Igerilekuak

Segurtasuna, bainulariaren esku ere

Alde handiak daude erkidego batetik bestera, sorosle eta monitore kontuetan. Bainu-garaia hasia da: Espainiak gozatzen duen eguzki-ordu ugaria medio, igerilekua berton erabiltzen da gehien: horren froga, Europako bigarren estatua da hau eraikitako igerilekuen kopuruan.
1 ekaina de 2003

Segurtasuna, bainulariaren esku ere

Igerileku Fabrikatzaile, Ekipo eta Produktu Kimikoen Elkarteak emaniko datuen arabera, Espainian 580.000 igerileku baino gehiago daude: horri esker eta Frantziaren atzetik, Europako zerrendan goi-goian agertzen gara. Igerilekurik gehientsuenak (%86) erabilera pribatu eta familiarentzakoak dira. Gainerako %14 horretatik 10.300 instalazio erabilera kolektibokoak dira, titularitate publiko edo pribatukoak izaki. Andaluzia, Balear eta Kanariar Uharteak eta Katalunia dira, hurrenez hurren, horrelako igerileku gehien dituzten erkidego espainiarrak.

Erabilera publikoko igerilekuen erregulazioa erkidegoek emaniko arauen arabera xedatua dago. Aitzindaria Kataluniako Generalitat izan zen, 1987 urtean 193/19 Dekretua argitara eman baitzuen. Harrezkero gainerako erkidegoek igerileku kontuetan legeak sortu eta moldatu dituztenez, egun erkidego bakoitzak bere legeria dauka eta, noski, batetik bestera alde nabarmenak hautematen dira. Beste aldetik, indarrean dauden 17 arautegi horiei makina bat udalek xedatutakoak ere erantsi behar zaizkie.

Nolanahi ere, igerilekuek bete behar dituzten osasun, higiene, teknika eta segurantzia alorretako baldintzak, gehien-gehienetan erabilera publikokoei bakarrik aplika dakizkieke. Lehiaketakoak, ur berotakoak eta erabilera terapeutikokoak araudi horietatik at utzi ohi dira eta familiabakarrekoak -gogoan izan hauetan gertatzen direla Espainian itotzeagatiko heriotzen %80- ez daude araudi horiek betetzera derrigortuak. Auzokideen komunitateetako igerilekuei dagokienez, ez dago irizpide finkaturik, ezin da zehaztu publiko ala pribatu diren; beraz, tokian tokiko arautegia bete behar izaten dute, bertako autonomi erkidegoaren iritziz. Balear Uharteak, Gaztela eta Leon, Katalunia eta Murtziako erkidegoetan, adibidez, auzokideen komunitateetako igerilekuak legeria betetzetik kanpo geratu dira, Madrilgo Erkidegoan 30 etxebizitza baino gutxiagoko auzokideen komunitateetakoetan arautegia ez da aplikatzen eta Andaluzia, Nafarroa, Euskadi, Kantabria eta Galizian 20 etxebizitza baino gutxiagokoak kanpo daude. Valentziako Erkidegoko legeak 100 lagun baino gutxiagoko komunitateetakoak kanpo uzten ditu.

Sorosleak

Uretako salbamenduan espezialista diren sorosleak izan behar dituzte igerilekuek instalazioetan bertan, bainulariek igerilekua erabil dezaketen ordutegi osoan.

Sorosleen kopurua dezente aldatzen da, autonomi erkidego bakoitzean indarrean dagoen arauteriaren eta igerilekuaren tamainaren arabera. Asturias eta Andaluzian, adibidez, ez daude sorosleak izatera behartuak erabilera kolektiboko ontzi (urtegi) bakarreko edo gehiagotako igerilekuek baldin eta 200 metro karratu edo gutxiagoko ur-azalera badute, sakonera handiena 1,6 metro edo gutxiago izaki eta urtegiak hesiturik edo isolaturik baldin badaude, istripuzko erorikoei eta nahiz kontrako hurrenkerei saihets egiteko. Aragoin, berriz, igerilekuak 240 metro karratu edo gehiagoko ur-azalera duenean, sorosleak jarri behar dira bertan. Madrilen, 500 metro karratu edo gutxiagoko ur-azalera duten instalazioetan salbamendu lanetan pertsona bat gutxienez jarri behar da; bi pertsona, ur-azalerak 500 eta 1.200 metro karratu bitartean duenean eta beste pertsona bat hortik gorako 1.000 metro karratu bakoitzeko. Gaztela eta Leonen 1.500 metro karratu edo gutxiagoko ur-azalera duten igerilekuek sorosle bakarra izan behar dute baina 1.500 metro karratutik gorakoentzat sorosleen gutxieneko kopurua Osasun eta Gizarte Ongizate Zerbitzuak erabakiko du. Nafarroan onetsi berri den Foru Dekretuaren arabera, ur-erakarpenez hornituriko erabilera publikoko igerilekuek bertan izan beharko dute beti sorosle bat eta, horrekin batera, instalazioen erabilera arautuko duen monitore bat ere.

Igerilekuen erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

Igerileku guztietan egon behar da erabiltzaileentzako barne araudi bat, instalazioetarako sarrerako (barne aldean) toki ikusgarri batean.

Atseden zein kiroletako igerilekuen erabiltzaileek jendetasunez jokatu behar dute noiznahi. Igerileku guztietan -hotel eta kanpinekoetan izan ezik, hauetako jokaerak tokian tokiko arauek erregulatuko dituzte eta- uretan sartu aurretik dutxa hartu beharra dago. Era berean, berariazko oinetakoekin ibili behar da bertan. Aldagela duten igerilekuetan, toki horietan elikagaiak hartzea debekatuta dago.

Eskubideei dagokienez, erkidego horretako legeek xedatutakoa betetzearren, sorosleen presentzia eskatu behar da. Ura uher dagoenean, instalazioak eskas direnean edo hondaturik daudenean, erreklamatzeko eskubidea du erabiltzaileak. Baina erreklamazioak jartzeko mekanismoak ere aldatzen dira, igerilekuaren jabegoaren arabera: udal igerilekuak direnean, jendearentzako ateak zabalik dituen zeinahi establezimenduk eduki behar dituen erreklamazio orrietan ez ezik, erreklamazioa kontsumo bulegoetan edo udaletxean bertan egin daiteke. Komunitate bateko igerileku pribatua izatekotan, auzokideen komunitatea da legeak ezarritako osasun eta garbitasun arau guztiak bete daitezen zaindu behar duena.

Igerileku komunitarioak, liskar iturri

Bertako ordutegiak eta erabiltzeko arauak, auzokideen komunitatearen estatutuetan edo igerilekua sortu zeneko tituluan aurreikusia ohi dago; horrelako agiririk ezean, xede horrekin berariaz eginiko bileran gehiengoak hartu zuen akordioa izango da bete beharrekoa. Komunitatearen ardurakoa izango da instalazioak egoki manten daitezen beharrezkoak diren obra guztiak egitea. Horrelako lanak egitea gehiengo soilak erabakiko du eta denen artean ordaindu beharko dira, partaidetza-koefizienteen arabera. Estatutuetan edo tituluan bestelakorik aipatzen ez bada, edo komunitateak aho batez kontrako erabakirik hartu ez badu, igerilekua ez erabiltzeak ez du inor salbuesten ordaintzetik.

Igerilekuen erabiltzaileei -bertako jabeak izan edo ez- eragin dakizkiekeen kalte fisikoak bi motatakoak izan daitezke: halabeharrez gertatutakoak eta biktimaren erruz jazotakoak. Bigarren hauek egokitzekotan komunitateak ez du bere egiten inongo ardurarik (lesioak, ondorioak, ezintasunak, baja egunak, osasun gastuak, etc.). Komunitatearen zabarkeria edo axolagabekeriaz gertatu bada ezbeharra, hirugarrengoen aurreko erantzukizun zibil komunitarioa aplikatzen da, baldin eta istripua edo kalteak igerilekuaren beraren eta inguruko instalazioen kontserbazio egoera eskasaren eta segurtasun eta osasun baldintza desegokiei egotz badakizkie. Jabego Horizontaleko Legeak komunitatea erantzukizun zibileko asegurua kontrata dezan behartzen ez badu ere, horrelakorik izatea komeni izaten da beti, tankera horretako instalazioak dituzten komunitateetan batik bat. Aseguru hori izan ezean, komunitateari lepora dakiokeen ezbeharra jazotzen bada, komunitateak ordaindu beharko du indemnizazioa.

Jolas arriskutsuak

arabera, Espainian urtero-urtero 100 tetraplegia gertatzen dira uretan buruzka murgiltzearen ondorioz. Pertsona askok -haur eta gazteak, batez ere- uretara altuera handitik edo era guztietako itzulipurdikoak eginez pulunpa egiteko duen zaletasunak istripu larri asko ez ezik, heriotzak ere eragiten ditu uda guztietan, hondoaren kontra jotzea, sarri askotan ur sakonera kontutan hartu ez duelako jauzilariak edo, bestela, oztoporen batekin tupust (igerilekuaren ertza, beste pertsona bat, etc.) egiten duelako.

Igerilekuan itsasoan baino itotzeko arriskua arinagoa den arren, horrelakoak (“erabateko itotzeak” edo “ia erabateko itotzeak”) eta bestelako ezbeharrak ere jazo daitezke hustubideetara gerturatzean, bertan xurgatze-indar bizi-biziak gorputz atalen bat edo ilea harrapatu eta burua urpean utz dezake. Igerilekuetako itotze kasuen beste arrazoietako bat, uretara pulunpa buruz egin eta inpaktuagatik konorte galtzea izaten da. Ura uher dagoenean oso litekeena da urpeko igerilariak edo objektuak nekez ikustea: horrek, uretan istripua izateko aukerak ugaldu egiten ditu.

Arau orokorrak
  • Uretako txanoa erabili behar dugu, ile luzeko jendeak, batez ere. Instalazio zenbaitetan jantzi hori derrigorrez jarri behar da.
  • Zoldura edo kutsatzeko moduko gaixotasuna nozitzen duenak zeharo debekatua du horrelako instalazioetan sartzea.
  • Jan-edanak, horretarako toki egokietan bakarrik har daiteke.
  • Zeinahi igerilekutako uretan sartu aurretik dutxa hartzea derrigorrezkoa da, germen eta partikulak (kremak, ileak, etab) suntsitzeko. Dutxa ez ezik, igerilekuan sartu aurretik zanpatzen den ur-tokitik pasatzea ere partikula eta germen horiek desagerrarazteko bide eraginkorra da.
  • Igerileku gehienetan -estalietan batik bat- oinetakoak jantzirik edo kaleko arroparekin sartzea debekatuta dago.
  • Erorikoak edo labainketak gerta ez daitezen, ez dago baimendua igerilekuko urtegi inguruan korrika ibiltzea.
  • Igerileku publikoetako urtegian ez dago onartua urpean igeri egiteko ekipamendua: hegatsak, hodiak, etc.
  • Igerilekuetan animaliarik ezin da sartu, itsuen txakurrak izan ezik.

Murgilaldi osasuntsuaren dekalogoa

  • Oinetan zoldurak prebenitzeko erabili gomazko zapatilak, bai igerilekuan, baita aldagela eta dutxetan ere. Bainua hartu ostean, lehortu arreta handiz oinetako behatz tarteak.
  • Bainutik irten ondoren hartu dutxa: beharrezkoa ez den arren oso komenigarria da, igerilekuetako ura zure larruazala idor dezaketen hainbat produkturekin tratatua dagoelako. Horrez gainera, dutxa hartuz, kloroarekin desagertu ez diren balizko agente infekzioso suntsituko dituzu.
  • Ez egon eguzkitan behar baino luzaroago; egotekotan, jar ezazu larruazalean eguzki-izpiak blokeatzeko babespen eraginkorra (15 SPF, gutxienez eta UVA eta UVB izpien kontrako babesa). Gogora zaitez: igerian egin ondoren, eman berriro krema hori.
  • Eguzki-izpien kontrako babesaz gainera, txanoa eta elastikoa baliatzea ez da gehiegikeria (haurren kasuan, batik bat).
  • Burua uretan sartzean, babestu begiak balizko zolduretatik betaurreko egokiekin; ez erabili beirazkoak.
  • Ahal dela behintzat, ez irentsi igerilekuko urik.
  • Komunera joan ondoren, garbitu eskuak ur eta xaboiarekin. Horrela beste pertsonak babes ditzakezu, zure gorputzeko germenak uretan amaituko direla gogoan izaki.
  • Deshidratazioak gorputzaren tenperatura ikaragarri altxa dezake; horren, bere aldetik, beroaren ondoriozko gelditzea ekar dezake eta egoera arriskutsuak sortarazi; horrelaxe gertatzen da udako igerilekuetan. Horrelakorik ez gertatzeko, edan ur ugari noiznahi.
  • Izan zaitez zorrotz igerilekuetako higiene eta osasun alorretako baldintzak bete daitezen, jakinaraz iezazkiezu igerilekuko arduradunei zuk atzemaniko akatsak.
  • Esparruan istripurik gertatzekotan, gorde sarrera-txartela. Aurreneko sendaketa instalazioan bertan egiten badizute, saia zaitez horrela gertatu dela idatziz jaso dadin eta gorde txosten horren kopia.

Haurrekin, kontu handiz

  • Itzuri arriskuak, irakatsi lehenbailehen seme-alabak igerian.
  • Haurrak bainatzen ari direla edo igerilekuaren inguruan dabiltzala, ez utzi bakarrik. Gogoan izan 2,5 cm sakonera aski dela haur baten sudur eta ahoa estaltzeko, ahuspez erortzen bada.
  • Bazkaldu, eguzkitan luzaro egon edo ariketa fisiko nekagarria egin eta berehala ez utzi sartzen umeak uretan bat-batean.
  • Tranpolin, palanka edo txirristen erabilerari dagokienez, erne igerilekuko segurtasun seinaleekin; baita sakonera adierazten dutenekin ere.
  • · Ez utzi haurrei igerilekuaren ertzean bultzaka jolasten, bata bestearen gainetik jauzi egiten, pulunpaka jauzten, txirristetatik behera katea osatzen, etc
  • Segurtatu igerian ez dakiten umeek adinaren araberako txalekoa edo antzeko salbamendu-elementua jarrita daramatela, gorputz osoa azalean baina, batez ere, burua uretatik kanpo mantentzea erraztuko diena. Egiaztatu zure seme-alabek igerilekuan darabilten material guztia Europako Batzordeak homologatua dagoela.
  • Kontuz haurrei gerrian kokatzen zaizkien “ahatetxo” motako flotagailuekin: baliteke irauli egin eta buelta ematen ez asmatzea.
  • Joateko eta umeak bakarrik uzteko asmoa baduzu, ez fidatu soroslearekin. Berak bi begi baizik ez du eta baliteke arriskua aldi berean gune bat baino gehiagotan sortzea.
  • Arduratu bereziki osasun arazoak dituzten haurrekin. Zaindu ahalik eta era zorrotzenean gaixotasunik duten umeak, sindrome konbultsiboak nozitzen dituztenean, gehienbat. Horrelakoak arrisku bizi-bizikoak dira, igerilekuan dauden bitartean krisia etor dakieke eta.
  • Etxe partikularretako igerilekuetan, ur inguruan hesi babesleak jartzea neurri zuhurra da haurrei erorikoak edo bestelako ezbeharrak ez gertatzeko.