Bidai Aseguruak

Ia-ia beharrezkoak, ibilbide batzuetan

Bidaian sor daitezkeen hamaika arazoren konponbide dira
1 ekaina de 2003
Img economia listado

Ia-ia beharrezkoak, ibilbide batzuetan

Ekipajearen galera, hegaldien atzerapenak eta zorioneko overbooking horiek Estatu espainiarreko bidaiarien kexu-zerrendetako lehen postuetan agertzen dira. Nolanahi ere, oporraldiak bestelako ustekabekoek ere galaraz diezazkigukete (ekipajea lapurtzea, istripua izatea, gaixotasuna, senidekoren baten heriotza…), presaka eta korrika etxera etortzera edo, harik eta okerrago, ordainduta genituen oporraldiak bertan behera uztera behar gaitzakete. Bidaian sor daitezkeen arazo guztiak aurreikusteko modukoak ez direnez, bidezkoena dugu arazo horien konponbide izan daitezkeenez arduratzea: hortxe betetzen dute funtsezko eginkizuna bidai aseguruek, bidaiariari atsekabe asko eta, zenbaitetan, diru mordoska aurrez diezazkioketelako. Merkatuan hainbat aseguru mota daude -gutxienekoa, baliogabetzekoa eta apartekoa, besteak beste- zeinek bere estaldurak dituela.

Gutxieneko asegurua

Agentzian kontratatu den bidaia egonaldikoa edo konbinatua izan daiteke. Aurrenekoan lojamendua sartzen da (hotel, apartamentu edo antzekoetan), baina asegururik ez. Konbinatuek -horrela deitzen zaie, egonaldia egingo den tokirainoko bidaia ere sartzen delako bertan-, berriz, asegurua (“gutxienekoa”) ere izaten dute. Bidai agenteen betebeharrekoa da gutxieneko aseguru horretan sartzen denaz, baita horrez gainera (egin beharreko bidaiaren nolakotasuna kontuan izaki) besterik kontratatzeko egokitasunaz, erabiltzaileari informazioa ematea.

  • Zer sartzen da gutxieneko aseguruan?
    Hurrengo egokieren aurreko erantzuna eskaintzen du:
    – Irteera bost ordu baino gehiago atzeratzea: geroratze horren ondorioz titularrak beste hegazkin edo garraiobide batekiko konexioa galtzen badu, konpainiak alternatibazko garraiobidea (baita gaua emateko tokia, beharrezkoa balitz) eskuratu behar dio. Billete-motaren arabera, indemnizazioa eskatzeko eskubidea ere izan dezake bezeroak.
    – Konpainiak hala erabakita edo arazo teknikoengatik bidaia bertan behera uztrea: titularrak eginiko derrigorrezko egonaldiaren ondoriozko gastuak (mantenua eta lojamendua) berreskuratzeko eskubidea du.
    Overbooking: billeteagatik ordaindutako prezioaren arabera, indemnizazioak aldatu egiten dira: billetearen prezioa berreskuratzea, titularraren komenientziaz bidaiatzeko eguna aldatzea, helmugaraino ahalik eta modu azkarrenean garraiatua izatea, etab.
    – Konpainiak eraginiko arazoak medio, helmugako herrialdean lojamendua eta egonaldia edo indemnizazio ekonomikoa.
    – Osasunaren zaintza bidaia osoan, baina ez kasu guztietan: maioristaren arabera aldatzen dira baldintzak.
    – Heriotza gertatzekotan, hilotza herriratzea.
  • Zenbat kostatzen da?
    Aseguru hau ez da aparte ordaindu behar, bidai konbinatuen txartelean sartua baitago.

Bestelako aseguruak

Bidaiariak kontrata ditzakeen bestelako bi aseguru motetan aparteko baldintzak sartzen dira edo, bestela, gutxieneko aseguruaren estaldurak ugaldu egiten dira.

Baliogabetze-asegurua
Bidaia hilabete batzuk lehenago kontratatzea ohi da oraingo joera. Horregatik, (agian, zeinahi ustekabeko medio, guk geuk agentziari eska geniezaiokeen) bidaiaren baliogabetzetik onik ateratzea ahalbideratuko digu asegurua egiteak. Aseguru horren batez besteko prezioagatik (12 euro inguru) guk aurretiaz ordaindutako dirua itzuli egingo digute eta bidaia kontratatu digun agentzia edo enpresaren konturakoak izango dira gastu guztiak. Aseguru hori kontratatu ez badugu baina baliogabetzea 48 ordu lehenago jakinaraziko bagenu (bidaia zeharo galarazten digun ezinbestekoa alegatuta), aurreratutako diruaren %25 galdu eta billeteen espedizio-gastua gure konturakoa litzateke.

  • Zer sartzen da bertan?
    Ezinbestekoa medio, bidaia baliogabetu behar izan duen titularra indemnizatzen du, kontratatu den aseguruaren arabera. Aseguru horietako askotan lehen, bigarren eta hirugarren graduko senitartekoak sartzen dira.
  • Zer da “ezinbesteko” hori?
    Titularraren beraren edo lehen graduko senitartekoen heriotza, gaixotasunak, uholdeak, etxebizitza suak hartzea, lan-motiboengatik lekuz aldatu behar izatea, etab.
  • Zenbat kostatzen da?
    Helmuga non dagoen arabera.
    Espainia barruan bidaiak baliogabetzea: 4,5 euro inguru.
    Europarako bidaietan: 12 euro inguru.
    Amerikarako bidaietan: 18 euro inguru.
  • Derrigorrezkoa al da?
    Ez da derrigorrezkoa

Aseguru aparteko edo gehigarria

  • Zer sartzen da bertan?
    Gutxieneko aseguruaren estalduraren bat zabaldu eta beste batzuk ere hartzen ditu, hala nola erantzukizun zibila, ekipajea galtzea, etc. Bidaiari batzuentzat biziki interesgarria da hori.
  • Zenbat kostatzen da?
    Bidaiaren mota eta iraunaldiaren arabera, batez beste 35 eta 42 euro bitartean; bidaia arras osatua baldin bada, berriz, 100 edo 140 euro ere bai. Internet bidezko aseguratzaileetan era guztietako aseguruak aurki ditzakegu: 6 eurotik hasita, 140tik gorakoetara, prestazioen arabera.
  • Derrigorrezkoa al da?
    Ez da derrigorrezkoa. Bidai agentzia batzuek honelako aseguruak egitea aholkatzen dute, bisitatu beharreko herria zein den. Kontsumitzaileak ez du zertan kontratatu bidai agentzian, seguru aski bertan eskainiko dioten arren: badu aukera, beste hainbat aseguratzailerekin prezioak eta bermeak erkatuta, bere premietara hobekien egokitzen dena hautatzeko.

ASEGURU HAU KONTRATATZEKO KONTUAN IZAN BEHARREKO HAINBAT KONTU:

  • Helmuga: bisitatu beharreko tokiaren ezaugarriek, interesgarri gerta daitezkeen aparteko estaldurak baldintzatzen dituzte. Herrialde batzuetan ez dago turistentzat baliagarri gerta daitezkeen osasun-zerbitzu publikorik, beste hainbatetako aireportuetan hegaldiak atzeratzea ohiko kontua da, etc.
  • Jatorritik kanpo egon beharreko denbora: honelako aseguruen prezioa bi astebeteko, 31 eguneko, bi hilabeteko… unitateetan ezartzen denez, ia-ia ezinbestekoa da kanpoan zenbat denbora egongo garen zehatz-mehatz jakitea.
  • Bidaiaren motiboa: negozio-bidaia baldin bada, esate baterako, business izenekoak barne-hegaldiak eta hoteletan gerta daitekeen guztia sartzen da aseguruan. Hizkuntzak ikastea baldin bada arrazoia, materialen (liburuak barne) eta, areago, etxeko giltzen galera ere estaltzen duten aseguruak sortu dira.

Badira beste hamaikatxo aseguru mota ere.

  • Adina: aseguru konpainia batzuek bere produktuak bezeroaren adinaren arabera egokitzen dute. Badira zaharrentzako berariaz eta gazteentzako bereziki jarduten direnak, adibidez: aurrekoek batez ere osasun alorreko bermeak eskaintzen dituztelarik, besteek txango eta kirolak praktikatzean (rafting edota eskia, esaterako) izaniko ustekabeak estaltzen dituzte.
Aholku zenbait
  • Egin behar duzun bidaia zeinahi delarik ere, galdetu zure bidai agenteari gutxieneko aseguruan zer sartzen den.
  • Europan barrena ibiltzeko ez da derrigorrezkoa osasun-alorreko gorabeherak sartzeko beste asegururik kontratatzea. Espainiako Gizarte Segurantzak, Europako biztanleentzako osasun asistentzia bermatzen duen hitzarmena Europar Batasunarekin sinatua du. Asistentzia hori hartzeko, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko bulegoetan eskura daitekeen E-111 agiria aurkeztu behar da. Europar Batasuneko herrialde guztietan ez ezik, Norvegia edota Islandian ere, adibidez, baliagarria da.
  • Asia, Ozeania, Amerika Zentral edo Hego Amerikara baldin bazoaz, osasun-asistentzia ona eskaintzeaz gainera, balizko hainbat irregulartasun (ekipajea hondatzea, hotel erreserbetan arazoak izatea, etab.) estaltzen dituen aparteko asegurua kontratatzea aholkatzen dute agenteek.