Oinezkoentzako eremuak: zirkulaziorik gabeko 100 kale aztertu ditugu 18 hiriburutan

Hiri altzarietan eta garbitasunean gabeziak, bost kaletik batean

Azterketa gainditu ez zutenak % 54 izan ziren 2004an, eta % 19 izan dira 2009an, baina batez besteko emaitza aski apala izan da oraingoan ere, 'onargarria' baino ez
1 abendua de 2009
Img tema listado 106

Hiri altzarietan eta garbitasunean gabeziak, bost kaletik batean

/imgs/20091201/tema1.jpg
Hirigunearen bihotzak izaten dira oinezkoentzako kaleak. Leku biziak dira, gizarte-harremanez eta merkataritza-jardueraz beteak, baina haietatik barrena pasatzen denarentzat beti ez daude baldintzarik onenetan. Zorua egoera txarrean, zikinkeria eta zakarrontzi gutxi, jarlekuak eskas (edo bat ere ez) atseden hartu nahi duenarentzat, ibilgailuak hara eta hona debekuak debeku… Gabezia horiek ez ditugu aipatzen besterik gabe, geure begiz ikusiak dira. Ikerketa egin du CONSUMER EROSKI-k Espainiako 18 hiriburutan, eta oinezkoentzako 100 kale aztertu ditu. Emaitza orokorra ‘onargarria’ baino ez da izan, eta bost kaletatik batek ez du gainditu azterketa (2004ko azterketan, erdiak geratu ziren gainditu gabe, eta, beraz, zerbait hobetu dute). Hobekuntza hori gorabehera, oraindik ere badute zertan aurreratu, bereziki, ibilgailuei jarritako debekuak errespetarazteko orduan.

Hiri hauetan ibili gara oinezkoentzako eremuak azter-tzen: A Coruña, Alacant, Almeria, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Eremu horiek hiri altzariz nola hornituta dauden aztertu dugu, nola garbituta eta zainduta dauden, seinaleak badituzten edo ez, segurtasunaren gaia nola dagoen eta zer-nolako irispideak dituzten. Proba praktiko bat ere egin dugu, ikusteko ea nola errespeta-tzen dituzten zirkulazio-debekuak zamalanak egiteko ordutegitik kanpo. Gure ikerketa osatzeko, informazioa eskatu diegu udal guztiei.

Garbitasun falta kaleen % 20tan antzeman dugu, eta % 35ek, berriz, zoru hondatuak eduki dituzte. Lautik hirutan zakarrontzi gutxi egon dira, eta 100 kaleetatik 60tan ez dugu jarlekurik ikusi eseri eta atseden hartzeko. Beste gabezia batzuk ere aurkitu ditugu: hamarretatik bitan, oinezkoentzat arriskutsu izan daitezkeen egoerak suertatu zaizkie gure teknikariei (konponketa lanak ongi babestu gabe egon dira, hiri altzariak egoera txarrean, zorua labainkor…), eta kaleen erdiek ez dute seinale berezirik eduki hura oinezkoentzako kalea dela berariaz adierazteko. Ibilgailuak, aldiz, ikusi dituzte aparkatuta edo ibilian, zamalanetarako ordutegitik kanpo.

Hiriz hiriko emaitzak hartuta, honako hauek gainditu dute CONSUMER EROSKI-k egin duen azterketa (emaitza ‘ona’ lortu dute oinezkoentzako kaleek hiri horietan): Kordoba, Madril, Oviedo, Valladolid eta Zaragoza. Maila ‘onargarrian’ geratu dira A Coruña, Alacant, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Granada, Murtzia, Sevilla eta Valentzia. Eta azterketa gainditu gabe geratu dira Almeria, Bartzelona, Iruñea eta Malaga (‘hala holako’ emaitza atera dute).

Zamalanak: merkatari eta auzokideen arteko oreka

Oinezkoentzako eremuek nola behar duten esateko orduan, guztiak ez datoz bat: zenbait oinezkok -handik pasatzen direnek, gehienbat- nahi izaten dute batere zirkulaziorik ez dadin izan eremu horietan, erosoagoa eta seguruagoa delako, baina han bizi direnek edo han lan egiten dutenek (dendetan, ostatuetan, bestelako saltokietan eta beste egoitza batzuetan), lehengaiz hornitu beharra dute eta ibilgailuak haraino iristea nahi izaten dute, zamalanak arintzeko (oinezkoentzako eremuetan, oro har, merkataritza-jarduera handia izaten da eta ostalaritzakoa ere bai). Gai horri irtenbidea eman nahian, zamalanak egiteko ordutegi jakin bat zehazten dute udalek. Ordutegia ez da berdina leku guztietan, baina hiru ordutik gorako tartea uzten dute denek. Zenbait hiritan gehiegizkoa iruditu zaigu zamalanetarako ordutegia: Bartzelonan, Granadan, Iruñean, Kordoban eta Malagan, goizean tarte zabala uzteaz gain, arratsaldean ere sartzeko aukera ematen diete ibilgailu profesionalei (bi eta hiru orduko tartea eskaintzen dute gehienek). Iruñean bereziki deigarria da malgutasuna: arratsaldeko zortziak arte aritu litezke zamalanetan, Hirigune Historikoan salbu (han ordutegi berezia dute, eta bost orduko tartea uzten dute, arratsaldeko 16:30 artekoa).

Almerian eta Murtzian galarazia dago oinezkoentzako kaleetan zamalanak egitea, egoera berezi-berezietan izan ezik (inguruko kaleetan egiten dituzte lan horiek). Madrilen gauez egiten dituzte zamalanak, goizeko hamaikak arte. Bilbon hiru orduko tartea uzten dute. A Coruñan, Gasteizen eta Oviedon bostekoa, hasi goizaldean eta goizeko lehen orduak arte, oinezkoei ahalik eta traba gutxien egiteko: 06:00etatik 11:00etara A Coruñan eta Oviedon, eta 07:00etatik 12:00etara Gasteizen (hirigune historikoan ordu bete gehiago). Azkenik, Valentzian eta Valladoliden lau ordu dituzte zeregin horietarako.

Oinezkoentzako kaleetan bestelako behar batzuk ere sortzen dira ibilgailuei dagokienez: kale horietan bizi direnek euren garajeetara sartu behar izaten dituzte autoak edo etxe inguruan utzi. Halakoetan, sarbide mugatuko sistemak erabiltzen dituzte udalek. Guk aztertu ditugun hirietan, identifikazio-txartelak erabiltzen dituzte batzuek, eta kamerak eta matrikula-irakurgailuak besteek (bi sistema horiek izan dira ohikoenak). A Coruñan, Donostian, Kordoban eta Valentzian, txartelak erabiltzen dituzte, eta Bartzelonan, Granadan eta malagan, berriz, kamerak eta matrikula-irakurgailuak. madrilen, Murtzian eta Gastezien bi sistemak erabiltzen dituzte eta Madrilen, gainera, interfonoak ere badituzte: eguneko 24 orduetan erabil litezke, Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroarekin harremanetan jartzeko, beharrezko balitz. Almerian urrutiko aginte bat ematen diete bizilagunei, eta Udalak markak jartzen ditu zoruan eta bestelako seinaleak ere bai, oinezkoek argi jakin dezaten nondik ibil daitezkeen ibilgailu motordunak. Valladoliden, Zaragozan, Bilbon eta Oviedon ez dute sistema bat eta bakarrik erabiltzen. Bilbon udaltzainei jakinarazi behar diete, eta Oviedon, NA erakutsiz frogatu behar izaten dute han bizi direla. Iruñean, azkenik, kaleak ixteko oztopoak daude jarrita eta egunean 5 orduz zabaltzen dituzte. Ordutegi horretatik kanpo bizilagunek foruzaingoari eskatu behar diete oinezkentzako kalera sartzeko baimena.

Zamalanen ordutegiak eta arauak

Oinezkoentzako eremuak merkataritza-gune garrantzitsuak izaten dira hirietan, eta, ondorioz, zamalanak egiteko ordutegi bat jarri behar izaten da. Saltokien beharrak eta han bizi direnen nahiak, ordea, beti ez dira bat etortzen. Horretarako daude udal araudiak, hiriguneetan ibili behar duten ibilgailuen jokabidea arautzeko. Honako hauek izaten dituzte ezaugarri nagusiak:

  • Zamalanak egin behar dira Udalak horretarako berariaz prestatu dituen eremuetan eta seinaleek ageri duten ordutegian. Zamalanetan ari ez diren ibilgailuak ezingo dira utzi horretarako erabiltzen diren eremuetan.
  • Zamalanetarako bereizten diren eremuak merkantzia-garraioan aritzen diren ibilgailuentzat dira, ezaugarri hori agerian eduki eta zama erabilgarria 3.500 kilotik beherakoa dutenentzat. Salbuespen moduan, ohiko ibilgailuek ere erabil ditzakete tresnak edo bestelako objektuak sartu edo atera-tzeko, baldin eta gidaria ez bada handik mugitzen eta 15 minutu baino gehiago behar ez badituzte.
  • Espaloitik gertuen dagoen aldetik jardun behar dute merkantziak sartzen edo ateratzen, eta beharrezko langile eta bitartekoak erabiliko dituzte zamalanak arintzeko.
  • Ibilgailutik ateratzen diren edo hara sartu nahi diren merkantzia eta materialak ez dira utziko kalean; saltokitik ibilgailura eramango dira zuzen-zuzenean, edo alderantziz (kasu berezi-berezietan izan ezik).
  • Zamalanak egiterakoan, saiatu behar da zarata eta eragozpen oro saihesten.
  • Udal araudi gehienek esaten dute zamalanek ezin dutela iraun 30 minutu baino gehiago.
  • Saiatu beharra dago oztoporik ez jartzen ez oinezkoei eta ez beste ibilgailuei. Oinezkoentzat edo ibilgailuentzat arriskutsua izango bada, eremua behar bezala hesitu behar da zamalanak egin bitartean.
  • Harriak, egurrak, burdinak eta gai pisutsuak poliki-poliki eta kontu handiarekin atera eta sartu behar dira, bestela kalteak sor daitezke-eta zoruan.

Segurtasuna, trafikoa, isunak

/imgs/20091201/tema3.jpg
Oinezkoentzako kaleen inguruan, zirkulazioa izaten duten kaleak egon ohi dira, eta guk aztertu ditugun kaleen ia erdiak gurutzatu egiten dira horietako kaleren batekin. Kale horietako erdietan, ez da egon semafororik oinezkoak seguruago ibil daitezen, eta soinua egiten duen gailurik ere ez dute eduki ikusmen-ezintasunak dituzten pertsonentzat (Iruñean, Murtzian eta Valladoliden eta Gasteizen soilik aurkitu ditugu). Kale ibilgailudunekin gurutzatzen diren hiru kaletatik bitan ez da egon sistemarik gidariei abiadura gutxiarazteko.

Kaleen % 18an, oinezkoentzat arriskutsu izan daitezkeen elementuak ikusi dituzte teknikariek: zorua labainkor egon da, galtzada-harriak solte eta egoera txarrean, estolda-babesak lekutik aterata, zakarrontziak hondatuta… ibilgailuak, gainera, abiadura handiegian ibili dira, konpontze-lanak ez dituzte behar bezala babestu, edo hiri altzariak gaizki jarrita eduki dituzte eta oinezkoen trabagarri. Valentziako kaleen erdian, estolda-babesak oztopo izan dira oinezkoentzat (irekita zeudelako eta/edo hondatuta); zakarrontziak traban egon dira Gasteizko eta Granadako bi kaletan (Granadako kaleen erdietan, landareontziak ere halaxe egon dira), eta zabor edukiontziak gaizki jarriak egon dira Madrilgo zazpi kaletatik hirutan eta Iruñeko hiru kaletatik batean.

Ostatu eta kafetegien terrazak kale zati bat hartu dute hamar kaletatik lautan. Iruñean eta Granadan terrazak eduki dituzten kaleen erdietan, aulkiek eta mahaiek traba egin diete oinezkoei (jendeak baztertu egin behar izan du beste norbaiti pasatzen uzteko, sigi-sagak eginez joan behar izan du aurrera, edo mahai artetik pasatuz).

Ibilgailuak eta ordutegia

Oinezkoentzako kaleetan ez da ibilgailurik ibiltzen eta aparkatuta ere ez dira egoten; horixe da, hain zuzen, kale horien berezitasuna. Aldizkariko teknikariek alderdi hori ere aztertu dute, alegia, zenbateraino bete-tzen den debekua. Hori egiteko, kaleetako joan-etorriari begira aritu dira zenbait orduz, eta ibilgailu batekin horietara sartzen ere saiatu dira, eta lortu dutenean, ibilgailua han aparkatu dute minutu batzuetarako, zer gertatzen den ikusteko. Hiriek, oro har, emaitza ‘ona’ lortu dute atal honetan, eta horrek erakusten du gauzak ongi egiten dituztela. 13 hirik gainditu dute gure azterketa: Almeriak, Kordobak eta Sevillak emaitza ‘oso ona’ lortu dute, eta Bartzelonak, Granadak, Madrilek, Malagak, Oviedok eta Zaragozak ‘ona’; A Coruña, Bilbo, Murtzia eta Valladolid, berriz, maila ‘onargarrian’ geratu dira. Beste bost hiriak, aldiz, gainditu gabe geratu dira: Alacantek, Donostiak, Valentziak eta Gasteizek ‘hala holako’ emaitza erdietsi dute, eta Iruñeak ‘txarra’.

Aztertu ditugun 50 bat kale
gurutzatu egiten ziren zirkulazioa
izaten duten kaleekin eta horietatik
erdian semaforoak falta ziren eta
soinua egiteko gailuak, ikusmen
arazoak dituztenentzat

Oinezkoentzako hamar kaletatik bitan, autoak aparkatuta egon dira edo joan-etorrian ibili dira horretarako zehaztuta dagoen ordutegitik kanpo (ordutegi hori duten kaleez ari gara). Zazpi hiritan soilik ez dugu ikusi ibilgailu bat bera ere ordutegiz kanpo: Almeria, Bartzelona, Kordoba, Granada, Oviedo, Sevilla eta Zaragoza (ez ditugu aintzat hartu baimen berezia duten ibilgailuak, poliziarenak, konponketa lanak edo garbiketak egiten dituztenak, osasun zerbitzuenak edo ezinduenak). Iruñeko kale gehienetan ikusi ditugu gaizki aparkatuta zeuden autoak, Donostian ere bai bost kaletatik hirutan, eta Valentziako seitik lautan. Gaizki aparkatuta zeuden autoek zeukaten isunik. Eremu horietara autoz iristerik baden edo ez den egiaztatzeko, aldizkariko teknikariak saiatu dira ordutegiz kanpo horietara sartzen, eta behin hara iritsita, autoa 15 minutuz uzten. Hamar kaletatik seitan ezin izan dira sartu (pibote finkoek galarazi diete bidea, espaloi-koskek, hiri altzariek, Poliziak, bizilagunek edo oinezko ugariek). Donostiako eta Iruñeko kaleek lortu dute emaitzarik txarrena atal honetan, kale gehien-denetan sartu baitute autoa teknikariek eta hantxe utzi. Onenak, berriz, Malaga, Kordoba eta Almeriakoek eskuratu dituzte (oinezkoentzako kale bakar batean ere ezin izan dute autoa sartu).

Valentzian 300 eta 600 euro artean ordaindu behar dira oinezkoen kalean aparkatzeagatik eta 42 euro kobratzen da isuna Donostian. Alde handiak daude, beraz, baina gehienetan lehen lehenbailehen ordainduta kopurua txikitzen da.

Garbi baina azpiegituren faltan eta konparatzeko taula

Oinezkoentzako kale batek hiri altzari egokiak eduki behar ditu. Ezinbestekoa da zakarrontziak, farolak eta estoldak eduki ditzan, eta komeni izaten da zuhaitzak eta loreontziak ere izatea. Ehun kaleak aztertu ondoren, gure teknikariek emaitza ‘onargarria’ eman diote hiri altzarien atalari. Oviedok, Iruñeak, Donostiak, Valentziak, Gasteizek eta Zaragozak emaitza ‘ona’ lortu dute, baina Almeriak, Bartzelonak eta Murtziak ez dute gainditu azterketa (lehen biek emaitza ‘txarra’ atera dute eta hirugarrenak ‘hala-holakoa’).

Oinezkoentzako kaleak jendea ibiltzeko dira, eta ibili ere beste askotan baino gehiago eta maizago ibil-tzen da jendea. Hori dela eta, hiri altzarien egoera ere maiz-maiz zaindu behar da eta lurreko hondakin eta zaborrak maiz jaso. Eremuak gaizki zainduak badaude, utzita edo baztertuta daudela dirudi, erakargarritasuna galtzen dute eta segurtasun falta handiagoa dela ematen du. Garbitasunaren atalean, emaitza orokorra ‘onargarria’ baino ez da izan. Donostia, Iruñea, Kordoba, Madril eta Valladolid izan dira onenak (emaitza ‘ona’ izan dute); beste batzuek, aldiz, emaitza ‘hala-holakoa’ lortu dute, eta ez dute gainditu azterketa: Almeria, Bartzelona, Malaga eta Zaragoza. Gainerakoak batez besteko orokorraren pare geratu dira, maila ‘onargarrian’.

Kaleen % 20an zikinkeria antzeman dugu zenbait lekutan (gorozkiak, zaborrak, paperak eta bestelako hondakinak), eta hirutatik batean zorua gorabeheratsu egon da: galtzada-harriak solte batzuetan, zulo putzu eginak besteetan, jendeak estropezu egin eta erortzeko moduko zuloak zenbaitetan (arazo hori Bartzelonan, Zaragozan, Alacanten eta Oviedon antzeman dugu, batik bat). Atal honetan asko aldatu da egoera 2004. urtetik hona. Orduan, kaleen % 16k zeuzkaten halako gorabeherak, oraingoen erdiek, hain zuzen. Alderdi onen artean, esan beharra dago kaleen % 86tan ez-labaingarria izan dela zorua.

Zakarrontziei dagokienez, aztertu ditugun kaleen % 59k soilik eduki dute kopuru egokia. Almerian, adibidez, aztertu ditugun bost kaleetatik bitan ez dugu bat bera ere ikusi. Dena dela, egoera are okerragoa zen duela bost urte: orduan kaleen % 40k soilik zeuzkaten behar beste zakarrontzi. Birziklatzeko ontziak aurki-tzea ez da izan erraza (bi edo hiru tarte eskaintzen dituzten horietakoak, batean papera eta kartoia botatzeko, plastikoa eta ontziak bestean, eta zabor organikoa bestean); Almerian eta Sevillan baino ez ditugu ikusi. Bost kaletatik batean, hondatuta egon dira zakarrontziak (jendeak pintaketak egin dituelako), zikinkeria eduki dute eta apurtuta egon dira, eta kaleen % 15etan, zakarra ikusi dugu zakarrontzien ondoan botata (Bar-tzelonan, bereziki).

Argitasunaren gaia ere garrantzitsua da (segurtasunagatik eta erosotasunagatik). 2004an bezala, orain ere behar beste argi eduki dute aztertu ditugun kaleen % 90ek, eta % 4ean soilik aurkitu ditugu kaleargiak egoera txarrean. Gainera, oinezkoentzako eremuetan jartzeko kaleargi bereziak eduki dituzte kaleen % 70ek (duela bost urte egindako azterketan bezalatsu); gehienak estilo klasikokoak izan dira (hirigune historikoetan), eta modernoak jarri dituzten lekuetan, gainerako altzariekin bat etorri dira.

Jarlekuetan ez dira ibili kaleargietan bezain ongi. 2004an bezala, kaleen % 60k ez dute jarlekurik eduki (Granadan eta Murtzian ez dugu bat bera ere ikusi), eta hamarretatik batean hondatuta egon dira batzuk. Esan beharra dago, hala ere, jarlekuak ez direla zakarrontziak eta kaleargiak bezain ezinbestekoak, eta oinezkoentzako zenbait eremutan aski toki izaten ez denez, ulergarria dela jarlekurik ez jartzea, bestela traba egingo lukete eta.

Berdintsu gertatzen da zuhaitzekin ere: bat bera ere ez da ageri kaleen erdietan. Zuhaitzak eduki dituzten kaleen % 37tan, hondatuta egon dira batzuk, eta erdietan soilik ikusi dizkiegu hesiak behealdean, inork estropezurik ez egiteko eta landatuta dauden guneak babesteko (Iruñea, Gasteiz, Kordoba, Madril, Sevilla eta Valladolideko kale guztiek eduki dituzte halakoak).

Iturriak ere elementu garrantzitsuak dira, baina aztertu ditugun kaleen % 85ek ez dituzte eduki (duela bost urte % 77k falta zituzten). Aurkitu ditugun iturriak, hala ere, egoera onean egon dira. Komunak edukitzea ere oso gauza ona izaten da. A Coruñako kale batean soilik aurkitu dugu bat, oso ongi zaindua, gainera, eta doan erabili ahal izatekoa.

Han bizi direnen kexuak

Hiriguneak oinezkoentzako soilik mugatuz, itxuraz dena da onura: ibilgailuek inor harrapatzeko arriskua gutxitu egiten da, zarata eta kutsadura ere bai, eta kaleak gizatiarrago bihurtzen dira. Saltokientzat ere mesede izaten da, nahiz eta konponketa eta eraldatze-lan ugari egin behar izaten diren lehenagotik.

Ordea, denek ez dute begi onez ikusten kaleak oinezkoentzat jartzea. Kale horietatik pasatu behar dutenek eskertzen dute, baina kale horietan bizi direnek, horiek zer diote? Horientzat hainbat eragozpen sortzen dira: ibilgailuek aparkatzeko arauak ez dituzte betetzen, zamalanak egiteko ordutegia ez dute errespetatzen, autoa uzteko lekuak kentzen dizkiete edo saltoki mota bat nagusitzen da (zerbitzuetakoak, lanbide liberaletakoak, aisialdikoak, ostalaritzakoak…).

Horra hor eragozpen nagusietako batzuk

  • CONSUMER EROSKI-k azterketa honetan parte hartu duten udalei galdetu die zein diren auzotarren kexu nagusiak, eta lau arrazoi gailendu dira guztien artean: zamalanetako ordutegia ez dela errespetatzen, ibilgailuak ordutegiz kanpo ibiltzen direla, autoak uzteko lekuak kendu dituztela eta merkataritza-jarduerak zarata sortzen dutela.
  • Hiriguneak oinezkoentzat jartzea aukera ona da eremua onbideratzeko, baina horrek bakarrik ez du arazoa konponduko. Kaleak oinezkoentzat jarrita, mugatu egiten da euren funtzioa, eta turismoari eta kontsumoari begira geratzen dira. Jendea, ordea, ez da mugitzen museoak ikusteko eta dendaz denda joateko soilik.
  • Dena den, udalek eman diguten informazioaren arabera, eraikitzen dituzten auzo berrietan lehentasuna ematen diete oinezkoentzako eremuak sortzeari.Bide onean ote doaz?