Haurtzaindegia aukeratzeko gakoak

1 martxoa de 2004
Img listado consejo

Haurtzaindegia aukeratzeko gakoak

Gure haurtxoa hazten ari denean eta lan egitera itzultzea gertu dagoenean -haurtzaindegia erabiltzeko kausarik ohikoena-, haurtzaindegi bat edo beste aukeratzea gurasook egin behar ditugun hautaketarik zailenetakoa da. Haurrarengandik fisikoki banantzeak dakarren traumari, jasoko duen arretagatiko kezka, egunaren parte handi bat emango duen ikastetxeko baldintzak eta, jakina, horrek berekin dakarren zama ekonomikoa gehitzen zaizkio. Zeure semea zentro horietako batera eramatea pentsatu baduzu, baten batzuk bisitatu eta, behin betiko erabakia hartu baino lehen, behar beste denbora hartzea komeni da.

  • Umea haurtzaindegira eramateko adinik aproposenak hauek dira: zortzi hilabete baino lehenagokoa, umea hobeto moldatzen baita, eta hamazortzi hilabeteren ondorengoa, umeak bere buruaren kontrola, ingurune berriari arazorik gabe aurre egiteko adinako kontrola, alegia, bereganatu duenean.
  • Joan zaitez haurtzaindegira umearekin hura bertan geratu baino lehen, tokira eta pertsonekin ohituz joan dadin. Hasieran ez ezazu han denbora askoan utz. Lehenbiziko egunetan aski da ordu bat edo bi. Nolanahi ere den, ez da gomendagarria egunean lauzpabost ordu baino gehiago bertan ematea, eta ez ditu inola ere zortzi baino gehiago eman behar.
  • Etxetik hurbil egotea kontuan hartzeko elementua da. Ibili beharreko bidea laburragoa izango da eta bizi den gizarte-ingurunearekin harremanetan jarraituko du haurrak; hartara, haurtzaindegiko lagunak auzategiko adiskide ere izango ditu.

Segurtasuna

  • Leihoek ez dute haurren eskura egon behar, edo, hala izan ezean, burdinsarez hornituak behar dute izan. Kristalek, haustezinak.
  • Eskaileretako barandak txikienen garaiera izan behar du.
  • Ateek eta markoek (bandek eta markoek) atzamarretako imurtxiak saihesteko sistema egoki bat izan behar dute.
  • Entxufeek txikitxoak iristen ez diren garaieran jarrita egon behar dute.
  • Produktu kaltegarriak armairu itxitan gorde behar dira.
  • Mahaiek eta gainerako altzariek ez dute ertz bizirik erakutsi behar.

Lekua

  • Haurtzaindegia beste ezertarako erabilerarik ez duen eta kanpotik sarbidean duen lokal batean jarri behar da.
  • Haren baldintza arkitektonikoek arazo fisikoak dituzten ikasleen sarrera eta zirkulazioa ahalbidetu behar dituzte.
  • Espainiako legeriaren arabera, haurtzaindegiek gutxienez 1,50 metro koadro izan behar dituzte eskola-postuko, eta jolastokian 3 metro gutxienez. Hala ere, xedapen hauek ez datoz Unescok desiragarritzat jotzen duenarekin bat, hau da, hiru urtetik beherako ume bakoitzeko 8 metro koadro, eta lau eta zazpi urte bitartekoentzat 4 metro koadro.
  • Ikasgelek ondo argiztatuak izan behar dute, ahal dela argi natural ugariz; zabalak, espazio zabalek haurrekiko lana erraztu eta etenaldien edo umeen arteko eragozpenen ondorioz eguneroko jardunean sortzen diren alferrikako tentsioak saihesten dituzte; eta garbiak, materialetako, zoruetako, aldageletako, komunetako eta sukaldeko garbitasunak eta ordenak esango dizute ikastetxea noraino dagoen ondo zainduta.
  • Errepara iezaiozu gelen banaketari. Haurtzaindegiak, nola jolaserako eta dibertitzeko gelak hala eskulanak egiteko edo gaztetxoenen atsedenerako gelak eduki behar ditu.
  • Zero eta bi urte bitarteko ikasleak dauzkaten gelek umearen atseden eta higienerako gune bereiziak edukiko dituzte.
  • Ikastetxeak bainugela bat eduki behar du ikasgelako. Bainugela ikasgelatik ikusi eta bertatik sartu ahal izango da hartara, eta bi konketa eta bi komun eduki behar ditu. Irakasleen bainugelak umeen bainugelatik bereizirik egon behar du eta konketa bat, komun bat eta dutxa bat izan behar ditu.
  • Bederatzi ikasgelako, hots, zatikiko, 75 metro koadrotik gorako azalerako jolastoki bat eduki behar du.
  • Errepara iezaiozu jolasean jardungo duteneko azalerari. Patioko zoruak leun eta segurua behar du izan, inola ere ez harri zimurtsuzkoa, ez hareatsua, hartara zauri eta infekzio ugari saihestuko dira eta.

Hezitzaileak

  • Egiazta ezazu haurren arduradunak dagokien berezitasuna duten profesionalak direla. Zero eta hiru urte bitarteko umeak zaintzen dituztenek gutxienik Haurtzaindegi-titulu bat behar dute izan, eta hiru eta sei urte bitarteko umeak zaintzen dituztenek Haur Hezkuntzako maisuak behar dute izan.
  • Hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrak matrikulatzen baldin badira, ikastetxeak laguntza gisa giza baliabideak, hala nola materialak, izan behar ditu. Baliabide horiek dagozkion Hezkuntza-Administrazioak zehaztuko ditu.
  • Hezitzaileko haur kopuruak indarrean dagoen arautegia bete behar du. Beraz, urte bat baino gutxiagokoen maisuek gehienez zortzi ume izango dituzte gela batean, bat eta bi urte bitartekoenek 13 haur gehienez eta bi eta hiru urte bitartekoenek 20 haur ikasgelan.
  • Haurtzaindegi bateko langileek, pazientzia, gozotasuna eta irmotasuna ez ezik, sentiberatasun handia ere izan behar dute, beren ardurapean dauden ume guztien garapen maila eta izaera-ezaugarriak antzemateko; izan ere, etapa horretantxe gertatzen da beharrezkoen -ezinbesteko- zaintza pertsonalizatua.
  • Begira ezazu nola hitz egiten duten haurrek, haien hitzak samurrak edo gogorrak diren. Gogoratu haur txikiak aurkitzen diren etapan laztanak, maitasuna eta samurtasuna arras garrantzitsuak direla. Egin jaramon handia beste haurrek eurei hitz egiteko moduari eta behatu maitasuna eta hurbiltasuna erakusten dizkieten.

Ildo pedagogikoa

  • Ikastetxeak lan programa argia izan behar du. Programa horrek honakoa bildu behar du, besteak beste: esperimentaziora eta berariazko material bidezko aurkikuntzara bideratutako ekintzak, lan psikomotorerako guneak eta materialak, musika- eta sentimen-ikasketak errazten dituzten ekintzak.
  • Lan guztiaren emaitza aldizkako txostenetan islatu behar da, eta geroago gurasoekin egingo diren elkarrizketa pertsonaletan; elkarrizketa horietan zalantzak eta gatazkak argitu ahal izango dira.

Bazkaria

  • Haurra zenbat eta txikiago, orduan eta gehiago zaindu behar dugu haren dieta. Informa zaitez haurtzaindegiak bere bazkari propioa prestatzen duen, bisita ezazu sukaldea, ezagut ezazu sukaldaria, edo, enpresa espezializatu batek zerbitzatzen badu, berriz, galde ezazu nork erabakitzen dituen menuak.
  • Jantokiak gela bereiztua, eta beste ezertarako erabilerarik ez duena, izan behar du higiene eta garbitasun arauak segurtatzeko.

Lo kuluxkaren garaia

  • Izan ezazu interesa etapa horretan hain garrantzitsua den atseden garaia antolatzeko moduan.
  • Informa zaitez erabiltzen den hamakatxo motaz, haurrak maindiretxoz edo neguko burusiz estaltzen dituzten, denek elkarrekin edo taldeka lo egiten duten, zenbat hezitzaile arduratzen diren zaintzaz eta haur batek lo egin nahi ez duenean edo garaia baino lehen esnatzen denean zer egiten duten.