Umeentzako toailatxoak

Denetan merkeena, aukera egokia

Erabilera-proban izan ezik, lagin guztiek antzeko emaitza onak agertu dituzte
1 ekaina de 2003
Img analisisb listado

Denetan merkeena, aukera egokia

/imgs/20030601/analisisb01.jpg
Haur txikientzako zazpi toailatxo aztertu dira oraingoan, oso prezio desberdinetakoak: hiru zentimotik (Tragoncete) zazpi zentimoetara (Mustela eta Klorane) doa alearen kostua. Prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena Tragoncete laginak erakutsi zuen, toailatxo denetan merkeena izateaz gainera, erabilera-proban balorazio ertaina lortu zuen eta, eginiko gainontzeko probetan, beste toailatxoek bezalako emaitzak agertu zituelako. Dodot Dermoactive (zentimo bat garestiago, aleko) ere aukera polita da, erabilera-proban kalifikazio ona lortu baitzuen.

Lozioz blaituriko toailatxo heze horiek geroz eta maizago baliatzen dira haur txikiak garbitzean, ur eta xaboiaren ordezko gisa fardela aldatzean, jan ondoren umeari aurpegia eta eskuak garbitzean, etc. Nolanahi ere, orain haur txikia ez da erabiltzaile bakarra: pertsona helduen eguneroko bizitzan ere ohiko bilakatu direnez, automobileko atean daramatzate edo aurpegia eta eskuak freskatu eta xahutzeko darabiltzate, adibidez.

Toailatxo hauen osagaiak euskailua (toailatxoa bera, ehuna) eta lozioa dira. Oihaltxo hori moldatzeko, azterturiko lagin guztiek “ehundu gabeko ehuna” izeneko materiala erabili dute, hau da, zuntzak elkarrekin josteke, hainbat sistema erabili dituzte: ura, presioa, beroa, etab.

Sei toailatxoak hidrolotura edo spunlace motakoak dira, hau da, zuntz biskoso baten eta sintetiko baten nahaspilatze hidraulikoaren ondorioz osatzen dira. Txirikorda hori, orduko 360 kilometroko abiaduran doan iragazi eta desmineralizaturiko ur zorrotada presio handian jaurtiz moldatzen da. Huggies toailatxoak dira hidrolotura ez darabilten bakarrak: zuntz sintetikoak eta zelulosazkoak bero bidez elkartzen dituzte, airlaid izeneko bilbea osatuz. Ehun hori ez da beste sei laginetan baliaturikoa bezain leuna.

Ehuna osatzeko bi sistema horiei esker, toailatxo horiek egiteko prozesuan ez da erabiltzen sustantzia kimikorik, hau da, kalitate hobeko produktua lortzen da horrela.

pH egokia

Haur edo helduaren osasun oneko larruazalaren pH faktorea 5,5 denez (azido samarra, alegia), toailatxoa blaitzen duen lozioa hainbat eta hobea izango da pH horretatik zenbat eta gertuagokoa izan. Pertsona helduetan datu horrek garrantzi handia badu ere, haur txiki baten (oraindik sistema inmunologikoa erabat garatu gabe daukalako) larruazalean bertan aplikatu beharreko produktu batez ari garela, pH faktorea funtsezkoa da, balore azidoegi edo basikoegia larruazaleko gaitzen iturri izan liteke. Zazpi laginen pH faktoreak antzekoak eta egokiak izan ziren, 5,2 eta 5,7 bitartekoak, alegia.

Beste aldetik, estraktu lehorra berez ez da kalitatea neurtzeko parametrorik, baina lozioaren edukiak materia organiko eta mineraletik zenbat daukan eta ur hutsa zenbat den adierazten du. Klorane (%6,6) eta Johnson’s (%6,4) dira estraktu lehor gehien daukaten toailatxoak; Tragoncete (%0,5), aldiz, gutxien daukana.

Eginiko testetan erdietsitako emaitzetara begiratuz, haur txikientzako zazpi toailatxo horiek produktu osasuntsu eta seguruak direla esan dezakegu eta, era berean, azterturiko proba guztietan antzeko kalifikazioak -egokiak, denak- lortu dituztela, erabilera-proban izan ezik: bertan agertu ziren alde nabarmenenak.

CONSUMER-ek zazpi laginei erabilera-proba eginarazi zien: horretarako, toailatxoak laurogei ohiko kontsumitzailek beste horrenbeste haurretan (erdiak neskatoak eta gainontzekoak, mutikoak) erabili zituzten. Toailatxo mota bakoitza hogeita hamar erabiltzailek gutxienez baliatu zuten. Osoko balorazioan puntuazio hoberenak Dodot Dermoactive (7,7 puntu, 9rekiko) eta Mustela (7,6 puntu) laginek erdietsi zituzten, ondotik Johnson’s (7,2 puntu) zetorkiela. Kalifikazio apalena, egokia berau ere, Klorane laginak eraman zuen (6,2 puntu), ondoren Huggies (6,5 puntu) zuela. Tragoncete (6,7 puntu) eta Nenuco (6,6 puntu) erdi parean ibili ziren atal horretan.

Puntuz puntu

Dodot Dermoactive laginak hainbat alderdi nabarmen erakutsi zituen: ontzia irekitzeko erraztasuna, itxura, toailatxoen lodiera eta neurri aproposak, lozio-kopuru egokia, erabiltzeko erraztasuna eta, aplikatu ostean, haurraren larruazalean uzten duen sentsazio atsegina (leuna baina ez likatsua, itsaskorra). Mustela laginean, ontzia irekitzeko erraztasuna eta toailatxoaren neurriak gertatu ziren erabiltzaileen gustukoak, eta Dodot baino hobea jazo zen hainbat alderditatik: lurrin mota eta intentsitatea, toailatxoaren sendotasun eta erresistentzia, aplikatzean uzten duen biloxka urria eta larruazala garbitzeko eraginkortasuna. Azterturiko parametro gehienetan, emaitza txarrenak Klorane eta Huggies laginek jaso zituzten. Larruazala garbitzeko proban lagin batetik bestera alde handiak agertu ziren. Denetan eraginkorrena Mustela (8 puntu) gertatu zelarik, Huggies beste muturrean agertu zen, baina eraginkortasun onargarriko agertu zen, nolanahi ere (6,6 puntu).

Toailatxoen egoera higieniko-sanitarioa ikertzeko asmoz zazpi laginei egin zitzaien azterketa bakteriologikoan ez ziren azaldu honelako produktuetan maizen ager daitezkeen bakterioak: mesofiloak, legamiak eta lizunak, alegia. Emaitzak onargarriak dira, beraz. Ontziko toailatxoen kopurua ere desberdina da, laginen arabera: 64 aleetatik (Huggies) 80 aleetaraino (Tragoncete eta Klorane) doa; Dodot, Johnson’s eta Nenuco laginen ontzian 72 toailatxo zeuden eta Mustela laginarenean, 70 ale.

Toailatxoa bere ontzitik ateratzeko hainbat sistema dituzte laginek, batez ere oihalak tolesturik datozen moduaren arabera aldatzen direlarik. Dodot, Klorane eta Johnson’s laginen toailatxoak ontzi barruan, txirikorda antzekoa osatuz, elkarri lotu eta plisatuak daudenez errazkiago ateratzen dira: toailatxo bat erauztean hurrengoaren muturra ere ateratzen da. Tragoncete, Nenuco, Mustela eta Huggies laginek tolestura deserosoagoa aurkezten dute: “Z” gisan antolatuak daudela, oihaltxoak banan-banan ateratzen dira.

Zuritasunak garrantzi handia

Toailatxoaren kolore zuriak garbitasun sentsazioa komunikatzen digunez, kontsumitzaileak bereziki ongi baloratzen duen elementua da. Fluoreszentzia testak frogatu zuenez, ez azurante optikoa edo antzeko zuritzailerik, ezta zuntz birziklaturik ez dira erabili toailatxoak egitean, baina lagin guztien zuritasuna egoki-egokia gertatu zen.

Toailatxoen neurriei goazkiela, Dodot (20,6 X 17,7 cm) dira denetan handienak eta Nenuco laginekoak, txikienak. Huggies markako oihaltxoak (kontsumitzaileen %40ren iritziz, lodiegiak) gainerakoak baino lodiago dira (854 mikra) eta finenak, aitzitik, Klorane laginekoak (363 mikra). Dodot dira bigarren lodienak baina aurrenekoetatik oso-oso urruti (474 mikra). Tragoncete, Johnson’s, Nenuco eta Mustela laginen lodiera 400 mikren ingurukoa da.

Toailatxoak zenbat likido daukan blaitze-tasak adierazten du. Mustela-k parametro horretan balio garaiena (%297) agertu zuenez, toailatxoan lozio gehien ezartzen duena bera dela esan nahi du horrek. Ondotik Huggies eta Dodot zetozkion, %287 eta %283 blaitze tasarekin. Likido gutxien daukan toailatxoa Johnson’s lagina da (%249), ondotik Klorane (%258) datorrela. Tragoncete (%277) eta Nenuco (%278) erdi aldean geratu ziren.

Toailatxoen erresistentzia handiena neurtzeko bi proba egin ziren: bata, indarra luzeran aplikatuz; bestea, zabaleran. Batetik besterako aldeak nabarmenak ez diren arren, hiru multzotan sailka ditzakegu laginak: erresistentzia handieneko toailatxoak Tragoncete, Johnson´s eta Mustela dira; erresistentzia ertainekoak, Dodot, Klorane eta Nenuco; Huggies, berriz, ahulenak.

Begien narritadura

Honelako produktuei eginaraz dakizkiekeen saiakuntza-probarik nagusietako bat, toailatxoa blaitzen duten lozioen ahalmen narritatzailea ebaluatzea da. Parametro hori neurtzeko, animalietan probak egiteko premiarik izateke, begia ukitzean laginak eragiten duen narritadura zehazten duen HET CAM testa aplikatzen da.

Test hori, 10 egunez txitatua izan den oilo-arrautzaren mintz batean egiten da. Mintz hori baskularizatua da (odol zirkulazioa du, alegia) eta bere ezaugarriak giza begiarenaren antzekoak dira. Lozioa mintzean aplikatu eta 20 segundotan uzten da; ondoren, uretan ikuzi eta bost minutuz behatu behar da narritadura-fenomenorik (hemorragia, hiperemia, koagulazioa, etc.) gertatu den.

Proba hau, aztertu beharreko lagin bakoitzeko lau arrautzatan egin zen, balizko desbideraketarik gerta ez zedin. Analizatutako toailatxo guztiak egokiro pairatzen du begiak, Huggies markakoak izan ezik: hauen onarpena hainbestekoa baizik ez da.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Haur txikientzako zazpi toailatxo lodi aztertu dira; horien prezioak 3 zentimotik (Tragoncete) zazpi zentimoetara (Mustela eta Klorane) doaz. Dodot, Johnson’s, Nenuco eta Huggies laginen prezioa 4 zentimo da.
  • Toailatxo guztiek antzeko emaitzak agertu zituzten, erabilera-proban eta baliaturiko materialean izan ezik: Huggies da airlaid euskailua daukan bakarra; gainontzekoek hidrolotura baliatzen dute (bestea baino leunagoa).
  • Lagin bakar batean ez zen agertu bakteriorik edota ehuna moldatzeko eragile gisa jardun zitekeen sustantzia zuritzaile edo bestelako elementu kimikorik
  • Erabilera-proba denek gainditu bazuten ere, Dodot (7,7 puntu 9rekiko) eta Mustela (7,6 puntu) gertatu ziren denetan preziatuenak. Klorane (6,2 puntu) eta Mustela (6,5 puntu) agertu ziren zerrenda honetako beste muturrean.
  • Osoko kalitateari dagokionez, Johnson´s, Dodot eta Mustela laginei balorazio ona eman zitzaien. Tragoncete, Klorane, Nenuco eta Huggies, “hainbestekoa” baizik ez.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Tragoncete laginak ematen du, toailatxo merkeena izateaz gainera, erabilera-proban erdi parean geratu zen eta azterturiko gainontzeko parametroetan beste laginek bezalako emaitzak jaso zituelako. Dodot Dermoactive ere aukera polita da: alderdi askotan balorazio hoberenak jaso zituen arren, aurreko lagina baino, aleko, zentimo bat garestiago gertatzen da.
Marka Tragoncete Dodot Johnson`s Nenuco
Prezioa (euro ontziko) 2,40 3,16 2,80 3,15
Prezioa (euro aleko) 0,03 0,04 0,04 0,04
Osagaien ezaugarriak
Euskailuaren izaera Spunlace Spunlace Spunlace Spunlace
Toailatxoa
1 zk. zuntzak Biskosa Biskosa Biskosa Biskosa
2 zk. zuntzak Sintetikoa Sintetikoa Sintetikoa Sintetikoa
Elkartzeko eragilea Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago
Lozioa
pH 5,5 5,4 5,2 5,7
Estraktu lehorra (%) 0,5 1,1 6,4 1,4
Ezaugarri orokorrak
Toailatxo kopurua 80 72 72 72
Tolespen mota “Z” eran Bata besteari elkartua Bata besteari elkartua “Z” eran
Zuritasuna Egokia Egokia Egokia Egokia
Toailatxo hezearen batez besteko tamaina (l X a, cm) 20,5×17,2 20,6×17,7 20,8×17,2 20,3×15,6
Toailatxo lehorraren batez besteko tamaina (l X a, cm) 19,7×17,0 19,5×17,5 19,9×17,1 20,4×15,1
Begi bistako lodiera (mm) 395 474 381 399
Toailatxo hezearen batez besteko pisua (g) 5,9 8,6 7,1 5,6
Toailatxo lehorraren batez besteko pisua (g) 1,5 2,3 2,2 1,7
Batez besteko blaitzetasa (%) 277 283 249 278
Fluoreszentzia Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago
Gehieneko erresistentzia Oso ongi Ongi Oso ongi Ongi
Begitako tolerantzia Ongi Ongi Ongi Ongi
Azterketa bakteriologikoa Egokia Egokia Egokia Egokia
Erabilera proba (1 – 9) 6,7 7,7 7,2 6,6
Osoko kalitatea Zuzen Egokia Egokia Zuzen
Marka Huggies Mustela Klorane
Prezioa (euro ontziko) 2,71 4,92 5,77
Prezioa (euro aleko) 0,04 0,07 0,07
Osagaien ezaugarriak
Euskailuaren izaera 2 airlaid + hari sintetiko elastikoak erdian Spunlace Spunlace
Toailatxoa
1 zk. zuntzak Zelulosa Biskosa Biskosa
2 zk. zuntzak Sintetikoa Sintetikoa Sintetikoa
Elkartzeko eragilea Ez dago Ez dago Ez dago
Lozioa
pH 5,3 5,7 5,4
Estraktu lehorra (%) 1,5 4,1 6,6
Ezaugarri orokorrak
Toailatxo kopurua 64 70 80
Tolespen mota “Z” eran “Z” eran Bata besteari elkartua
Zuritasuna Egokia Egokia Egokia
Toailatxo hezearen batez besteko tamaina (l X a, cm) 18,8×18,5 20,5×17,3 21,4×16,9
Toailatxo lehorraren batez besteko tamaina (l X a, cm) 17,9×17,5 20,0×16,7 20,3×16,1
Begi bistako lodiera (mm) 854 429 363
Toailatxo hezearen batez besteko pisua (g) 12,5 6,7 6
Toailatxo lehorraren batez besteko pisua (g) 3,0 1,9 1,7
Batez besteko blaitzetasa (%) 287 297 258
Fluoreszentzia Ez dago Ez dago Ez dago
Gehieneko erresistentzia Normal Oso ongi Ongi
Begitako tolerantzia Onartzeko Modukoa Onartzeko Modukoa Ongi
Azterketa bakteriologikoa Egokia Egokia Egokia
Erabilera proba (1 – 9) 6,5 7,6 6,2
Osoko kalitatea Zuzen Egokia Zuzen

Banan-banan

HAURRENTZAKO ZAZPI TOAILATXOAK, BANAN-BANAN

TRAGONCETE

  • 0,03 euro aleko
  • Osoko kalitatea: hainbestekoa
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Denetan merkeena. 80 toailatxoko ontzia, “Z” moduan tolestuak (deserosoago). Lozioak estraktu lehor urriena zuen (%0,5). Lehor, pisu txikieneko toailatxoa (1,5 gramo). Erresistentzia handienekoetako bat. Begi-tolerantzia onekoa. Erabilera-proban, 6,7 puntu: hiru kontsumitzailetik bati lurrina biziegia duela deritzo eta %27reen ustez, toailatxoa meharregia da.

DODOT

  • 0,04 euro aleko
  • Osoko kalitatea: ona
  • Aukera polita, honakoa ere. 72 toailatxoko ontzia, txirikorda moduan lotuak (erosoago). Denetan handienak, bai heze (20,6 X 17,7 cm), bai lehor (19,5 X 17,5 cm). Begi-tolerantzia onekoak. Erabilera-proban, hoberena, 7,7 punturekin: toailatxoen itxura, lodiera, neurriak, lozio kopurua, erabilera erraza eta larruazala leun baina ez itsaskorra uztea, nabarmentzeko moduko alderdiak izan zituen. Kontrako alderdirik ez zuten aipatu kontsumitzaileek.

JOHNSON'S

  • 0,04 euro aleko
  • Osoko kalitatea: ona
  • 72 toailatxoko ontzia, txirikorda moduan lotuak (erosoago). Lozio gutxien daukaten oihaltxoak. Erresistentzia handienekoak. Begi-tolerantzia onekoak. Erabilera-proban, 7,2 puntu: kontsumitzaileen %17ren ustez, toailatxoa meheegia da.

NENUCO

  • 0,04 euro aleko
  • Osoko kalitatea: hainbestekoa
  • 72 toailatxoko ontzia, “Z” moduan tolestuak (deserosoago). Denetan txikienak, bai heze (20,3 X 15,6 cm), bai lehor (20,4 X 15,1 cm). Toailatxo hezearen batez besteko pisua ere, txikiena (5,6 gramo). Begi-tolerantzia onekoak. Erabilera-proban, 6,6 puntu: kontsumitzaileen %27ren iritziz, lurrina biziegia da eta toailatxoa hezeegia dago.

HUGGIES

  • 0,04 euro aleko
  • Osoko kalitatea: hainbestekoa
  • Ontziko toailatxo gutxien daukana (64 ale), “Z” moduan tolestuak (deserosoago). Gainontzekoak bezain leuna ez den airlaid euskailua duten bakarrak. Denetan txikienak, bai heze (20,3 X 15,6 cm), bai lehor (20,4 X 15,1 cm). Toailatxo astunen eta lodienak (854 gramo). Erresistentzia txikienekoak. Begi-tolerantzia, hainbestekoa. Erabilera-proban, bigarren okerrenak, 6,5 punturekin: ordezko ontzia ez da erraz irekitzen aurreneko aldian eta, kontsumitzaileen %17ren iritziz, lurrina ahulegia da eta toailatxoa lodiegia eta lakar samarra da.

MUSTELA

  • 0,07 euro aleko
  • Osoko kalitatea: ondo
  • Beste lagin batekin, garestiena. 70 toailatxoko ontzia, “Z” moduan tolestuak (deserosoago). Likido gehien daukan toailatxoa (%297ko blaitze tasa). Erresistentzia handienetakoak. Begi-tolerantzia onekoak. Erabilera-proban, bigarren hoberena, 7,6 punturekin: lurrin mota eta intentsitate onekoa, garbitzean eraginkortasun handikoa.

KLORANE

  • 0,07 euro aleko
  • Osoko kalitatea: hainbestekoa
  • Beste lagin batekin, garestiena. 80 toailatxoko ontzia, txirikordan tolestuak (erosoago). Estraktu lehor gehien daukan likidoa (%6,6). Denetan meheenak (363 mikra). Begi-tolerantzia onekoak. Erabilera-proban, txarrenak, 6,2 punturekin: hauen lurrina izan zen gutxien preziatua, biziegia gertatzearren; erabiltzaileen %27ren ustez, toailatxoa meheegia da eta %23ren iritziz, lehorregia.