Nola atera zordunen zerrendatik

Zenbaitetan, ez da aski zorra ordaindu nahi izatea; prozesu konplexu bat abiatu eta egoki formalizatu behar izaten da
1 martxoa de 2013
Img economia domestica listado 163

Nola atera zordunen zerrendatik

Ez da gauza handirik behar gutako norbait zordunen zerrenda batean agertzeko. Izan daiteke faktura bat epe barrenean ordaindu ez dugulako, edo izan daiteke kreditu-txartela lapurtu digutela eta beste norbait egiten ari den gastua guri dagokigulako ordaintzea. Erraza da gisa horretako zerrenda batean sartzea, baina irtetea, berriz, dirudien baino zailagoa izan daiteke.

Zenbat eta lehenago ordaindu, hainbat hobe

Zordunen edo berankorren zerrenda batean agertzeak hainbat arazo dakartza. Mailegu pertsonal bat edo hipoteka bat ezeztatzea izan daiteke horietako bat, edo finantza-produktu eta -zerbitzu batzuk eskuratu ezina, edo iturria itxi eta edozein finantzazio-iturri kontratatzeko aukerarik gabe geratzea. Zordunen edo berankorren fitxategi nagusiak RAI, ASNEF eta Experian dira, eta horietan begiratzen dute finantza-erakundeek, baina badira beste batzuk ere, eta, adibidez, hortxe ager daiteke enpresaren batekin zorretan denaren izena, nahiz eta zorra oso txikia izan. Propio ordaindu gabe utzitakoak izaten dira zor horietako asko, baina ordaintzea ahaztu izangatik ere gertatzen dira horrelakoak, edo finantza-produktu bat bertan behera uzteko orduan hutsegiteren bat egiteagatik (asegurua, kontu korrontea…), edo etxeko ordainagiri nagusiekin gertatzen diren gorabeherengatik (argia, ura, telefonoa, gasa…).

Gerta liteke zorra txikia izatea, 100 eurotik beherakoa adibidez, baina hori nahikoa izaten da bankuekin eta bestelako finantza-erakundeekin gatazkan hasteko. Horregatik da garrantzitsua lehenbailehen erantzutea ordaindu gabe dagoen horri eta zerrenda horietatik albait arinen ateratzea.

Norbait zordunen zerrendan agertzeko, baldintza batzuk bete behar izaten dira:

  • Egiazko zor bat ordaindu gabe izatea.
  • Ordaintzeko eskatu izatea baina ahalegin horrek emaitzarik eman ez izatea.
  • Aurreko bi puntuak baliogabetzen dituen proba dokumentalik ez izatea.

Baldintza horiek guztiak betetzen direnean, zordunen edo berankorren zerrendan agertuko dira erabiltzaileak.

Zerrenda horietatik ateratzeko prozesua

Itxuraz, behintzat, ez da zaila zordunen zerrendatik ateratzea. Zorra ordaindu, eta kito. Era horretan, gainera, ez da ordaindu behar izaten gehigarririk, zigorrik, komisiorik eta gisakorik. Hori dela eta, zordunen zerrenda kudeatzen duen erakundera jo eta zorra kitatzeko eskatu behar da, hartzekodunari bidal diezaion.

NAren kopia bat bidali behar da eta zorra kitatu dela frogatzen duten dokumentuak ere bai, eta, horretarako, jakina, ezinbestekoa da ordainketa egin izanaren agiriak helaraztea, ahal dela burofax bidez. Beharrezkoa izaten da kudeatzaile administratibo baten laguntza, zeina arduratuko baita erabiltzaileak emandako datu berriak hartu eta ordu artekoak ezeztatzen edo aldatzen; horrela soilik egingo du aurrera prozedurak behar den bezala.

Norbait zordunen erregistroan sartzeko, jakinarazpena bidali behar zaio aurrez, eta hala egin ezean, hau da, jakinarazpenik gabe jarri badituzte haren datuak, horiek ezeztatzeko eska dezake. Kasu horretan, berariaz adierazi behar da idazkian, zerrenda horietan sar ez dezaten. Erabiltzaileak ez badaki zer helbide duen zordunen fitxategiaren arduradunak, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian galde dezake, eta arazorik gabe esango diote. Fitxategiaren jabeak hamar egunen buruan erantzun behar du. Denbora hori igaro eta erantzunik jasotzen ez bada edo ezezko erantzuna ematen badiote, erreklamazioa jar dezake Datuak Babesteko Espainiako Agentzian, eta datuak ezeztatzeko eskaria egin duela frogatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

Nola jokatzen dute bankuek zordunekin?

Ordaintzeko epea igaro eta egiten ez bada, bankuek informazioaren bidea lantzen dute lehenik eta behin, bezeroari ahaztu egin ote zaion edo oharkabean gertatu ote zaion egiaztatzeko. Horretarako, harekin harremanetan jartzen dira (telefonoz edo postaz), zor bat duela jakinarazten diote eta arazoa lehenbailehen konpontzen saiatzen dira.

Ordaindu gabe jarraituz gero, mezu oldarkorragoekin hasten dira: zenbateko interesak eta komisioak ordaindu beharko dituen adierazten diote, eta epe bat ere ematen diote zorra kitatzeko.

Hurrengo pausoa kanpoko lege-enpresen bidez ematen dute, zeinak ohartarazi egiten baititu zordunak zer-nolako ondorioak izango dituen zorra epe barrenean ez ordaintzeak. Eta zenbaitetan zorra bankuarekin berriro negoziatzeko aukera ere ematen dute, hasieran adostu ez bezalako baldintzetan.

Hiru eta sei hilabete arteko epea igarota uzten diote finantza-erakundeek jokabide horri; informazio-bideak baztertu eta auzibidera jotzea erabakitzen dute. Ohikoena izaten da bezero zordunaren aurkako salaketa jartzea.