Jose Ramon Carbajosa, Ecolec Fundazioko zuzendari nagusia eta WEEE-Forumeko lehendakaria

"Zaharkitzapen programatuaren kontua mitoa baino ez da"

1 marzo de 2013
Img entrevista 2 listado

Enpresek beren gailuak diseinatzen dituztenean, denbora mugatua iraun dezaten egiten al dute?

Ez. Zaharkitzapen programatuarena mito bat da, nondik heldu ez duen kontua. Ekoizle guztien lehentasuna izaten da gailu berri eraginkorragoak sortzea, eraginkortasun energetiko handiagoa dutenak, albait gehien iraungo dutenak eta ahalik eta prezio onenean. Eta hori guztia egiten dute bezeroek hurrena ere marka hori hauta dezaten gailu horietakoren bat ordezkatu behar dutenean.

Baina esan liteke gailuek gero eta gutxiago irauten dutela?

IKTen arloan zerbait aldatu bada, kontsumo-ohiturak izan dira, eta, horiekin, esan dezakegu zaharkitzapen funtzionala edo teknologikoa agertu dela, baina sekula ez programatua. Informatikaren eta telekomunikazioaren eremuan dugu horren adibide garbia. Azken belaunaldiko bideo-kontsola erosten dugu eta, urtebeteren buruan, haren lehiakideak funtzio gehiago dituen beste bat aurkeztu duela eta, lehenbiziko zokoratu egiten dugu, nahiz eta ongi ibili, berrikuntzak dituenarekin jolastu nahi dugulako.

Hau da, berrikuntzen atzetik goazela itsumustuan…

Gailuek ez diote uzten funtzionatzeari lehen baino azkarrago, jabeok aldatzen ditugu zenbait gailu beste berriago batzuen ordez, aukera hobeak eskaintzen dituztelako edo diseinu hobea dutelako. Eragin egiten digute teknologiaren aurrerapenek eta horrek eskaintzen dituen abantailek, eta modek ere bai, nola ez. Denok ohartzen gara telefoniaren munduan jende asko ibiltzen dela azken-azkeneko berrikuntzaren bila, asmakizun elektronikorik berriena eskuratu nahian, horrek nolabaiteko estatusa ematen die, nolabaiteko maila edo glamourra.

Ez al dago, agian, nolabaiteko desfasea berrikuntza-erritmoaren eta ekoizpen-erritmoaren artean?

Ez. Beharrezko dena baino ez, ustezko hobekuntza bat egiaz hala dela eta ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko behar dena. Erabateko sinergia dago berrikuntza sailetan egiten dituzten aurrerapenen eta horiek muntatze-katean txertatzeko prozesuen artean. Behin hobekuntza bat onartu denean, testak egiten zaizkio, eskaini asmo dituen funtzioak eta iraupena egiaztatzeko. Behin prozesu hori gaindituta, berehala sartzen dira produkzio-katean.

Ba al duzue kezkarik zaharkitzapena azkartzeak material birziklagarri gehiegi sortuko ote duen?

Zifrek ez dute halakorik erakusten. Mikroelektronikaren eta telefoniaren kasuan, non beste arloetan baino nabarmenagoa izan litekeen zaharkitzapena -ez programatua- eta, ondorioz, gailu horien hondakinak ere ugaritu egin litezkeen, erabiltzaileak kontzientziatzea da kontua, erosten dituzten ondasunak ongi erabil ditzaten.

Konponbide gisa zenbait adituk diote BEZa %24 igo litekeela produktu berrientzat merkaturatu eta lehen urtean.

Teoria horrek berak berretsi egiten du ez dagoela zaharkitzapen programaturik. Hor planteatzen dena da gailuen bizitza erabilgarria luzatzen saiatu behar dela eta zerga bidez zigortu kontsumo arduragabe posible bat. BEZa igotzeak ez luke galaraziko gailu elektroniko baten ustezko etenaldi programatua; bai galaraziko luke, ordea, kontsumitzaileen zati adierazgarri batek produktu batzuk eskuratu ahal izatea, beren bizitza hobetuko luketenak.

Beraz, zuk ez duzu sinesten era horretako neurrietan…

Neurri jakin horrek, zehazki, zalantzan jarriko luke enpresa ekoizleen I+G sailek egiten duten lanak eta haren emaitzek industriari eta ekonomiari dakarkioten aurrerapena. Ezin zaizkio ateak itxi garapenari eta berrikuntzari hain helburu zehaztugabe baten izenean, hau da, gure ondasun elektronikoen bizitza erabilgarria luzatzea.

Zer egin daiteke orduan?

Denok agertzen gara kontsumo arduratsuaren alde, baina galdetzen dut bidezkoa ote den norbaiti zigor ekonomikoa jartzea gailu bat erosi nahi duelako, adibidez LCD teknologia duen telebista bat, teknologia aski sendoa duen produktu bat alegia, ekoizleek dagoeneko amortizatu dutena eta, ondorioz, herritar askok eskuratzeko moduko salneurria duena merkatuan.

Kontsumitzaileek zenbateko erantzukizuna dute gailu baten iraupena luzeagoa izan dadin?

Kontsumitzaileek kontzientzia hartu behar dute eta ohartu zerbait erostea erabakitzen dutenean edo gailu baten bizitza berez den baino laburragoa egiten dutenean, horrek ondorio batzuk izaten dituela bere inguruan. Batzuetan, onak izan daitezke ondorio horiek; adibidez, ikuspegi ekologikotik eraginkorragoak diren gailuak erostea. Beste batzuetan, ordea, hondakinak sortuko dituzte bulkada kontsumistari eusteko gai izan ez direlako.