Zertan ari da CIEMATeko fisikari nuklear bat zentral nuklearrak itxi egin behar direla esanez?
Fusio termonuklearrean ari naiz lanean, eta horrek ez du zerikusirik egungo zentral nuklearrekin, zeinak fisioan oinarritzen baitira. Fusioak ez lituzke edukiko fisioak dauzkan bi arazorik handienak: luze irauten duten hondakinak sortzen ditu eta erreakzioak segurtasun-arazoak eragiten ditu.
Fukushimako zentralaren arduradunek informazio egokia eman al dute istripuaren inguruan?
Informazioa ezkutatu egin dute, kontrolpean zeukatelako irudia emateko, baina bazekiten esaten zuten baino larriagoa zela. Gezurra esan zuten istripua laugarren mailakotzat jo zutenean INES eskalan, bazekiten-eta igo egingo zela. Nazioarteko adituak erne egon dira, eta beren ondorioak atera dituzte. Frantziako Segurtasun Nuklearreko Agentziak kritikatu egin du Japoniatik zetorren informazioa. Orain seigarren mailakotzat jotzen dute.
Txernobilgo istripua bezalakoa da?
Ez, Txernobil zazpigarren mailakoa izan zen. Askoz okerragoa izan zen, erreaktorearen materialak milaka kilometrotara egin zuen ihes. Fukushiman oso gertagaitza da hori, baina egoera larria da. TEPCO, zentralaren ardura duen enpresa, lehenago sartu izan balitz erreaktoreetan, egoera ez litzateke izango hain txarra.
Zer ondorio izango ditu?
Oraindik ez dakigu. Hala ere, dagoeneko badakigu zenbait elementuk modu masiboan egin dutela ihes, iodo 131k esaterako, zeinak zortzi eguneko epea izaten duen erdidegradatzeko, eta zesio 137k ere ihes egin du, zeinak hogeita hamar urte behar dituen. Elementu horiek oso urruti iritsi dira, eta itsasoko ura kutsatu dute. Hodei erradiaktiboa Tokiora heldu da; hiri horrek 30 milioi biztanle ditu, eta ezin da jendez hustu. Intentsitatea handitzen bada, muturreko neurriak hartu beharko dira herritarrekin. Egoera kontrolpean dagoenean, erreaktoreak desegin, eta sarkofago batekin estali beharko dira, Txernobilen edo Espainian Vandellos 1 zentralean egin zen bezala.
Seguruak al dira Espainiako zentral nuklearrak?
Segurtasun maila aldatu egiten da batzuetatik besteetara. Garoñakoa, Fukushima 1 zentralaren berdin-berdina, oso zaharra da, eta oso degradatua dauka segurtasuna. Edonola ere, zentral nuklear bat sekula ez da berez segurua. Ezinezkoa da gerta daitekeen guztia aurreikustea. Zentzuzkoena da zentralak modu mailakatuan ixtea, eta, bitartean, segurtasun-ebaluazio orokor bat egitea.
Nola itxiko lirateke zentralak modu mailakatuan?
Zentralei 30 urteko bizia eman behar litzaieke. Garoña oraintxe bertan itxi behar lukete, Almaraz 1 aurten, Almaraz 2 bi urte barru, 2013an, eta horrela banan-banan, 2020. urtera iritsi eta azken biak itxi arte, Vandellos 2 eta Trillo.
Ixten badira, nola ordezkatuko da horiek sortzen duten energia?
Ez dago ordezkatzeko beharrik. Espainiak nahikoa eta sobera potentzia dauka instalatuta, eta, hain zuzen, argindarra esportatzen du ondoko herrialdeetara.
Baina ekoizpen hori, neurri handian, erregai fosiletan oinarritzen da.
Ez nagusiki. Aurrezteko neurriekin eta eraginkortasun energetikoarekin, hemendik 2020ra, kontsumitzen dugun argindarraren % 30 aurreztu liteke ahalegin handirik gabe. Horri gehitzen bazaizkio energia berriztagarriei emaniko laguntzak, zentral nuklearrak alde batera uzteko moduan gaude oraintxe bertan eta hurrengo urteetan. Halaber, ikertu egin behar litzateke energia gordetzeko sistemen inguruan (hidrogenoa, gatz urtuak, bateriak, kondentsadoreak, eta abar), eta energia-iturri berrietan (fusio nuklearra, adibidez). Egin daiteke.
Zentralen aldekoek esaten dute eraikin horiek gero eta modernoagoak eta seguruagoak direla, eta hirugarren eta laugarren belaunaldikoak aipatzen dituzte, beren hondakinak erregai gisa erabiliko lituzketenak. Hori dela eta, energia nuklearra orain uztea burugabea litzatekeela adierazten dute.
Inork ez du proposatzen zentral berriak eraikitzea, izugarri garestia delako. Espainian, asko jota, bigarren belaunaldikoak daude. Orain daudenei eustea da negozioa, amortizatuta daudelako eta oso gutxi kostatzen delako energia ekoiztea. Garoñan, adibidez, kilowatt/ordua kostatzen dena baino bost aldiz gutxiago. Hirugarren belaunaldiko erreaktoreei dagokienez, Finlandian ari dira oraintxe bat eraikitzen. Hasierako aurrekontua 3.000 milioi eurokoa zen, eta dagoeneko bikoiztu dute, eta lau urteko atzerapena daramate, gainera. Eta laugarren belaunaldikoak, berriz, ikerketa fasean daude, eta baikorrenen ustez, 2040-2045 inguruan egongo dira funtzionatzeko moduan.
Aldi baterako Biltegi Zentralizatuak (ATC) konponduko du hondakin erradioaktiboen arazoak?
Ez, zeren izenak dioen bezala, aldi baterako baita. Horren helburua da zentralek luzaroago funtziona dezatela hondakinez bete gabe, eta Fukushiman ikusi da arazo hori. Orain ez dute horretaz hitz egiten, hauteskundeak datozelako eta gai beroa delako, inori gustatzen ez zaiona.
Segurua izango al da?
Zentral batek baino arrisku gutxiago dauka, ez dagoelako erreaktorerik martxan. Baina baditu zenbait arrisku, garraio arlokoak, adibidez, eta instalazioa ez da zaurtezina.
Zer egin dezakete kontsumitzaileek?
Neurri eraginkorrak eta aurrezteko balio dutenak hartu nork bere etxean, ona delako ingurumenarentzat eta beren ekonomiarentzat. Etxetresna eraginkorrak eduki, etxea ongi isolatuta, kontsumo txikiko bonbillak erabili… Eta erakundeei presio egin, beren iritziak aintzat har ditzaten. Inkestek esaten dute espainiarrak nuklearren aurkakoak direla, eta hori sekula ez da kontuan hartu.