Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ongi erabiliz gero, kirolak lagundu egiten du haur eta nerabeen garapen psikologikoa eta soziala
Pertsona helduentzat osasun iturri da kirola, pisuari eta sasoiari eusteko bitartekoa; haur eta nerabeentzat, berriz, sozializatzeko eta integratzeko bide bat ere izan daiteke. Modu osasungarrian eginez gero, kirolak aukera ematen du pertsonen arteko harremanak jolas testuinguruan lantzeko, eta lagungarria gertatzen da, halaber, autoestimua hobetu eta nork bere buruan segurtasun gehiago edukitzeko. Gurasoek eta profesionalek lan handia dute egiteko haur eta gazteekin, haiei ulertarazteko kirola egitea ez dela lehia sustatzeko sistema batean sartzea, ezpada taldean jolas egiteko biltzea.
Ikaskideekin harremanak sortu eta lantzeko dohain handirik ez duten haurrentzat, kirola irtenbide ona izan liteke, aukera emango bailieke era askotako pertsonekin harremanak edukitzeko, testuinguru informal eta atsegin batean. Taldean kirola eginez, elkarren artean harremanak sortzen dituzte haurrek, eta elkarrekin aritzera bultzatzen ditu, helburu jakin baten aldeko elkarlanean. Besteekiko harremanak eta komunikazioa hesi moduan sentitzen dituzten haur eta gazte asko eroso senti daitezke testuinguru horretan, eta beren izaera barnerakoi edo lotsatia gainditzeko modua aurki lezakete.
Halako egoerei aurre egiteko, taldeko kiroletan jardutea izatea da egokiena. Zenbait alderdi aintzat hartu beharra dago, hala ere:
Kirola oso onuragarria izan daiteke konfiantza arazoak dituzten haurrentzat eta eskolan zailtasunak dituztenentzat. Kirolak aukera ematen die beste dohain batzuk erakusteko -eskolako testuingurutik kanpo-, eta ikusarazteko beste kideen maila berean moldatzen ahal direla.
Kirolaren bidez, kirola egunero-egunero eginez, gugan ustez ez zeuden dohain eta gaitasunak agertzen zaizkigu, eta horrek, jakina, hobetu egiten du geure buruaz dugun iritzia. Gaitasun fisikoak landu eta zorroztearen ondorioz, haurrak konfiantza hartzen du, nahiz eta eskolaz besteko testuinguru batean izan. Gainera, kirolean gauzak ongi ateratzen bazaizkio, gurasoek aukera ona dute haurraren autoestimua indartzeko eta, bide batez, hutsegiteak eta porrotak onartzen erakusteko, dramatikotasunik gabe eta konfiantzarik galdu gabe. Kirolak laguntzen du garuna aktiboago egon dadin; hori kontzentrazioaren mesedetan izaten da, eta, zeharka bada ere, baita eskolako jardunaren mesedetan ere.
Haur eta gazteen garapenean oso erabilgarri izan daitezkeen heziketa-balioak sustatzen ditu kirolak. Talde bateko kide sentituz, eskuzabaltasuna eta laguntasuna lantzen dira, eta, horrez gain, pozak eta penak lagunekin eramateko aukera ere ematen du. Horrexegatik da ona haur eta neraberik mutirienentzat eta arauei jarraitzeko zailtasun gehien dituztenentzat; tolerantzia sustatzen du horiengan, eta erakusten die ez frustraziorik sentitzen lider baten aginduei men egin behar izateagatik (entrenatzailea da lider hori), eta erakusten die, halaber, ez jokatzen euren nahiak soilik aintzat hartuta.
Erantzukizunaren balioa ere lantzen da kirolaren bidez, lagundu egiten baitu norberaren hutsegiteetatik ikasten, eta haurrei ikusarazten die kontrolatu egiten dutela euren garapena, pertsona moduan daukaten bilakaera. Gainera, entrenamendu-ordutegi bat betetzea eta kirol ekitaldiekin hartzen den konpromisoari erantzutea ere -diziplina esaten zaio horri guztiari- lagungarri gertatzen da.
Helduek ziurtatu behar dute, gurasoek bezala entrenatzaileek, kirola haur eta nerabeen mesedetan dela. Alderdi hori aintzat hartu behar da, bereziki, lehia-kirolez ari garenean. Emaitzak berebiziko garrantzia izaten du kirol horietan, eta frustrazio handiak sor ditzakete haurrengan. Hori ez da, ordea, kontrolatu beharreko alderdi bakarra. Hautatzen den kirolak, ororen gainetik, ez du diskriminaziorik sustatu behar. Zenbaitetan, izan ere, taldeko kide batzuk soilik nabarmentzen dira, eta besteak -hain trebe ez omen direnak- bigarren mailan uzten dituzte. Horrek ez dio onurarik egingo autoestimu apala daukanari.
Gurasoek eta entrenatzaileek adi-adi zaindu behar dituzte alderdi hauek:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa