Etxebizitzara ere egokitu behar
Domotika eta barne-arkitekturako adituek adierazi dutenez, etxebizitza barnean udako beroari aurre egiteko, 10 bat graduko aldea lortu beharra dago barru eta kanpoko tenperaturen artean. Hori lortzeko sistemetako bat, barnealdeko tenperatura jaisteko aukera emango duen aire egokituko aparatua ezartzea da. Espezialisten iritziz, egoera klimatikoari organismoa nola egokitzen zaion eta bero mineko hilabeteetan soineko arinagoak janzten ditugula kontuan izaki, 21 eta 25 gradu bitarteko tenperatura aski da etxean edo bulegoan eroso sentitzeko. Hori baino hotzagorik ez da osasungarria: aire egokituari leporatzen zaizkion hotzeri eta mafrundien zergatia aparatu horiek eraginiko tenperatura hotzetan eta erabiltzaileak aire korrontetik gertuegi jartzean bilatu beharra dago. Izan ere, airea barrutik 10 eta 15 gradu bitarteko tenperaturan ateratzen da. Nolanahi ere, 21-25º C-ko hozbero hori aukeratzeko nahikoa argudio garrantzitsua ez balitz ere, hona beste datu bat, agian bestela pentsaraziko diguna: etxeko tenperatura jaisten den gradu bakoitzeko energiaren %8 gehiago gastatzen da.
Aire egokitua, aire freskatua eta klimatizatzailea
Ohiko akatsa dugu “aire egokitu” terminoa aire freskatuari aplikatzea eta airea egokitzea airea klimatizatzearekin nahastea. Aire freskatua, aire korronte iragazia igortzen duten haizagailuez hornituriko unitateek ekoizten dute. Freskatze sistema aire egokitua izan dadin, giroaren arabera neurturiko airea (tenperatura bera ere hautatuz) era koordinatuan ematen duen ekipo multzoa izan behar du. Klimaizatzailea martxan jartzen badugu, aparatu horren bitartez hainbeste graduko tenperatura aukeratzeaz gainera, giroko hezetasuna ere hautatu ahal izango dugu. Horrenbestez, etxebizitzan aire egokitua jartzea edo etxebizitza klimatizatzea ez da gauza bera. Jeneralean, 21 eta 25 gradu bitarteko tenperatura (“konfortekoa” deritzona) erdiesten duten aparatuak ez daude prestaturik giroko hezetasun erlatiboa mantentzeko. Sistema hori dezente konplexuagoa da, askozaz garestiagoa eta, gainera, etxean ez da ezinbestekoa: urtean hainbat hilabetetan funtzionatzea aski da.
Aire egokitua instalatzea
Aire egokituko etxerako aparatuak ezartzean eskuarki split modelokoak (hau da, kanpoan konpresorea eta barrualdean lurrungailuak dituena) aukeratzen direnez, ez dira sekulako obrak egin behar izaten. Halaz ere, auzokideen komunitatearen baimena eduki behar da, konpresorea ezartzeko eraikineko barne fatxada baliatzeaz gainera, hustubideak instalatzeko hormak zulatu beharko ditugulako (dena den, hauek kanaltxoekin estaliko direnez, gerora ez dira nabarmen ageriko). Profesionalek bi eguneko lana dute instalazioa burutzeko eta guztirako kostua 800 euro inguruan dabil. Honelako aparatuek aski eragozpen ezaguna dute bero handia egiten duen eskualdeetan: transformagailua (eskuarki, balkoian edo fatxadan kokatua) tenperatura altu-altuko elementuekin kontaktuan egon ohi denez, matxurak dezente ohikoagoak izaten dira, ekipoak lan gehiago egin behar izaten du eta.
Bero-ponpa, egun gehien erabiltzen den sistema
Zerbait gehixeago gastatzeko prest bagaude bero-ponpa instalatzeko aukera dugu; horrela, uda partean aire egokitu gisa erabili eta neguan kalefakzio bezala baliatuko ahal izango dugu aparatu bera. Teknologia hori, hozkailuko tenperatura hozteko ere baliatzen dena, Carnot-en printzipioan (1824an asmatua) oinarritua dago: kanpo aldean unitate bat ipintzen da eta beste bat barruan; bero-punparen eginkizuna beroa etxez kanpo edo barne aldera eramatea da, segun-eta etxebizitza hoztu edo berotu nahi den. Giroa hozteko, etxeko airea barne hoditik igarotzen da; barnealdeko airearen beroa xurgatu da eta ondoriozko aire hotzagoari berriz ere igaro arazten zaio etxean zehar, sistemako hodietatik barrena. Etxeko beroa kanpoko hoditik irteten da. Kalefakzioa martxan jartzean, bero-ponpak prozesua alderanzten du, kanpoko giro hotzarekin etxea berotzeko. Aparatu hori garestixeago da, hoztu nahi den gelaren tamainaren araberako prezioa izango du baina merkatuan badaude modeloak 750 eurotik hasita. Instalazioa eta honen kostua, aire aparatu tradizionalen parekoa da.
Eguneko kontsumoa dela eta, duela pare bat urte arte bero-ponparen eragozpen latza energi kontsumo altuegia zen. Teknologiak alor honetan egin du aurrerabide handiena eta, ondorioz, kontsumoa izugarri jaitsi da erlatiboki. Logela batean dagoen unitateak 0,06 euro kontsumitzen du orduko; jangelan dagoenak, berriz, 0,09 euro. Hau da, bero-ponpak mikrouhin labeak edo baxera-garbigailuak baino gutxiago gastatzen du.
- Split finkoa. Merkatuan eskakizun handienekoa izateaz gainera, merkeena du instalazioa (300 euro inguru) eta mantenua. Hodi baten bitartez loturik dauden kanpo-unitateak eta barne-unitateak osatzen dute sistema. Modeloa nolakoa den, sabaian edo horman instalatzekoa da, 600 eta 1.200 euro ordainduta.
- Split mugikorra. Gela batetik bestera eraman daiteke hau, ur-ponpako hustubideak toki horretan kanporako irteera baldin badu, behintzat. Sistema hau instalatzeko ez da beharrezkoa profesionalen esku hartzea. Potentzia guztietako aparatuak daude baina denek ere energia asko gastatzen dute. Bestelako aire-aparaturik ezartzea ezinezkoa denean bakarrik aholka daiteke honelako sistema instalatzea. Merkatuan salgai, 800 eurotik aurrera.
- Multisplit. Split sistema honek barne-unitate asko dituenez, etxebizitza osoa egokitu ahal izaten da (halaxe aholkatzen da 100 metro karratutik gorako etxeetan eta bero handia egiten duen eskualdeetako familiabakarrekoetan). Prezioa aldatu egiten da, aparatuari erantsi nahi zaizkion kontsolen kopuruaren arabera: bi unitatekoa, 1.200 eurotik aurrera; hirukoa, 2.200 eurotik hasita.
- Aire zone. Aparatu zentral batek aire hotza hodien bitartez banatzen du; termostatoak gela bakoitzerako airearen pasabidea itxi edo ireki egingo du, gela horretako botoia sakatuz. Aparatu eta instalazioaren guztirako kostua, 90 metro karratuko etxebizitza baterako, 3.500 eta 4.500 euro inguruan dabil. Hasieran kostu handikoa bada ere, sistema hau epe luzera errentagarri gertatzen da, energia aurreztea ahalbideratzen duelako.