Eguzkitarako betaurrekoak aukeratzea

Begien osasuna, aurrena

Espainian urtero saltzen diren hamalau milioi eguzkitarako betaurrekoen %70ek segurtasunari buruzko europar arautegia urratu egiten dute
1 ekaina de 2003
Img consejo listado

Begien osasuna, aurrena

Jende askorentzat janzkeraren osagarri hutsa diren arren, eguzkitarako antiojoak ekiaren eragin kaltegarri edo arriskutsuetatik begia babestu behar dute. Horrenbestez, betaurrekoak aukeratzean moda edo irizpide estetiko hutsaren ordez, erabilera izan beharko dugu gogoan. Armazoia hautatzea, berriz, bestelako kontua da: orduan gure zaletasunak nagusituko zaizkio bestelakoei eta gustukoen duguna hartuko dugu.

  • Eguzkitarako betaurrekoen erosketa ikusmen alorreko espezialista batek gidatu behar du.
  • Erabiliko dugun erari (mendian, hondartzan, kirolean, gidatzean, etc.) egokitutako antiparrak aukeratu behar ditugu.
  • Eguzkitarako betaurreko egokienak neutro izango dira ikuspegi optikotik, izpi ultramoreen aurrean babespen-gradu altukoak, aurreko zein alboko izpi kaltegarrietatik babestu behar dute begia, zimur edo ertz zorrotzik ez dute izango eta kristalak beirazkoak edo organikoak izango dituzte (inola ere ez plastikozkorik).
  • Eguzki izpietatik begia babesteaz gainera, akatsik gabeko ikusmena izatea ahalbideratu behar dute antiojo egokiek.
  • Ez erreparatu kristalaren koloreari soilik: lente zuri batzuek UV izpien %100 irazten duten bitartean, beste batzuek, ilun-ilunak, ez dute UVA zuzen iragazten, bai ordea izpi ikusgaia; horrela, begi-ninia areago handitzen da eta, ondorioz, begiak UVA erradiazio handiagoa hartzen du.
  • Arreta berezia haurrei: kristalinoa ia erabat gardena dute umeak 10 edo 12 urte bete arte eta, beraz, erradiazio guztia hartzen du. Ez erosi umeentzat jostailuzko eguzkitarako betaurrekoak, edo Europar Batzordearen Araudia zorrotz betetzen ez dutenak.
  • Eguzkitarako lenteak begia behar bezala babes dezan, aurpegiari zehazki egokitua egon behar du: armazoia erdiraturik eta begitartetik urrundu gabe kokatu behar da.
  • Honelako antiparrik erosi aurretik, egiaztatu Europar Batzordearen zigilua daukala eta etiketan lente-mota edo filtro-kategoria argi eta garbi agertzen dela.
  • Egiaztatu etiketan edo informazio-orritxoan agertzen direla fabrikatzailearen izena, helbidea, gorde, erabili, garbitu, mantendu edota desinfektatzeko argibideak eta, azkenik, ibilgailuak gidatzeko egokia ez den filtro-motarekin fabrikatuak baldin badaude, segurtasun alorreko hainbat aholku.

Nolako premia, halako kolorea

Moda eta zaletasun estetikoen gainetik, betaurrekoak zertarako diren egokiak lenteen koloreak adierazten du.

  • Marroia: erradiazio urdinak irazteko. Kontrastea eta eremu-sakonera areagotzen du eta aire zabaleko kirolean aritzeko egoki-egokia da, eragin erlaxagarria baitu. Miopia dutenei aholkatzen zaie.
  • Berdea: koloreak alterazio gutxirekin hartzea ahalbideratzen du. Argitasun ikusgaia murrizten du, ikusmenaren zorroztasuna urritu gabe. Kirol nautikoak praktikatzeko eta hipermetropeentzat berezia.
  • Horia: laino edo lanbroa dagoenean kontrastea hobetzen du. Egun eguzkitsuetan ibilgailua gidatzeko ez da aholkatzen kolore horiko lenteak eramatea, semaforoetako argi gorri eta berdeen pertzepzioa akastun gerta daitekeelako.
  • Grisa: era jarraikian erabil daiteke, espektroan zehar argitasuna uniformeki igorri eta berezko koloreak era naturalagoan transmititzen dituelako. Gidatzeko egokiak.
  • Laranja: eguzki argiarekin ez da egokia. Kolore horiak baino areago handitzen du kontrastea eta zerua estalita dagoenean erabiltzea aholkatzen dute. Argitasun urriarekin kontrasterik handiena eskaintzen duelarik, argi urdinaren filtro eraginkorra da. Gauez, laino tartean edo toki lanbrotsuetan gidatzeko kolore egokiena da hau.

Filtroen absortzio-graduak

  • Filtro fotokromatikoa: argi ultramorearen intentsitateari erantzun gisa, tonua ilundu egiten du. Barnealdetik kanpora eta alderantzizko joan-etorriak maiz egin behar dituenarentzat egokia.
  • Filtro ispiluduna: UVAren aurrean gehieneko babesa ematen duenez, eskiatzean edota eskalatzean aholkatzen da. Eragozpena: arrastoak erraz egiten dira bertan.
  • Filtro polarizatua: itsutzea biziki arintzen du, ur, elur, hondar eta antzeko azaleretatik islak suntsitzen dituelako. Hortaz, azalera islatzaileen gaineko ariketetan (arrantza, kirol nautikoak, etab.) biziki baliagarriak dira.
  • Islaren kontrakodun filtroa: betaurrekoen alboetatik igarotzen diren izpien islak neutralizatzen ditu.

Begien osasuna jokoan

  • Begiak babespenik gabe eguzkitara luzaro edukitzea kornean, erretinan eta kristalinoan lesio gaitzen eragile izan daiteke, konjuntibitisa (afekziorik ohikoena), ultzera kronikoak eta begi lauso goiztiarren agerpena ondoriozta ditzakeelarik.
  • Begi lausoen prebentziorako eraginkorrena, UVA eta UVB erradiazioak irazten dituzten eguzkitarako betaurrekoak eramatea da; horrezaz gainera, lurzoru eta hormetan ez ezik, norberaren aurpegi eta lepoan islaturiko erradiazioa ekiditen badute, orduan eta egokiago izango dira.
  • Antiojo desegokiek eragiten dituzten kalteak ez dira berehala agertzen, okerreko erabilera hasi denetik urte batzuetara baizik; kasurik gehienetan kalteak ez du atzera bueltarik.
  • Burukomin eta ohiz kanpoko fotofobia (argitasuna ezin pairatzea, are haren beldur izatea) batzuk ere, begietara erradiazio ultramorea galarazteko balio ez duten filtro egokirik gabeko eguzkitarako betaurrekoen erabilerak sortarazten ditu.
Eguzkitarako betaurrekoen babes-indizeak
Filtro
maila
Eguzki argitasuna Argi ikusgaiaren absortzioa(%) Azalpena Noiz komeni den
0 Apal-apala 0-20 Lente argi edo kolore-arrasto arina dutenak Estetika eta konforta.Eguraldi estalia, lainoa, haizea, hautsa
1 Apala 20-56 Kolore gutxi dutenak Hirian erabiltzekoak.
2 Ertaina 57-81 Kolore asko ez dutenak Paseoan, golfean, tenisean.
3 Handia 82-91 Lente ilunak Haurrak, hondartza, mendia.
4 Oso handia 92-97 Lente ilun-ilunak Ur-kirolak, goi-mendia