Azpiegitura ekologikoak

Faunak behar dituen bidezidorrak

Autobideak, trenbideak eta beste azpiegitura handi batzuk oso arriskutsuak gertatzen dira gidari eta animalientzat, baina badago arriskua gutxitzeko modua
1 abendua de 2009
Img medioambiente listado 662

Faunak behar dituen bidezidorrak

/imgs/20091201/medioambiente1.jpg
Espainiako errepideetan 10 milioi animalia baino gehiago hiltzen dira urtean ibilgailuek harrapatuta, eta pertsonak ere hiltzen dira istripu horien ondorioz (300 lagun inguru larri zauritzen dira, eta horietatik 10 hiltzen, gutxienez). Bide segurtasuneko arazo bat izateaz gain, ingurumenari ere eragiten dio, nola ez. Ibilgailuek harrapatzen dituzten animaliarik gehienak etxe-abereak edo haztegietakoak izaten dira, baina oreinak, basurdeak eta orkatzak ere gero eta gehiago agertzen dira hilda. Azpiegitura handi horiek eraikitzearen ondorioz gertatzen dira istripu horiek, baina beste ondorio batzuk ere baditu jardun horrek: komunikazio bide horiek zatitu egiten dute lurraldea, animalia taldeak gero eta multzo txikiagoetan zatituta geratzen dira. Ezin dira libre mugitu batetik bestera, eta horrek zaildu egiten dien elikagaiak eta ugaltzeko kideak bilatzeko jarduna; ondorioz, zenbait espezie desagertzeko arriskuan geratzen dira, nahiz eta naturagune babestuan egon. Zer egin komunikazio azpiegiturak handitu baina ekosistemei kalterik ez sortzeko eta faunari eta pertsonei eragiten zaizkien arriskuak saihesteko?

Europako Batasunak zenbait ekintza proposatu ditu lurralde-zatitze horien eraginak gutxitzeko. Habitaten Zuzentarauak, 1992. urtekoak, oinarriak jartzen zituen eremu babestuen sarea sortzeko, Natura 2000 delakoa, eta mekanismoak ere eskaintzen zituen azpiegitura handiek inguru horietan sortzen dituzten eragin kaltegarriak saihesteko.

/imgs/20091201/medioambiente4.jpg
IENE Europako sarea ere horretan ari da (Infra Eco Network Europe), lurraldea zatitzeak zer ondorio dituen ebaluatzen eta horren eragina gutxitzeko moduak bilatzen. Europako herrialdeetako adituek, institutuek eta administrazioek osatzen dute sare hori, eta eman dituzte irtenbide batzuk: faunak erabiliko dituen pasabideak egin behar zaizkie trenbideei, autobideei, errepideei eta kanalei; hitz teknikoekin esanda, irazkortasun gehiago eman behar zaie. Horrez gain, zerbait eremu eskaini nahi zaizkie animaliei (landa lurrak, nekazari eta baso lurrak, ibaien ibilbideak…), korridore ekologiko moduan erabil ditzaten eremu babestu batetik bestera joateko.

Bideak irazkortu

/imgs/20091201/medioambiente5.jpg
Proposatu dituzten egituren artean, honako hauek nabarmendu litezke: biaduktoak (haranen edo ibaien goitik pasatzeko egiten diren zubiak), tunelak, tunel itxurako pasabideak (tunelen antzeko egiturak izaten dira, landaretzarekin estaliak, fauna handik igaro dadin), ekoduktoak edo zubi berdeak (errepide edo autobideen gainetik igarotzen diren pasabide handiak dira, landaretzaz hornituak, bidearen bi aldeetara geratzen diren eremuak lotzeko eginak). Gauza sinpleagoak ere egin daitezke, eta horiek ere aipatzen dituzte: lur azpiko pasabideak, igarobideak dituzten hesiak edo animalientzat bereziki jarritako atakak… Lehendik dauden azpiegiturei probetxu ateratzeko aholkua ere ematen dute, hala nola, nekazaritzan erabiltzen diren lur azpiko pasabideei eta urarentzat egin diren drainatze-bideei.

/imgs/20091201/medioambiente3.jpg
Azpiegitura handietan bezala txikietan ere, pasabide horiek eraginkorrak eta seguruak izatea da helburua. Landaretzarekin edo material naturalekin hornitzea da aukera bat, animaliei ezagun gerta dakien eta handik joatera ausartu daitezen; drainatze-bideei alboetan plataformak jartzea ere oso egokia da, uholdeak edo ibaialdiak gertatzen direnerako (eta animalia txikiek erabili ahal izateko); eta pasabideetako zoruan material batzuk ez erabiltzea ere garrantzitsua da, animaliak ez uxatzeko (altzairu kizkurtua eta beste metal batzuk ez dira egokiak, esaterako). Animaliei ez zaie utzi behar errepidera iristen, eta horretarako, inguru guztia itxi edo hesitu behar da, eta eurentzat egindako pasabideetara iristen lagundu.

Era berean, iraunarazi egin nahi dituzte bide handien inguruetan dauden nekazaritza eta baso lurrak, eta sasi eremu eta basoak, baita hirigune handien inguruan edo eremu babestuen ondoan daudenak ere; itxuraz, ez dira balio handikoak, baina korridore bereziki garrantzitsuak dira hainbat espezieren joan-etorrietan. Alemania iparraldean, adibidez, nekazaritzako lurrekin (‘Knick’) muga egiten duten eremuak zuhaitzez eta basa landarez osatuta daude, eta animaliek korridore sare handiak egin dituzte horietan.

Komunikazio-bideak irazkortzeko formula, ordea, oso berria da. Europan 20 urteko esperientzia apurra dago, eta Espainian, 1997an eta 1998an eraiki zituzten animalientzako berariaz egindako lehen egiturak, Galizian. Egungo azpiegiturek ez dute eskaintzen bitartekorik arazo hori konpontzeko, eta hortxe dago gakoa.

Bost milioi kilometro dituen sarea

Europako Batzordeak emandako datuen arabera, 27 herrialdek osatzen duten batasunak 5 milioi kilometroko errepide sarea du; horietatik guzietatik, autobideak dira 61.600 kilometro, trenbideak 215.00 kilometro (erdiak elektrifikatuak) eta 41.000 kilometro hartzen dituzte bestelako bideek. Sare horrek guztiak zatitu egin du lurraldea, eta hiriguneek ere berdin egin dute, eremu naturalak eten eta zatitu.

Faunak erabiliko dituen
73 pasabide eraiki
dituzte Espainian
errepide eta trenbideen
kalteak saihesteko

Espainiako egoerari buruzko txostena 2003. urtekoa da (COST 341 txostena), eta han esaten denez, 665.000 kilometroko errepide sarea dute eta 15.000 kilometroko trenbide sarea. Beste azpiegituretan ez bezala, AVE trenaren lanak egiteko, aintzat hartu dute eremuak animalientzat irazkortzeko beharra.

Espainiak badu berezitasun bat, hala ere: paisaia askotarikoak daude, aniztasun handia dago, eta espezieak ere erruz. Esaten dutenez, 60.000 mila animalia espezie daude, eta horietako batzuk Espainian eta Portugalen soilik aurki litezke, eguzki arranoa eta iberiar katamotza, esaterako.

Eta eremu babestuetan bizi diren arren, bide arriskutsuetatik oso hurbil mugitzen dira askotan: Natura 2000 ekimenak lehentasunezko jotzen zituen hektarea guztietatik 5.500 errepideen ondo-ondoan daude (200 metro baino gutxiagora), eta beste 150.000 hektarea, berriz, errepide sare batetik 500 metro baino gutxiagora daude. Bestalde, Natura 2000k lehentasunezko jotzen zituen eremuetatik igarotzen dira 1.300 kilometro errepide, eta beste 4.000 kilometrok balio handiko eremuak zeharkatzen dituzte. Madril, Kantabria, Euskadi eta Errioxa dira ingururik kaltetuenak.

Orain arte, honako azpiegitura hauek eraiki dituzte Espainian animaliak berariaz handik igarotzeko: 5 tunel, tunel itxurako igarobide bat, 7 biadukto, goiko 5 pasabide eta azpiko 56.

Bi espezie bereziren arriskua

Desagertzeko arriskua duten espezieen artean, iberiar katamotzaren egoera da ezagunena Espainian; eremu babestuetan bizi da animalia hori, Doñanan eta Gredosen, esaterako, baina errepideen eragina sumatzen du hark ere. Hartz arrearen kasua ez da hain ezaguna (Kantabriar mendikatean bizi da). Bi hartz talde daude elkarrengandik banatuta, bat mendebaldean eta bestea ekialdean. Bi horien artean korridore biologiko bat eraiki dute, baina baita zenbait hirigune ere, N-630 errepidea, Huernako autobidea, Pajaresko trenbidea eta, orain, AVE trenaren linea eraikitzen ari dira.

Mendebaldean bizi den taldean, 120 hartz dira, baina ekialdekoan, 30 baino ez, eta emeak 3 soilik; ondorioz, ugaltzeko gaitasuna kolokan egon liteke talde horretan. Hori dela eta, korridore berriak irekitzeko eskatu du Oso Fundazioak, bi taldeen arteko komunikazioa errazteko.