Auto eta motorren aseguruak: hamar aseguru etxek eskaintzen dituzten prezioak eta estaldurak aztertu ditugu, 540 aurrekontu eskatu ondoren

Hiri batetik bestera, bi halakotu egin daiteke autoaren aseguru berbera

1 ekaina de 2009
Img tema listado

Hiri batetik bestera, bi halakotu egin daiteke autoaren aseguru berbera

Gidabaimena atera eta autoari heltzeko gogoz egoten da jendea. Demagun 18 urte dauzkagula, eta egoera horretan gaudela: badugu gidabaimena eta badugu autoa, baina asegurua falta zaigu. Arrisku orotakoa egingo dugula erabaki dugu, frankiziarik gabea. Leku askotan galdetzea gustatzen zaigu, eta Espainian aritzen diren 10 aseguru etxe nagusiekin jarri gara harremanetan. Zer esango digute? Bada, CONSUMER EROSKI-ri esan dioten gauza berbera: lau aseguru etxek ez dute eran-tzun, eta beste seiek zer-nolako eskaintzak egin dituzten ikusita, akaso autoa saldu beharko dugu asegurua ordaindu ahal izateko. Merkeenak 3.700 euro balio du, eta garestienak… 6.160 euro. Sei hiritan galdetu ditugu aurrekontuak, 540 guztira (A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Madril, Sevilla eta Valentzia), merkatu-kuota handiena duten aseguru etxeetan, hain zuzen: Mapfre, Zurich, Liberty, Reale, Axa, Allianz, Groupama, Balumba, Línea Directa eta Direct Seguros (azken hirurek Internet bidez soilik jarduten dute).

Alderdi askoren araberakoa izaten da aseguruaren prezioa: esperientzia, adina, asegurudunaren sexua, ibilgailua, poliza mota… Baina badira aintzat hartu beharreko beste zenbait alderdi ere. Hasteko, aseguru etxea bera. Batetik bestera, izan ere, bi halako edo hiru halako balio dezake aseguru mota bertsuak. Eta horrez gain, lekuak ere badu eragina: hiri batean edo bestean kontratatu, prezioa ez da bera, nahiz eta asegurua oso antzekoa izan. Guk aztertu ditugun 30 aukeretatik 16tan, % 20ko aldea egon da hiri merkeenetik garestienera; lautik batean, % 50eko aldea; eta kasu batean, % 96koa!: hirugarrenen aseguru bat egin nahi izan dugu (erantzukizun zibilekoa) 30 urteko emakume batentzat; bost urteko esperientzia duela esan dugu, eta ibilgailu konpaktu baten jabe dela. Ezaugarri horiek aintzat hartzen dituen poliza 296 euro kostako litzateke Madrilen, eta 573 euro Bilbon.

Informazio hori biltzeko, bederatzi erabiltzaile mota asmatu ditugu: bost emakume eta lau gizon, 19 eta 55 urte artekoak. Gidari gazteenek ez dute eduki ezbehar-txostenik, eta 15 urtean baino gehiagoan gidatu dutenek, berriz, bi istripu izan dituzte (bat beren erruz eta bestearen erruz bigarrena), eta bi puntu gutxiago gidabaimenean. 19 eta 35 urte artean sortu ditugun bi erabiltzaile motek ibilgailu txiki eta konpaktuak erabili dituzte, eta adin gehiagokoek (40-55 urte), monobolumen bat edo berlina ertain bat. Azkenik, nerabe batek ziklomotor bat eduki du, eta 35 urteko heldu batek motorra, 125 zentimetro kubikokoa. Gure teknikariak aseguru etxe batetik bestera ibili dira hautatu ditugun sei hirietan: bezero moduan aurkeztu dute beren burua, eta honako auto-aseguru hauen prezioak galdetu dituzte: hirugarrenen aseguru oinarrizkoa, hirugarrenen aseguru osatua eta arrisku orotakoa, frankiziaduna eta gabea. Eskatu ditugun 540 aurrekontuetatik (378 telefonoz eta 162 Internet bidez), 92tan ez digute asegururik eskaini, autoak eduki dituen ezaugarriengatik edo gidariaren adin eta esperientzia urriarengatik.

Guk egiaztatu dugunez, oro har, prezioan dauden aldeek badute eragina polizak eskaintzen dituen estaldura eta bermeetan. Merkatuko konpainiarik garestienek (Mapfre edo Liberty) eskaintzen dituzte polizarik osatuenak eta Interneten egiten direnek (Baluma, Direct Seguros, Línea Directa) estaldurarik txikienak. Hiriz hiri, Valentziak, Bartzelonak eta Madrilek dituzte tarifarik lehiakorrenak. Valentzian aurkitu ditugu, adibidez, batez bestekorik merkeenetakoak bederatzi gidari motetatik zortzirentzat; Bartzelona da merkeenetakoa bost gidari motarentzat, eta Madril hirurentzat. A Coruñan, Sevillan eta Bilbon garestiagoa da autoaren edo motorraren asegurua egitea. A Coruña eta Sevilla, esaterako, garestienak izan dira bost gidari motarentzat, eta Bilbo, berriz, biren-tzat. Gidarien adinak eta esperientziak behera egin ahala, bi joera antzeman ditugu: batetik, handitu egiten da gizonen eta emakumeen artean dagoen prezio-aldea, eta bestetik, aseguru etxeek ez dute interes bera agertu (25 urtez beherakoentzat eskatu ditugun hiru aurrekontutatik bitan ez dute erantzun).

Asegurua 400 eurotik beherakoa denean, urtean behin ordaindu ohi da, baina hortik gorakoak zatika ere ordain daitezke. Erosotasun hori, hala ere, garesti irteten da zenbait konpainiatan. Groupama-k, adibidez, % 24 garestitzen ditu tarifak hiru hilez behin ordainduz gero, eta % 19 sei hilez behin eginez gero. Liberty eta Balumba-k ere berdin jokatzen dute, eta % 12-18 artean igotzen dituzte tarifak. Aitzitik, Axa-k eta Mapfre-k ez dute % 4 baino gehiago igotzen zatika ordainduta ere. Gainerako konpainiek (Reale, Zurich, Allianz, Línea Directa eta Direct Seguros), batez beste, % 8 baino gutxiago erantsten dute.

Aseguruak hasiberrientzako, ziklomotor eta motorrentzako eta sexuka

Gidari hasiberriak

Gidari hasiberriaren poliza egitea ez zaigu erraz gertatu. 18 urteko gidari batentzat eskatu dugu, SEAT Ibiza bat duena eta lehenago asegurutik eduki gabea. 60 dei edo galdera egin ditugu, eta % 43tan ez digute aurkeztu aurrekonturik. Lortu ditugun aurrekontuetan, hirugarrenen aseguru oinarrizkoa izan da merkeena (1.487 euro); aseguru hori bera, baina oinarrizkoa baino osatuagoa, 1.783 euroan ateratzen da, eta arrisku orotakoak, berriz, 4.800 euro balio du frankiziarik gabeak eta 3.200 euro frankiziadunak (214 eurokoak batez beste). Hori ikusita, beraz, adin eta esperientzia gutxi edukiz gero, gurasoetako baten izenean ere joango den asegurua egitea ateratzen da merkeen.

Ziklomotor eta motorrak

Ziklomotor batentzat ere eskatu dugu asegurua, 50 zentimetro kubikoko Yamaha JOG batentzat. Gidari hasiberriarekin gertatu zaigun bezala, hemen ere askok ez digute erantzun (60 dei edo galderatatik, 18k soilik aurkeztu digute aurrekontua). Balumba, Línea Directa, Direct Seguros, Liberty eta Reale konpainiek ez dute asegururik egiten ziklomotorrentzat, edo egiten badute ere, honako baldintza hau jartzen dute: gidariak ez di-tzala eduki 25 edo 27 urte baino gutxiago. Aurkeztu dizkiguten aurrekontuen batez bestekoa eginda, halako ziklomotor baten asegurua 824 euro kostako litzateke urtean (hirugarrenen poliza soilik eskaintzen dute). Merkeenetik garestienera, hala ere, izugarrizko aldea dago: 375 euro Axa-n eta 1.230 Mapfre-n.

Beste gidari mota batekin ere zaila gertatu zaigu aurrekontua eskuratzea. 35 urteko gizonezko batentzat eskatu dugu, 125 zentimetro kubikoko motor baten jabearentzat (Honda Passion bat dauka eta bost urteko esperientzia). Telefonoz eta Internetez dozena bat dei eta galdera egin ondoren, hirugarrenen aseguruak soilik eskaini dizkigute: urtean 197 euro balio du oinarrizkoak, eta 40 euro gehiago osatuak.

Tarifak, sexuka

Uste zabaldua da emakumeei merkeago irteten zaiela autoaren asegurua. Gidari hasiberrietan eta gazteetan, aldea handi samarra da, baina urteetan aurrera egin ahala, txikitu egiten da. 25 urteko neska batentzat aurrekontua eskatu dugunean, hiru aldiz merkeagoa atera zaigu 18 urteko hasiberri batentzat eskatu dugunean baino. 55 urteko bi gidarirentzat aurrekontua eskatu dugunean, aldiz, ez da alderik egon polizan; bat emakumea izan dela eta bestea gizona, hori baino ez. Kasu horretan, biek eduki dituzte ezbehar-txostenak (batean euren erruz gertatu zen istripua), eta berlina ertain baten jabe izan dira (Volkswagen Passat). Emakumeentzat, 412 euroan eskaini digute polizarik merkeena (hirugarrenen asegurua) eta 1.105 euroan garestiena (arrisku orotakoa, frankiziarik gabea). Gizonentzat, 493 euroan atera da lehena eta 1.157 euroan bigarrena.

Estaldurak eta erabateko hondamena

Estaldurak: Ze berme ematen dit nire aseguruak?

Ibilgailuen salmenta asko apaldu da azkenaldian krisiaren eraginez, eta dezente urritu da aseguru etxeen merkatua; horrez gain, konpainia berriak ere sortu dira, eta horrek areagotu egin du euren arteko lehia eta prezio borroka. Diruaren auzia garrantzitsua da aseguruetan ere, baina ez zaio erreparatu behar horri bakarrik. Estaldurak ere berebiziko garrantzia du. CONSUMER EROSKI-k hamar aseguru etxe aztertu ditu (Espainian nagusi diren hamarrak), eta lau poliza mota: hirugarrenen aseguru oinarrizkoa, hirugarrenen aseguru osatua eta arrisku orotakoa, frankiziaduna eta gabea. Honako konpainiak hauek eskaini dituzte bermerik onenak: Allianz, Groupama, Liberty, Mapfre eta Reale. Hori neurtzeko, hirugarrenen aseguru oinarrizkoa eta osatua hartu ditugu aintzat bereziki, horiek direlako eskuragarrienak eta nahitaezko estaldurak eskaintzen dituztenak. Hirugarrenen aseguru oinarrizkoetan, guztiek hartzen dute barne nahitaezko eran-tzukizun zibila; horren bidez, asegurudunak ibilgailuarekin kalte-galerak sortu badizkio hirugarren bati, aseguru etxeak behartuta daude kalte-ordainak ematera. Kalte horien ordaina gehienez zenbatekoa izango den, hori Administrazioak finkatzen du: biktimei dagokien kopuru gehienezko bat jartzen du (gorputzean kalteak eragiten direnerako), eta berdin hondamenari dagokionez ere (ondasunei kalte egiten zaienerako). Horrez gain, borondatezko erantzukizun zibila ere gehitzen dute, estaldura hori handitzeko; izan ere, epaitegiek ezartzen dituzten kalte-ordainak, askotan eta askotan, handiagoak izaten dira hirugarrenen aseguruek izaten duten muga baino.

Aseguru mota horiek, besteak beste, barne hartzen dituzte kalteen erreklamazioa eta lege-defentsa (auzitegietan sor dakizkiokeen defentsa gastuei erantzuteko), bai behintzat guk aztertu ditugun konpainia guztietan. Zenbaitek, lege-defentsaz gain, lege-laguntza ere sartzen dute (aseguruak estaltzen duenari buruzko lege aholkularitza). Hala egiten dute, esaterako, Groupama-k, Liberty-k eta Direct Seguros-ek. Zurich, Reale, Mapfre, Liberty, Direct Seguros, Balumba, Axa eta Allianz etxeek, bestalde, barne hartzen dituzte gidariari sor dakizkiokeen kalte pertsonalak.

Aseguru etxe baten eskaintzen artean, bezeroek arreta berezia jartzen diote bidaiako laguntzari, garrantzitsua izaten baita istripu bat edukiz gero, bai ibilgailuari egin dakizkiokeen kalteengatik, bai pertsonek jasan ditzakeenengatik. Estaldura hori, ordea, Línea Directa, Reale eta Balumba etxeetan soilik da aukerakoa.

Hirugarrenen aseguruan, bada beste aukera bat ere oinarrizkoaz gain: hirugarrenen aseguru osatua. Oinarrizkoak eskaintzen dituen estaldura berberak ditu, eta horiez gain, aukera ematen du bezeroak beste batzuk hautatu ditzan, ‘neurri-neurriko poliza’ egin ahal izateko. Guk aztertu ditugun konpainietan, estaldura osagarri hauek izan dira ohikoenak: suteen aurkakoa, beira-hausturen aurkakoa eta lapurreten aurkakoa (ebasketen edo bortxarik gabeko lapurreten aurkakoa ere eskaintzen dute zenbaitek, baina beste batzuetan ezin da jakin hori ere barne hartzen duten, ‘legez kontra ebatsiaren ordaina’ baino ez dutela emango esaten baitute). Estaldura horietan oinarrizkoak eta osatuak daude; kalte-ordainak handiagoak dira osatuan, eta estaldura orokorretik kanpo geratzen diren arrisku batzuk ere barne hartzen ditu. Konpainia bakoitzak bere erara konbinatzen ditu estaldura horiek, baina hauek izaten dira ohikoenak: hirugarrenen asegurua eta beirak; hirugarrenen asegurua, sutea eta beirak; hirugarrenen asegurua, lapurreta eta sutea; eta hirugarrenen asegurua, beirak, sutea eta lapurreta.

Puntukako gidabaimena indarrean sartu zenetik, 2006. urte erditsutik, aldaketa horrek sor ditzakeen gorabehera batzuei erantzuteko zerbitzuak eskaintzen dituzte aseguru etxeek; batzuek diru sari bat ematen dute puntuak galduz gero (1.350 eurorainokoa Reale-k eta 4.380rainokoa Allianz-ek), besteek matrikula ordain-tzen diote gidariari puntuak berriz eskuratzeko ikastaroak egin ditzan (Allianz, Groupama, Liberty, Mapfre, Reale eta Zurich). Aztertu ditugun hamar aseguru etxeetatik seitan, isunen defentsa edo errekurtsoak ere eskaintzen dituzte (Balumba, Direct Seguros, Groupama, Liberty, Mapfre eta Reale), eta Allianz-en, isunetarako lege-aholkularitza.

Aseguru motarik garestiena arrisku orotakoa da, frankiziaduna edo gabea. Halako bat hartu aurretik, ongi irakurri beharra dago zer dioen polizaren letra txikiak, salbuespenak eta berezitasun batzuk aipatzen baitituzte han. Hona hemen adibide bat: bide desegokietatik goazela sortzen bazaizkigu kalteak, zenbait aseguru etxek ez diote horri erantzuten. Groupama, Zurich, Liberty eta Línea Directa etxeek, adibidez, ohiko bideetan sortzen diren kalteak soilik hartzen dituzte ain-tzat, “sarbide legezko eta irekia” dutenetan. Gainerako guztiek, ordea, bide mota guztietan bermatzen dute estaldura, betiere garabia iristeko moduko lekua bada eta ez badu arriskuan jartzen laguntza-zerbitzuen lana. Motorren eta ziklomotorrentzat, berriz, hirugarrenen aseguru oinarrizkoa baino ez dute eskaintzen gehienek, eta ohiko estaldurak: erantzukizun zibila (nahitaezkoa eta borondatezkoa), kalteen erreklamazioa, lege-babesa, gidariaren istripuak eta bidaiako laguntza. Berme horiek handitu nahi dituenarentzat, lapurreten eta suteen aurkako gehigarria eskaintzen dute, galera erabatekoei eran-tzungo diena ere bai eta norberaren kalteak barne hartuko dituena; horiez gain, diru saria jasotzeko aukera ere ematen dute gidabaimeneko puntu guztiak galduz gero, eta isunen aurkako errekurtsoak jartzeko zerbi-tzua ere kontratatu liteke.

Erabateko hondamena

Ibilgailu bat lapurtzen badute, sua hartzen badu edo istripu larri batean kalteak jasaten baditu, aseguru etxeek erabat hondatutzat jotzen dute jabeari ez bazaio erabilgarri. Konpainia guztiek ez diote berdin erantzuten egoera horri, baina, oro har, ibilgailuak urtebete egin arte, berriaren balioa ematen diote (matrikulazio urtea hartzen dute aintzat, eta orduan zuen balioa).

Guk aztertu ditugun hamar konpainietan, ibilgailuak urtebete baino gutxiago edukiz gero, haren balioa oso-osorik ematen diote asegurudunari, salbu Groupama-k eta Balumba-k; bi horietan, ibilgailua berria erosi bada edo merkealdiko prezioan, erosi zen unean zeukan prezioa hartzen dute aintzat. Axa, Direct Seguros, Liberty, Línea Directa, Reale eta Zurich etxeek ere irizpide hori erabiltzen dute ibilgailuak bi urte bete arte (Mapfre-k ere badu aukera hori, baina berariaz eskatu behar da, gehigarri moduan eskaintzen baitute). Balumba-k, bigarren urtetik aurrera, salgai jarriz gero edukiko lukeen balioa ematen dio ibilgailuari. Allianz-ek, berriz, bigarren urtetik aurrera, eta honela jokatzen du: bigarren urtetik bosgarrena bitarte, merkatu-balio hobetua ematen dio ibilgailuari; hau da, ibilgailuak berritan duen baliotik abiatu eta horri % 1 kentzen dio bigarren urte horretatik aurrera igaro den hilabete bakoitzeko. Hirugarren edo laugarren urtetik aurrera, ibilgailuak merkatuan duen balio hartzen dute aintzat konpainia guztiek, edo bestela, salgai jarriz gero izango lukeen balioa (saltzeko balioa).

Aseguru etxeen polizetan, merkatu-balioa edo saltzeko balioa kontzeptuak ageri dira. Hau da, ezbeharra gertatu den garaian ibilgailu hori bera erosteko beharko litzatekeen dirua emango igute (ezaugarri eta urte kopuru berbera lituzkeen ibilgailu bat erosteko behar den dirua). Saltzeko balioari buruz ari direnean, berriz, beste alderdi bati erreparatzen diote: ibilgailuak zer balio izango lukeen istripua gertatu den garaian salgai jarriz gero; kasu horretan ez du axola izaten zenbat kilometro dituen edo nola zaindua dagoen. Bi kon-tzeptuen artean % 20tik gorako aldea ere egon liteke. Polizak merkatu-balioa hartzen badu aintzat, asegurudunak kalte-ordain handiagoa jasoko du bestela baino. Guk aztertu ditugun konpainia guztietatik, bik baino ez dute hartzen aintzat merkatu-balioa, Allianz-ek eta Mapfre-k. Gainerakoek, saltzeko balioari heltzen diote.

Osagarriak eta gehigarriak, hobariak, zigorrak eta konparatzeko taula

Osagarriak eta gehigarriak

Aseguruak, oro har, ibilgailuak berez dakartzan elementuak hartzen ditu barne, baina gidariak beste batzuk ere erantsi nahi badizkio polizari (GPS, MP4…), berariaz jakinarazi beharra dauka, eta asegurua garestitu egingo zaio, jakina. Hori gertatzen da, adibidez, Zurich, Direct Seguros, Línea Directa, Liberty, Mapfre eta Groupama etxeekin. Allianz-ek, barne hartzen ditu osagarri horiek; Axa-k, muga bat jartzen dio horien estaldurari (900 euroko kalte-ordaina ematen du gehienez). Eta Balumba-k auto ekoizleak instalatutako osagarriak soilik hartzen ditu kontuan. Allianz, Axa, Reale eta Zurich etxeek berariaz esaten dute aseguruak barne hartzen dituela ekipajea eta norberaren gauzak (maletak, arropa, oinetakoak eta garbitzeko eta kosmetikako gaiak, baina sekula ez dirua, titulua edo bi-txiak). Azken bi konpainiek muga bat jartzen diote elementu horiengatik ematen duten kalte-ordainari: 300 euro arterainokoa izan daiteke. Axak, gainera, autoaren giltzak desagertzeagatik ere ematen du kalte-ordaina, nahiz eta hori izan ebatsi diguten gauza bakarra.

Hobariak eta zigorrak

Hobariek (edo bonus-malus sistemak) eragina dute polizaren prezioan. Aseguruek saritu egiten dituzte ezbeharrik eduki ez duten gidaria eta zigortu ezbeharren bat eduki dutena. Hau da, urtea igaro eta poliza berri-tzeko garaia iristen denean, gidariak ezbehar-txostenik aurkeztu ez badu, konpainiak merkatu egiten dio poliza. Bestela gertatzen bada, asegurua garestiago irtengo zaio, gehigarri bat ezarriko baitiote ezbeharrengatik.

Merkaldi hori kalkulatzeko hobariak % 55 eta % 65 artean ibiltzen dira, gehienez, beti ere, gidariak izan dituen istripuen arabera, jakina. Normalean merkaldia izateko bost edo hamar urte pasatu behar izaten dira baina guk aztertu ditugun hamarretan aseguru-etxea aldatuta ere, errespetatu egiten zaizkio gidariari hobariak. Kontuan izan behar da, hobariek, orohar, ibilgailuaren balio-jeitsierarekin duela harremana.

Gure azterketan egiaztatu ahal izan dugunez, hamar konpainia horiek ezartzen dituzten zigorrek ez diote eragiten hobarien portzentaje osoari, ezpada zati bati; eta zigorrak ezartzen dituztenean, honako alderdi hauei dagozkien ezbeharrengatik ezartzen dituzte gehienetan: nahitaezko erantzukizun zibila, borondatezkoa, eta norberak jasan dituen kalteak. Lapurreten, suteen eta beira-hausturen aurkako bermeak erabiltzen badira, zigorrak ezartzen dituzte Direct Seguros, Liberty, Línea Directa, Mapfre eta Zurich konpainiek, eta errua gidariarena bada, baita Balumba-k eta Direct Seguros-ek.

Aztertu ditugun 10 aseguru etxeak, banan-banan

Allianz Seguros

Onena: Batez bestekoaren mailan daude prezioak. Hirugarrenen aseguru oinarrizkoak isunetarako laguntza barne hartzen du. Gainera, bi urte baino gehiago dituen ibilgailu bat guztiz hondatuz gero, merkatu-balio hobetua hartzen du aintzat kalte-ordaina ematerakoan, eta ez saltzeko balioa.

Txarrena: Asegurua zatika ordaindu nahi izanez gero, batez bestekoak baino gehiago igotzen du tarifa: % 10 garestiagoa ateratzen da, eta batez bestekoa % 8koa da.

Axa

Onena: Aseguruaren kuotak hiru hilez behin edo sei hilez behin ordainduz gero, ez da % 4 baino gehiago garestitzen (batez bestekoa % 8koa da). Bideko laguntzan, garabiak ordubete pasatu badu azaltzeko, konpainiak 60 euroko kalte-ordaina ematen du, eta zigorrak ezartzerakoan, erantzukizun zibil nahitaezkoa eta borondatezkoa baliatzen denean soilik ezar-tzen ditu. Ibilgailua batetik bestera eramaterakoan, ez du jartzen kilometro mugarik.

Txarrena: Zenbait polizaren prezioak gainerako konpainien batez bestekoaren goitik daude. Hobariei eusteko, honako baldintza hau jartzen du: istripuak ez kalterik eragin izana hirugarrenei eta ibilgailua marka horretako garajean konpontzea.

Balumba

Onena: Aztertu ditugun konpainia guztietatik, hau izan da merkeenetakoa. Hirugarrenen aseguru osatuan, isunen defentsa egiteko edo helegitea jartzeko zerbitzua eskaintzen du, eta diru saria ere bai puntukako gidabaimena kenduz gero (gehienez, 3.600 euro ematen ditu).

Txarrena: Bezeroek zalantzaren bat edukiz gero edo zerbait galdetu nahi izanez gero, telefonoz, posta elektronikoz edo faxez soilik egin dezakete. Aseguruaren kuotak hiru edo sei hilez behin ordainduz gero, % 12 garestitzen ditu. Ez du motorren eta ziklomotorren asegururik.

Direct Seguros

Onena: Zatika ordainduta ere, ez da % 3 baino gehiago garestitzen (etxe honek ezartzen du igoerarik txikiena alderdi horretan). Gainera, aztertu ditugun konpainietatik, hau izan da merkeenetakoa. Autoa irauli edo norabait eroriz gero, aseguruak barne hartzen du handik ateratzea, 1.000 euroko mugarekin (beste guztiek apalagoa dute muga hori).

Txarrena: Bezeroak zalantzaren bat edukiz gero edo zerbait galdetu nahi izanez gero, telefonoz, posta elektronikoz edo faxez soilik egin dezakete.

Groupama

Onena: Bideko laguntzan ekipajea bilatzeko zerbitzua eskaintzen du, atzerriko epaitegiek ezarritako bermeen diru kopurua aurreratzen du eta lege-defentsako gastuei erantzuten die. Batez bestekoaren mailako prezioak eskaintzen ditu.

Txarrena: Asegurua zatika ordaintzeagatik, honek garestitzen du gehien poliza: % 19 hiru hilez behin ordaintzeagatik eta % 24 sei hilez behin ordaintzeagatik.

Liberty Seguros

Onena: Hondamendi erabatekoa gertatuz gero, ibilgailua berritzat jotzen dute hiru urte bete artean. Hirugarrenen aseguru oinarrizkoak barne hartzen du isunen defentsa.

Txarrena: Aztertu ditugun konpainia guztietatik hau izan da garestienetakoa, eta zatika ordaintzeagatik gehien garestitzen denetakoa ere bai (% 18 hiru hilez behin ordainduta eta % 10 sei hilez behin). Ez dauka hobariak emateko sistema finkatu bat. Ezbeharren bat edukiz gero, alderdi askori erreparatzen diote zigorra jartzeko orduan: nahitaezko erantzukizun zibila eta borondatezkoa, norberak jasandako kalteak, sutea, lapurreta, beirak, lege-defentsa, kalteen erreklamazioa, istripu pertsonalak eta gidabaimena kendu ondorengo diru saria; ezbeharrak alderdi horietakoren bati eragiten badio, zigorra ezartzen diote gidariari.

Línea Directa

Onena: Aseguru etxe merkeenetakoa. Bideko laguntza emateko zerbitzuak ez badu autoa 30 minuturen buruan konpontzen, asegurudunak nahi duen garaje edo lekura eramaten dute.

Txarrena: Bezeroak zalantzaren bat edukiz gero edo zerbait galdetu nahi izanez gero, telefonoz, posta elektronikoz edo faxez soilik egin dezakete. Hirugarrenen aseguru oinarrizkoak ez du barne hartzen lege-laguntza. Autoa irauli edo norabait eroriz gero, 300 euroko muga ezartzen du ibilgailua handik atera ahal izateko.

Mapfre

Onena: Asegurua zatika ordainduta ere, ez da % 3 baino gehiago garestitzen (gutxien garestitzen denetakoa da). Bezeroek % 60rainoko hobaria lor dezakete (handienetakoa da guk aurkitu ditugunetan). Hirugarrenen aseguru osatuak barne hartzen ditu norberak jasandako kalteak, konponketa-maileguak, gidariaren asegurua eta isunen defentsa, besteak beste. Aseguru mota asko eskaintzen ditu.

Txarrena: Hau izan da aseguru etxerik garestiena ia gidari mota guztientzat eta ia hiri guztietan. Hirugarrenen aseguru oinarrizkoak ez du barne hartzen lege-laguntza.

Reale

Onena: Diru saria ematen du puntukako gidabaimena galduz gero (1.350 euro, gehienez ere). Bideko laguntzan, autoa lekuan bertan konpontzeko zerbitzua eskaintzen du, 600 euroko mugarekin.

Txarrena: Aseguru etxerik garestienetakoa da, eta poliza % 10 garestitzen du zatika ordaintzen bada (batez bestekoa % 8koa da).

Zurich

Onena: Autoa irauli edo norabait eroriz gero, handik atera ahal izateko zerbitzua eskaintzen du, 450 euroko mugarekin.

Txarrena: Aztertu ditugun konpainietatik, garestienetakoa izan da hau.