Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Piercing eta tatuajeak: 13 hiritako 105 establezimendu aztertuta : Beharrezko informazioa eman gabe egiten da eta baldintzak asko hobe daitezke

Ez dago estatistika zifra fidagarririk piercing eta tatuajeei buruz, baina inork ez du zalantzan jartzen azken urteotan biekiko zaletasunak gora egin duela nabarmen. Igoera hori dela eta, batetik, negozioaren fakturazioa asko handitu da, eta, bestetik, gure hirietan ugaritu egin dira bezeroen gorputzean piercing-ak jarri eta tatuajeak egiten dituzten establezimenduak.

Arlo honetako profesionalek diote moda hau “estetika kontua dela, gazteen artean batez ere”, eta zehazten dute “gaur egun zulaketak askoz onartuago daudela tatuajeak baino”. Izan ere, Piercing-ak aldi baterako egintzatzat hartzen dira eta, aldiz, jakina da tatuajea betiko dela, ezin ken daitekeelako gure azaletik, teknika zorrotz, konplexu eta benetan garestien bidez ez bada, behintzat (laserraren kasuan). Gainera, teknika horiek ez dira eraginkorrak beti.

Erabiltzaileei ematen dieten zerbitzua ikertzeko helburuarekin, CONSUMER-eko teknikariek, bezero itxurak eginez, piercing-ak jarri eta tatuajeak egiten dituzten 105 establezimendu bisitatu zituzten 13 hiritan: Bartzelona, Madril, Valentzia, Bilbo, Malaga, Coruña, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Murtzia, Almeria, Alacant eta Oviedon. Horretan bakarrik jarduten duten 73 establezimendu bisitatu dituzte, bai eta estetika pertsonalari begirako beste jarduera batzuk egiten dituzten 32 edergintza eta estetika zentro ere. Teknikariek bisita egin ondoren bete zuten galdekizuna prestatzeko, mediku dermatologoen laguntza izan genuen, eta bi abiapuntu hartu ziren kontuan: batetik, erkidego autonomo batzuetan horrelako establezimenduei ezartzen zaien araudia eta, bestetik, Tatuaje eta Piercing Adituen Estatu mailako Elkarteak praktika egokiei buruz duen kode txalogarria (oso zorrotza baita).

Lehenik eta behin, argi utzi behar da biak ere ez direla egintza gomendagarriak medikuntza eta osasun aldetik, azalean edo gorputzeko hainbat ataletan zauriak egiten dituztelako, eta bietan erreakzio alergikoak izateko eta hiesa eta hepatitisa bezalako gaixotasun larriak harrapatzeko arriskua dagoelako (behar bezala esterilizatu gabeko tresnen bidez kutsatuta). Body art-en mediku eta profesionalak bat datoz bezero askok beharrezko neurriak hartzen ez dituztela esaten, eta, baieztatzen dute, Estatuan berriki ezarri den eta partziala baino ez den arautzearen gainetik, establezimendu batzuek ez dituztela betetzen gutxieneko baldintzak.

Beraz, argi: piercing edo tatuaje bat egiteko asmoa dutenek profesional gaituengana jo behar dute, aparteko higienea eta kalitate tekniko egokia bermatzeaz gain, beharrezko prebentzioen eta egintzaren osteko zainketen berri emango dieten profesionalengana.

Bezeroari emandako informazioan, gutxiegi kalifikazioa eman zaie gehien-gehienei

Izan ere, ikerketaren ondorio nagusiak adierazten du establezimendu gehienetan bezeroak ez duela jasotzen bere gorputza arriskutik libre ez dauden teknika horiez apain dezakeen edo ez jakiteko behar duen informazioa, ezta sor daitezkeen arazoei aurre hartzeko informazioa ere.

Bestela esanda, oso gutxi dira bezeroa ondo aholkatzen dutenak, nahiz eta informazioa eta aholkuak erabat beharrezkoak izan. Gutxiengoa dira bezeroari piercing edo tatuaje bat egin aurretik beharrezko informazio guztia ematen dioten establezimenduak: profesionalen %85ek ez zioten galdetu bezeroari egintza ez egitea gomendatuko lukeen alergiarik, gaixotasunik edo orbaintze arazorik duen; %55ek ez zioten tatuaje bat egin aurretik hartu beharreko neurrien berri eman, hala nola, baraurik ez joatea eta alkoholik edo drogarik ez hartzea, eta, azkenik, %64k ez dute azaltzen piercing bat jartzearen edo tatuje bat egitearen prozesua, ea anestesia behar den, zenbat irauten duen saioak….

Gainera, beharrezkoa bada ere, establezimenduen %40k bakarrik gomendatu zuten tatuajea egin eta astebetera krema hidratatzailea hilabetez emateko. Tatuajeekin jarraituz, lokalen %75etan ez zituzten zainketari buruzko beharrezko aholkuak eman, adibidez, belaki eta eskuoihalekin ez garbitzeko, zarakarrak ez kentzeko, igerileku edo itsasoan ez bainatzeko orbaintzen ari den bitartean eta xaboi neutroa erabiltzeko.

Informazio falta hori da aztertutako establezimendu gehienei gutxiegi kalifikazioa jartzeko arrazoi nagusia. Dermatologoek (azaleko mediku espezialistak) adierazi bezala, piercing eta tatuajeek zauriak eragiten dituzte dermisean, eta, horregatik, komeni da erabiltzaileak informazio nahiko izatea sor daitezkeen arazoen inguruan (infekzioak, erreakzio alergikoak eta abar) eta egintzaren ondoren hartu beharreko neurrien inguruan: pomada antibiotiko eta orbaintzaileak ematea, tatuajea eginez gero eguzkirik ez hartzea, piercing-ak behar duen garbitasuna. Piercing edo tatuajea egiteak infekzioak, narritadurak eta alergiak eragin ditzake, eta higiene neurriak betetzen ez badira, baita gaixotasun biriko larrien transmisioa ere bai, esaterako hepatitis edo hiesarena.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak