Dokumentuek ere haurrekin bidaiatzen dute
Oporretara eraman beharreko gauzen artean, zein ote dira jendeak maizen ahazten dituenak? Izan zitezkeen sandaliak, xanpua edo jeans berriak, baina horiek zakuan sartuta egoten dira gehienean; ez, ordea, pasaportea, nortasun-agiria edo haurrekin bidaiatzeko behar-beharrezko diren beste dokumentu batzuk. Horiek, zakuan ez, baina etxeko tiraderaren batean ahaztuta geratzen dira maiz. Adin txikikoekin bidaiatu behar denean, ezinbestekoa izaten da zenbait dokumentu eskuratzea (aldatu egin daitezke helmugaren eta erabiliko den garraiobidearen arabera). Hori dela eta, haurrekin bidaiatzeko egin behar diren prestakuntza guztiak egiteaz gain eta hartu behar diren neurri guztiak hartzeaz gain, behar-beharrezkoa den dokumentazio guztia eraman behar da, ongi eguneratua eta indarrean dagoela, jakina. Beharrezkotzat jotzen den dokumenturen bat eskura izan ezean, gerta liteke, adibidez, hegazkinera igo ezinik geratzea edo herrialderen batean sartzeko baimenik ez ematea.
Familia askok izaten dituzte gisa horretako eragozpenak urtero, bai ezagutza faltagatik edo bai aurreikuspen okerrak egin dituztelako; beraz, aurrez informatzea komeni da, zenbaitetan aste batzuk ere behar izaten dira-eta dokumentuak eskuratzeko. Txango bat edo pakete turistiko bat kontratatu aurretik, edo itsasontziko edo hegazkineko txartelak hartu aurretik, behar-beharrezkoa da bidaia-agentzian edo garraio-konpainian galdetzea zer-nolako dokumentuak diren ezinbestekoak haurrekin bidaiatzeko. AENAtik baieztatzen dutenez, adibidez, oinarrizko arau batzuk erabiltzen dituzte bidaiari guztientzat, baina enpresek modu independentean funtzionatzen dute, eta gerta liteke batzuek dokumentu gehiago eskatzea beste batzuek baino. Herrialde batetik bestera ere aldatu egiten dira eskakizunak, eta adin txikikoek eta helduek zer-nolako harremana duten elkarren artean, orduan ere dokumentu batzuk edo besteak behar izaten dira.
Gauza asko hartu behar dira kontuan, eta egoera zailak ere sor litezke une jakinetan. Dena dela, haurrekin bidaiatzen denean, badira ezinbesteko jotzen diren paperak. Honako hauek dira:
- NA: 14 urtez gorako pertsona guztiak legez behartuta daude Nortasun Agiria edukitzera. Adin horretatik beherakoak ez daude behartuta, baina hegazkin-konpainia askok eskatu egiten dute. Nortasun Agiriarekin, Espainian zehar bidaiatu daiteke, baita Europako Batasuneko herrialdeetan, eta Europako Ekonomia Esparruan ere bai (Alemania, Andorra, Austria, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Kroazia, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Islandia, Italia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Mazedonia, Malta, Monako, Norvegia, Polonia, Portugal, San Marino, Suedia, Suitza, Txekiar Errepublika eta Zipre).
- Pasaportea: dokumentu horrekin, munduko herri guztietara joan daiteke (baita aurretik zerrendatu ditugun Europako herrialdeetara ere). Dena den, Txinan, Indian eta Egipton ez da aski pasaportea eramatea: turista-bisa bat ere aurkeztu behar izaten da. Pertsona guztiek bete behar izaten dute baldintza hori, adinez nagusi direnek eta ez direnek, eta, beraz, inora abiatu aurretik, herrialde horretako kontsul-etxera deitzea komeni da, eta han galdetzea zer dokumentu eskatzen dituzten atzerritarrak herrialdean sar daitezen.
- Baimen bereziak: adin txikiko bati pasaportea eginda -betiere gurasoek edo legezko tutoreek lagunduta egin behar da-, adin txikiko horri baimena ematen zaio bidaia dezan, baina beti da egokia gurasoek edo tutoreak dokumentu batean berariaz adieraztea adin txikikoari baimena eman diotela bidaian joan dadin. Idazki hori polizia-etxeetan lortzen da, epaitegietan eta notaritzetan, eta bereziki beharrezkoa izaten da adin txikikoa bakarrik joatekoa denean edo gurasoak ez diren beste norbaitekin (eskolako lagun baten familiarekin, institutuko irakasleekin…). Gurasoak bananduta badaude eta bietako batekin atzerrira doanean ere erabilgarria izaten da. Baimen hori ezinbestekoa izaten da, pasaportea eduki beharrean, adin txikikoak Nortasun Agiria soilik badu..
- Familia-liburua: adin txikikoa gurasoekin joan bada, komeni izaten da horiek familia-liburua eraman dezaten, batez ere Espainian. Berez, liburua ez da beharrezkoa bidaian joateko, baina bai dokumentu batzuk eskuratzeko (NA eta pasaportea, adibidez); izan ere, familia-liburuan ez da argazkirik agertzen, eta, beraz, ez du balio identifikatze-agiri gisa. Hala ere, frogatzat erabil daitekeen elementu bat gehiago da, haurren eta helduen odol-harremana erakusten duena, eta, aldi berean, guraso-agintea eta haurraren zaintza norena den azaltzen du. Dokumentuak aukera ematen duenean, komeni da haurrak gurasoen pasaportean sartzea, han agertzen da-eta haien argazkia.
- Europako Osasun Txartela: ez da derrigorrezkoa izaten beti, baina zenbait herrialdek eskatu egiten dute. Norberak kontrata ditzakeen mediku-aseguru pribatuez gain, are lasaitasun handiagoa ematen die Europara doazen familiei, helmugako herrialdeko osasun-zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera eskaintzen baitio txartelaren jabeari. Europako Osasun Txartelak urtebeteko balioa izaten du, eta Gizarte Segurantzan egiten da, bai Internetez edo bai bulegoren batera joanda.
- Txertoak: zenbait herrialdetara joan aurretik, eritasun batzuen aurkako txertoak hartu behar izaten dira, baita zenbait birusen aurkakoak ere, norbere herrialdean desagertu diren arren, aktibo jarraitzen baitute beste leku batzuetan. Arau honek berdin balio du helduentzat eta haurrentzat, baina haurrak zaurgarriagoak dira, eta arreta berezia jarri behar zaie. Espainiako Estatuan, 77 zentro daude kontu horietan espezializatuak (Nazioarteko Txertatze Zentroak esaten zaie). Horietan, beharrezko diren txertoak eta komenigarri jotzen direnak jartzen dituzte, zenbait eritasuni buruzko informazio ematen dute eta osasun arloko aholkularitza-zerbitzua eskaintzen diote bidaiariari. Nahiz eta berehala artatzen duten, denbora hartuta joatea komeni da, bidaian abiatu baino lau eta sei aste lehenagotik hartu behar izaten dira-eta zenbait txerto.
- Haurrarentzako Nortasun Agiria egin nahi denean, gurasoetako batek lagunduta joan behar du, edo legezko tutoreak bestela.
- Nortasun Agiria egiten duten lekuetako batera joan behar dute adin txikikoak eta haren ordezkariak. Polizia-etxeetan egoten dira. Aurrez ordua hartzeko, telefonoz dei daiteke (902247364) edo Internetez eskatu.
- Honako dokumentu hauek eraman behar izaten dira: hitzez hitzeko jaiotza-agiria (Erregistro Zibilean ematen dute); eta haurra bizi den udalerriko erroldatze-agiria.
- Haurra laguntzera joan den helduak egiaztatu egin behar du bera zein den (NA erakutsiz Espainiako herritartasuna badauka, eta egoiliar-txartela edo pasaportea, atzerritarra bada). Horretaz gain, frogatu egin behar du haurraren gurasoa dela edo tutorea, eta horretarako, familia-liburua erakutsi behar du edo epailearen ebazpena edo ebazpen administratiboa, zeinetan agertuko den bera dela tutorea eta guraso-agintearen jabea.