Txikitzen, txikitzen...
Bideokamera digital berriak gero eta osatuagoak dira teknikoki eta gero eta txikiagoak neurriz Bideokamerak aski tresna onak dira gure bizitzaren zati bat harrapatzeko, eta egungoak, gainera, gero eta merkeago eros litezke (neurrian ere behera eta behera doaz). Argazki kamera digitalekin batera, ezin egokiagoak dira bidaietara eramateko, familiako ekitaldietara eta laneko zereginetara. Kamera konpaktu bat baino zertxobait handiagoak dira, arinak eta eramangarriak, eta teknologia aldetik goi mailara iritsi dira. Azken belaunaldiko telebista lauetan ikusteko, adibidez, bereizmen handi-handiko irudiak hartzen dituzte, eta horrexegatik hedatu dira hainbeste jendearen artean.
Dohain horiez gain, beste batzuk ere badituzte belaunaldi berriko kamera horiek. Prezioa, esaterako. Egun, 250 eurorekin eros liteke era horretako kamera bat, eta hortik gora, 1.500 eurorainokoak ere badira. Irudi grabatuaren kalitatean egon ohi da alderik handiena kameratik kamerara (zenbat eta garestiagoa, orduan eta kalitate hobea), eta irudiak gordetzeko sistemak ere badu zeresana, jakina.
Bideokamera hautatzeko irizpide nagusiak
Ohiko erabiltzaile batek, kalitatezko irudiak bai baina emaitza artistiko edo profesionalak bilatzen ez dituen batek, oreka bilatu behar du kamera hautatzerakoan: erabilgarria izan behar du eta aukera egokiz hornitua egon behar du. Irudiak grabatzerakoan eta editatzerakoan funtzionala izatea komeni da. Aukerei dagokienez, berriz, ikusi egin behar da zer den beharrezkoa eta zer osagarria. Alderdi horiek aintzat hartuta erabaki behar da zenbat ordaintzea merezi duen.
Sistema optikoa
Alderdi optikoari erreparatuz gero, zoom mota da gauzarik garrantzitsuenetakoa. Bi sistema daude egun, eta alde handia dago bien artean, kalitatean bezala prezioan ere: zoom optikoa da bat eta zoom digitala bestea. Argazki kamera digitaletan gertatzen den bezala, zoom optikoak leiar-joko bat izaten du. Horixe da aukerarik onena, baina garestiena ere bai. Zoom digitala sistema elektronikoa da, eta emaitza apalagoak ematen ditu. Aurrekontua iristen bada, beraz, hobe da zoom optikoa duen kamera hartzea. Sentsorea da beste faktore bat. Irudia harrapatu eta digital bihurtzea, horixe da sentsorearen egitekoa. Merkatuan bi sentsore mota daude egun, CCD delakoa eta CMOS izenekoa. Antzeko kalitatea ematen dute biek, eta, beraz, ez da erabakigarria. CCD motakoak, ordea, sistema berezi bat du, 3 CCD izenekoa, eta sentiberatasun gehiagorekin hartzen ditu irudiak.
Garrantzitsuena, hala ere, ez da irudia nola harrapatzen den, ezpada zer kalitate duen azken emaitzak. Bestela esanda, zer bereizmen eskaintzen duen kamerak. Uneotan, 720p-ko kalitatea ematen dute kamerarik merkeenek (HD Ready ere esaten zaio); horietan, 1280 x 720 pixeleko bereizmenarekin ikusten da irudia. Horien prezioa 400 euroren inguruan dabil. Hortik gorako kalitatea nahi bada, Full HD esaten zaiona (1920 x 1080 pixel), gehiago ordaindu beharra dago.
Alderdi fisikoak
Bideokamera digital baten funtzionamendua eta emaitza ez daude alderdi optikoaren menpe soilik. Behin irudia harrapatuta, modu batera edo bestera gordeko du kamerak, eta gordetzeko modu horrek erabakiko du zenbateraino izango den erraza irudi horiek erabiltzea, berriz ikustea edo ordenagailuko programa batean editatzea. Denbora luzez, bideo-zintak erabili izan dira irudiak gordetzeko, eta oraindik ere halaxe egiten du zenbait kamerak. Sistema hori, ordea, ez da egokiena grabazioa ordenagailuan ikusteko, egokigailu bereziak behar izaten baitira. Beste batzuek DVD diskoak erabiltzen dituzte, baina irudi horiek ateratzea ere ez da erraza izaten.
Disko gogorra duten kamerak dira guztietan praktikoenak, edo SD memoria-txartela erabiltzen dutenak, grabazioa kameratik ordenagailura eramateko aski izaten baita USB kable batekin lotzea biak edo SD txartela ordenagailuak dakarren zulotxoan sartzea. Oro har, memoria-gaitasun handia eduki ohi dute, irudi-erregistro batek leku asko hartzen baitu.
Disko gogorrak zenbat eta gaitasun handiago eduki, orduan eta grabazio ordu gehiago gorde ahal izango ditu, baina horrek ere badu bere alde txarra. Disko gogor handia duen kamerak pisu gehiago edukiko du, eta neurria ere handiagoa izango du; horrek, ondorioz, ez du hain eramangarri egingo. Merkatuan badira gaitasun handiko disko gogorra duten kamera txikiak ere, baina horiexek dira garestienak. SD txartelaren aukerak ez du baldintzatzen kameraren pisua eta neurria, baina bai memoria-gaitasuna: 32 gigabytekoa izango da, gehienez. Gaitasun handiagoa lortu nahi bada, ordezko txartelekin ibili beharra dago. Kameran grabatu duguna ordenagailuaren disko gogorrera atera ondoren, irudiak editatzen has gaitezke, baina hori egin aurretik, ziurtatu egin behar dugu kamerak erabiltzen duen konpresio-formatua bat datorrela ordenagailuak dauzkan multimedia-erreproduzigailuekin. Honako hauek dira konpresio-formaturik ohikoenak, erreproduzigailuek eta edizio-programek ezagutzen dituztenak: Theora, DivX, MPEG-2, MPEG-4, WMV edo FLV.
Kamerak beste formatu batean grabatzen baditu irudiak, Interneten bila litezke formatu hori irakurtzeko kodeak eta edizio-programak ezagutzen duen formatura moldatzekoak. Hori eginda, ordea, gerta liteke irudiek kalitatea galtzea.
Azkenik, bideokamerak zer konexio mota dituen aztertu behar da; ordenagailura zuzenean konektatzeko modua eskaini behar luke, edo telebista pantailara edo beste edozein tresnatara. Gutxienez, USB atari bat eduki behar du, eta Super Bideo motako konektorea edo Bideo Konposatu motakoa. HDn grabatzen badu, ezinbestekoa da HDMI konektore bat eduki dezan bideo-irteerako atari moduan, horrek aukera emango baitu HD telebista batekin konektatzeko.