Txakurraren osasuna eta lehen laguntzak

Arnasa hartzeko arazoak, beherakoa, sabel puztua, eztula, uzkia miazkatzea, nekea, jateko gogorik eza edo, besterik gabe, txakurra arraro ikustea izan daiteZke txakurra gaixo dagoela antzemateko lehen seinaleak.
1 azaroa de 1999
Img consejos listado

Txakurraren osasuna eta lehen laguntzak

Zure lagunaren sufrimendua prebenitu edo ahal den neurrian gutxitzeko, hilean behin zeuk azterketa bat egitea komeniko litzateke, neurri hori prebentziozko baino ez dela ahaztu gabe; hau da, gaixotasunaren edozein sintomak bere horretan jarraitzen badu, albaitariarenera eraman beharko da. Gainera, kontuan izan aholku hauek:

  • Osa ezazu lehen sorospenetarako botika-kutxa: gomazko eskularru esterilak, guraizeak, torniketeak egiteko goma elastikoa, Betadine (disoluzio antiseptikoa), hezurra bermatzeko ferulak, bendak, esparatrapua, termometro klinikoa, pintzak, kotoia, ur oxigenatua, alkohola eta gasak.
  • Begiratu txakurrari txistua darion, ahoko usaina, hortzoiak handituta eta hortzen bat erortzear edo apurturik duen.
  • Begiratu begiak gorriturik dauzkan edo okertzen dituen.
  • Egiaztatu gorozkietan ez dagoela parasiturik, atzeko aldean ez duela grano zuririk eta ez duela etengabeko beherakorik.
  • Erreparatu hazka asko egiten duen, bat-batean bere gorputzari haginka edo miazka hasten den, mantxa gorriak ateratzen zaizkion eta normala baino ile gehiago erortzen ote zaion.
  • Zaindu burua aztintzen duen, belarritik zorne-jariorik duen edo belarriak handiturik dauzkan (aginduen aurrean erantzuten ez badu, gorreriaren seinale izan daiteke).
  • Aztertu hankak eta ebaki edo erredurarik ez duela eta azkazalak apurtuta edo hondatuta dituen begiratu.

Parasitoak

  • Txakurrak arkakosoak, akaroak edo kaparrak (akainak) baditu, bainatu txanpu intsektizidaz eta garbitu lo egiten duen lekua ere, parasitoen arrautzak hiltzeko. Kaparrak kentzeko, igurtzi alkoholez eta atera pintza bat erabiliz, zomorroaren ahoa ondo ateratzeko.
  • Barruko parasitoak dira txakurraren eta etxekoen osasunerako arriskutsuenak. Susmorik txikiena izanez gero, hartu animaliaren gorozkiak eta eraman albaitariari aztertu eta tratamendu egokiena ezar dezan (jaso itzazu beti txakur-kakak kaletik, guztiontzat kutsagarri izan daitezke eta).

Larrialdiko laguntzak

  • Txakurrak uretara erori ondoren itomena azaltzen badu, jaso atzeko hanketatik helduta, biriketako ur guztia bota dezan. Arnasarik hartzen ez badu, saiatu bularraz albo bietan erritmikoki sakatuta bizkortzen. Hori aski ez balitz, itxi ondo animaliaren ahoa eta putz egin sudurzuloetatik beste eskua hodi gisa jarrita.
  • Denbora luzez eguzkitan edo auto baten barruan egon delako bero-kolpea jasaten badu, jokatu azkar: arnasa garbia har dezala eta eman ura edateko (konorterik badu); jaitsi tenperatura ur hotzez bustita. Ondesteko tenperatura ez dadila 38 gradu zentigradutik jaitsi eta eraman albaitariarenera.
  • Txakurrek nahiko maiz izan ohi dituzte konbultsioak. Zuenak atake epileptikoa balu, kendu ingurutik kolpatzeko moduko gauza guztiak eta estali txakurra manta batekin. Ez ukitu horrela dagoen artean; baliteke ez ezagutu eta agresibo jartzea. Atake epileptikoaren ondoren, utzi leku lasai batean eta ilunetan, oneratu dadin.
  • Ibilgailuren batek harrapatu badu, lehenik begiratu arnasbideak libre dituen. Zalantzan bazaude, tira egin apur bat mihitik eta atera airea hartzea galarazten dion edozein gauza. Hemorragia ikusiz gero, moztu pintzamendu edo konpresio bidez eta berehala, kontrolatu animaliaren pultsua eta tenperatura. Hezurren bat hautsi bazaio, kontuz eta gozotasunez mugitu, beharrezko ez diren mugimendu zakarrak ebitatuz.
  • Belarrian gorputz arraroren bat sartu bazaio, ez saiatu ateratzen eta utzi lan hori albaitariaren esku (gauza bera begietako kontuekin ere).
  • Beste txakurren batek haginka egin badio, moztu zauriaren inguruko ilea eta garbitu arretaz zauritutako gunea. Horretarako ur epela eta azaleko desinfektagarri leun bat erabili eta ondoren krema antiseptikoa eman. Zauria sakona bada, eraman zuzenean albaitariarenera.