Zergatik egiten zaigu horren zaila sexuaz jardutea?
Ohikoena, alderdi morboso edo nabarmenera murriztea izaten da, giza sexualitatearen beste hamaikatxo alderdi (kulturalak, erlijiosoak, sozialak, politikoak, hezkuntzazkoak eta fisiologikoak, gutxienez) ahantzita. Dena den, sexua gure barne-barneko mundu horren parte da. Mendetan zehar debekaturiko kontutzat aurkeztu izan digute, intimitate hori errespetatu gabe: beraz, ezkutuan gorde behar izan dugu denok. Gizarteak, iruzur horretatik askatzean, hainbatetan kontrako alderdira jauzi egin zuen eta, hein batean bederen, arinkeriaz tratatu egin du; areago, hainbat alorretan arrunkeriaren parean agerrarazi izan du, erreibindikazio gisa edo. Korronte askatzaile horiek sexua pertsonaren intimitatearen parte bat dela ahantzi edo alboratu zuten, nolabait.
Nola normaliza daiteke sexuaren sozializazioa?
Sexualitatea argitara ekartzea biziki mesedegarria izan da baina, zernahik bezala, horrek ere baditu bere itzalak: hedatu izan diren informazioen zorroztasunik ezagatik sekulako prezioa ordaintzen ari gara egun (hainbat gai jorratzean hitz eta esakune absolutuak baliatzen direnean, batik bat). Ez dira aintzat hartzen sexua ongi ez ezagutzeak sortarazten dituen frustrazio eta angustiak eta bizpahiru mito baizik ez dira tratatzen, oraindik indarrean irauten duten okerreko ideietan bat ere sakondu gabe. Duela urte gutxi haurrei masturbatzeak alopezia ondorioztatzen zuela “irakasten” zitzaigula gogora badakar norbaitek, inguruan irribarre mesfidatiak sortuko zaizkio baina, halaz ere, arras sustraiturik segitzen duten sinesmen faltsu batzuk zalantza izpirik gabeko egiak iruditzen zaizkigu.
Esate baterako…
Koitoari gehiegizko garrantzia ematen zaio oraino. Aurreko belaunaldietan hertsaturiko sexualitatea ugalketara bakar-bakarrik bideratzen zen: sexua ugalkortasuna funts harturik soilik existitzen zenez, koitoa zen adierazpen sexual gorena. Orain, berriz, atsegin eta ongizate pertsonala bilatzeko bide, eman eta jasotzeko topaketa, pertsonek elkarrekin komunikatzeko balia dezaketen mintzaira gisa ulertzen hasi gara sexua. Laket kontzeptuaz ari garela, kontuan izan koitoa ez dela beti sexu praktikarik atseginena, ezta laket handien ematen diguna ere. Frogatua dagoenez, emakumeen %70, sexu harremanak koitora bakarrik murriztuz gero, ez daude ase. Hona beste mito bat: masturbazioa bikotekiderik ez duten pertsonek bakarrik egiten duten sexu praktika da; egiari zor, era guztietako pertsonen ohiko jokamoldea da, natural-naturala. Horra beste bat, oraino: zure bikotekideak aurkitu behar du zuri zer gustatzen zaizun, zerk kitzikatzen zaituen gehien. Badirudi sexua zientzia infusoa dela, hark zuregana sentitzen duen maitasunari esker, inongo hitzik esateke, nola eta non laztandu behar zaituen jakiteko gauza izan behar duela. Akats horrek argi asko uzten du, gerora, ezagutza benetan ematen diguna eskarmentua eta hizketa dela. Bizitza osoa emango dugu gure lagunaren jaki nahiena zein den isil-isilik ikertzen edo, bestela, berari galdetuko diogu, honela denbora asko eta balizko gaizki ulerturen bat aurrezteko.
Gure jokaera sexualetan eraginik izan al dute zinema eta telebistako eszena esplizituek?
Sexuaz jarduteko filmak lagungarri ditugu baina mitoak iraunarazten dituzte eta, gainera, gaztetxo eta nerabeei ez ezik, pertsona helduei ere okerreko ezagutza transmititzen diete. Zineman oso sexu mugatua ikusten dugu: ohea, gizona, emakumea, mugimendu sinkronizatu batzuk, berehalako kitzikatzea eta sekulako orgasmoa. Antisorgailuak, zelulitisak, tripatzarrak… alboratu egiten dira, oro har. Klitoririk ez da munduan, jakina. Sexualitatea genitalizatzen ari gara horrela, eskarmentu jakin batzuetara eta gorputz perfektuen klixeetara ekarrita. Horrek, dudarik gabe, gizakiaren auto-estimazioa apaltzen du eta, gainera, sexuaz gozatzeko unean ikaragarri inhibitzen du.
Sexualitateaz aho betean aritzea sexu-jarduera biziagoaren eragile al da?
Planteamendu horrek ez du oinarri zientifiko edo soziologikorik. Dena den, kontu frogatua da informazio hobea duten pertsonei konpontzeko duda gutxiago geratzen zaizkiela, hobeki prestatuak daudela eta, hitz batez, sexualitate hobea bizi dutela. Zalantzak konpondu eta aurreiritzi edo mitoei saihets egin dieten gazteak sexualitatera geroago iristen dira baina, hori bai, hobeki prestaturik eta sexu den guztiari aurre egiteko gaitasun hobearekin. Gurasoek, adibidez, askoz ere kezkatuago egon beharko lukete sexuaren aurrean jarrera positiboa agertzeaz, ezagutza azaldu edo seme-alaben galderei erantzun zuzenak emateaz baino. Umeen heziketa sexuala, eskaintzen zaien informazioak baino askoz ere hertsikiago baldintzatzen dute jarrerek. Sexu eszena bat agertzen denean gaztetxoei telebista itzaltzen bazaie edo sexuaz informazio edo iritzi kaltegarriak ematen bazaizkie, haiei bost axola eman zaien biologia alorreko informazioak.
Homosexualitatea: erantzunak eman behar zaizkio tabu sozial horri…
Gure gizarte honetan, homosexualitatearen pertzepzio soziala hiesari, bizioari eta promiskuotasunari estuki lotuta dago. Monoteismoen aurreko garaietan sexualitatea laket bilaketa gisa ulertzen zuten baina zibilizazioek sexua ugalketarekin lotu zuten. Horrenbestez, sexua antzua zenean, sexu bereko bi pertsonen artekoa adibidez, baliogabekotzat jotzen zen; harreman maskulinoak, batez ere, gizonezkoak rol femeninoa hartzen zuelakoan, emakumea behe-mailako gizakia izanik. Denok gara gizaki eta zeinahi sexu-norabide baliozko da: horretan aurrera egin behar dugu, maitatzeko, laket eman eta hartzeko gaitasunez hornituriko pertsona garelako, hain zuzen ere.
Nolakoa da sexua eta maitasunaren arteko lotura?
Sexua afektibitateari intrintsekoki loturik dago baina ez da nahitaezkoa maitasunarekin bat eginik agertzea. Gizakiak makina bat sentsazio bizi izan ditzake: erakarpena, desioa, kariñoa… harremanak hortik sortzen dira. Sexua askatasunez partekatzen duten bi pertsonak, batak bestearenganako deus ez sentitzea benetan zaila bada ere, sentimendu hori ez da derrigorrez maitasuna izango; dena den, hortxe laketezko sentsazioak biziko dituzte batak eta besteak. Sexua maitasunarekin, maitasuna kariñoarekin, kariñoa sexuarekin… bizi dezakegu: hortxe sartzen da sexuaz dugun ezagutza, ez dezagun ahaztu: sexua ikasketa da, ezagutza enpirikoetan oinarritua dago eta gure baitan bizi da, jaio garenetik heriotzaraino.
Hirugarren adinean ba ote da sexualitaterik?
Horixe badela, etengabeko ikasketen arabera bilakatuz doana, gainera; are eta gehiago herri honetan, bertan sexuak zentsura latza pairatu zuenez gizon eta emakumeek sexu heziketa manipulatu eta bihurritua jaso baitzuten, batzuen eta besteen kaltetarako. Horrek bizitza osoan irauten du, gainera; esate baterako, zahar batzuek uste dute sexualitateaz gozatzeko eskubiderik ez dutela, desioa sentitzearen erruz atso edo agure lotsagabe bihurtzen direla. Nolanahi ere, badago sexualitatea berriro aurkitzeko aukera, beti dago horretarako astirik. Hortxe sartzen da hezkuntza berriro ere: ez gara ari berebiziko koitoez, ezta nerabeen kitzikatze sutsuaz, baina laztan bat hartzea, bestearen azala sentitzea, sentsazioen hegaletan doala sentitzea inork ez du mingarri. Emakume askok, gazteak oraindik, 50 edo 60 urte baizik ez dutelako, iruzurraren biktima sentitzen direla aitortu izan didate, urte askotan sexualitatea ebatsi egin zaiela idorotzean.
Hona guraso askoren kezka: noiz eta nolako hitzekin mintzatu behar zaizkie sexuaz haurrei? Nola uztartu beraiek pentsatzen dutena eta ikastegietan ematen den heziketa sexuala?
Sexologiako profesionalak ezagutza hori transmititzeko pertsona baliozko bakarrak direla uste izan duenak akats handia du. Profesionalak irakaslea informatu, trebatu eta aholkatu egin dezake baina heziketa hori alferrikakoa izango da asmoa ez bada funtsezko aldaketak eragitea: eskoletan oraindik ere sexua gai beldurgarria da; familian bertan ere, beldurra ematen du sexuaz aritzeak eta, horrenbestez, gaizki egiten da. Sexu-harremana zer den ezagutarazi baizik ez zaie egiten haurrei, eginkizuna gizakiak ugaltzea dela erantsiz. Hori informazioa ematea da, baina ez da gaztetxoa prestatzea. Haurrei sexuaz kontatzen zaienak eta esaten zaizkien hitzek baino askoz ere eragin biziagoa dute beren hezitzaileen, gurasoen, irakasleen jarrerek, sexuaren aurrean inguruko pertsona helduen jarrera hautematen baitute. Orain helduak garenok sexualitatea bizi izan dugun era nardagarri honetan bizi ez dezaten ahalegindu behar dugu.