Zure ustez, enpresek inoiz izan ote dute zaharkitzapen planifikatua egiteko asmo gaiztorik?
Iruditzen zait gaiztotik baduela gailu baten bizitza mugatzeak, baina ez nago seguru jokamolde hedatua ote den eta asmo jakin horrekin egina; esango nuke gehiago dela zenbait faktoreren ondorioa. Egia da, zenbaitetan, itxurari erreparatu eta iruditzen zaigu mugikor batek, ordenagailu batek edo kamera batek gehiago iraun behar zukeela. Baina zergatik pentsatzen dugu hori gailua erabilerarik gabe geratu denean eta ez erabiltzen hasterako.
Zer esan nahi duzu?
Erosteko orduan alegia. Ordenagailu bat erostean, zergatik ez diogu galdetzen geure buruari zenbat denbora egingo digun ongi funtzionatuz RAM memoria edo prozesadore horrekin? Hori egingo bagenu, agian nahiago izango genuke gehixeago ordaindu eta beste bat erosi, bi edo hiru urte gehiagoko bizia emango dioten osagaiak dituena. Horrekin esan nahi dut gailuen zaharkitzapena saihesteko ardura badela kontsumitzaileena ere.
Bestela galdetuko dizut: zure ustez, ba al dago zaharkitzapen planifikaturik informazioaren eta ezagutzaren teknologien munduan?
Uste dut ekoizleek egiten dituztela gailu batzuk zerbitzu bat eman dezaten, baina gailu horien iraupen-baldintzak bat etorri ohi dira haien proiekzio ekonomikoekin. Hor badago zaharkitzapen planifikatu bat nire ustez, baina esango nuke ikuspegi ekonomikotik bideragarria denak eta ez denak agintzen duen zerbait dela. Enpresa bati ezin diogu esan, gailu baten zaharkitzapena saiheste aldera, uko egin diezaiola haren bideragarritasunari.
Ezin esan hiru urteko ordenagailua zaharra denik baina bai gero eta eraginkortasun gutxiago duela programak kudeatzeko. Zaharkitzapen funtzionala esan beharko zaio horri?
Bai, baina berrikuntzei lotuta bizi dugun iraultzaren ondorio da. Berrikuntza kurba esponentziala eginez ari da hazten, eta hardware ekoizleak atzetik doaz ia. Ezin dugu geratu berrikuntza, aurrerabidea da.
Orduan, zer egin daiteke?
Arduratsuagoak izan kontsumitzen dugunean. Objektu garestiagoak baina gehiago iraungo dutenak eros ditzakegu, adibidez zenbait pertsonaren artean. Autoak partekatzen dira, sofak, bulegoak… zergatik ez partekatu ordenagailuak, inprimagailuak edo argazki-kamerak?
Goi mailako telefonoak 700 euroren inguruan dabiltza, eta horiei ere iritsi zaie zaharkitzapen funtzionala. Ezin dugu diru hori gastatu bi urtez behin…
Agian ez da beharrezkoa hainbeste gastatzea. 3G delakoa atera zenetik, iPhonearen beste lau bertsio atera dira merkatura. Ni, adibidez, 3Gtik iPhone 4ra pasatu nintzen, eta oraingoz gustura nago. Telefonoa aldatzeko garaia iristean, iraupenari emango diot lehentasuna.
Dena dela, aplikazio eta teknologia berriak hain azkar ateratzeak eragin egiten dio gailuen zaharkitzapenari, ez al zaizu iruditzen?
Nik onartzen dut egoera hau den bezalakoa dela eta, agian, enpresen asmo jakinak egon litezkeela horren atzean, baina irtenbidea ez da zera esatea: “Geldi ezazue berrikuntza, geldi ezazue ekonomia eta hondoa itzazue zuen negozioak, guk zaharkitzapenaren aurka egin nahi dugu eta”. Irtenbidea izango da telebista bat edo ordenagailu bat erostean faktore hori kontuan hartzea. Lehen, hogei urte irauten zuten gailuek; orain, agian bost, zorte pixka batekin.
Zaharkitzapena arazo bat al da?
Zaharkitzapena hor dago, eta ezin dugu saihestu. Geekonomía argitaratu nuenean, bi urte joanak ziren liburua idatzi nuenetik eta orain bi urte dira atera zela; alderdi batzuk zaharkituta geratu dira eta irakurle askok eskatzen didate eguneratzeko. Nik ziklo batean pentsatuz idatzi nuen, baina nik kontrolatu ezin nituen hainbat faktorek laburtu egin dute ziklo hori. IKTek azkartu egin dute guztia.
Ez al zaizu salagarria iruditzen 1.000 euro baino gehiago kosta den telebista bat jokoz kanpo egotea hiru urteren buruan?
Uste dut egoera hauek, azkenean, erantzun bat ematera eramango dituztela kontsumitzaileak. Produktu teknologikoen bizitza-zikloa laburtzeak berekin ekarriko du etxe batzuekiko fideltasuna askoz ere txikiagoa izatea garai batekoa baino. Enpresek zikin jokatzen badute, berehala galduko dituzte beren erabiltzaileak. Aldiz, zintzoak eta gardenak badira, gure saria jasoko dute.