuletxeen berri jakiteko, Atzerri eta Kooperazio Gaietarako Espainiako Ministerioaren web orrian begira dezakegu (www.maec.es).
  • Hegazkin edo tren txartelak fotokopiatu egin behar dira, baita pasaportea eta gidabaimena ere. Agiri bakoitzaren kopia bat gorde behar dugu maleta edo zorro guztietan, eta ezagun bati edo familiako norbaiti ere utziko dizkiogu agiri horien kopiak, gainerako fotokopia eta helbideekin batera.
  • Pasaportea hoteleko segurtasun kutxan gorde behar da. Eginbehar bereziren baterako behar badugu soilik hartu; gainerakoan, fotokopiarekin lasai asko moldatu ahal izango gara.
  • Erabiliko dugun dirua eta txartelak soilik eraman behar ditugu gurekin, diru-zorro batean. Sakela seguru batean gordetzea komeni da, ahal dela arroparen barrualdean ongi itxita geratzen den sakelaren batean.
  • Dirua eta dokumentazioa ez dira zorro berean eramatekoak, eta hobe da diru askorekin ez ibiltzea. Kreditu txartelak erabiltzeko asmoa badugu, mugatu egin behar genuke kopurua.
  • Dirua leku batean baino gehiagotan sakabanatzea komeni da. Gainean daramaguna galtzen badugu edo lapurtzen badigute, beti geratuko zaigu zertxobait. Kreditu txartelen zenbaki eta kodeak nonbait idatzita eduki behar ditugu, eta finantza erakundeek gure eskura jartzen dituzten telefono zenbakiak ere bai, txartelak galdu edo lapurtuz gero, nora deitu jakiteko.
  • Maiz-maiz egiaztatu behar dugu diru-zorroa gurekin daramagula, eta dokumentazioa eta sakelako telefonoa ere bai.
  • Sakelako telefonoa eta kargagailua eskuko ekipajean eramatea komeni da, maletak galtzen badira ere, eskura edukitzeko.
  • Ez dugu nabarmen erakutsi behar turistak garela.
  • Zenbait lekutan arreta handia jarri behar da: jatetxeen terrazetan, merkatuetan, saltoki handietako dendetan, diskoteketan eta parke tematikoetan. Jende asko pilatzen da horietan guztietan, eta gure gauzei adi egotea komeni izaten da.

…gero komeriak

  • Lapurtzen badigute, inguruan dugun polizia etxe batera joan behar dugu. Salaketaren kopia bat emango digute han; dokumentu hori beharrezkoa izaten da pasaporte berria egin ahal izateko edo Espainiako Enbaxadan igarobaimen bat eskatzeko; horrez gain, herrialdetik irten nahi dugunean eta immigrazio arduradunek ohartarazten digutenean sarrera-zigilurik ez daukala gure dokumentuak, salaketa horrekin egiaztatu ahal izango dugu pasaportea lapurtu egin digutela.
  • Espainiako Kontsuletxera joateko zalantzarik ez eduki; han laguntza emango digute, eta pasaporte berria egingo digute, edo, bestela, igarobaimen bat emango digute etxera itzuli ahal izateko. Kontsuletxeak laguntza emango digu etxekoekin edo ingurukoekin harremanetan jartzeko, gure arazoa konpontzen saia daitezen; oso bakan bada ere, kontsuletxeak dirua aurreratzen dio zenbaitetan etxera itzultzeko beste modurik ez duenari; gero, jakina, Altxor Publikoari itzuli behar izaten zaio, legeak ezartzen dituen epeetan.


Dirua leku batean baino gehiagotan
sakabanatzea komeni da, eta kreditu
txartelen zenbaki eta kodeak zein
finantza erakundek gure eskura jartzen
dituzten telefono zenbakiak nonbait
idatzita edukitzea

Honako dokumentazio hau aurkeztu behar izaten da, oro har:

  • Bi argazki, Nortasun Agirikoaren neurrikoak, koloreetan eta aurrez aurre aterata, eta burua agerian dugula.
  • Polizia etxean egin dugun salaketaren kopia (dokumentazioa galdu dugula edo lapurtu digutela egiaztatzeko).
  • Gure izen-abizenen eta herritartasunaren berri emango duen frogagiria, edo bestela, espainiar herritartasuna duela froga dezakeen beste norbaiten Zinpeko Adierazpena. Igarobaimena emateko, zalantzarik gabe egiaztatu beharko dute espainiar herritartasuna dugula.
  • Itzulera hegaldiaren datuak eman beharko ditugu (hegazkin konpainia, hegaldi zenbakia eta data).
  • Atzerrian ikasten ari diren ikasleek edo aldi baterako kanpora doazenek Espainiako Kontsuletxean izena eman behar lukete, “ez egoiliar” moduan. Hartara, familiek aukera edukiko lukete Kontsuletxearen bidez euren seme-alabekin harremanetan jartzeko, eta horrez gain, izena eman duenarentzat errazagoa izango da agiri berriak eskuratu ahal izatea pasaportea galdu edo lapurtu badiote; izan ere, Kontsuletxean aurrez badute haren berri (identifikatuta daukate), eta badakite zer agiri zeramatzan iritsi zenean; beraz, pasaporterik gabe joanda ere, azkar egiaztatu ahal izango dituzte haren izen-abizenak eta herritartasuna. Agiriren bat galtzen bazaigu edo lapurtzen badigute, beti salaketa jarri behar da polizia etxean.
  • Bidaia aseguruak edo autoaren aseguruak zenbaitetan erantzuten dute atzerrian gertatzen diren lapurretengatik, eta gureak halakorik egiten duen jakin behar genuke. Zenbaitetan, dirua aurreratzen dute (4.000 euro ere bai).
  • Dirua soilik galdu bazaigu edo lapurtu badigute, dirua bidaltzeko zerbitzu batera jo dezakegu (MoneyGram edo antzeko batera), eta hamar minuturen buruan jasoko dugu. Aski izango dugu etxeko edo inguruko norbaiti deitzea eta bulego horietako batean dirua sar dezala eskatzea. Beste aukera bat da posta bidezko igorpen bat egin diezagutela (herrialdeko posta zerbitzuen bulegoan jaso beharko dugu).
  • Kreditu txartela galdu badugu edo lapurtu badigute, berehala jakinarazi behar diogu hura jaulki duen erakundeari; txartel-jabeak ez du erantzukizunik gertaera horren berri jakinarazten duen unetik eta salaketa jartzen duenetik, baina txartela desagertu eta abisua eman bitartean izaten da arriskua.
  • Kreditu txartela lapurtu eta bankua jakinaren gainean jarri ondoren, finantza erakundeak bere gain hartu behar du erantzukizunaren zati bat, txartel sistemaren sortzailea bera delako. Bezeroari dagokio txartela zaintzea, baina Europako Bankaren Jokabide Egokirako Kodeak honako hau esaten du: “Jabeak ez ditu bere gain hartuko 150 euroren mugatik gorako galerak, salbu eta ez badu iruzurrez jokatu, nahita edo arduragabekeria larriz”. Horrek esanahi du, beraz, bezeroak 150 euroren erantzukizuna hartzen duela gehienez ere (kontratuak hori esaten duela egiaztatu beharra dago, hala ere), eta gainerako guztia bankuari dagokiola. Espainiako Bankuak ere ontzat ematen du 150 euroren muga hori, baina salbuespena egiten du honako kasu hauetan: txartelaren zenbaki ezkutua nornahik eskuratzeko lekuan idatzita egon bada, edo bezeroak denbora asko utzi badu pasatzen txartela desagertu eta jakinarazi bitartean, edo ez badu behar bezala zaindu (hau da, auto barruan ahaztu badu edo leku publikoren batean).
  • Sakelako telefonoa galdu badugu edo lapurtzen badigute, norbere herrialdean egiten diren urrats berak egin behar dira zerbitzua baliogabetzeko. Espainian lan egiten duten operadoreek badute zenbaki bat atzerritik deitzen duten bezeroentzat, eta hara deituta blokeatu liteke telefonoa. Dei horiek doan irteten dira operadore berarekin ari den telefono batetik deituz gero. Beste telefono batetik deitzen badugu, herrialde hartan nazioarteko deiei dagokien tarifa kobratuko digute.