Nork ez du sekula ezer entzun Lurraren berotzeaz eta horren efektuez? Adituek diotenez, mende hasieratik 0,5 gradu zentigradu gehitu da tenperatura, atmosferara etengabe gasak isurtzearen ondorioz; horrek negutegi efektua eragiten du, dagoeneko hain ezagun egin dena: eguzkiaren erradiazio infragorria giroan atxikita geratzen da eta lurrazala eta atmosferaren beheko zatia berotzea eragiten du.
Negutegi efektuaren eraginpean
Gizakion eguneroko hainbat jarduera, erregai fosilak -ikatza, petrolio eta gasa esaterako- erretzea eta basoak suntsitzea bihurtu dira atmosferara karbono dioxidoa (CO2), negutegi efektuaren sorrerarako gasik arriskutsuena, botatzearen arrazoi nagusiak. Adituen esanetan, energia-produkzioak eragiten du gainera, mundu osoan, erregai fosilen kontsumorik handiena; herrialde batzuetatik besteetara desberdintasun nabarmenak dauden arren, jakina. Adibidez, iparramerikar batek bere kontsumo maila handiaren eraginez urtean bost tona CO2 airera botatzea eragiten badu, europar baten eta japoniar baten erregistroak bi eta hiru tona artekoak dira, hurrenez-hurren; txinatar batena, berriz, 0,6 tonakoa izango da eta indiar batena 0,2 tona CO2koa. Halaber, neurketa horiek diotenez, atmosferan dagoen karbono dioxidoaren %90 baino gehiagok Europa eta Estatu Batuetan du sorburu.
Deforestazioa, negutegi efektuaren arrazoietako bat
Duela urte gutxi frogatu ahal izan zenez, deforestazioa da atmosferara karbono dioxidoa eta metanoa isurtzerakoan eraginik handiena duen arrazoietako bat eta egoera gero eta larriagoa da oihan tropilak abiada handian desagertuz doazelako (lehen antzeko zerbait gertatu zen herrialde garatuetako baso epelekin ere). Landare-materiaz osatutako masa handi horiek duten eginkizun funtsezkoan datza arazoaren muina, atmosferako CO2 kopuruak orekatu egiten baitituzte, karbonoarentzat hustubide funtzioa egiten dutelako.
Greenpeace erakundearen azken txostenaren arabera, Lurrak 11,2 milioi hektarea baso birjina galtzen ditu urtean, hau da, Andaluziak eta Valentziako Erkidegoak batera osatzen dutena adina. Planetako jatorrizko basoen %22 bakarrik dagoela bizirik ohartarazten da txostenean eta oraindik hondamen erritmoa berreskurapenekoa baino askoz ere handiagoa dela: iturri horren arabera, bi segundutik behin futbol zelai baten pareko baso-saila galtzen da.
Basoek mehatxupean jarraitzen dute. Egur-industriak, ekazaritzaren hedapenak, euri azidoak… eragin negatiboa dute CO2 soberakina xurgatzeko basoek duten gaitasunean. Eta munduan gaur egun dauden baso-sailak CO2aren gero eta pilatze handiagoa gelditzeko gauza izan ez badira, itxura guztien arabera egoera larriagotu egingo da etorkizunean, baso-masa etengabe hondatzen ari baita, arazoa gutxitzeko nabarmen gehitu behar lukeen arren.
Negutegi efektuan eragin negatiboa izan duten beste faktore negatibo batzuk hauek dira: metanoa (nekazaritzak, basozaintza intentsiboak eta deforestazioak erraztu egiten dute gas horren igorpena) ikatz meategiak, gasoduktoetako gas ihesak, eta klorofluorokarbonatu (CFC) eta eratorriak, batez ere industriatik datozenak.
Berotzea etengabekoa izango da
Espezialisten ustez, joerak orain arte bezala jarraitzen badu, 2030 eta 2050 urteen artean bi halakotu egingo da atmosferan negutegi gasen kopurua, pasa den mendearen erdi aldearekin konparatuz. Eta klimatologoek diotenez, horren eraginez Lurra batezbeste 1,5 eta 4,5 gradu zentigradu gehituko da, lekuen arabera. Tropikoan, adibidez, berotzea arina izango den arren, aldaketa handiak izango omen dira euriteen kopuru eta maiztasunean.
Arlo horretan, Aldaketa Klimatikoei buruzko Gorbernuarteko Paneleko (AKGP) zientzilariek azaldu dutenez, arazoari berehala konponbidea jartzen ez bazaio, klimaren aldaketa azkar eta jarraia izango du Lurrak, berotze orokorra ezaugarri nagusi dela. Berez, egoerarik onenean kalkulatzen den planetako tenperaturaren gehitzerik txikienak, 1,5 eta 2 gradu bitartekoak, aditu hauen ustez itsasoaren maila igotzea ekarriko luke eta ondorioz, itsas ertzeko hainbat ekosistema desagertzea. Gainera, ur gezaren erreserbek eragin handia izango lukete, arrantza-ereduak aldatu egingo lirateke eta hainbat gaixotasun gehitu. Azken batean, munduko biztanle guztiek nozituko lituzkete ondorio negatibo horiek, batez ere baliabide naturalen urritasunagatik ahulen diren lurraldeetan.
Zer egin dezakegu kontsumitzaileok?
- Ibilgailuak gutxiago erabili. Ahal bada, ikastetxe eta lan lekutik hurbil bizi. Edo tele-lana baliatu. Teknologia berriek oso aukera zabala eta duela urte gutxi arte uste ez zena ireki dute bulegoa etxean bertan edukitzeko; horrek, egunero lanera joateko garraioak sortzen duen atmosferako kutsaduraren zati bat kenduko lioke ingurugiroari.
- Ibili oinez ahalik eta gehien, edo erabili garraio publikoa eta bizikleta joan-etorrietarako.
- Etxerako produktuetan (adibidez, hozkailu, ikuzgailu, ontzigarbigailu eta bonbiletan) energiarik gutxien kontsumitzen dutenak aukeratu.
- Ahal den neurrian energia alternatiboak erabili, eolikoa edo eguzkitikoa (kalkulagailuan adibidez).
- Gobernu eta ordezkari politikoei negutegi gasen emisioak gutxitzeko egitasmoak diseinatzea eskatu.
- Klimaren arazoari aurre egiteko gobernuek borondate politikorik azaltzen ez duten arren, espezialisten ustez herrialde industrializatuak egoera onean daude CO2 isurketak gutxitzeko.
- Gobernu askorentzat energia berriztagarria bitxikeria da oraindik. Herrialde industrializatuen artean, azken 12 urteotan ikerketa eta garapenerako dirulaguntza publikoen %74 erregai fosiletara eta energia nuklearrera bideratu da.
- Erresuma Batuko Gobernuaren kalkuluen arabera, herrialde hartan sortzen den energiaren %20 inguru alferrik galtzen da.
- Inbertsiorik ez dagoen arren, energia berriztagarriak bideragarri direla frogatu da dagoeneko. Kalifornian (USA), adibidez, haize-energiak San Frantzisko edo antzeko hiri baterako adina energia sortzen du.
- 1992an Eguzki Energiaren Ikerketa eta Garapenerako Nazio Batuen Taldeak atera zituen ondorioen arabera, planetan energi horniduraren %50a iturri berriztagarri eta ekonomikoki bideragarrietatik etor liteke 2050 urterako.
- Iturririk garrantzitsuenak eguzkia, haizea eta energia hidraulikoa (zentral hidroelektrikoak eta olatuen energia), energia geotermikoa eta biomasa (landareetan oinarritutako erregaia) izango lirateke.