Telebistatik Sarean nabigatzea

Noiz iritsiko da 2.0 telebista?

Telebistaren pantailatik Internetera sartzeko aukerak oso murritzak dira oraindik
1 apirila de 2011
Img internet

Noiz iritsiko da 2.0 telebista?

Teknologiaren alorrean gauzak nola doazen ikusita, urrats naturaltzat hartzen da egongelako telebista eta bulegoko ordenagailua bateratzeko aukera. Besaulkian eseri, urrutiko agintea hartu eta, telebistari begira bai, baina Sarean nabigatzen aritzeko modua emango liguke horrek. Ideia hor dago, eta ekimen batzuk ere sortu dira dagoeneko Ameriketako Estatu Batuetan, eta erabiltzaileen gustuko gertatu dira, gainera (izenak ere jarri dizkiote: “Web TV” edo “Tele 2.0”); handik hona iristen, hala ere, denbora pixka bat beharko du oraindik.

Bategite hori begi onez ikusten du arlo ekonomikoak ere, izugarrizko negozioa sor bailezake iragarkien munduan. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, urtean 70.000 milioi dolar eragiten ditu telebistako publizitateak. Eta kontuan hartzen bada etorkizuneko “Tele 2.0” izango denak 4.000 milioi ikusle potentzial izango lituzkeela, bista-bistakoa da negozio oparoa izateko oinarri sendoak dituela eta enpresa askoren interesekoa izan daitekeela. Eta, hori hala bada, zergatik ez dira hasi era horretako proposamenak lantzen bazter guztietan?

Handientzat soilik

Proiektuaren unibertsaltasuna da arazorik handiena. Izan ere, telebista eta Sarea lotzeaz ari garenean, proiektuak ezin dira mugatu telebista mota jakin batera edo Sareko eremu batera; errentagarria izango bada, osotasunari heldu behar dio, nahitaez. Neurri horretako proposamen batek ezin ditu mugatu edukiak, eta diskriminatu ere ezin ditu egin telebista motaren arabera. Guztia harrapatu behar du eta guztientzat izan behar du, eta oso enpresa gutxi daude hori lortzeko moduan.

Ekonomia teknologikoaren alorrean esaten dutenez, “hori lortzeko adina finantza-muskulu daukaten aktore gutxi daude” (alor horretako enpresa erraldoiei buruz ari dira, jakina): Google, Apple edo Sony. Hain zuzen, enpresa horiek sustatu dituzte, bakoitzak bere modura, orain arte abian jarri diren esperientziak. Googlek eta Sonyk, esaterako, beste enpresa batzuekin batera, zentro multimedientzako sistema eragile baten aldeko apustua egin dute (Google TV du izena); Apple etxeak, berriz, bere gailua sortu du, Apple TV, eta etxe horrek kudeatzen duen gunetik soilik ekar daitezke edukiak; azken batean, iPod, iPhone eta iPad gailuek bezala funtzionatzen du, non iTunes Store dendatik baino ezin dituzten deskargatu musika eta aplikazioak. Bi proiektu horien ondoan, beste ekimen aurrendari eta arrakastatsu bat ere sortu da, Netflix izenekoa; berez, ez da “Tele 2.0” deituko genukeena, baina horrexek eduki du arrakastarik handiena hartzaileengan.

Google TV: erabateko fusioa

Googlek eta Sonyk egin dute apusturik handiena telebista eta Sarea bateratzeko, eta Google TV proiektua da horren erakusgarri. Ez da telebista eta Sarea biltzen dituen gailu bat; proiektu bat da, non Googlek softwarea jarri duen eta Sonyk hardwarea, hau da, edukiak antolatzen dituen kutxa eta telebista egokitua, Sony Internet Tv Disc Player izenekoa. Googlek landu duen sistema eragilearen oinarrian, Android izenekoa dago, azken belaunaldiko telefono mugikor askoren sistema eragilea, hain zuzen. Oso sistema hedatua da, eta horri esker, ekoizle askok izango lukete modua proiektuarekin bat egiteko.

Edukiak bilatzeko, berriz, Chrome nabigatzailea erabiltzen du Google TVk. Eurek sortua da, eta oso ongi bat egiten du Androidekin. Ondorioz, sistema eragile hori daukan telefono bat edukiz gero, urrutiko aginte gisa eta teklatu moduan erabil daiteke. Sonyk diseinatu duen kutxa, berriz, kable bidez lotzen zaie telebistari eta Sareari. Sistema horrek mugarik gabe nabigatzeko aukera eskaintzen du, eta Youtubeko bideoak flash formatuan erakusten ditu, Adobe enpresarekin egindako elkarlanari esker, hura baita teknologia horren jabea. Apple etxeraen iPad tabletan, adibidez, ezin da egin hori. Filmak eta telesailak ikus ditzake erabiltzaileak (bai alokatuta edo bai doan eskaintzen dituzten beste orrietatik hartuta), komunikabideek sarean jartzen dituzten edizioak irakur ditzakete, blogak ere bai, eta gizarte-sareetan ere parte har dezakete. Horren truke, iragarkiak agertzen dira pantailan, eta horrekin finantzatzen du proiektua Google TVk.

Hilabete gutxi batzuetako bidea egin du esperientzia horrek, Ameriketa Estatu Batuetan, eta ez du harrera bera eduki hartzaile mota guztiengan. Analisten hitzetan, sistema horrek abantaila onak eskaintzen ditu (mugarik eza nabigatzerakoan), baina oraindik oso mantso eta trakets dabilela ere esan dute, eta hutsegite gehiegi egiten dituela. Gainera, kable bidezko telebista-kateen lobby indartsu batek salaketa jarri die, pirateriagatik eta konkurrentzia bidegabea egiteagatik, teorian itxiak diren edukietarako sarbidea ematen dutela eta.

Apple TV

Apple etxeak denbora darama Internet bidez telebistako edukiak emateko aukera lantzen, baina, betiere, bere eredu itxiaren barrenean eta berak zorrotz kontrolatzeko moduan; lehen ere halaxe egin du iPod-ean musikarekin, iPhon-ean aplikazioekin eta iPad-ean kazetaritzako edukiekin. Nahiago izan du inorekin lankidetzan ez aritu eta 2007an atera zuen Apple TV proiektua lantzen jarraitu (aurretik, 1995ean ere egin zuen saioa bat, eta Apple Interactive Television Box sortu zuen).

Kutxa beltz eta arina da Apple TV, zigarreta-pakete bat bezain lodia eta hura halako bi zabalean; beraz, esku batean eraman daiteke. Sareari lotzen zaio alde batetik, eta ordenagailuari -Mac izan behar du- edo telebistari bestetik, nahiz eta iPad-ari ere konektatzen ahal zaion edo harigabe ere funtziona dezakeen. Eduki horiek Apple TV bidez soilik eskura daitezke, sareko denda batetik (filmak eta telesailak nabarmentzen dira). Youtubeko bideoak ere ikus daitezke, baita Flickr-eko argazkiak ere, baina ez du uzten norberak nahi duen bezala nabigatzen.

Netflix

Netflix ez da berariaz landutako sistema bat; Sarean bideoak eskatu eta alokatzeko plataforma bat da (streaming bidez ikusten dira), eta antzeko beste zerbitzuekin lehiatzen da. Ameriketako Estatu Batuetan arrakasta handia eduki du, prezio lehiakorrak eta eskaintza ugaria dauzkalako. Europara ere aurki iritsiko dela esaten dute, baina atzeratzen ari da. Gaur egun, hasia da telebista-saioak ere streaming bidez eskaintzen, horien ekoizleekin elkarlanean, eta, beraz, “Tele 2.0” bihurtzeko bidean joango dela dirudi.