Eramangarria edo tableta?
Teknologia arloko aholkularitza-enpresa batek iragarri zuen bere garaian: “2013. urtean tableta gehiago salduko dira ordenagailu eramangarriak baino”. Eta badirudi hala gertatuko dela, ordenagailu eramangarrien salmentak behera eta behera ari baitira, eta gora eta gora tableten eskariak (iPad, Galaxy Tab, Surface, Nexus 7…). Lehenengo, netbook direlakoak irentsi zituzten, eta orain ohiko eramangarrien atzetik heldu dira. Aurrerapen eta hobekuntza teknologikoei esker gertatu da hori: ukipen-pantailak hobetu egin dituzte, bi nukleoko prozesadoreak agertu dira eta cloud computing delakoa hedatu egin da (ondorioz, Sareko zerbitzarietan daude programarik gehienak, eta ez gailuetan). Dena den, tabletak baditu desabantaila batzuk ere ordenagailu eramangarriaren aldean. Hona hemen aukera bakoitzaren alde onak eta ez hain onak.
Merezi al du tableta bat erosi eta ordenagailua bazter batera uztea? Bai eta ez, ez eta bai. Ez du erantzun errazik galdera horrek. Erabiltzaile batzuentzat ezin egokiagoa gertatuko da, baina beste batzuei, aldiz, muga handiak sortuko zaizkie. Tabletek ez dute irakurtzen disko optikorik (CDak eta DVDak), eta deskarga-zerbitzuen harpidetza egin beharra dago aisialdi digitalaz gozatzeko. Baina ukipen-teklatuarekin ongi moldatzen direnentzat, berriz, oso egokiak gerta daitezke, ordenagailuarekin atzera eta aurre ibiltzea baino erosoagoa da-eta tableta aldean eramatea, arinak eta ergonomikoak baitira.
Tableten alde
- Pisua eta neurria. Ia edozein lekutan sartzen dira, baita poltsiko handi samarretan ere batzuk, eta, ondorioz, aukera ematen dute teknologia beti aldean eramateko eta, nonahi gaudela ere, konektatuta egoteko (joera hori ari da orokortzen). Ekoizleak ahalegin betean ari dira gailu gero eta meheagoak eta arinagoak egiteko -iPad Mini delakoa izan daiteke adibide egokia-, nahiz eta muga batzuk ere badituzten ez oso gaindierrazak: pisua eta pantailen neurria. Oso litekeena da etorkizuneko tableten pantailek bestelako teknologiaren bat izatea.
- LTE teknologiaren aukerak. LTE teknologiari esker (4G ere esaten zaio), banda-zabalera handiarekin konekta daitezke datu-sare mugikorrera (router bidezkoa baino are zabalera handiagoa). Ondorioz, etengabe konektatuta egoteko, beharrezkoa da gailu egokiak izatea: kalean goazela ere erabil daitezkeenak, baina ohiko mugikorrek baino pantaila handiagoak dituztenak.
- Ukipen-pantailen erabiltzaile-esperientzia. Ordenagailuen sagua asmakizun bikaina izan zen, baina, azken batean, eskuaren eta gailuaren arteko bitartekaria baino ez da. Ukipen-pantailek interakzio edo elkarreragin handiagoa eta osoagoa ekarri dute, eta erabiltzaileei horixe atsegin zaie, funtzioak ere azkarrago gauza ditzakete eta.
- Bi nukleoko prozesadoreak. Prozesadore-ekoizleak hasi dira aurkezten teknologia hori darabilten lehenbiziko modeloak, tabletentzat sortuak; potentzia gehiago ematen dute, eta bero gutxiago sorrarazten. Gerta liteke etorkizunean ordenagailuen potentzia berdintzea.
- Gailu mugikorrentzako aplikazioen merkatua. Etekinak ateratzeko tarte txikia izaten dute, baina programatzaileek jarraitu egiten dute gailu horientzako programak diseinatzen, eta horrek aukera eta hobekuntza ugari ekartzen ditu arlo guztietan: nabigatzaile berriak, irudiak eta testuak editatzeko programak, bideo-jokoak, eta abar. Pentsatzekoa da luze gabe ordenagailuen pare jarriko direla aukera eta eskaintzetan.
Eramangarrien alde
- Teklatu fisikoa. Beti izango da abantaila teklatu fisikoa izatea, nahiz eta ukipen bidezkoek asko hobetu duten zehaztasuna eta erabiltzaile trebeek testu luzeak idazteko aukera duten orain.
- Sendotasuna. Tableta bat pantaila izaten da oso-osorik, eta eroriz gero, hondatu egin daiteke erabat. Ordenagailuak sendoagoak izaten dira, nahiz eta horiek ere kontuz erabiltzekoak diren.
- Prozesadore ahaltsuagoak. Oraindik ere bada aldea ordenagailu eramangarriek eta tabletek dituzten prozesadoreen artean. Lehenbizikoak handitu eta handitu ari dira beren ahalmena, hilabetetik hilabetera ia, eta bigarrenak, aldiz, hasierako bertsioak baino ez dira oraingoz.
- Sistema eragileen bermea. Windows, Mac OS eta Linux etxeek ordenagailuentzat dituzten bertsioek bide luzea dute egina, hainbat hobekuntza egin izan dizkiete, eta, horrexegatik, askoz ere sendoagoak dira tabletek erabiltzen dituztenak baino; azken horien sistema eragileetan, inprobisazio pixka bat antzematen da oraindik -hala gertatu da Appleren mapekin- eta arazo batzuk ere bai eguneratzeekin (bereziki, Android darabiltenentzat). Eramangarrien sistema eragileek berme gehiago eskaintzen dute.
- Programa finkatuak. Azkenaldian asko hobetu diren arren, tabletentzako nabigatzaileek muga batzuk eta erabilera-arazo batzuk dituzte oraindik ere, eta ordenagailu eramangarrienek, aldiz, bide luzea egina dute eta oso egokituta daude erabiltzaileen beharretara. Berdin gertatzen da beste eremu batzuetan ere: testu- eta irudi-editoreak, adibidez, oraindik ere hobeak dira ordenagailuenak.
- Konexiobide gehiago. Tabletek, arin eta mehe izan behar horretan, bizpahiru portu baino ez dituzte izaten multimedia seinalea transmititzeko (gehienak USBak, eta zorte pixka batekin, HDMIren bat). Ordenagailuek hiru portu eduki ditzakete USB erakoak, Ethernet bat eta multimedia erako beste bat, eta txartelak jartzeko aukera ere ematen dute memoria handitze aldera. Zenbait tabletak ere onartzen dituzte, adibidez, SD txartelak (adibidez, Toshiba Folio 100 delakoak).
- Disko optikoak. Ez da joerarik indartsuena, baina aisialdi digitalaren zati bat DVD diskoen bidez kontsumitzen da. Tabletek ez dituzte irakurtzen, eta, ondorioz, musika eta bideoak deskargatzeko zerbitzuetan harpidetza egin beharra dago, baina horiek ere ez daude guztiz finduta, eta eskaintzen duten esperientzia ez da hain bikaina. Gainera, enpresak jartzen dituen erabilera-baldintzak onartzera behartzen dute erabiltzailea. Ordenagailuekin, erabiltzaileak aukera gehiago ditu.