Pinterest, arrakasta betean

Gizarte-sareen belaunaldi berri bat ari da nagusitzen, Sarean aurkitutako irudiak elkarrekin partekatu eta iruzkinak egiteko erabiltzen direnak
1 uztaila de 2012
Img internet listado 729

Pinterest, arrakasta betean

Azken hilabeteetan, zabalkunde eta arrakasta handia lortu dute beste web-orri batzuetan argitaratu diren edukiak partekatzeko asmoz sortu diren gizarte-sareek, eta horien buruan, Pinterest zerbitzua ageri da. Orrialde horiek oso bisualak izaten dira, ikusteko edukiak izaten dira nagusi, eta aukera ematen dute irudiak, bideoak edo produktuak hautatzeko, erabiltzailearen beraren orrian jartzeko eta iruzkinak egiteko. Nolabait esateko, edukiak azkar argitaratzeko plataformen hurrengo urrats gisa heldu dira (Tumblr eta antzekoen segida gisa), edo, nahi bada, Facebook erabat bisualak dira. Erabiltzaileek segituan bereganatu dituzte gizarte-sare horiek, eta, ondorioz, orain arte argazkiak argitaratzeko aukera ematen zuten plataformek ere (Flickr-ek, adibidez) berritu egin dute beren web-orriaren diseinua, eta izaera bisualagoa eman diote.

Pinterest da gizarte-sarerik aipagarriena 2012. urtean, erruz zabaldu baita azken hilabeteetan. Zerbitzu hori 2010. urtean jarri zuten abian, eta oso jende gutxik erabili du oraintsu arte; iazko urte bukaeratik aurrera, ordea, gero eta ezagunagoa bihurtu da eta gero eta bisita gehiago eduki ditu. Edukiak partekatzeko modu berri bat proposatzen du, irudiak argitaratuz eta horietan nabigatuz, eta hortxe dago, hain zuzen, arrakastaren gakoa. Hau da, edukien nabigazio bisualean aritzeko gizarte-sarea da.

Pinterest

Pinterest zerbitzuan, hainbat gaitan egin dezakete harpidetza erabiltzaileek, eta beste web-orri batzuetan aurkitu dituzten irudiak eta argazkiak igo ditzakete, ohar labur bat erantsita. Era horretan, sukaldeko errezeten argazkiak antola ditzakete, edo arkitekturakoak, modari buruzkoak… Orrialde nagusia etengabe eguneratzen da erabiltzailearen solaskideek irudiren bat igotzen duten aldiro. Gainera, gizarte-sare honek aukera ematen du norberaren antzeko zaletasunak eta joerak dituzten erabiltzaileak aurkitzeko.

Pinterest-en erabiltzaileek hainbat sail dituzte eskura, iragarki-taula batean bezala aurkeztuak, orriak berak ezarritako gaiekin, eta aukera ematen du norberak gai berriak gehitzeko, daudenak editatzeko edo ezabatzeko. Horma edo arbel horietako bakoitza eguneratu egin daiteke era guztietako irudiak erabiliz (erabiltzaileak berak egin dezake, edo nahi duten guztiei eman diezaieke hori egiteko aukera). Pinterest-era edukiak igotzeko lana errazteko, gizarte-sare honek botoiak eta zuzeneko sarbideak eskaintzen ditu nabigatzailerik erabilienentzat, eta, horri esker, gizarte-sarean sartu beharrik gabe argitara daitezke edukiak.

Pinterest-ek ia hamabi milioi erabiltzaile izan zituen urtarrilean (milioi batean zebilen 2011ko uztailean). Erabiltzailerik gehienak, % 80, emakumeak dira, eta horien artetik, 25 eta 34 urte artekoak dira % 30.

Pinterest-ek esku artean dauzkan erronken artean, egile-eskubideei buruzkoa dago, zeren erabiltzaile askok copyrigth-a daukaten argazkiak berrargitaratzen baitituzte, eta zenbait egileren eskubideak urra ditzake jokabide horrek. Hartu dituen neurrien artean, Pinterest-ek HTML kode bat erantsi du beren edukiak gizarte-sarean berrargitaratzerik nahi ez duten web-orrientzat.

Beste aukera batzuk

Badira Pinterest-en antzeko gizarte-sare gehiago ere, eta Clipboard da horietako bat. Plataforma horretan, beste web-orrietako edukiak eta zatiak parteka daitezke, bai testu-paragrafoak, bai irudi eta bideo argitaratuak. Plataforma hori erabil daiteke web baten zatiak gorde eta historia bat eraikitzeko; adibidez, oporleku bat bilatzeko edo sukaldeko errezeta bat prestatzeko. Oraingoz, gonbidapen bidez soilik sar daiteke Clipboard zerbitzura.

20blinks da beste aukera bat. Markagailu bisuala da, web batean ageri diren objektuak biltzeko aukera ematen duena: testuak, bideoak, irudiak edo produktuak. Era horretan, erabiltzaileek bildumak egin ditzakete marka jakinetako produktuekin, filmekin, argazkiekin eta beste edozein gai edo zaletasunekin. Ingurune grafikoa Pinterest-ek duenaren antzekoa da oso: bilduma bakoitza iragarki-taula edo arbel gisa aurkezten du horrek ere.

Jux plataforma ere Interneten aurkitutako irudiak, testuak, bideoak edo produktuak partekatzeko erabiltzen da. Gordetako objektu digitalekin historiak edo albumak sor daitezke. Horretarako, ingurune grafiko oso bisuala dauka Jux-ek, eta aukera ematen du aurkezpenetan bezala nabigatzeko irudien gainetik.

Fancy-ren asmoa, berriz, irudiak partekatzea eta erabiltzaileen zaletasunen arabera biltzea da. Pinterest-en antzekoa da. Plataforma hau, dena den, moda munduari lotua dago, nagusiki, eta jendeak nahi lituzkeen produktuen zerrendak ageri dira. Era horretan, jakin egin liteke zer-nolako produktuak gordetzen dituzten gehien erabiltzaileek, eta hortik abiatuta, gomendioak egin daitezke produktuak erosterakoan.

Azken hori baino errazago erabiltzen da FFFFOUND! Interneten argitaratu diren irudi-markagailu gisa funtzionatzen du web-orri horrek. Irudiak beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko aukera ematen du, eta irudien gomendioak bilatzeko modua ere bai, argitaratuta dauden antzeko irudietatik abiatuta.