Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Artikulu hau itzulpen automatikoko sistema batek itzuli du. Informazio gehiago, hemen.

Euskarara itzultzeko sistemek aurrerapen handiak izan dituzte azken urteotan, baina oraindik badute zer hobetua. Hobekuntza horren parte izan nahi? Aukeratu esaldi osoak nahieran, eta klikatu hemen.

Musikoterapia : Osteratxoa melodietan barrena

Depresioa, antsietatea, Alzheimer gaitza, autismoa... ez da harritzekoa era honetako gaitzen erremedioaren bila mediku batetik bestera noraezean ibiltzeaz asperturik, askok eta askok medikuntza tradizionaletik kanpoko tratamendu alternatiboetan sendabidea edo minak arintzeko bidea bilatzea.

Musikoterapia dugu aukera ez ofizial horietako bat. Musikan eta terapian oinarritua, baliagarri agertu da aipaturiko gaixotasunak eta antzekoak dituztenentzat; eta heziketa mailako ezgaitasunak konpondu eta gaixoak bergizarteratzeko bideak jartzen ere laguntzen du.

Azken hogei urteotan, disziplina ezezaguna eta ukitu esoteriko samarrekoa izatetik, estatuko zenbait unibertsitatetako ikasketa planetan leku bat izatera iritsi da musikoterapia. Urteotan espezialitate hau egin dutenen esanetan, musikoterapiaren arrakastaren oinarria “musikak askatzen duen sentimendu oldea da, pertsona-barruaren eta terapeutaren arteko komunikazio-kanal indartsua delako, hitza sekula iristen ez den lekuraino iristen baita”. Ikuspegi honetatik, musikoterapia eremu zabal-zabal batean ezar daitekeela defendatzen dute, hiru fronte hartuta: sendatzeko lekua (eskolak, ospitaleak, geriatrikoak, eguneko zentroak…), gaixotasun edo arazo mota (psikikoak, buru-urritasunak, ikasketa prozesuko ezgaitasunak, drogamenpekoen errehabilitazioa…) eta jarraitu beharreko tratamenduak (entzuketa selektiboa, inprobisazioa, aktuazioa, konposizioa, mugimenduak, ahozko ariketak, artearekiko esperientziak…). Laburbilduz, soinua, musika eta mugimendua zientifikoki aplikatzea da musikoterapia, entzumena eta soinuaren exekuzioaren bitartez komunikazioa bideratu, espresio indibiduala bultzatu eta integrazio soziala eragiteko.

Ezarpenerako metodoak

Musikoterapia ezartzeko metodologian hiru etapa bereizten dira. Lehenean musikoterapia-prozesuan zehar komunikazio kanalak irekitzen dituen erregresiozko egoera bat gertatzen da. Gero, taldearen barruan ahozkoa ez den komunikazio maila batera iristen da. Eta azkenik, integrazio fasea iristen da, familian eta gizarteko ingurunean berriz bizipenak gozatzen direnean. Baina ez dago kasu bakoitzerako errezeta jakin bat duen musika-farmaziarik; sendabide honetan garrantzi izugarria du terapeutak, lansaioak diseinatzerakoan hainbat eta hainbat faktore bateratu beharko baitu, saioa pazientearen beharretara egokitzeko. Izan ere, musikak gizakiongan neurri handi edo txikiagoan aldaketa psikologikoa eragiten duen arren, ez da gauza bera, adibidez, umeak edo pertsona nagusiak tratatzea.

Musikaren eragina

Zientzilari, filosofo eta pentsalari ugarik egin izan du musikaren eraginari buruz gogoeta. Schopenhauer-entzat, musika metafisika hutsa zen, azaleko ordenarik ezaren azpian ordena zoragarria ezkutatzen duena. Shakespeare-k esaten zuenez, “musikak isiltasunaren pertzepzio gero eta adierazgarriagoa sortaraz dezake eta hain liluragarria izanik, batzuetan pertsona tristea gozatu eta pertsona ona gaiztakeriara bultza lezake”. Virey-ren arabera, “arima orok antzematen du erritmo fisiologiko batentzat egokia den melodia”. Eta Candela Ardid Espainian musikoterapiaren aitzindarietakoa izan denaren hitzetan, “musikak gure osasunarengan duen eragina justifikatzeko beste arrazoirik ez balego ere, aski litzateke musika, bizitza bera bezala, erritmoan oinarrituta dagoela esatea”. Musikoterapiaren defendatzaileen esanetan, belarri ona edukitzea garrantzitsu den arren, argi dago arimarekin entzuten dela; ikusi besterik ez dago bestela musikako jeinu handienetako batek, Bethovenek, gortu eta gero konposatu zituela zenbait obra.

Danborra, terapiarik antzinakoena

Historian zehar, zibilizazio askok aipatu izan dute musikak pertsonengan duen eragina, eta are gehiago, danbor hotsak erabili izan dituzte talde terapiak egiteko. Baina soinua eragin terapeutikoarekin erabiltzea ez da oraintsu arte nagusitu eta gaur egun, pauta jakinak jarraitzen ditu, adituen esanetan erritmo bitalak aurkitu eta taldean sormenezko interakzioak egiteko bidea ematen baitu (terapeuta askorentzat soinu-tresna indartsuena kantua da).

Zentzu honetan, giza-sentimenduen esentzia musika-eskalan aurki daiteke; horrela, bemola da minaren zeinurik adierazgarriena eta sostenituak biltzen du alaitasunaren frekuentziarik argiena. Zenbait teoriaren arabera, do maiorraren eskala sotila eta tolesgabea da; re maiorrarena distiratsua; sol notarena, gudaria eta kementsua; do minorrekoa patetikoa eta are tristeagoak fa eta sol minorrenak. Hadyn-en musika plazerrez jotzen dela esan ohi da; Beethovenena, gogotsu; Mozartena, bihotzeko penaz, eta Mendelsonena, pasioz. Zenbait musikologoren ustez, Beethovenen hileta-martxak zortzidun batean gutxitzen ditu bihotzaren taupadak eta klasikorik sendagarrienak Mozart eta Bach, Vivaldi, Indiako klasikoak eta musika taoista dira.

Musikak balore unibertsal batzuk ditu, pertsona guztiei eragiten dietenak eta erritmoak, harmoniak, melodiak eta tonuak definituak. Tonu altuak tentsioa sorrarazten du; harmonia minorrak tristura sortzen du eta erritmo motelak moteldu egiten du jarduera fisiologikoa. Horrela, musikoterapeutak paziente bakoitzaren pertsonalitate musikala aurkitu behar du, musika egokia aukeratzeko.

Eraginak

  • Fisiologia: aldaketak eragiten ditu bihotzaren eta arnasaren erritmoan eta baita giharretako tentsioan ere.
  • Komunikazioa:arazoak eta kezkak adieraztera bultzatzen du.
  • Afektibitatea: garapen emozional eta afektiborako lagungarri da.
  • Sentsibilitatea: entzumena eta ukimena areagotu egiten ditu.
  • Mugimendua: aktibitatea eragin eta mugimendu-koordinazioa hobetu egiten du.
  • Soziabilitatea: gizarte-harremanak bideratzen ditu. Erabilera
  • Heziketan: Ikasketa prozesuan lagungarri da eta garapen pertsonala eta ikasketako ezgaitasunak gainditzen lagundu egiten du.
  • Psikoterapeutikoa: arazo psikologikoak konpontzen eta portaera ezarriak aldatzen laguntzen du.
  • Medikuntzan: laguntza psikologiko eta fisikoa ematen die (mina gutxitzen lagun dezake) kirurgia, gaixotasun terminalak, zainketa bereziak eta antzekoak bizi dituzten pazienteei.
  • Psikiatrikoa:gaixoen autoestimua eta komunikazio gaitasuna areagotu egiten du.
  • Geriatrikoak: soziabilitatea, memoriaren zainketa, jarduera fisikoa eta errealitatean orientatzeko gaitasuna bultzatzen ditu pertsona nagusien artean.
  • Bergizarteratzea: Drogazaleak desintoxikatzeko prozesuan lagungarri da.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

  •  Ez dago aurreko orririk
  • Orri honetan zaude: [Pág. 1 de 1]

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak