EROSKI Consumerreko elikadura adituen erantzunak
Jakin nahi nuke kaltegarria ote den soja-esnea egunero edatea. 61 urte ditut eta menopausia izan nuenetik egunero hartzen dut, eta batzuetan bi baso ere bai.
Sojak eta sojatik eratorritako produktuek, tartean edari begetalak, isoflabonak izaten dituzte (fitoestrogenoak), eta konposatu horiek nahasi egiten dute emakumezkoen sexu-hormonen jardun fisiologiko normala. Menopausia aldia igarota, emakumeek utzi egiten diote hormona horiek sortzeari. Badirudi konposatu horiek prebentzio- eta babes-eragina dutela zenbait arlotan, baina ikerketarik gehienek ez dute aurkezten emaitza erabatekorik. Aldiz, ikertzen ari dira fitoesterogeno gehiegiak eragin kaltegarririk izan ote dezakeen zenbait herritar taldetan (haurrak eta ugaltze adinean dauden gizonezkoak).
Emakumeen artean egin diren ikerketetan ez frogatu isoflabonek on egiten diotenik hezurren mineral-dentsitateari, nahiz eta aurreikuspenak onak diren ildo horretan. Esan izan da asiar emakumeengan bakanago agertzen direla klimaterioarekin zerikusia duten ondoezak (itomena, baginako lehortasuna…), mendebaldeko emakumeengan baino, eta jakina da asiarrek ugari hartzen dutela soja eta haren eratorriak. Baina baieztapen horrek ez du ziurtasun zientifiko handirik. Dena dela, ekialdean hartzen dituzten sojazko elikagaiek edo sojatik eratorriek ez dute zerikusirik mendebaldean hartzen direnekin; ekialdean, soja hartzitutik datozenak jaten dituzte nagusiki (misoa, tamaria edo soja-saltsa) eta soja-olioa, baina ez “soja-esnea” esaten dioguna, mendebaldean modan jarri den edari hori.
Ezin da esan edari hori egunero hartzeak eragin kaltegarriak dituela, zientziak ez baitu halakorik frogatu, baina zentzuak esaten du denetarik jatea dela egokiena, hori dela elikagaiak arduraz eta segurtasunez hartzeko modu onena. Hortaz, sojazko edaria soilik hartu beharrean, aukera ona da beste edari begetal batzuekin txandakatzea (arroz-edaria, olo-edaria…).
Tratamenduan nago B12 bitamina oso maila apaletan dudalako, eta akituta sumatzen dut neure burua. Esaten didate nire organismoak ez duela sintetizatzen… Ile dezente galtzen ari naiz eta azazkalak oso ahul ditut. Ez dakit zer-nolako elikadura egitea komeni zaidan.
Gizakiongan, kolonean sintetizatzen da B12 bitamina (heste lodiaren azken zatia da); hesteetako bakterioek egiten dute hori, zati txikietan, baina bizi-funtzioek behar dituzten kopuruak bermatze aldera, eguneroko elikaduraren bidez hartu beharra dago.
B12 bitaminaren gabezia nutrizionala diagnostikatzen badute, beharrezkoa izango da tratamendu mediko-nutrizional bat jartzea bitamina horrekin, gorputzari gutxienekoa zaion kopurua bermatzeko eta gabezia horrek dakartzan sintomak sendabidean jartzeko. Eta, aldi berean, elikagaiak ongi hautatzea komeni da, eta B12 bitaminaz hornituta daudenak hartzea.
Animalia-jatorriko elikagaiek izaten dute B12 bitamina gehien: haragiak oro har, arrainak, itsaskiak eta arrautzak. Egokia izan daiteke animalia-jatorriko proteinak egunero hartzea (kalitatea lehenetsi behar da kantitatearen gainetik). Elikagai horiek, dietan modu proportzionatuan banatuta, lagundu egiten dute bitamina hori kopuru egokietan hartzen egunero. Elikagai horiek, oro har, ez dute galtzen bitamina hori sutan prestatu ondoren, baina haragia eta arraina egosten jartzen direnean, % 30 murrizten zaie, uretan disolbatuta geratzen da eta (hidrodisolbagarria da).
Elikaduraren oinarriak: kandidiasia
Infekzio bat da kandidiasia, Candida albicans onddoak eragiten duena, zeinak parasito oportunista batek bezala jokatzen baitu. Gure digestio-aparatuaren ahoan (hestean) eta aparatu genitalean bizi izaten da maizenik. Hazteko baldintza egokiak aurkitzen dituenean (elikadurak zerikusia izaten du), ezohiko proportzioetan ugaritzen da eta zenbait nahasmendu sortzen ditu osasunean. Azukrea da onddo honen elikagai nagusia. Infekzio horren sintomak izaten dira, besteak beste, txokolatea eta gozoa jateko gogo aseezina, baginako infekzio sarriak, sabelalde hanpatua, haizeak, sabeleko soinuak eta digestioa egiteko eragozpenak.
Europako Adierazpen Publikoa Elikagaiekiko Alergiei eta Anafilaxiari buruz
Elikagaiekiko Alergien eta Anafilaxiaren inguruan egin duten kanpainaren barrenean, Europako Adierazpen Publikoa egin du Alergien eta Immunologia Klinikoaren Europako Akademiak (EAACI), eta bertan esaten du jendea sentsibilizatzeko ekintzak egin behar direla, alergiak ikertzeko baliabide gehiago behar direla eta elikagaien etiketen araudiak zorroztu egin behar direla.
Kanpaina horren helburua da arduradun politikoei eta herritar guztiei informazioa ematea, ohar daitezen Europako Batasunean gora eta gora ari direla elikagaiek eragindako alergiak eta jakin dezaten zein diren krisi anafilaktikoen eragileak. 2013. urtean, EAACI, alergien arloan Europan dagoen mediku-elkarterik garrantzitsuena, elkarlanean ariko da EBko legegileekin eta ordezkari politikoekin, haiei aholkularitza emateko eta ekintza jakinak abian jar ditzaten sustatzeko, elikagaiekiko alergien eta anafilaxiaren diagnostikoa eta sendabideak hobetze aldera.
Guztira, Europan 17 milioi lagunek dute elikagaiekiko alergiaren bat. Prebalentziarik handiena ageri duten herrialdeen artean, Frantzia, Alemania eta Italia daude (herritarren %3,5ek dute nahasmendu kronikoren bat), eta atzetik datoz Espainia eta Suitza (herritarren %3).
Baratxuri berriak, freskoak eta sasoikoak
Saio kliniko eta azterketa ugari egiten dira baratxuriaren osaeraren inguruan, zer-nolako funtzio biologikoak dituen ikusteko eta dietako osagai garrantzitsu gisa zer onura dakartzan zehazteko.
Ikerketen lehen faseetan, frogatuta geratu da, baratxuria modu jarraituan hartuta, hobetu egiten dela memoriaren funtzioa eta baita emaitza kognitiboa ere. Baratxuri freskoen elikadura-ezaugarriak eta ezaugarri kimikoak aztertu, eta erraboileko baratxuriarenak bezalakoak direla ikusi dute, nahiz eta azken horietan kontzentratuagoak dauden konposatuak. Baratxuriari zapore eta usain berezi hori ematen dioten sulfuratuak dira barazki horren ekintza osasungarri nagusien eragileak. Halaxe erakutsi du Karatxiko Unibertsitateko Neurokimika eta Neurofarmakologiako Ikerketa Unitateak egin duen saio batek.
Ekintza on horien inguruko datu berri eta jakingarriak irakur daitezke Genes & Cancer aldizkari medikuan argitaratu den ikerketa batean (2012ko otsailean). Hor esaten denez, baratxuri freskoen estraktua hartzearen ondorioz (egosi gabe), geldiarazi egiten da zelula kantzerigenoen hazkundea eta morfologia-aldaketa bularreko minbizia duten emakumeengan. Detroiteko Wayne State Medikuntza Eskolako Immunologia eta Mikrobiologia Saila aritu da azterketa horiek egiten, eta berriz ere agerian geratu da fruta eta berdura ugariko dieta egiteak urritu egiten duela minbizia izateko arriskua edo lagundu egiten duela eritasuna kontrolatzeko orduan.
Berdura bakoitza biltzen den sasoian jatea aukera ona da onura horiei etekina ateratzeko. Baratxuri eta ganba nahaskia, adibidez, aski goxoa izaten da, eta erraz prestatzekoa. Baratxuria ezin egokiagoa da, halaber, plater asko laguntzeko: arroza (espinaka, baratxuri eta txanpinoiekin), pasta (espagetiak baratxuri eta piperminekin), kuskusa (baratxuri eta ganbekin) edo entsaladak (alkatxofa, baratxuri eta ganbekin; perretxiko, baratxuri eta izokinarekin), edo arrainen eta haragien guarnizio gisa.
Herdoilaren aurkako E bitamina gehiago
E bitaminak herdoilaren aurka egiteko gaitasuna du (beste zenbait gaik bezalaxe), eta eritasun degeneratiboen bilakaera edo sorrera mantsotzen duten fenomeno biologikoetan parte hartzen du: bihotz-hodietako eritasunak izan daitezke, edo minbizia. Eta ugalkortasunean izan dezakeen eragina ere aztertzen ari dira; herdoilaren aurka egiteko gaitasuna izaki, aurka egiten die erradikal libreen kalteei, zeinak okertu egin baitezakete espermatozoideen mugikortasuna eta semenaren kalitatea.
Elikagaiak prozesatzerakoan, findu egiten dituzte etengabe, eta hainbat osagai galtzen dituzte prozesu horretan, elikadura-balio aipagarria dutenak ere bai tartean (E bitamina, esaterako).
Bitamina hori berez zer elikagaitan ageri den jakinda, toki bat egin diezaiokegu eguneroko dietan, eta gure gorputza ongi hornitu mantenugai funtsekoz horrekin.
- Galorratza edo gari-hozia: zerealen aleetan, hoziak izaten du gantz saturatugabe gehien (bihotzaren mesedekoa) eta antioxidatzaile gehien kontzentratuta. Oso erraz erabiltzen da eta ia ez du arriskurik (alergia eragin ezik); beraz, dieta-osagarri ezin egokiagoa da E bitamina hartzeko.
- Ekilore-olioa: zalantzarik gabe, landare-jatorriko olioetan, honek du E bitamina gehien kontzentratuta, olioa egiteko erabiltzen diren hazietan ekilorearenek dutelako gehien. Ia bikoiztu egiten du arto-olioaren bitamina kopurua (gehien duen bigarrena da), eta oliba-olioak halako bost ematen du.
- Ekilore-haziak: fruitu lehor guztien artetik, ekilore-haziek dute E bitamina gehien (46 mg/100 g-ko), hurrek eta almendrek halako bi (bi horiek ere dezente ematen dute antioxidatzaile natural hau).