GPS

Norbera ez galtzeko

Satelite bidezko nabigazio sistemak erosteko moduan daude dagoeneko
1 martxoa de 2004
Img listado nntt

Norbera ez galtzeko

Gizakiak betidanik zeruari begiratu izan dio bere burua orientatzeko. Orain, teknologiari esker, kontua ez da Iparra non den zehazten diguten izarrak bilatzea, baizik eta Lurra orbitatu eta geure kokapen zehatza erakusten duten sateliteak aurkitzea. Hori GPS hargailuei esker lortzen da (Kokatze Globaleko Sistema). Satelite bidezko nabigazio sistema horrek zehaztasun handiz non gauden jakitea ahalbidetzen digute, helmuga puntua aurkitzea eta hura atzemateko ibilbiderik egokiena trazatzea. Azken urteotan teknologia hain da merkatu ezen inbertsio txiki batez (200 eurotik gorakoa) ordenagailu eramangarrian, PDA delakoan edo eskuko telefonoan akoplatzeko oinarrizko GPS hargailu bat eskura baitaiteke.

Nola funtzionatzen du?

GPS sistemak NAVSTAR konstelazioari esker funtzionatzen du. Konstelazio hori 20.000 kilometroko altueran dauden 24 satelitek osatzen dute. Sateliteok erloju atomiko bat, zehaztasun handikoa, daramate barruan, eta seinale pertsonalizatuak igortzen dituzte, abiatu zireneko ordua adieraziz. Lurreko hargailuak, seinalea eman duen satelitea ezagutu, iristeko behar izan duen denbora zehaztu eta, halatan, hartatik dagoen distantzia kalkulatzen du. Behin GPS hargailuak lau sateliterekin kontaktatuta -informazio oinarrizkoago baterako hiru nahiko badira ere-, horien kokapen eta altuera zehazteko gauza da.

Seinalearen bidaia hain azkarra eta atzerapenaren kontrola hain doia izanda (milisegundo bateko huts bat ehunka kilometroko desbideraketak sortzen ditu), erabakigarria da satelitearen eta hargailuaren arteko sinkronizazio perfektua. GPS hargailuek ez dute erloju atomikorik, baina beste satelite baten gaineko neurketa gehigarri baten bidez desfaseak doitzeko gauza dira. Horrek, azken buruan, zehaztasun atomikoko erloju bihurtzen ditu.

Miragarria, baina ez hobezina

GPS hargailuek ondo ikusi behar dute zerua sateliteen seinale ahula egokiro hartzeko; beraz, kanpoan erabiltzeko eginak dira, eta oihan zarratu batean, edo mendi artean, edo eraikin handien artean beharbada ez dute ondo funtzionatuko. Hori antena bat erabiliz zuzendu daiteke. Neurketaren zehaztasuna hargailu motaren araberakoa da, egungo GPSek 10en bat metroko zehaztasuna lortzen dute, seinalea 12 satelitetatik aldi berean jasotzeari esker, eta kablerik gabe konekta daitezke beste gailu batzuetara (Bluetooth bidez). 2000ko maiatzean “Prest edukitze selektiboa” desagertu zen, hau da, GPS transmisioetan estatubatuar armadak nahita sartutako zenbait hutsegite desagertu ziren, militarrak ez ziren hargailuen prezisioa 100 metrora mugatzen zutenak.

Hala eta guztiz ere, GPS seinaleak beste gorabehera batzuk jasaten ditu. Sateliteak neurketa-hutsegite txikiak bidal ditzake eta seinaleak abiadura aldaketak izaten ditu eguratsa zeharkatzean, eta ondoren, lurrera iristean, hainbat oztopo jotzen du. Hala ere, hargailu aurreratuak zenbait sistemarekin akatsak zuzendu eta hutsegite tartea metro bakar batera mugatzen dute.

GPSk, bere mugak gorabehera, soberan gainditzen ditu aurkitzeko sistema mugikorrak; horiek prezioa dute alde, eta kontra beren zehaztasun txikiagoa (hirian 200 metroko hutsegite tartea eta mendian 5 eta 20 metro bitartekoa) eta haien potentzialak intimitatea mehatxatzea. GPSk jaso baino ez du egiten, eta eskuko telefonoak emititu egiten du; beraz, erabiltzailearen kokapena jakiten laguntzen du.

Mendirako eta hirirako

Jatorriz GPS itsasontziei eta hegazkinei nabigazioaren gaineko informazioa emateko diseinatu zen, baina hargailuen prezio txikiak beste erabiltzaile askorentzat eskuragarri egin ditu eta, hainbat programarekin konbinatuta, probetxu handia atera diezaiekete. Oro har, GPSak aurkitzeko (kokapen bat zehazteko), nabigatzeko (leku batetik bestera joateko), arrastoei jarraitzeko (pertsonen eta gauzen mugimenduari jarraitzeko), kartografiarako eta denbora modu zehatzean kontrolatzeko balio du. Horrek praktikan honako erabilera hauek dakartza berekin: edozein bide erabiltzen duen garraiotik, babes zibilarekin edo pertsona minusbaliatuen laguntzarekin lotutakoetara (itsu batek taxilaria gida dezake), energia, telekomunikazioak, finantzak, nekazaritza, etab. barne.

Atari zabalaren zaleek (mendia, bidezidorrak, pistaz kanpoko eskia, motoziklismoa, etab. maite dutenek) beren burua inguru ezezagunetan jartzeko, helmuga aurkitzeko eta ibilbiderik egokiena marrazteko gidari dute GPS. Hiri esparruan, GPSk edozein farmazia, hotel, gasolindegi, museo, geltoki, etab. non den zehazten du hamar metroko hutsegite tartearekin. Horregatik ari dira autoaren osagarri ezin hobe bihurtzen, eta ez Paris-Dakar-eko gidarientzat bakarrik. GPSek, nabigazio sistema propioekin edo PDA edo beharrezko softwarea duen eramangarri batera akoplatuta, ahots eta irudi propioz erakusten dute edozein errepidetako bide zuzena, non dagoen hirietako zein herrietako edozein kale (informazio hori obrei, trafikoaren dentsitateari, eta abarri buruzkoarekin batera daiteke), abiadura, distantzia, ibilbidea eta momentu orotako beste datu batzuk.

AEBetako Defentsa Ministerioari eskertu beharrekoa da 1978an NAVSTAR (Navigational Satellite Timing And Ranging) delako satelite bidezko nabigazio sistema doanekoa abian jarri izana. Hark geroago egungo GPSri bide emango zion. Sobietar Batasunak ere bere sistema propioa, GPSren antzekoa, garatu zuen, GLONASS zehazki, eta funtzionatzen segitzen du (www.glonass-center.ru), dibertimenduzko jardueretarako hargailuek haren sateliteen seinaleak interpretatzen ez badituzte ere.

Europak ere begiak zeruan jarrita dauzka eta satelite bidezko bere nabigazio sistema propioa garatzen dihardu. Erabat zibila den satelite horri GALILEO deritzo. Lehenengo satelitea 2005ean jaurtiko da modu esperimentalean, eta hurrengo urtean beste lau, erabat operatiboak, jarriko dira orbitan. Helburua 2008an guztiz operatiboak izatea da. Urte horretan 30 satelite egongo dira lurraren gainean (27 operatibo eta hiru ordezko), 26.616 kilometrora.

Europar Batasunaren eta Europako Espazio Agentziaren ekimen honetan interesgarriena GPS eta GLONASS bidezko elkarreragingarritasuna ziurtatzea da, hartara hargailu berak satelite guztien arteko edozein konbinaketa erabili ahal izango baitu. Gainera, haren hutsegite tartea metro batekoa baino ez da izango.

Galileo
www.galileoju.com
Hemendixe sartzen da EBk eta Europako Espazio Agentziak satelite bidez nabigatzeko Galileo proiektu europarrari buruzko orrialdeetara.

Jakin eta erosi
www.mundogps.com
Gaurkotasuna, foroak, ohiko galderak, aholkularia, konparatzaileak, iragarki taula, doaneko programen deskargak eta firmware-a (hargailua eguneratzeko) eta hargailuak, softwarea eta osagarriak eskuratzeko denda bat.

Horrela funtzionatzen du
www.trimble.com/gps
Tutorial oso bat ingelesez, GPSren funtzionamenduari buruzko grafikoak dituena. Hemen aurkituko dugu eskuliburuaren itzulpen bat: http://gutovnik.com/como_func_sist_gps.htm