Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Kalkuluen arabera Espainian 500.000 pertsonak baino gehiagok arazoak dituzte jokoa dela eta, eta ia 800.000k ludopaten sintoma berezietakoren bat erakusten dute. Gai honen abiapuntua da joko patologikoa, bizioaren itxura izan dezakeen arren, gaixotasuna dela. Izan ere jokoa, oro har gauza normala eta atsegina bada ere, mendekotasun bilakatzen denean gaixotasun bihurtzen da. Pertsona askok den-dena galdu dute jokoarekin duten mendekotasuna dela eta, dirua, familia, lana, harremanak... Gaixo horientzat jokoa obsesioa da, bulkaden deskontroltzat har daitekeena, lapurtzeko bulkadarekin (kleptomania) edo gauzak erretzeko bulkadarekin (piromania) gertatzen denaren antzekoa.
Ludopata batzuek jokatze hutsean aurkitzen dute plazera, beste batzuek jokoan dirua irabazteari begiratzen diote, eta beste batzuek azar trukuetan adituak direla diote, eta adibidez, makina" bero" eta sari handiak emateko moduan dagoela atzemateko gauza direla.
Guztiok dakigu azar jokoak esaten bazaie jokoaren emaitzak sistematikoki kontrolatzeko modurik ez dagoelako esaten zaiela, eta, ondorioz, pertsonaren trebetasunak ez duela zerikusirik bingo noiz kantatuko den jakiteko, erruleta halako zenbakitan geldituko dela esateko edo loteriako saria halako herritan egokituko dela asmatzeko.
Horrezaz gainera, ludopata batzuek aitzakia jartzen dute jokoak eguneroko tentsioak arintzen dizkietela, distraitu egiten dituela, edo etorkizunean arazo ekonomikorik ez izateko esperantza ematen diela.
Kasurik gehienetan denboran luzatu diren egoerak izan ohi dira, jokalari patologikoak ia inoiz ez duelako horrelakorik onartzen. Gezurra esateko joera izan ohi du, baita hurkoei ere, jokoaren zorrak kitatzeko eta berriro ere jokatu ahal izateko zor gehiago egiten ditu, eta dena berehala konponduko dela esan ohi du, "bolada ona" iritsi bezain azkar.
Arazoa minimizatzen dute (beste mendeko batzuek egiten duten bezala, esate baterako, alkoholikoek), "honi nahi dudanean utziko diot" esanez. Sarritan, ludopatia beste mendekotasun batzuei lotuta agertu ohi da: alkohola, tabakoa, medikamentuak, drogak...
Modu patologikoan jokatzen duen pertsonaren ezaugarri klasikoak dira pertsona apetatsua izatea, antsietate arazoak dituena, gizartean egokitzeko arazoak dituena eta frustrazioaren aurrean tolerantzia eskasa. Jokatzeko moduei dagokienez, bingo, loteria eta kasinoekin batera, makina txanponjaleek arreta berezia merezi dute, asko ugaldu direlako eta biztanle guztietatik oso-oso gertu daudelako.
Txanponjaleen erakargarritasuna ez da soilik txanponek erortzean ateratzen duen soinua maiz entzuten dela, nahiz eta kopuru txikian bada ere, izan ere, denbora guztian musika ateratzen dute, hitz goxoak, eta jokalari posiblea kitzikatzen eta erakartzen duten koloreak eta mugimenduak erakusten dituzte. Makinen programak diseinatu dituztenak badakite giza jokabidearen mekanismoak zein diren. Hainbeste indartzen dute jokabide hori, barne ahultasunen bat dutenak oso erraz eta azkar joaten dira eta joko horren edo beste baten mendeko izateko arriskuan daude. Makina txanponjaleek jasotako diruaren ehuneko jakin bat itzultzen diote jokalariari. Baina jakin dezagun etengabe jokatzen baldin badugu, erremediorik gabe, beti-beti galtzen dela. Jokalariaren arreta eta tentsioa mantentzen dute, noizean behin sari txikiak emanez. Palankei edo botoiei eragiten dielako jokalariak nolabait makina kontrolatzen duelako irudipena duenez, lor daitezkeen sarien emaitza kontrolatzeko aukera ere baduela sinestarazten zaio.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa