Adineko pertsonentzako eguneko zentroak: 130 instalazio aztertu ditugu Estatu osoan

Artatze-zerbitzuaren kalitatea ez da hobetu, eta onargarri izaten jarraitzen du

Egun bakoitza 28 euro kostatzen da, batez beste (2006an baino % 22 gehiago), nahiz eta zentro publikoak 20 euroren inguruan dabiltzan, pribatuak 36 euroan eta itunduak 23an
1 apirila de 2011
Img tema listado 164

Artatze-zerbitzuaren kalitatea ez da hobetu, eta onargarri izaten jarraitzen du

/imgs/20110401/tema1.jpg
Zahartzen ari da gizartea. 65 urtetik gorako pertsonak herritarren % 17 dira (zazpi milioi baino gehiago), eta kolektibo horrek ere arreta eta zaintza bereziak behar ditu. Pertsona horien beharrei erantzuteko baliabideen artean, eguneko zentroak daude (adinekoen egoitzekin batera).

EROSKI CONSUMERek eguneko 130 zentro aztertu ditu (publikoak izan dira horietako 30, pribatuak 48 eta itunduak 52), honako probintzia hauetan: A Coruña, Alacant, Araba, Asturias, Bartzelona, Bizkaia, Gipuzkoa, Granada, Kantabria, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Nafarroa, Sevilla, Valentzia, Valladolid, eta Zaragoza. Azterketa hori egiteko, hainbat alderdi hartu dira kontuan: artatze-zerbitzuaren kalitatea, eskaintzen dituzten zerbitzuak, prezioak eta familei ematen dieten informazioa. Zentro bakoitzaren arduradunei galdetu zaie alderdi horien guztien inguruan, eta datu horiek osatzeko, aldizkariaren teknikariak zentroetara bertara joan dira, otsailean eta martxoan, eta euren begiekin ikusi dute zer egoeratan dauden, eta azpiegiturek zer-nolako segurtasuna, garbitasuna eta irispideak dauzkaten.

Azterketaren emaitza on samarra izan da: batez beste, emaitza ‘ona’ lortu dute 130 zentroek, eta ez da egon alderik publikoen, pribatuen eta itunduen artean. Duela lau urte ere antzeko azterketa bat egin zuen EROSKI CONSUMERek, eta orduko emaitzaren antzekoa izan da aurtengoa. Probintziaka, emaitza on horretan geratu dira Asturias, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Granada, Kantabria, Murtzia, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza; horiek baino emaitza hobea atera dute (‘oso ona’) Alacantek, Bartzelonak, Kordobak, Madrilek, Malagak eta Nafarroak. Emaitzarik apalenak, aldiz, A Coruñak eta Sevillak eskuratu dituzte: ‘onargarria’ lehenak, eta ‘hala-holakoa’ bigarrenak (ez du gainditu azterketa). Oro har, beraz, maila ona eman dute 130 zentroek, eta bat bakarra geratu da azterketa gainditu ezinik (Murtziako bat, hain zuzen).

Artatze-zerbitzuaren kalitatea: onargarria baino ez

Familia batek gisa horretako zentro batera jotzen duenean, lehenik eta behin, neurtzeko oso zaila den arreta eskatzen du adineko pertsonarentzat: maitasuna, errespetua eta adeitasuna. Garrantzi handikoa da alderdi hori, baina bada oso kontuan hartu beharreko beste alderdi bat ere. Beste zenbait gauzaren artean, zuzeneko arreta eskaintzeko zerbitzua egokia izan dadin nahi dute (erizainak, laguntzaileak edo gerokultoreak): adituek gomendatzen dutenez, halako langile bat egon behar du sei pertsonarentzako. Horrez gain, beste zerbitzu hauek ere eduki behar lituzkete eguneko zentroek: mediku-kontsultak egiteko gelak, sendaketak egitekoak, mediku tituludunak han egon behar luke egunero, eta fisioterapia- eta errehabilitazio-zerbitzuak ere garrantzitsuak dira. Atal honetan, ordea, gabeziak antzeman ditugu, eta emaitza aski apala izan da (‘onargarria’), 2007an egindako azterketan bezalatsu. Artatze-zerbitzurik onenak honako probintzia hauek eduki dituzte:

Kantabria, Murtzia, Valentzia, Araba eta Valladolid (emaitza ‘ona’ guztiek); Alacant, Bartzelona, Kordoba, Malaga, Nafarroa (emaitza ‘oso ona); eta Madrilek emaitza ‘bikaina’ eskuratu du. Aldiz, Asturiasen, Bizkaian, Granadan eta Zaragozan aztertu ditugun zentroek emaitza ‘onargarria’ atera dute, eta A Coruñak, Gipuzkoak eta Sevillak ez dute ganditu azterketa (‘hala-holako’ emaitza).

Aztertu ditugun hiru zentrotatik bitan, zaintzaile bat eduki dute sei adinekorentzat, eta, hain zuzen, adituek ratio hori jotzen dute egokitzat gisa horretako zentroentzat (2007 ikerketan ere antzeko portzentajea izan zen). Datu guztiak ez dira, ordea, hain onak: bost zentrotatik batean, 10 adinekorentzat daukate zaintzaile bat, eta hori ez da aski. Gainerako zentroek, berriz (% 17), zaintzaile bat eduki dute 7-9 adinekorentzat. Adituek aholkatzen duten ratio hori zentro publikoetan betetzen da gehien ( % 74tan), eta pribatuetan eta itunduetan, % 56k eta % 61ek bete dute, hurrenez hurren.

Medikua egunero zentroan egotea ere kalitatezko zerbitzuaren adierazgarri da. Guk aztertu ditugunetan, erdiek baino ez dute eskaini zerbitzu hori, eta pribatuetan eta itunduetan gehiago (% 48k bietan), publikoetan baino (% 39k). Fisioterapia-tratamendua eta errehabilitazio-zerbitzua ere oso garrantzitsuak izaten dira eguneko zentroetan, bereziki ezintasun fisikoak dituztenentzat. Guk aztertu ditugun zentroen % 14k, ordea, ez dute eduki halakorik, eta eskaini dutenen % 18tan, berriz, ez da egon gela espezifikorik horretarako.

Garbitasuna eta segurtasuna, bikain

/imgs/20110401/tema2.jpg
Zentroetara bertara egindako bisitan, teknikariek egiaztatu dute oso garbi eta ongi zainduta daudela leku horiek, eta emaitza ere halakoxea jarri diote garbitasunari eta mantentze-lanen atalari: ‘oso ona’. Eraikin horien kanpoaldea (eraikina eta lorategiak) eta barrualdea garbi edo oso garbi eduki dute zentroen % 90ek baino gehiagok. Higiene-kontuak inon zaindu behar badira, komunetan zaindu behar izaten dira, eta guk aztertu ditugunetan, garbi-garbi egon dira hamarretik sei; hirutik batek egoera egokia eduki du, eta % 3tan baino ez dugu antzeman higiene falta deigarria.

Segurtasuna funtsezko atala izaten da adineko pertsonentzako instalazioetan, eta gure azterketan, emaitza ‘ona’ lortu dute eguneko zentroek. Probintziaka, dena den, guztiak ez dira berdin ibili. Batez besteko emaitza horren mailan geratu dira Granada, Valentzia, Araba eta Bizkaia; emaitza ‘oso ona’ lortu dute Alacantek, Bartzelonak, Madrilek, Malagak, Valladolidek eta Zaragozak, eta horien gainetik ibili dira Kordoba, Gipuzkoa eta Nafarroa (emaitza ‘bikaina’ merezi izan dute). Aitzitik, azterketa justu-justu gainditu dute Asturiasek, Kantabriak, Murtziak eta Sevillak, eta ezin gainditurik geratu dira A Coruñako zentroak (‘hala-holako’ emaitza izan dute). Zentro itundu guztiek eta pribatuen eta publikoen % 90ek badaukate larrialdi-plan idatzia, baina lautik batean jakinarazi digute sekula ez dutela egin sute-itxuratze edo simulakrorik. Zentroen % 40k, berriz, ziurtatu dute zentroko langileek eta erabiltzaileek ezagutzen dutela egoitza husteko plana.

Segurtasun neurriz ongi hornituta daude zentro horiek: larrialdiko argiak, su-itzalgailuak gune guztietan, larrialdiko irteerak seinale bidez adieraziak eta ke-detektagailuak ikusi ditugu zentrorik gehienetan. Aldiz, zenbait egoitzatan ez ditugu ikusi su-ihinztagailuak (% 39tan), hodi malguak (% 33tan), suhesi gisako ateak (% 30etan) edo sute-harguneak (% 19tan).

Eguneko zentroetan egoten diren pertsona asko ezin izaten dira mugitu edo kostata mugitzen dira. Irisgarritasuna, beraz, funtsezkoa da leku horietan. Teknikarien iritziz, zentro horien irispideak ‘oso onak’ dira. Instalazio guztien % 3k izan ezik, gainerako guztiek sarbide egokituak eduki dituzte (arrapalak eskaileren ondoan), edo ez dute izan egokitu beharrik, sarrera kalearen maila berean egon delako. Era berean, zentroen % 60k hormetan barrak eduki dituzte, adinekoak horiei helduta joan daitezen oinez dabiltzanean.

Eguneko zentro bat aukeratu aurretik...
  • Betebeharrak: Autonomia erkidego bakoitzak gutxieneko baldintza batzuk ezartzen ditu zentro horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak eskuratzeko. Baldintza horietako batzuk oso antzekoa dira leku guztietan: adina (60-65 urte inguru edukitzea); zentroa dagoen udalerrian erroldatua egotea (zenbateko antzinatasuna behar den, hori aldatu egiten da erkidego batetik bestera); adinekoak ez izatea hilurreneko egoeran jarri duen kutsabidezko eritasunik edo eritasun kronikorik, zeinak behartzen baitu ospitale batean zaintzera; eta, beharrezko balitz, laguntza ekonomikoa behar duela egiaztatzea, bai adinekoak berak edo bai familia-unitateak.
  • Hornidura: Zentro bat hautatu baino lehen, komeni izaten da eremu guztiak bisitatzea, eta egiaztatzea aski zabalak direla, ongi aireztatuak daudela eta argia ere ugari dutela, eta komun osatuak dauzkatela. Zorrotz jokatzea komeni da, eta begiratu egin behar da gela eta areto guztiak higiene- eta osasun-egoera bikainean daudela. Autonomia erkidego bakoitzak zehazten du jantokiek eta jarduera-guneek zer neurri eduki behar duten (erabiltzaile kopuruaren araberakoa izaten da). Komunei dagokienez, adinekoen beharretara egokituta egon behar dute.
  • Ordutegiak eta prezioak: Zentro horiek erabili nahi dituztenek jakin behar dute, batez beste, 10 orduz egoten direla zabalik (horixe erakutsi du gure azterketak). Asteburuetan eta jaiegunetan, normalean, itxita egoten dira. Bestalde, prezioei dagokienez, zentro askotan aldatu egiten da hileko tarifa adinekoak duen mendekotasun-mailaren arabera; horregatik, zaila da prezio estandar bat ematea. Egun bakoitza, batez beste, 30 euro inguruan ateratzen da guk aztertu ditugun zentroetan. Baiezkoa eman aurretik, tarifa horretan zer zerbitzu sartzen diren galdetu behar da.

Zer prezio dute eguneko zentroek?

/imgs/20110401/tema3.jpg
Faktore askoren menpe egoten dira eguneko zentroen prezioak: zentroak zer titulartasun duen (publikoa den, pribatua edo itundua), adinekoak zenbaterainoko mendekotasuna duen eta zentroak zer zerbitzu eskaintzen dituen. Edonola ere, egun bakoitza 28 euro kostatzen da, batez beste: zentro pribatuetan, 36 eurokoa da kuota, eta publikoetan, 19 eurokoa. Itunduek, berriz, 23 euro kobratzen dute, batez beste, egun bakoitzeko. Eguneko tarifa hartu dugu eredutzat, zeren, gehienetan, familiek noizean behin erabiltzen baitituzte zentro horiek, adinekoen egoitzak ez bezala. Zentroek eurek ere, prezioen berri ematerakoan, eguneko tarifa hartu dute oinarritzat gehienetan.

Gaur egungo prezioak eta 2007. urtekoak alderatzen baditugu, % 22ko igoera gertatu dela ikusiko dugu, nahiz eta KPIa % 10 igo den tarte horretan (orduko hartan, batez beste, 23 euro ateratzen zen egun bakoitza). Zentro publikoak eta pribatuak % 27 eta % 24 garestitu dira, hurrenez hurren, eta itunduek orduan bezalatsu jarraitu dute.

Zentroek eman diguten informazioa

EROSKI CONSUMERen teknikariak 130 zentroetara joan dira, eta beren begiz ikusi dute zer-nolako informazioa eta tratua ematen dieten galdezka joaten diren familiei. Informazioaren atalean, emaitza ‘oso ona’ lortu dute zentroek. Zenbait lekutan, hala ere, nahiko eskas ibili dira: A Coruñan ‘hala-holako’ emaitza atera dute, eta Kantabrian, Araban, Murtzian eta Nafarroan, ‘onargarria’.

Zentroen % 93k informazio egokia eta osatua eman dute, eta gainerako % 7ek eskasa edo oso eskasa. Tratua, berriz, oso ona izan da lau zentrotatik hirutan, eta beste % 18k tratu egokia eman digute; aldiz, zentroen % 5etan, hala-holakoa izan da. Zentroa bezeroei erakusteko ardura eduki duen pertsonak aitzakiak jarri ditu (denborarik ez duela, adibidez), eta horrexegatik atera dute emaitza apal hori.

Adineko bat eguneko zentrora eramaten dutenean, familiak jakin nahi izaten du, profesionalen ahotik, zer bilakaera egin duen hark. Gure azterketan egiaztatu dugunez, asko hobetu dute arlo horretan: hamat zentrotatik seik baieztatu dute erabiltzaileei buruzko txostenak helarazten dizkietela familiei, idatziz, eta maiztasuna, berriz, hilean behingoa dela adierazi dute hamarretik seik.

Zer zerbitzu eskaintzen dituzte? eta konparaketako taula

Eguneko zentroak zer kalitate duen neurtzeko orduan, eskaintzen dituen zerbitzuei ere erreparatu behar zaie, eta guk aztertu ditugun 130 zentroek emaitza ‘oso ona’ eskuratu dute atal horretan.

  • /imgs/20110401/tema4.jpg
    Garraioa: adineko pertsona eraman egin behar izaten da etxetik eguneko zentrora eta zentrotik etxera, eta horrek kezka dezente sortzen dizkie familiei. Aztertu ditugun zentroetatik, garraio-zerbitzua eskaintzen dute % 84k. Dena dela, bostetik hiruk baino ez dute jakinarazten ibilgailu egokituak dituztela (jasogailuak, garabiak, arrapalak… dauzkaten horietakoak). Lau zentrotatik batean, hileko kuotaren barrenean sartzen dute garraioaren tarifa, eta botetik bik, berriz, bereiz kobratzen dute.
  • Menuak: zentroek zer otordu eta menu ematen dituzten ere aztertu behar izaten da. Ia erdiek (% 47) ez dute aukerarik ematen menuak hautatzeko, baina ia guztiek adierazi dute (% 98) dieta egokia eskaintzen dutela behar bereziak dituztenentzat (diabetesa, hipertentsioa, eta abar). Zentrorik gehienetan (% 69), han bertan prestatzen dituzte otorduak, eta catering zerbitzua, berriz, % 29k erabiltzen dute.
  • Podologia: ile-apaindegiarekin batera, horixe da zerbitzurik hedatuena eguneko zentroetan. Ohikoa izan arren, ordea, % 12k ez dute eskaintzen (pribatuetan zertxobait gutxiagok, % 9k), eta ile-apaindegi zerbitzua, berriz, % 14tan falta da (pribatuetan, % 4 soilik dira ez daukatenak). Hori bai, bi zerbitzu horiek eskaintzen dituztenen artean, ia denek bereiz kobratzen dituzte. Ile-apaindegia 10 euroren inguruan ibili ohi da, eta podologia-zerbitzua, 14 euroren inguruan.
  • Ordutegi-malgutasuna: oinarrizko alderdia da adinekoen familientzat. Zentro horiek, batez beste, 10 orduz egoten dira zabalik (A Coruñako zentro bat 14 orduz ere bai, eta Kordobako batek, aldiz, pare bat ordutarako irekizen ditu ateak goizean eta beste hainbeste egiten du arratsaldean). Asteburuetan, hamarretik ia hiru egoten dira irekita.
  • Aisialdia: erabiltzaileek denbora pasatzeko jarduerak behar izaten dituzte, aldarte onean egoteko beharra dute, ariketa egin eta zentroan dauden kideekin harreman sozialak landu. Horretarako, animazio-programa soziokulturalak eskaintzen dituzte guk aztertu ditugun zentro guztiek, eta lau jarduera mota baino gehiago izaten dituzte: kulturalak, musikaren arlokoak, fisikoak eta terapia okupazionalari dagozkionak, besteak beste.