Fukushimak markatuko du energia nuklearraren bukaera?
Ez. Bukaera markatuko du beste energia-iturri batzuk aurkitzeak. Ahal den guztia aurreratu behar da berriztagarrietan, baina 2050. urtea arte, gutxienez, ezingo da nuklearra alboratu. Ameriketako Estatu Batuetan, Txinan eta Europan, jarraipena ematea da planteamendua.
Japoniak jarraituko du zentral nuklearrak erabiltzen?
Hurrengo 20 urteetan ezingo dio utzi energia nuklearra erabiltzeari, nahiz eta berriztagarrietan aurrerapenak egin. Ehun milioi biztanle baino gehiago dauzka Japoniak, eta ez du energia-iturri fosilik edo hidraulikorik. Dena dela, berraztertu egin beharko dituzte zentralen prozedurak eta kokaguneak, eta neurriak betetzen ez badituzte, horiek itxi eta proiektu berriei ekin beharko diete.
Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN) Espainiako airean egindako neurketetan antzeman du iodo eta zesio kontzentrazioak “zertxobait” ugaritu direla zenbait lekutan, Japoniatik iritsita.
Oso maila txikiak dira, eta ez dira kaltegarriak. Gertaera horrek erakutsi du kontrol handia dagoela nazioartean, eta partikula horiek oso azkar eta ongi antzematen direla.
Fukushimako istripua gertatu aurretik, Espainian zentral gehiago behar direla esaten ari zineten, eta egungoei bizia luzatu behar zaiela. Berdin pentsatzen duzue orain?
Bai. Ur arineko teknologiak frogatu du, egoera oso zailean ere, erraz kontrola daitekeela, itsasoko urarekin. Txernobilgoaz geroztik, lan handia egin da segurtasunean. Espainiako zentralak prestatuta daude, eta estres-probek ere horixe erakutsiko dutela uste dut.
Zenbat zentral gehiago behar ditu Espainiak?
Kontuan hartuta energia-kontsumoa handitu egingo dela hurrengo urteetan eta egun dauden zentralei berritu egingo zaiela ustiapen-baimena, beste hiru beharko dira 2035. urte ingururako, horrekin eutsiko zaio-eta energia-ekoizpen guztiaren % 30 nuklearren bidez sortzeari. Luze gabe hasi behar lukete bideragarritasun-planak egiten, beste herrialdeetan bezala.
Egungo zentralek zenbat denbora gehiago iraun dezakete?
Hamar urtez behin, segurtasun-baldintzak ikertzen ditu CSNk, eta bete beharrekoak betez gero, beste hamar urtez jarri dezakete, Garoñak eta Cofrentesek bezala. Diseinatu zituztenean hainbeste alderdi hartu ziren kontuan, ezen 60 eta 80 urtez ere funtziona baitezakete. Baina inbertsiogileak ere ez dira ahaztu behar: CSNk jarritako baldintzak eramanezinak balira, ez lukete jarraituko. Uneotan, 300 milioi euro inbertitzen dira Espainiako zentral nuklearretan, eta diru horrekin, gast naturaleko zentral bat eraiki daiteke, 800 megawattekoa.
Seguruak al dira Espainiako zentrala?
Bai, CSNk esaten du, eta nik dakidala ere, hala dira. Nazioarteko ebaluazioek oso leku onean utzi dute Espainiako erakunde arautzailea.
Greenpeace zenbait zentraletara sartu da; Garoñara, adibidez. Segurtasunak ez al du huts egiten?
Sarkinak kontrolatzeko sistemak isilpekoak dira, eta Foroan ere ez dugu horien berri. Hozte-dorreetan sartu ziren, eta horien garrantzia ez da hil edo bizikoa. Hala ere, prozedura batzuk aztertzen ari dira, hobetze aldera.
Energia nuklearraren alorrean dabiltzanek esaten dute merkea dela, beste energia batzuekin alderatuta. Kontuan hartzen al da Fukushimako istripuaren eta gisakoen kostua?
Sortze-kostu txikienak dituena da. Baina merkea edo garestia den baino gehiago, nik esango nuke prezioak oso erraz aurreikus daitezkeela epe luzera. Hori oso ongi datorkie eskema ekonomiko guztiei. Horrekin ez dut esan nahi, zentral gehiago egonez gero, energia merkeagoa izango litzatekeela, beste faktore batzuek ere eragiten dute eta.
Baina estaltzen al dira istripuen gastuak?
Energia nuklearra sortzearen kostuek zentralaren ziklo guztia estaltzen dute, hondakinak biltegiratzea, zergak eta erantzukizun nuklearreko aseguruak. Europan hori guztia harmonizatu zenean, erantzukizun hori zertan zen ikusi, eta Espainiako zentraletan zen handiena.
Alemaniako energia berriztagarrien enpresek ziurtatu dute 2020. urterako nuklearraren lekua hartzeko moduan egongo direla.
Alemanian ahalegina egingo dute Europar Batasunak jarritako helburua lortzeko, eta energiaren % 20 berriztagarriekin ekoizteko. Baina besterik da energia nuklearra alboratzea; hori ezin dute egin, inola ere. Eta ez da ahaztu behar klima-aldaketa dela uneotako arazo handiena, eta nuklearrek ez dute CO2rik isurtzen.
Orain ez da aipatzen Aldi baterako Biltegi Zentralizatua (ATC), jarduera handiko hondakin erradiaktiboak biltzeko izango dena. Eraikiko al dute? Segurua al da?
Beharrezko instalazioa da, eta segurua izango da. Prozesua oso ongi hasi zen, baina eskumen autonomoen auziak zaildu egin du.
Zer egin dezakete kontsumitzaileek?
Energia ezin da xahutu. Energia garestia eta konplexua da, eta ezin da beldurrez jokatu; konfiantza eduki behar da segurtasun-erakundeetan eta -teknikariengan.