Haurrekin bidaiatzea: irten aurretik prestatu, eta gero ez kezkatu
Haur txikiekin bidaian joateko prestakizunek lan handia ematen dute, eta joan aurretik gogaitzeko arriskua ere izaten da. Norbera bakarrik dabilenean, edo lagun batekin edo bikotekidearekin joan denean, zorroa bizkarrean hartu eta bidean aurrera, errazagoa da inprobisatzea, eta suertatzen denaren arabera erabakitzea non jan, non lo egin, zer ikusi… Baina haurrekin goazenean, ongi lotu behar dira gauza guztiak, eta etxetik atera aurretik, gainera. Zer eraman, nondik nora ibili, zer plan egin familia osoarentzat… Horiek guztiak ongi lotu ezean, ustekabeko txarrak hartuko ditugu, eta alferreko gastuak egin ere bai, etxean ahaztu ditugun gauzak edo hotelek eskaintzen ez dituztenak erosten. Kontua ez da, hala ere, abentura-ukiturik gabeko oporrak egitea. Abenturak ere izan lezake bere tokia, baina haurrekin egiteko modukoa izan beharko du.
Bidaia planifikatzea maletak ongi betetzea baino zerbait gehiago da. Batean eta bestean begiratu beharra dago, ea zer eskaintza dauden hoteletan (2×1 erako aukera asko izaten da edo haurrak doan joan litezkeenak), garraio-zerbitzuen baldintzei erreparatu behar zaie, mediku-aseguru bat egitea ere funtsezkoa izaten da Europatik kanpo joateko asmoa edukiz gero… Abiatu aurretik, komeni da jakitea garraioen baldintzak zein diren, hotelek zer zerbitzu dauzkaten haurrentzat eta aseguruek zer-nolako estaldurak ematen dituzten.
Garraioa: Erreparatu baldintzei
Haurrekin bidaian joateko, nork bere garraiobidea erabiltzea izaten da aukerarik erosoenetakoa. Askatasuna ematen du nahi denean abiatu eta bidean geldialdiak egiteko eta garraio publikoetan eraman daitekeen baino ekipaje gehiago hartzeko. Baina beti ezin da norbere autoan joan, eta trena, autobusa, hegazkina edo itsasontzia hartu behar izaten da. Halakoetan, deus aukeratu aurretik, zerbitzua eskaintzen duen enpresara bertara deitzea komeni izaten da, eta haurrekin zer politika erabiltzen duten galdetzea.
Espainian, gaur egun, bi urtez azpiko haurrek ez dute beren jarleku berezian joan beharrik ezein garraiobidetan (autobusa, hegazkina, trena eta itsasontzia). Haurtxotzat hartzen dituzte horiek, eta heldu baten besoetan joan daitezke. Ez dute, beraz, eserlekua ordaindu beharrik, nahiz eta zenbait garraiobidetan (hegazkinean, adibidez), hegaldi-aseguru berezi bat ordaindu behar izaten den, zeina ontziratze-txartelarekin batera atera behar baita. Hori dela eta, txartelak erosi aurretik, funtsezkoa da konpainiari jakinaraztea haurtxo batekin edo gehiagorekin joango garela. Txartelak Internet bidez erosten direnean ere, atal berezi bat edukitzen dute airelineek, erabiltzaileak jakinaraz diezaien haurrik eramango duen eta zer adinetakoak diren.
Dena den, gurasoek nahi badute, haurrari ere har diezaiokete jarlekua. Ordaintzerakoan, haurrei dagokien tarifa bera ezarriko diete (bi urtetik hamabira bitarteko neska-mutilek osatzen dute haurren taldea). Haurtxoek ez bezala, haurrek beren jarlekuan joan behar dute legez.
Bidaian irten aurretik, hala ere, konpainia bakoitzak zer baldintza, arau edo jokabide dituen jakitea komeni da:
- Autobusa: autobus-konpainia batzuek aukera bakarra uzten dute haurtxoekin bidaiatzeko: besoetan eraman behar izaten dira, ez dutelako edukitzen haurrak eramateko aulki berezirik (maxi-cosia) ez eta norberak eraman dezakeen aulkia jarlekura lotzeko uhal berezirik ere, zeinak homologatua egon behar baitu. Arau horren berri eduki ezean, gerta liteke familia osoa bidaiatu ezinik geratzea. Horregatik, unea iritsi aurretik, baldintza horien guztien inguruko argibideak eskatu behar zaizkio autobus-enpresari.
- Trena: Renfen ere, besoetan soilik eraman daitezke haurtxoak. Trenek ez dute edukitzen haurtxoentzako segurtasun-sistema espezifikorik, eta berariaz galarazten dute jarlekuen gainean haurtxoentzako edozein aulki jartzea (maxi-cosi erakoak).
- Hegazkina: Hegazkinetan, berriz, ez da izaten halako eragozpenik. Konpainia gehienek izaten dituzte haurtxoak esertzeko aulkiak eta uhal bereziak, beren jarlekuan joan daitezen. Aulki horiek erabili ahal izateko, ordea, aldez aurretik jarri behar da konpainiarekin harremanetan, aulkia gorde diezagutela eskatzeko, kopuru mugatua izaten dute eta (bi, hegazkin bakoitzeko). Beste zenbait konpainiak, aldiz, ez dute edukitzen maxi-cosi erako aulkirik, baina bai horiek lotzeko uhal bereziak. Halakoetan, norberak eraman behar du haurtxoarentzako aulkia.
Hegazkin-konpainiaren politika era batekoa edo bestekoa izan, hegaldi bakoitzeko langileek beti jartzen dute bezeroaren eskura haurtxoa lotzeko segurtasun uhala (aireratzerakoan eta lurreratzerakoan, bereziki), eta ongi jartzeko laguntza ere ematen diote. Ibilbide luzeko bidaietan, sehaskak ere izaten dituzte zenbait konpainiak, baina horiek ere, aurrez eskatu behar dira.
familia-liburua eramatea, Espainian batez ere
Haurtxoak bere aulkian bidaiatuko duela erabakitzen badugu, 2 urtetik 12ra bitarteko haurrei dagokien tarifa ordainduko du, eta ekipajea eramateko eskubidea izango du (20 kilo arte, turista klaseko ohiko airelineetan, eta 30 kilo arte, lehen mailako txartela badu). Tarifak aldatu egiten dira konpainiaren eta helmugaren arabera. Espainiako Estatu barruko hegaldietan, helduen txartela baino % 50 merkeagoa izan ohi da haurrena, eta nazioarteko hegaldietan, % 33rainokoa izan daiteke beherapena.
Aholkua: Hegazkinean haurrekin bidaiatu behar denean, hegazkinaren aurrealdeko jarlekuak hartzen saiatu behar da, “Bussiness” eremuaren jarraian daudenak. Toki gehiago izaten dute hankak luzatzeko, eta egokiagoak dira komunera joan edo jarlekutik altxatu eta haurtxoekin oinez ibiltzeko. Hegazkin-konpainia askok bezeroei aukera ematen diete erreserbak egiterakoan jarlekuak hauta ditzaten, baita txartela Internet bidez erosten dutenenean ere. Halako aukerarik ez badago, komeni litzateke aireportura oso garaiz joatea, jarleku horiek lortu ahal izateko. Haurrekin doazen familientzat gorde ohi dituzte hegazkin-konpainiek.
Hotelak: Erosotasun guztiekin
Ostatu hartzeko lekua hautatu aurretik, funtsezkoa da bi gairi buruzko argibideak eskatzea: prezioak eta haurrentzako zerbitzuak.
- Prezioak. Gaur egun, haurrentzako tarifa bereziak eskaintzen dituzte hainbat hotelek: 2×1 erakoak, haurrentzat % 50eko beherapenak edo guztia doan 12 urte artekoentzat. Prezio onaren berri emateaz gai, beste zerbait ere adierazten dute eskaintza horiek lerro artean: haurrekin datozen familientzat prestatua eta bideratua dago hotela. Hori oso garrantzitsua da, bai zerbitzuz ongi hornitua egongo delako, eta bai haur gehiago ere bilduko direlako, segur aski.
- Hotelaren tipologia. Batzuetan, familiak hartzeko ez, baina bikoteentzat, gazteentzat edo erretiratuentzat pentsatua dagoen hotel batera joanez gero, gerta daiteke bizikidetza-arazoak sortzea. Turista askok, hain zuzen, bakea, lasaitasuna eta ume-hotsik gabeko lekuak nahi izaten dituzte oporretarako.
- Zerbitzuak: Zerbitzuei dagokienez, funtsezkoa da aldez aurretik galdetzea hotelak sehaskarik baduen, eta logela mota bat edo bestea hautatzerakoan, norberaren familiarentzat egokia dena aukeratzea (oro har, bost oheko gelak ere izaten dituzte hotelek, familia ugarientzako aproposak). Komeni izaten da, halaber, jatetxeko politikari buruzko argibideak eskatzea (hotelean jateko asmoa badugu), eta haurrentzako menurik ematen duten jakitea. Gero eta ohikoagoa da hotelek eurek prestatzea haurtxoentzako pureak edo ahiak, baita haurrak doan sartu badira ere hotelean. Hala ez bada, etxean prestatu eta izoztuta eramatea izan daiteke aukera bat. Hori egiteko asmoa badugu, hoteletik esan beharko digute baduten edo ez horiek kontserbatzeko hozkailu berezirik. Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioaren arauei jarraituz, hotelak bezeroari eskatuko dio pure-potoan argi eta garbi jar dezala zer egunetan egina den purea (eskuz idatzita, besterik ez bada ere). Haurtzaindegi- eta animazio-zerbitzurik baduten jakitea ere ongi etor liteke (doakoak izaten dira gehienetan), eta garbitegi-zerbitzua ere oso erabilgarria izan daiteke haur txikiak baditugu (azken zerbitzu hori ordaindu egin beharko da).
Asegurua: Ezinbesteko inbertsioa
Haurrekin atzerrira bidaiatzeko asmoa edukiz gero, ia derrigorrezko bihurtzen da aseguru bat kontratatzea (are gehiago haurrak maiz gaixotzeko joera badu). Edozein gaixotasunek edo ezustekok pikutara bidal ditzake oporrak. Aseguruaren gai honetan, bi alderdi hartu behar dira aintzat: estaldurak eta prezioa.
- Estaldurak: funtsezkoa da bidaia-seguruak mediku-zerbitzuen estaldura eskain dezan (baita bidaia ezeztatzeko aukera eta ekipajea galtzeagatik ordaina jasotzekoa ere). Zenbait herrialdek, izan ere, ez daukate osasun-zerbitzu publikorik. Europan barrena egin beharreko egonaldientzat ez da zertan egin gisa horretako asegururik, Espainiako Gizarte Segurantzak hitzarmena egina baitu Europako Batasunarekin, zeinaren bidez osasun-zerbitzuak eskaintzen zaizkien Europan bizi direnei. Aski izaten da Europako Osasun Txartela eskatuta, Gizarte Segurantzaren web-orrian bertan (www.seg-social.es). Bi urteko balioa izaten du, eta eskatzailearen etxera bidaltzen dute, 10 egun baino lehenago. Gaur egun, aseguru-etxeek aukera ematen dute bezeroak familia-asegurua egin dezan (familia osoari ematen dio estaldura), edo aseguru indibidualak egin ditzake bestela; adibidez, berariaz haurrentzat direnak eta mediku-estaldura ematera mugatzen direnak.
- Prezioa: oporrak igarotzeko hautatu den herrialdearen eta bidaiaren iraupenaren araberakoa izango da prezioa. Oro har, bidaiak balio duenaren % 2 eta 3 artean ibili ohi dira polizak. Adibidez, Europan barrena egingo dugun bidaia batentzat, 15 euroren inguruan ibiliko da pertsona bakoitzaren asegurua. Europatik kanpo joateko, 20 eurora iritsiko da, gutxienez, bidaiari bakoitzarena.
- NA: 14 urtez gorako pertsona guztiak behartuta daude, legez, Nortasun Agiria edukitzera. Beraz, 14 urtetik beherakoentzat ez da derrigorrezkoa. Hegazkin-konpainia askok, ordea, eskatu egiten dute. Espainian barrena bidaiatzeko balio du NAk, eta Europako Batasuneko herrialde guztietara joateko ere bai.
- Pasaportea: dokumentu horrekin, munduko edozein herrialdetara joan daiteke (baita Europako horietara ere). Txinan, Indian eta Egipton, ordea, pasaportea ez da aski, eta turista-bisa bat ere aurkeztu behar izaten da. Baldintza horrek berdin balio du adinez nagusi direnentzat eta adingabeentzat, eta, beraz, gauzak ongi lotzeko, herrialde hartako kontsuletxera deitzea komeni da, jakiteko hango agintariek zer dokumentu eskatzen dizkieten atzerritik datozenei.
- Familia-liburua: adingabea gurasoekin badoa, komeni izaten da familia-liburua eramatea, Espainian batez ere. Berez, liburua ez da ezinbestekoa bidaia egiteko, haurren argazkirik ez duenez, ez baitu balio haurrak identifikatzeko, baina balio du beste dokumentu batzuk eskatzeko (NA eta pasaportea, adibidez). Eta balio du, halaber, odolkidetasun-harremana frogatzeko, eta erakusteko, aldi berean, heldu horiei dagokiela guraso-agintea eta haurren zaintza. Dokumentu batzuek aukera ematen dute haurrak ere ager daitezen; pasaporteak, adibidez. Horregatik, gurasoen pasaportean haurrak ere sartu behar lirateke, argazki eta guzti agertzen baitira.