Javier Celaya, Argitaletxeen teknologia-aholkulari eta DosDoce plataformaren sortzailea

"Paperezko liburuak galdu egingo du gizartean duen leku nabarmena"

1 julio de 2012
Img entrevista 2 listado

Zuk zer nahiago duzu, liburu elektroniko edo paperezkoa?

Liburu elektronikoa.

Zergatik?

Oso arrazoi jakinagarengatik: formatu horretan eduki gehiago dauzkat nire interes eta zaletasunentzat. Liburu teknikoa izan da Sarean bide egin duen lehenetakoa. Nik asko irakurtzen dut ingelesez, eta eduki asko bilatzen ditut nire lanbidearekin, argitaletxeen aholkularitzarekin, zerikusia dutenak. Gainera, asko bidaiatzen dut, eta liburu elektronikoak aukera ematen dit nire beharrizan kultural guztiak maleta batean sartzeko: liburuak, musika, filmak, aldizkariak, egunkariak, eta abar.

Zein dira formatu bakoitzaren alde onak eta txarrak?

Papera ere teknologia bat da, eta 500 urte daramatza gurekin… zerbaitegatik izango da: oso modu atsegin eta sentsorialean irakurtzeko aukera ematen du. Baina eragozpen handiak ditu: gehiegi pisatzen du eta lekua hartzen du apalategietan (eta etxeak gero eta txikiagoak dira). Aitzitik, liburu elektronikoak ez du pisatzen eta ez du lekurik hartzen, irakurketa pertsonalizatzeko modua ematen dizu -letra mota handitu edo alda dezakezu, pantailari distira gehiago eman edo kontraste gehiago, eta abar- eta irakurri duzunari buruzko oharrak partekatu egin ditzakezu ezagutzen ez duzun jendearekin, eta horrek aberastu egiten du irakurketa-esperientzia.

Esan ote daiteke jauzi teknologiko behin betikoaren aurrean gaudela kulturaren euskarriari dagokionez?

Bai, honek ez du atzerakorik, Internetek gure ohitura guztietan izan du eragina. Aldaketa erradikal hori oraindik ez da iritsi literaturara, oraindik ere betiko eredua errepikatzen jarraitzen dugulako, baina oso litekeena da hurrengo urteetan “narratiba transmedia” esaten zaiona ikustea. Hori ikusia dut nik Ameriketako Estatu Batuetan, non autoreek lan digitalak ateratzen dituzten, pantailan soilik irakurtzekoak, eta horretara egokitzen dute narratiba, testu laburragoak erabiliz, esaldi motzagoak edo lotura hipertestualak txertatuz. Nik uste dut multimedia-eleberriak ikustera iritsiko garela.

Zenbat denbora geratzen zaio paperezko liburuari?

Paperezko liburua ez da desagertuko, baina galdu egingo du gizartean duen leku nabarmena. AEBetan, digitalak dira salmenten % 20.

Aldaketa horrek zer ondorio diru irakurketa-ohituran?

Hasteko, hasiak gara azkarrago irakurtzen baina arreta-tarte gutxiagorekin; diagonalean irakurtzea esaten zaion hori. Gogo handia izango dugu eduki eta jakiteko, baina gaietan gutxiago sakonduz. Eta narratzaileek kontuan hartu beharko dute hori idazteko orduan. Beste aldaketa bat da orain sozialagoak garela: egiten dugun guztia partekatzea gustatzen zaigu, baita irakurtzen duguna ere; bakarkako zerbait izateari uzten ari zaio irakurketa.

Euskarri elektronikoan gehiago irakurriko da edo gutxiago?

Ez dut uste liburu digitalak gutxiago irakurtzera eramango gaituenik, hasieran, behintzat. Espainiarren % 50ek diote oso gutxi irakurtzen dutela, Liburu-saltzaileen Gremioaren arabera. Iruditzen zait antzeko kopuruetan ibiliko garela.

Ez al da galduko bizitzeko eta gauzak ikusteko modu bat?

Bai, zalantzarik gabe, batez ere sentimentalki leku horietan hezi garen belaunaldientzat. Baina iraultza guztiek ekarri ohi dituzte tragedia txiki eta handiak.

Norantz goaz formatu elektronikoekin, kultura pertsonal libreago batera edo kontrolatuagora?

Liburu digitala bide arriskutsua da, zalantzarik gabe. Betiko liburu-dendetan, askatasun osoz aukeratzen zenuen zure liburua, eta orain presio handia egingo dizute kultura-bitartekariek. Iruditzen zait etorkizuneko belaunaldiak hezi egin beharko direla, ez dezaten gal euren kabuz erabakitzeko gaitasuna, irizpidez jokatzeko eta hautatzen jakiteko gaitasuna.

Espainian beti izan da gutxi irakurtzeko ohitura. Ez al dira harrigarri samarrak liburu elektronikoen pirateriaz ematen diren zifrak?

Pirateriaren arazoan zera ikusten dut nik: erantzunik eman ez zaio kontsumo-eskari bat, kasu honetan titulurik ez dagoelako eskura. Egia da zenbait pertsonak ehunka liburu elektroniko pilatzen dituztela disko gogorrean, sekula irakurriko ez dituztenak. Interneten, guztiok daukagu Diogenesen sindromearen antzeko zerbait, baina hori gertatzen da, orain arteko gizartean, norbait izateko eduki egin behar zelako, eta oraingoa, berriz, “norabaiteko sarbidea edukitzetik” eta “norbaitekin partekatzetik” bizi da. Liburu elektronikoen eskariari erantzuten zaionean, murriztu egingo da pirateria.