Hirietako irisgarritasuna aztertu dugu estatuko 18 hiriburutan: ibilbide bat egin dugu oinez, hiri-autobusean bidaiatu dugu eta kiroldegietan izan gara

Hiru hiritatik batean oztopo arkitektonikoak daude, eta irisgarritasun arazoak sortzen dituzte

Kiroldegietan antzeman ditugu gabeziarik handienak gurpil-aulkian doazen pertsonentzat
1 uztaila de 2012
Img tema de portada listado

Hiru hiritatik batean oztopo arkitektonikoak daude, eta irisgarritasun arazoak sortzen dituzte

/imgs/20120701/tema1.jpg
Zenbait pertsonak gurpil-aulkian ibili behar izaten dute eguna joan eta eguna etorri, eta beti ez zaie erraza gertatzen hiri eta herrietan barrena paseo bat ematea edo garraio publikoa erabiltzea. Espainiako Estatuan, herritarren % 6k pairatzen dute mugikortasunarekin zerikusia duen ezintasunen bat. EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du ea kolektibo horrek zer neurritan egin ditzakeen zenbait jarduera, ezintasunik ez duten pertsonentzat ohikoak izan daitezkeenak: autobusean bidaiatzea (zoriz hautatu dugu linea), hirian ibilbide bat egitea (20 minutukoa, gehienez ere), eta udal igerileku batean igeri egitea. Horretarako, aldizkariko teknikariak Estatuko 18 hiriburu hauetan ibili dira maiatzean, gurpil-aulkian joan ohi den pertsona bati laguntzen: A Coruña Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Bisita horien osagarri, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonak biltzen dituzten hainbat elkarteren laguntza izan dugu.

Honako hauek izan dira laguntza eman duten elkarteak: Ezintasuna duten Pertsonen Galiziako Konfederazioa (COGAMI), Ezintasun Fisikoa eta Organiko duten Pertsonen Espainiako Konfederazioa (COFEMFE), Muineko Lesioa eta Ezintasun Fisiko Handia dutenen (ASPAYM), Ezintasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea (FEKOOR), Ezintasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Cadizko Federazioa (FEGADI), Kordobako Ezindu Fisiko eta Organikoen Elkarteen Federazioa (FEPAMIC), Ezindu Fisikoen Estatuko Plataforma Ordezkatzailea (PREDIF), Nafarroako Ezindu Fisikoen Koordinadora (ACODIFNA), Esklerosi Anizkoitzaren Gipuzkoako Elkartea (ADEMGI), Ezintasun Fisikoa duten Pertsonen Arabako Elkartea (EGINAREN EGINEZ) eta Aragoiko Ezindu Fisikoak (DFA Fundazioa).

Hainbat ondorio atera ditugu azterketa egin ostean, baina hauxe da nabarmenena: azken urteetan hiriek lan handia egin dute gurpil-aulkian doazenen irisgarritasuna hobetzeko, baina oraindik bada zeregina franko. Azterketaren emaitzak ere halaxe erakusten du: emaitza ‘onargarria’ izan da 18 hirientzat, nahiz eta banan-banan hartuta, alde nabarmenak antzematen diren batzuen eta besteen artean. Iruñeak eta Donostiak, adibidez, emaitza ‘oso ona’ eskuratu dute; hiririk kaskarrenak, berriz, Bilbo, Malaga eta Sevilla izan dira (‘hala-holako’ emaitza); A Coruña, Cadiz eta Oviedo maila ‘onargarrian’ geratu dira, eta Alacant, Bartzelona, Gasteiz, Granada, Kordoba, Madril, Murtzia, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza emaitza ‘ona’ lortzeko gai dira.

Oztopo artean paseatuz

Hirietan kalez kale ibiltzea ez da dirudien bezain erraza. Mugikortasuna murriztuta duten pertsonek hainbat oztopo arkitektoniko aurkitzen dituzte oraindik ere. Halaxe egiaztatu du EROSKI CONSUMERek 18 hiritan barrena egindako ibilbideetan (10 minututik 20 minutu artekoak izan dira).

Ibilbide guztiak hartuta, emaitza ‘onargarria’ izan da, baina badira aldeak hiri batzuetatik besteetara. Iruñekoak, Donostiakoak eta Valladolidekoak irisgarriak izan dira eta ‘oso ontzat’ jo dituzte teknikariek. A Coruñakoak, Cadizkoak eta Sevillakoak, aldiz, ‘hala-holakoak’ izan dira. Emaitza ‘ona’ lortzera iritsi dira Bartzelona, Bilbo, Kordoba, Madril, Oviedo, Valentzia eta Zaragoza, eta ‘onargarria’ baino ez Alacant, Gasteiz, Granada, Malaga eta Murtzia.

Lau hiritatik batean espaloia ez da aski zabala gurpil-aulkia arazorik gabe pasa dadin

Ibilbideetan zehar, teknikariek eta gurpil-aulkian joan diren pertsonek ikusi dutenez, zorua ez da izan egonkorra kasuen erdietan, eta galtzadarri harrotuak aurkitu dituzte, baldosa apurtuak eta irtenak, koska handiak, zuloak, galtzada hondoratua… Egoera arriskutsuak sortzeko moduko eragozpenak dira horiek guztiak, eta maiz samar egokitu zaizkie A Coruñaz, Bartzelonan, Bilbon, Cadizen, Gasteizen, Granadan, Oviedon, Sevillan eta Zaragozan.

Garrantzitsua da, halaber, espaloia aski zabala izatea eta oztoporik ez edukitzea, gurpil-aulkia arazorik gabe pasa dadin (120 zentimetro edo gehiago edukitzea komeni da inolako oztoporik gabe). Lau hiritatik batean, ordea, ez da bete baldintza hori, eta egoerarik kaskarrena Cadizen antzeman dugu, non oztopo ugari izan baitira bidean: paperontziak, eserlekuak, lorontziak, haizeztatze-saretak, isurbideak edo estolda-zuloak, tabernetako aulki eta mahaiak…

Donostian, Gasteizen eta Malagan, espaloia eta galtzada maila berean egon dira ibilbide guztian, baina ez da izaten ohikoena. Maila berean ez daudenean, espaloi-ertzak ez ditu eduki behar 14 zentimetro baino gehiago, baina hiru ibilbidetatik batean handiagoa izan da. Bi kaleren elkargunera iristean, funtsezkoa da espaloia beheratua egon dadila eta galtzadaren maila berera etor dadila, baina ez da halakorik gertatzen hirien erdietan. Alacanten, adibidez, gurpil-aulkian joan den lagunak galtzadatik joanez egin behar izan ditu 20 metro, pasabide goratu bat aurkitu eta espaloira igotzeko modua izan duen arte. Espaloia beheratua egon den lekuetan ere, ordea, izan dira arazoak (bi, nagusiki): koska txiki bat eduki dute bukaeran (Granadan eta Valentzian) edo malda pikoegia (Malagan eta Valladoliden). Bidean aurki litekeen oztoporik handiena eskailerak dira, eta bost hiritatik batean egokitu zaizkigu. Gune horiek igarotzeko, arranpak erabiltzen dira zenbaitetan, eta halaxe egin dute A Coruñan, Cadizen, Murtzian eta Zaragozan; dena den, horietako batzuetan gabezia batzuk antzeman ditugu: malda pikoegia izan da, leku gutxi eduki dute aulkia egoki erabiltzeko…

Ezustekorik gabeko bidaia

/imgs/20120701/tema2.jpg
Hiri-autobusak garraiobide bat gehiago izar beharko lirateke, nahiz eta gurpil-aulkian doazenentzat, itxuraz, ez diren hala. Ez omen dute erabiltzeko joera handirik (halaxe adierazi digute azterketa honetan parte hartu duten kideek), eta are gutxiago norbaitek lagundu ezean. Bilbon eta A Coruñan azterketa egiten lagundu diguten bi lagunek, adibidez, ordu arte sekula ez zuten erabili. Izan ere, hainbat arazo sortzen zaizkie arranpekin, eta gidariek ez dute enpatia handirik erakusten.

Eragozpenak eragozpen, ordea, EROSKI CONSUMERek egin dituen autobus-bidaiek, batez beste, emaitza ‘ona’ eskuratu dute. Alacant, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea eta Malaga izan dira onenak (emaitza ‘oso ona); A Coruña, Bartzelona, Madril, Murtzia, Sevilla, Valentzia eta Valladolid etorri dira ondoren (emaitza ‘ona’). Kaskarrenak, berriz, Bilbo, Kordoba, Oviedo eta Zaragoza izan dira (‘onargarria). Hiri bakarra ere ez da geratu azterketa gainditu gabe.

Zerbitzuaren irisgarritasunak geltokietan hasi behar du. Bisitatu ditugun geltokien % 22tan, ordea, ez da egon lekurik gurpil-aukiarentzat (Alacanten, Bilbon, Cadizen eta Valentzian). Lautik batean, berriz, oztopoak aurkitu ditugu: A Coruñan, autoak zeuden aparkatuta; Bilbon, zuhaitz bat gertuegi egon da autobus-aterpetik; Cadizen, jarlekuek traba egin dute; eta Oviedon, galtzadarriak falta izan dira eta zulo arriskutsu bat egon da. Hala eta guztiz ere, zorua egonkorra izan da hiri guztietan, eta ez da egon ez hartxintxarrik, ez harearik ez lur solterik.

Autobusa iritsi denean, Murtzian eta Valladoliden ezin izan da jakin egokituta egon ote diren, ez baitute eduki horren berri emateko pegatina edo itsasgarririk. Hala ere, hiri guztietako autobusek eduki dute aulkiak igotzeko plataforma edo arranpa, nahiz eta Bilbon kateatu egin den hasieran. Kordoban, berriz, malda pikoegia eduki du.

Autobusera sartzean, ate guztiak behar bezain zabalak direla egiaztatu dugu (metro batekoak, gutxienez). Dena den, billetea balioztatzeko edo ordaintzeko, laguntzaile batekin joatea ezinbestekoa gertatu da zenbait hiritan, bestela oso zaila gertatzen baita: Bilbo, Cadiz, Gasteiz, Granada, Kordoba, Madril, Sevilla, Valentzia eta Zaragoza. Kasu horietan, billetea balioztatzeko makina gidariaren ondoan egon da, hau da, gurpil-aulkia sartzeko lekutik urruti. Gauza onen artean, nabarmentzekoa da autobus guztiek eduki dutela gurpil-aulkian doazenentzat egokitutako eremu bat.

Kirola, ia guztien eskura

/imgs/20120701/tema3.jpg
Guztientzako irispide egokiak al dauzkate igerilekua daukaten udal kiroldegiek? Hiri guztietako kiroldegiak sakon aztertu ondoren, emaitza ‘onargarria’ eskuratu dute, batez beste. Donostian emaitza ‘bikaina’ lortu dute; Alacanten, Granadan, Madrilen, Valentzian eta Zaragozan emaitza ‘oso ona’; Bartzelonan, Cadizen, Iruñean, Gasteizen, Kordoban eta Murtzian ‘onargarria’; eta Oviedon, ‘hala-holakoa’.

Bereziki nabarmentzekoa da Bilbon, Malagan eta Sevillan gertatu dena. Gainerako hirietan bezala, harreraguneraino joan, eta instalazioak ikusteko baimena eskatu dugu, gurpil-aulkian heldu den pertsonak igeri egiteko asmoa zuelako eta instalazioak behar bezala egokituta ote dauden ikusi nahi zuelako. Malagan eta Sevillan ez digute utzi sartzen. Bilbon, berriz, ezinezkoa izan da kiroldegira sartzea, 20 zentimetroko koska bat eta 8 eskailera eduki dituelako eraikinaren barrenean, eta ez zegoelako handik pasatzerik. Kiroldegiko langileek jakinarazi digute ez dagoela egokitua, eta berriago batera joateko gomendioa eman digute.

Kiroldegietan sarbidea kalearen maila berean egon dadila komeni da, eta halaxe gertatu da Donostian, Gasteizen, Kordoban, Murtzian eta Valentzian. Gainerakoetan, berriz, arranpak edo eskailera arranpadunak eduki dituzte. Ateak, gainera, aski zabala izan behar du, gurpil-aulki bat sartzeko adinakoa. Adibiderik txarrena Gasteizko kiroldegi batean antzeman dugu: eskuz irekitzeko ate bat eduki du, oso astuna eta estu samarra.

Kiroldegira sartu eta igerilekurako bidean, eskailerarik izanez gero (hamaika bisitatan), beti egon da moduren bat horiek saihesteko: igogailuak (Bartzelona, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Kordoba, Madril, Murtzia, Oviedo eta Zaragoza) edo arranpak (A Coruña eta Valladolid). Behin igerilekuan, sarrerako atea aski zabala izan da guztietan (gutxienez, 80 zentimetrokoa), gurpil-aulki bat sartzeko bezainbestekoa. Uretan sartzea, ordea, ez da hain erraza izan mugikortasun-arazoak dituztenentzat, gabeziak egon dira-eta irispideetan: sakonera txikieneko gunera sartzeko arranpak falta izan dira (aztertu ditugun 15 igerilekuetatik 9tan), ur azpian funtzionatzen duten plataformak (zazpitan), sartzeko eskailera egokituak (seitan) eta garabi eta igogailuak (bostetan). Azkenik, ia kiroldegi guztietan eduki dituzte komun eta dutxa egokituak, nahiz eta Oviedokoan biltegi gisa erabiltzeko jarria egon den.

Hiri bakoitzaren aurpegi 'iluna'

  • A Coruña: Hiriko ibilbidea: Hala-holakoa. Gure azterketan egoera arriskutsuak sortu dira, zenbait leku egokitu gabe egon direlako eta zirkulazio handia ibili delako; ondorioz, gurpil-aulkian joan den pertsonak eta haren laguntzaileak aldatu egin behar izan dute ibilbidea.
  • Alacant: Hiriko ibilbidea: Onargarria. Ibilbideko zorua ez da izan guztiz egonkorra (baldosa asko egon dira hautsita eta estolda-estalkien ertzak irtenda egon dira), eta zenbait lekutan labainkorra izan da. Era berean, espaloien ertz batzuk ez dira egon beheratuta, eta gurpil-aulkian joan den lagunak galtzadatik bertatik egin behar izan ditu 20 metro.
  • Bartzelona: Igerilekua duen udal-kiroldegia: Ona. Eraikinaren barruko igogailuetan, gurpil-aulkia ezin izan da eroso mugitu (honako hauek dira gutxieneko neurriak: 100 zentimetro zabal eta 125 sakon). Igerilekuan, ez da egon sartzeko eskailera egokiturik, ez sakonera txikieneko eremura sartzeko arranparik, ezta ur azpian ibiltzen den jasogailu edo plataformarik ere.
  • Bilbo: Igerilekua duen udal-kiroldegia: Ezinezkoa gertatu zaigu sartzea. Kiroldegi sarreran, 20 zentimetroko koska eduki du, eta arranparik edo igogailurik ez hura saihesteko. Behin barrenera sartuta, zortzi eskailera jaitsi beharra zegoen harreragunera iristeko. Gainera, harrerako mahaia garaiegia izan da gurpil-aulkian doan lagunarentzat. Ezin izan dugu bisita jarraitu, eta harrerako langileen gomendioa izan da beste kiroldegi berriago batera joan gaitezela.
  • Cadiz: Hiriko ibilbidea: Hala-holakoa. Ibilbidean, espaloiak estuak izan dira zenbait tokitan, eta oztopoak ere aurkitu ditugu (espaloiak 120 zentimetro edo gehiago utzi behar ditu pasatzeko, oztoporik gabe): paperontziak, jarlekuak, lorontziak, haizeztatze-saretak, isurbideak edo estolda-zuloak, eta tabernetako aulkiak eta mahaiak. Gainera, espaloien ertzek 14 zentimetro baino gehiago eduki dituzte, eta ez dira beheratuta egon. Azkenik, eskailerak egokitu zaizkigu bidean.
  • Donostia: Hiriko ibilbidea: Oso ona. Espaloi batzuen ertzak ez dira egon ongi beheratuak, eta eragozpen batzuk sortzen dituzte gurpil-aulkientzat.
  • Gasteiz: Hiriko ibilbidea: Onargarria. Zenbait lekutan zuloak egon dira, baldosa hautsiak eta estolda-estalki mailatuak. Gainera, espaloiak zenbaitetan ez du eduki 120 zentimetroko gutxieneko zabalerarik oztoporik gabe, eta itzulinguruka ibili behar izan dugu. Oztopoak ere aurkitu ditugu bidean: lorontziak, saltokien apaingarriak eta tabernetako mahaiak.
  • Granada: Hiriko ibilbidea: Onargarria. Zorua gorabeheratsua eta labaina izan da zenbait lekutan. Espaloi-ertzak beheratuta egon dira, baina bi zentimetroko koskatxo bat eduki dute espaloiaren eta galtzadaren artean, eta traba egin dio gurpil-aukian joan den lagunari. Gainera, oinezkoentzako igarobideak zertxobait estuak izan dira zenbait lekutan (180 zentimetro behar dituzte, gutxienez), eta haizeztatze-saretek, isurbideek eta estolda-zuloek traba egin dute.
  • Iruñea: Igerilekua duen udal-kiroldegia: Ona. Igerilekuan sartzeko eskailera egokituak falta izan dira, sakonera gutxieneko eremura sartzeko arranpa, eta ur azpian erabiltzeko jasogailuak.
  • Kordoba: Hiri-autobusa: Onargarria. Autobusera igotzeko arranpa oso goian geratu da, eta autobus barrenean, berriz, gurpil-aulkian joan den lagunak ezin izango zukeen ordaindu laguntzailerik gabe, zeren txartel-makina beste muturrean egon baita. Gidariak, gainera, ez du lagundu, eta nahiko zakar aritu da.
  • Madril: Hiriko ibilbidea: Ona. Espaloi-ertzak ez dira beheratuta egon zenbait lekutan, eta itzulinguruak emanez ibili behar izan dugu. Gainera, haizeztatze-saretek eta tabernetako aulki eta mahaiek traba egin dute, eta harbideak ere oztopo dezente egin du: gurpil-aulkia trabatu eta bertatik erortzeko arriskua izan da.
  • Malaga: Igerilekua duen udal-kiroldegia: Ez digute utzi sartzen. Ate birakari bat eduki du sarreran, oso estua, eta nekez sartu gara. Harreragunean informazio pixka bat eman arren, ez digute utzi sartzen.
  • Oviedo: Igerilekua duen udal-kiroldegia: Hala-holakoa. Harrera-mahaiak ez du eduki garaiera egokia (80 zentimetro). Eskailera bidez soilik sar daiteke igerileku batera (ez dago arranparik edo igogailurik). Aldagela eta komun egokituak dauzkate, baina beste zerbaitetarako erabiltzen dituzte. Igerilekuetan ez dago sartzeko eskailera egokiturik, ez sakonera gutxieneko eremura sartzeko arranparik, ezta ur azpian erabiltzeko garabi, jasogailu edo plataformarik ere.
  • Sevilla: Igerilekua duen udal-kiroldegia: Ez digute utzi sartzen. Asko kosta zaigu sartzea, sarrerako arranpak oso malda pikoa eduko duelako. Harreraguneko mahaiak, berriz, 80 zentimetro baino gehiago eduki ditu. Gainerako alderdiak ezin izan ditugu aztertu, ez baitigute utzi barrenera sartzen.
  • Valentzia: Hiriko ibilbidea: Ona. Zenbait lekutan, espaloi-ertzak ez dira egon ongi beheratuak, eta oinezkoentzako igarobideak higatuta egon dira. Batzuetan, edukiontziek traba egin dute bidean.
  • Valladolid: Igerilekua duen udal-kiroldegia: Onargarria. Harrerako mahaia garaiera egokikoa izan da, bana behealdea ez du eduki irekia, gurpil-aulkian doanak hurbiltzeko modua izan dezan. Igerilekuan, ez dugu ikusi sartzeko eskailera egokiturik, ezta sakonera gutxieneko eremura sartzeko plataformarik ere.
  • Zaragoza: Hiri-autobusa: Onargarria. Txartel-makina urruti dago gurpil-aulkian doana irits dadin. Gidariak ez du itxaron, eta abiatu egin da gurpil-aulkian joan den laguna behar bezala kokatu aurretik.