Altzari-garbikariak

Garestia izanagatik, ez da hobea

1 azaroa de 1999
Altzari-garbikarien sei lagin aztertu dira: Pronto, Clen, O'Cedar, Fixpolvo, Pot Ent eta Politus. Ontzien edukia (aztertutako laginetatik bost, aerosol ziren eta bestea, pistola langargailua) aldatu egiten da, laginetik laginera, 300 eta 400 mililitrotan; prezioen aldeak, halaber, handiak dira: merkeena (Pot Ent) 450 pezeta kostatzen da litroko; garestiena (Clen), ostera, 1.320 pezeta litroko. Produktu hauen eginkizuna, egurrezko altzariak garbitu, babestu, zaindu eta distirante uztea da.

Garestia izanagatik, ez da hobea

/imgs/19991101/analisisb01.jpg
Laboratorioak hautetsiriko kalitate-irizpideak hurrengoak dira: erabiltzeko erraztasuna, tratamendua harturiko altzariaren distirak izaniko bilakaera, uraren kontrako erresistentzian erakutsitako eraginkortasuna, tratamendua harturiko azaleraren itxura eta labaingarri-itxuraren bilakaera. Geroago, parametro hauek guztiak eta beste batzuk (hala nola propultsatzaile-motak: airea, propano-butanoa edo batere ez) balioztatu ondoren, lagin bakoitzaren azken kalifikazioa eman dute.

Lehendabiziko ondorioa ona da: altzari-garbikari guztiak egokiak dira. O´Cedar eta Pronto nabarmendu ziren, “oso egokia” kalifikazioa erdietsi zuten bakarrak izan zirelako. Ondotik Fixpolvo datorkie, “egokia” merezi izan zuelarik. Gainontzeko guztiek “zuzen” hutsa jaso zuten, hau da, akatsik ez izateari zor zaion puntuazioa.

O´Cedar, Fixpolvo, Pot Ent eta Politus laginen segurtasuna hobetu egingo litzateke baldin eta, propelente gisa, propano-butanoa bezain gai suharkorrak erabiliko ez balituzte. Alderdi horretan hoberenak ditugu Pronto, propelente bakarra airea duena, eta Clen, propelenterik baliatzen ez duen bakarra.

Beste alor batean esan dezagun Clen-ek gainontzekoen azpitik erakutsi duela bere burua altzariaren distiraren bilakaerari dagokionez. Beste horrenbeste gertatu zaio Politus laginari, labaingarri-itxuraren bilakaeran.

O´Cedar dugu kalitate-prezio erlaziorik egokiena, aski merkea izanik (940 pezeta litroko) kalitate on-onekoa baita. Beste aukera polit bat Pot Ent da: merkeena (450 pezeta litroko) izaki, prestazio zuzenak eskaintzen dituelako.

Garbitu, babestu, distirarazi… bai ote?

Altzari batean ura uzten badugu markak geratuko zaizkio. Euskailua zenbat eta hidrofoboago (ura uxatzeko gaitasun handiagokoa) izan, orduan eta orban gutxiago geratuko dira egurretan eta azalera hori babestuago suertatuko da. Uraren aurrean babesik hoberena Politus laginak ematen du (daukan formula oliotsuak likidoen pasabidea eragozten du eta); gibeletik datozkio Pronto, O´Cedar eta Fixpolvo; ia berdinak izaki, agerian oso marka gutxi uzten dituzte hirurok. Pot Ent eta Clen laginek, azkenik, arrasto nabariagoak laga zituzten zuretan.

Produktu hauen kalitatea baloratzeko unean, tratamendua aplikatu ondoren altzariaren azaleraren distirak zenbat irabazten duen ere neurtu beharra zegoen. Pronto eta O´Cedar laginek ematen dute distira hoberena eta atzetik datoz Fixpolvo, Politus eta Pot Ent. Clen da altzariari distira gutxien ematen diona.

Produktu hauei aitortzen zaien beste ezaugarri nagusietako bat: garbikaria aplikatu ondoren, hautsa errazago kendu behar izatea da. Horrelako gaitasuna neurtzearren, altzariaren hasierako tankera eta, produktua eman ondoren, azalerak agertzen zuen labaingarri-itxura kontuan izanik, batetik besterako aldaketa neurtu zen: azalera zenbat eta labaingarriago orduan eta errazago gertatzen da hautsa kentzea. Fixpolvo, Pronto eta O´Cedar laginek egokiro hobetzen dute azaleraren labaingarri-itxura. Pot Ent markakoak ez du itxura hori aldatzen eta Politus laginak -daukan oliodun formulagatik, seguruenik- azalerari ematen dion labaingarri-itxura altzariak berez zuena bezain labaingarri ez denez, atal honetan eman zitzaion kalifikazioa “ez egokia” izan zen.

Distirak, jakina denez, altzariaren berezko edertasuna eta garbi-itxura hobetzen du. Garbikariekin tratatu ondoren altzarien azalerak nolako distira irabazi duen neurtu dute laboratorioan: Pronto eta O´Cedar laginek eman zuten distirarik hoberena, ondotik Fixpolvo, Politus eta Pot Ent zetozkiela. Clen izan zen distira gutxien atera zuen lagina. Distira balioztatzeko, tratamendua harturiko azaleraren argi-intentsitatea kalkulatu da, tratamendua eman aurretik eta ondoren zuen kolorea neurtuz: kolorearen areagotzeak distiraz eta nolabaiteko distira-sakontasunaz janzten baitu altzariaren azalera. Pronto eta O´Cedar izan ziren distira hori nabarmentzen onenak eta Clen lagina, berriz, egokienetik urrutien zegoena. Gainontzekoek (ongi Fixpolvo eta Politus; akatsik ez, Pot Ent) bi hoberenek baino distira apalagoa erakutsi zuten.

Aplikatzeko era, denetan hobetzeko modukoa

Lehendabizi, azalera distirante eta arrastorik (ildaska, jaspeatu, lorratzik) gabea lortzeko xedez, produktu guztiak nola aplikatzen diren balioztatu dute laboratorioan. Politus da aplikatzeko errazena, egitura likido eta oliotsuari esker. Clen eta Pot Ent produktuak, osakera likidoa dutelako, errazago zabaltzen dira Pronto, O´Cedar eta Fixpolvo laginetakoak baino. Distira ateratzeko eragiketa errazetik hasita zuzenera bitarte baloratu da lagin guztietan; denetan Politus nabarmentzen da, azaleran oso geruza koipetsua uzten duelako, distira handiegirik atera gabe. Produktua irteten den era eta kopuruari dagokionez, Politus eta O´Cedar laginek aurkezten dituzte atera-konorik estuenak. Honakoa abantaila da aerosola zuzenean erabiltzeko unean, are azalera txikietan ere. Pronto laginak bakarrik dauka kono zabala: horrelako irteera izateak erabiltzailea behartzen du batzuetan produktua zapian ipintzera, garbitu beharreko azalerak txikiak direnean batez ere. Gainontzekoek (Pot Ent, Fixpolvo eta Clen) kono ertainak dituzte. Hedapenaren kalitateari dagokiola, Pronto (aerosola) eta Clen (langargailua) laginen lurrintzeko presioa ahula izatearen ondorioz, azalera bertikalera iritsi aurretik produktuaren galerak (atmosferan) gertatu ziren eta, horrezaz gainera, produktuaren parte bat ahokoan geratu zen. Gainerakoek, asetzeko moduko langartze-kalitatea eskaini zuten, baina Politus laginaren balorazioa “akats gabe” izatera jaitsi zen, produktuaren kolore gorriak, tratamendua aplikatzeko azaleratik gertu egon daitezkeen bestelako materialak ere zikin ditzakeelako: tapizatuak, ormak, etab.

Horrenbestez, laginak erabiltzeko erraztasuna akats gabea besterik ez da (egokia izatera iritsi gabe, alegia), denek ere hobetzeko moduko alderdiak dituzte eta.

Altzari-garbikaria berriro aplikatzeak aurreko geruza ordezkatu partez, beste geruza bat eransten duela jakitea komeni da; horrenbestez, produktua aplikatuz eta aplikatuz jarduteak geruzak bata bestearen gainean pilatzea eragin lezake eta metatze hori, erabiltzailearen begietara, azaleraren itxura mateago edo azalera behar bezain ongi garbitu ez izanaren tankera eman liezaioke. Azterturiko produktuetan balioztatu da alderdi hori, hau da, egunero produkltua aplikatzeak azalera zikintzen duen ala ez. Laboratorioko probetan, behintzat, azterturiko lagin guztietatik bakar batek zikintzen duenik ez da hauteman.

Seguruago izateko, propelentetzat butano-propanorik ez erabiltzea

Altzari-garbikariak aerosolean agertzen dira salgai, oro har. Horrela aurkezten dituzte beren laginak Pronto, O’Cedar, Fixpolvo, Pot Ent eta Politus markek. Pistola langargailua duen bakarra Clen da. Aerosolek, generalean, gas propultsatzaileak dauzkate (egun propano-butanoa, lehenago erabiltzen ziren CFC haien ordez, ozono-geruzarentzat kaltegarriak zirelako), biziki suharberak. Arrisku hori ez dago, inondik ere, propultsioa airearen bitartez egiten denean (Pronto markak hala egiten du) edo produktua pistolaren bidez hedatzen denean. Aerosolean datozen gainerako laginek (O’Cedar, Fixpolvo, Pot Ent eta Politus) etiketan argi eta garbi agertzen dute espainolezko letreroan arrunt sukoi edo suharkorrak direla. Aerosol ontzi horiek arretaz maneiatu eta behar bezalako toki egokietan gorde behar dira.

Eguzki-printzetatik babesean, 50 gradutik gorako tenperaturetatik urruti edukitzea komeni da. Zulatu ere, ontzia ez dugu zulatuko, ez eta produktua agortutakoan ere. Segurtasun-neurrietako beste bat da garretara edo isekitzen ari den zerbaitetara ez igortzea langar hori, eta era guztietako su-iturrietatik aparte gordetzea. Aerosol horiek darabiltzagun bitartean ez dugu erre behar. Azkenik, produktua ez dugu inhalatu, ezta begi zein larruazal narrituetara zuzendu behar.

Segurtasun-kontuak alde batera utzita, gogora dezagun airerako propultsioaren zailtasun nagusia mikrolangartze egokia erdiestean datzala. Aeorolez langarturiko partikulak, eskuharki, lodiagoak izan ohi direnez, mota horretako ontzia erabiltzeak produktu-galerak eragin ditzake, iritsi eta geratu beharreko azaleratik kanpo gelditzen baitira. Laginetako batzuek ontziaren ahokoan produkturik uzten dute: hondar horiek, hurrengo erabileran produktuaren behar bezalako irteera eragotz lezakete.

Aerosolek (Pronto laginekoak izan ezik, propelentetzat airea baliatzen baitu) butano-propanoa daukate proportzio desberdinetan: %11tik (Fixpolvo) %35era bitarte (Politus).

Horregatik esaten dugu aerosol hauen segurtasuna hobetzeko modukoa dela. Propelente nagusitzat airea erabiltzen duen arren, Pronto laginaren etiketak diosku bertako masaren %20a osagai suharberak direla baina, dena den, ezaugarri hori ez da azterketan atzeman. Teknikariek emaniko azalpena argia zen: marka horrek agian aspaldiko testua baliatzen zuen, produktu berriari oraindik egokitu gabea, oraingoak ez baitu propelente suharberarik erabiltzen. Clen markakoak, inongo propelenterik ez darabilela, segurtasunaren mesedetarako ohartarazpen eta argibideak ezarri ditu etiketan: “Eduki haurren eskueratik kanpo. Ez irentsi. Balizko irensketa gertatzekotan, Informazio Toxikologikoko Osasun-Zerbitzuari kontsultatu behar da”, hau da, zeinahi garbikarik azaltzeko modukoak.

Ezko eta olioak, tratamendurik hoberena

Altzari-garbikari hauen formuletako produktu eragilerik arrunten edo ohikoena, olioa osagai nagusi duen olio eta urezko egitura krematsuko emultsioa da. Emultsioa zenbat eta krematsuago izan, orduan eta zailagoa da produktua hedatzea baina, aldi berean, geruza uniformeago zabaltzea erdiesten da eta, aldi berean, produktuaren eragin luzeagoa: horrek, tratamenduaren iraupena ere luzatzen duenez, produktua merkeago eta garbiketa errazago bihurtzen ditu. Oliotan ura emultsionatzea da ohikoena baina, halaz ere, badira uretan olioa emultsionaturiko formulak ere, hauetan ura nagusi izaki, jakina.

Garbikarien formuletan beste hainbat gai ere topa ditzakegu: tratamendua harturiko azalerei distira eman eta horien hidrofobia areagotzeko helburua duten silikonaren deribatuak, ezko edo argizari mineralak (sintesiaren bitartez sortuak) edo naturalak (erleena, karnaubena eta bestelakoak) eta ura uxatzen duen pelikula hidrofugoa osaturiko olio ez-lehortzaileak, adibidez.

Era berean, baliteke osagaien artean izatea ura/olioa faseko osagaietako bat, eragile emultsionatzaile bat (tentsoaktibo ez-ioniko bati tentsoaktibo kationiko edo anioniko bat eranstean erdiesten dena) eta disolbakari bat (eskuharki, petrolio-osaketa alifatikoak) eragile hidrofoboak (ezko eta silikona-olioak) solugarri bihurtzeko, gantz-metaketa baztertu eta produktuon eginkizun garbitzailearen lagungarri aritzeko, bereziki. Pronto, O´Cedar eta Fixpolvo oliotan urturiko ur-emultsio egonkorrak dira (uretan olio-emultsioa egitea baino zailagoa da hori), orban gantzatsuen ezabaketa errazten duena. Pronto eta O´Cedar emultsioen egonkortasuna egokiagoa gertatu zen, homogeneotasun hobezina agertzen baitzuten biek. Pot Ent eta Clen, berriz, uretan olio-emultsio likido homogeneoak dira: hauen emaitzak oliotan ur-emultsioarenak lortutakoak baino apalagoak izan ziren. Politus, azkenean, olio-fase bat baizik ez da.

Beste kontu bati buruz ari garela, produktu eragilearen (eragile filmogeno eta emultsionatzaileak) edukia aldatu egiten da, lagin batetik bestera: %3,4tik (Pronto) %6,4ra arte (Pot Ent); hemen Politus salbuetsi behar dugu, lagin horren produktu eragileen portzentaia 16raino iritsi baitzen. Eragile hidrofoboei dagokionez, Pronto, O´Cedar eta Fixpolvo laginen osaketak silikonaren deribatuak gehiengo eta ester motako argizariak gutxiengo ditu, produktu hauen ohiko gehiengoarekin bat etorriz. Clen eta Pot Ent laginek, aitzitik, ezkoak dituzte gehiengo osagai eta Politusek, olioa. Azken bi laginok dira ur gehien daukatenak; Pronto, O´Cedar eta Fixpolvo, beste muturrean, bestelako disolbagarri gehiago dauzkaten bitartean.

Etiketak, ongi

Produktuaren zeregina, fabrikatzailearen izen eta helbidea, ontziaren eduki garbia, erabiltzeko modua, lote-zenbakia eta derrigorrez agertu beharreko segurtasun-neurri eta aholkuak (aerosolen kasuan, garrantzi handia du informazio horrek) agertzen dituzte lagin guztiek. Fixpolvo (aerosola) lagineko ontzian letra beltzez idatziriko testua ez da biziki irakurgarria, fondoa marroi iluna dela gogoan izaki; era berean, erabiltzeko argibideak eta segurtasun-neurriak irakurtzea ere ez da kontu erraza.

Etiketan adierazi den bezala, ontzien eduki garbia 300 eta 400 mililitro bitartekoa da. Edukia bolumen-unitatetan zehazteak zailtasun teknikoak agertzen ditu, lurrinketa dela medio, disolbakarien galerak gerta baitaitezke. Horrenbestez, pisuari begiratu zitzaion: 230 gramo Pot Ent, 281 gramo Politus, 282 gramo Pronto, 346 gramo O´Cedar, 359 gramo Clen eta 430 gramo Fixpolvo. Pisu hauetan propelenteak ere sartuta daude.

Prezioari goazkiola, lagin gehientsuak salneurri berdintsuen zerrendan dabiltza: litroko 940 pezetatik (O´Cedar) 1.320 pezetara (Clen) bitarte. Pot Ent da, denetan merkeena izaki, tarte horretan sartzen ez den bakarra, 450 pezeta kostatzen delako, litroko.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Sei altzari-garbikari aztertu dira: Pronto, Clen, O’Cedar, Fixpolvo, Pot Ent eta Politus. Horietatik bost, aerosoletan aurkezten dira eta bat (Clen) pistola langargailuan. Prezio batetik besterako aldeak nabarmenak dira: merkeena, Pot Ent, 450 pezeta kostatzen da litroko; garestiena (Clen), 1.320 pezeta litroko.
  • Denek betetzen dute beren eginkizuna. Azpimarratzekoak, O´Cedar eta Pronto, guztirako kalifikazioan “oso egokia” lortu zuten bakarrak, alegia. Ondotik Fixpolvo zetorkien, “egokia” gertatu zelarik osoko kalifikazioan.
  • O´Cedar, Fixplovo, Pot Ent eta Politus laginen segurtasuna hobetu egingo litzateke propelentetzat erabiliko ez balituzte butano edo propanoa bezalako gai suharberak. Alderdi horretan hoberenak Pronto (airea baitarabil propelente gisa) eta Clen (propelenterik gabea) dira.
  • Altzariaren distiraren bilakaeran Clen beste produktuen azpitik dabil; beste horrenbeste gertatzen zaio Politus laginari, altzariaren labaingarri-itxurari dagokionez.
  • Pronto eta O´Cedar laginek agertu zuten distirarik onena. Altzariaren babesik eraginkorrena Politus markakoak ematen du: honen formula oliotsuak urari pasabidea eragozten dio eta.
  • O´Cedar dugu kalitate-prezio erlaziorik egokiena, merkea baita (940 pezeta litroko) eta kalitate on-onekoa. Beste aukera polit bat Pot Ent da, merkeena denetan (450 pezeta litroko) eta eginkizuna akatsik gabe betetzen duena.

Banan-banan

Altzari-garbikariak, banan-banan

O´Cedar.

  • 940 pezeta litroko. Kalitate-prezio erlaziorik egokiena.
  • Aerosol motako ontzia, propelentetzat butano-propanoa darabilena (segurtasun-alorrean hobetezeko modukoa, beraz). Urez eta olioz osaturiko emultsioa. Produktu eragile gutxi (%4). Distira eta trataturiko azaleraren itxura, on-onak. Labaingarri-itxuraren bilakaera, ona.
  • Guztirako kalifikazioa: oso egokia.

Pronto.

  • 1.212 pezeta litroko.
  • Aerosol motako ontzia, propelentetzat airea darabilena. Urez eta olioz osaturiko emultsioa. Produktu eragile gutxien daukana (%3,4). Segurtasun-alorretik, ongi. Distira eta trataturiko azaleraren itxura, on-onak. Labaingarri-itxuraren bilakaera, ona.
  • Guztirako kalifikazioa: oso egokia.

Fixpolvo.

  • 1.150 pezeta litroko.
  • Aerosol motako ontzia, propelentetzat butano-propanoa darabilena (segurtasun-alorrean hobetezeko modukoa, beraz). Urez eta olioz osaturiko emultsioa. Trataturiko azaleraren itxura, on-ona. Labaingarri-itxuraren bilakaera, ona.
  • Guztirako kalifikazioa: egokia.

Pot Ent.

  • 450 pezeta litroko, denetan merkeena. Aukera polita.
  • Aerosol motako ontzia, propelentetzat butano-propanoa darabilena (segurtasun-alorrean hobetezeko modukoa, beraz). Olioz eta urez osaturiko emultsioa. Urak eragiten duen erasoaren aurrean, beste produktuek baino babes urriagoa. Trataturiko azaleraren itxura, on-ona.
  • Guztirako kalifikazioa: zuzena.

Clen.

  • 1.320 pezeta litroko, denetan garestiena.
  • Langargailuz honituriko pistolaz aurkezten den bakarra. Olioz eta urez osaturiko emultsioa. Uraren erasoaren aurrean, bestelako produktuek baino babes ahulagoa. Distiraren bilakaera, ez da asetzeko modukoa.
  • Guztirako kalifikazioa: zuzena.

Politus.

  • 1.191 pezeta litroko.
  • Aerosol motako ontzia, propelentetzat butano-propanoa darabilena (segurtasun-alorrean hobetezeko modukoa, beraz). Produktua olioz osaturik dagoenez, altzariaren azalerak ez du labaingarri-itxura agertzen; beraz, teorian, behintzat, produktua aplikatu ondoren hautsa kentzea zailagoa litzateke. Produktu eragile gehien (%16) daukan lagina.
  • Guztirako kalifikazioa: zuzena.