Zer egin hondakin nuklearrekin?

Irtenbide bakarra, oraingoz, konfinamendua

Horrelakoak biltzea da liskar gehien sortzen dituen kontua, erradiazio ihesen arriskuagatik
1 martxoa de 2004
Img listado medioambiente

Irtenbide bakarra, oraingoz, konfinamendua

Hondakin nuklear edo erradioaktiboak zentral nuklearretan baliatzen den uranioaren erauzketan bertan hasten den ziklo nuklearrean sortutako hondar materialak dira. Espainian, xedatutakoak baino kontzentrazio handiagoetan agertzen diren elementu erradiaktiboekin kutsaturiko zabor atomiko hori bederatzi zentral nuklearretatik ateratzen da: zentral horiek Estatuko elektrizitatearen %33z gainera, 600 ospitale eta ikerkuntza zentrotako energia ere ekoizten dute. Guztira, urtean 2.000 tona baino gehiago pilatzen dira. Jarduera ertain eta apalekoak, aplikazio ez energetikoetatik datozenak, Kordobako El Cabril zabortegi nuklearrean biltzen dira, eta jarduera bizikoak, zentral nuklearrek sortutakoak alegia, zentraletan bertan dauden lurrazpiko urtegi berezietan. Zabor horien bilketa da, hain zuzen, energia nuklearraren aldeko eta aurkakoen artean liskar gehien sortzen dituen kontua, erradiazio ihesen arriskuagatik.

Nondik datoz hondakin nuklearrak?

  • Zentral nuklearretako aplikazio energetikoetatik. Hondakin erradioaktiboen zati handiena energia elektrikoa sortzeko erregai nuklearrak pasatzen dituen faseetan eta zentral nuklearren eraispenean ekoizten da: hondakin horien guztirako produkzioaren %95 ingurura iristen dira.
  • Aplikazio energetikoez bestelakoetatik. Funtsean, hiru jarduera motatan erabiltzen diren isotopo erradioaktiboetatik datoz: ikerkuntza, medikuntza eta industriatik. Horiek hirurek sortzen dituzten hondakin erradioaktiboen munta %10 baino txikiagoa bada ere, horrek ez du esan nahi hondakinen kudeaketak zorrotz-zorrotza izan behar ez duenik.

Hondakin nuklearren sailkapena

Hondakin erradioaktiboak sailkatzeko orduan hainbat irizpideri hel dakioke: horien egoera fisikoa (solidoa, likidoa edo gasa), igorritako erradiazio mota (alfa, beta, gamma), erradioaktibitatearen edukia, beren erradionukleidoak semidesintegratzeko epea, etc. Kudeaketari dagokionez, Espainian hondakin erradioaktiboak honela sailkatzen dira:

  • Jarduera ertain eta apaleko hondakinak
    • Berariazko jarduera apala dute
    • Ez dute berorik sortzen
    • Semidesintegratzeko 30 urte baino epe txikiagoa duten beta-gamma erradionukleido emisoreak dituzte (horrek esan nahi du gehienez ere 300 urtean beren aktibitatea milarenera murriztuko dutela).
    • El Cabril (Kordoba) zabortegi nuklearrean metatzen dira.
  • Jarduera biziko hondakinak
    • Jarduera biziko hondakinetan dautzan erradionukleidoak semidesintegratzeko epea 30 urte baino handiagoa da.
    • Bizi luzeko alfa, beta eta gamma motako erradionukleido emisoreak dauzkate, kontzentrazio handietan, gainera.
    • Baliteke beroa sortzea.
    • Espainian, zentral nuklearretan bertan dauden lurpeko urtegi berezietan gordetzen dira.

Hondakin horien arriskua aintzat hartzea da sailkatzeko beste irizpide bat: eskuarki, hondakinaren batez besteko bizitza zenbat eta luzeago izan, are eta arriskutsuagoa izaten da bera.

Hondakinak biltzea

Hondakinen biltzeak bete behar duen printzipioa giza inguruneetatik bereiztea, isolatzea da; horretarako, hondakinak izaki bizidunen artera behin betiko itzultzea galarazi behar duen edo, bestela, ihesik gertatzekotan, arriskuak hutsaren parera ekarri beharko lituzkeen langa sistema bat ezartzen da (konfinamendua deritzo prozesu horri). Etorkizunean horrelako hondakinen erradiotoxizitatea arindu edo suntsitzeko bezain eraginkorrak izango diren teknologiak sortzeko aurrerakuntza zientifikoak zeinahi izanik ere, hondakin erradioaktiboak behin betiko biltzeko (hau da, konfinatzeko) bete beharreko estrategia nazioartean onetsi eta zehaztuta dago, legez. Saihestu beharreko arriskua da euri urak edo lurpeko urak hondakin horiek ukitzea, gerora lurperaturik dauden erradionukleidoetakoren bat disolbatzea eta azkenean giza ingurunera garraiatzea.

Zer da erradioaktibitatea?

Berez, gorputz zenbaitek emititzen duten energia da, eta erradioaktibitate naturala edo kanpo interbentzio batek eraginik, hau da, erradioaktibitate artifiziala izan daiteke. Material erradioaktiboek jariatzen duten erradiazioak kalte egin diezaieke organismo biziei. Zeinahi erradiazio motak giza gorputzari eraginiko kaltea erradiazio dosi izeneko magnitudez neurtzen da. Sieverta (Sv) da erradiazio dosi hori neurtzeko unitatea. Gizaki batek jasan dezakeen erradiazio maila ez-kaltegarria 2 edo 3 milisievert izan daiteke. Gorputz osoak 3 – 5 sieverteko erradiazioa sufrituko balu, hil egingo litzateke. Erradioterapiako tratamenduan -hau da, organismoko tumore edo ehun bat erradiatzea, suntsitzeko asmoz- oso dosi altuak erradiatzen dira, are 70-80 sievertekoak ere. Gorputz gune zehatz-zehatzetan emaniko erradiazioak direnez pazienteak ez du nozitzen erradiazioaren ondoriorik.

El Cabril, espainiar kanposantu nuklearra

Jarduera ertain eta apaleko materialak metatzeko (hau da, gehienez ere 300 urteko bizia dutenak) Espainian egokiturik dagoen toki bakarra Kordobatik 80 kilometrora dago, Sierra Morenako bihotzean, eta 1992. urtean eraiki zen. El Cabril izenekoan 16.000 m3 hondakin nuklear daude lurperatuta (toki horretako edukieraren %28). Bertako airea, ura eta landaredia 36 puntutatik kontrolatzen dira. Espainian hondakin nuklearrak kudeatzen dituen Enresa enpresaren arabera (Empresa Nacional de Residuos Radiactivos), ez da kanporako emisiorik. Madrilgo Epaitegi Gorenak 1996an esan zuenez, zabortegi horretan premiazko lizentziarik izan gabe zentral nuklearretako hondakinak metatu ziren. Biltzeko egiturak 7,5 graduko lurrikararen ondorioak pairatzeko diseinatuta daude eta, toki seguruagorik sortuko balitz, hondakinak berreskuragarri direnez, bertara eraman litezke.

Zer egin daiteke hondakinekin?

Une hauetan hondakinak kudeatzeko hiru metodo daude:

  • Ziklo irekia: erreaktore nuklearretatik datozen eta gastaturik dauden erregaiak erradioaktibitate biziko hondakintzat jotzen direnez, Biltegi Geologiko Sakon izenekoetan metatzen dira -AEBn, New Mexico eta Nevada arteko basamortuan dagoenaren tankerakoak, adibidez-.
  • Ziklo itxia: gastaturiko erregai horiek manipulatzen dira (birprozesatu) bertan dauden uranioa eta plutonioa berreskuratu eta, horrela, material energetiko gisa erabili ahal izateko.
  • Ziklo itxi aurreratua: orain dozena bat urtez geroztik bizitza luzeko erradionukleido zenbaiten bereizketa eta transmutazioa ikertzen eta garatzen ari dira, baita jarduera biziko hondakinak biltegi geologiko sakonetan biltzearen aurkakotasuna, geroz eta zailtasun sozial eta politiko ugariago agertzen ari delako herrialde guztietan. Era horretan, jarduera biziko hondakinen epe luzerako osagai toxikoak murriztu egiten dira.

Hiru aukera horiek funtsezko bi etapa dituzte bereizgarri: gastaturiko erregaiak behin-behingoz biltzea eta, gerora, behin betiko gordetzea.