Lepoko zartada, epidemia modernoa
Ibilgailu bat geldi dago semaforo batean, edo abiadura txikian doa. Beste bat etorri, eta atzetik jo du. Hamaika bider ikusi izango ditugu halakoak errepideetan. Zirkulazio-istripu horiek ohiko bihurtu dira, eta eragiten duten lesioetako bat ere ohiko bihurtzeko bidean da: lepoko edo zerbikaletako zartada. Kolpearen eragina bihurdura edo zaintiratu baten gisakoa izaten da, eta istripua gertatu den unean buru-euskarria jarlekuan eramanez gero, baliteke ondorioak ez izatea hain larriak; behin kaltea eginda dagoela, tratamendu egokiak hartzea izaten da oinazea arintzeko modua.
Lepoko zartadaren sindromea sortzen da burua azelerazio-indarren eraginpean geratzen denean, eta indar horiek lepoaren gain talka egiten dutenean. Oro har, ibilgailu motordunen istripuek sortzen dute lesioa (lau gurpilekoak izaten dira gehienetan), auto batek beste bat atzetik jotzen duenean, bigarren hori mantso doala -orduko 30 kilometroren azpitik ere bai-. Talka mota horren ondorioz, kolpea eman dioten ibilgailuko gidariaren edo bidaiariaren lepoa modu zakarrean astintzen da. Hiperluzapeneko mugimendua egiten du lehenik (aurrerantz), eta hiperflexioa izaten du jarraian (atzerantz). Lepoko zartada izaten da mugimendu bortitz horren emaitza, lepoko bihurdura baten antzeko zerbait. Hezurrei egin diezaieke kalte (ornoak) eta berdin lepoaldeko zati guriei ere -giharrak, lotailuak eta zurdak edo tendoiak-, gorputzeko beste atal batzuetako bihurdurekin gertatzen den bezala (futbolariek orkatilan izaten dutena edo eskiatzaileek belaunean).
dira kasuak
Egoera batean baino gehiagotan sor liteke lesio mota hori, baina ohikoena izaten da ibilgailuek alboz edo aurrez aurre talka egin ondoren sortzea; igerilekuan zoritxarreko murgilaldi bat egiteagatik ere etor liteke, edo zenbait kiroletan aritzeagatik, edo jolas-parke batera joan eta norian, talka-autoetan edo errusiar mendian ibiltzeagatik. Kasu horietan guztietan, arriskua izaten da lepoa modu zakarrean astindu eta min hartzeko.
Gero eta hedatuagoa
Gero eta jende gehiagok pairatzen du lepoko zartada. Azken 30 urteetan, nabarmen ugaritu dira kasuak, eta uneotan, 100.000 biztanle bakoitzeko, 300ek izaten dute urtean. Gizarte aurreratuen epidemia bihurtzen ari da, eta lotu-lotua dago ibilgailuen zirkulazioa ugaritu izanarekin.
Espainian ez dago berriki egindako azterketa epidemiologiko zorrotzik sindrome horren inguruan, baina badakigu, Bartzelonako Klinika Mediku-Forentsean egindako azterlan bati esker (2000. urtekoa da), gorputzeko oinazeagatik egindako kontsulten % 16 lepoko zartadaren sindromeari zegozkiola orduko hartan. Azterlan horrek eta beste batzuek erakusten dutenez, ibilgailuek atzealdetik emandako talken ondorio izaten da sindromea, atzean eserita doazenei baino gehiago eragiten die aurrean doazenei, eta gehiago jasaten dute pertsona garaiek eta 20 eta 34 urte arteko gazteek.
Buru-euskarria, segurtasun neurria
Duela urte batzuk, segurtasun-uhala erabiltzen ez zenean, auto batek aurrez aurre joz gero, haizetakoaren beira zatiekin aurpegia zauritzea izaten zen ohikoena. Gaur egun, segurtasun-uhalari esker, asko arindu dira kolpe handi horien ondorioak, baina ordainetan, lepoko zartada gehiago izaten ditu jendeak. Izan ere, istripuei aurre egiteko zer neurri hartzen den, era bateko edo besteko lesioak agertuko dira. Lepoko zartadari dagokionez, neurri bakarra erabil daiteke ondorioak arintzeko: autoetako buru-euskarria, horren gainean geratzen baita burua, atzerantz doanean. Baina behar bezalako babesa eman dezan, jarlekuan doanaren neurrira egokitu beharra dago.
Etorkizunari begira, buru-euskarri berriekin azterketak egiten ari dira auto-konpainiak, eta manikiak erabiltzen dituzte horretarako (dummie esaten diete). Helburua litzateke buru-euskarri aktiboa (edo mugikorra) diseinatzea, lepoa mugitu ahala mugitzen dena, eta horrekin arintzea zartadaren eragina.
Minetik diagnostikora
Orkatilako bihurdurak bezalakoxe mina eragiten du lepoko zartadak: oinazea izaten da lepoaldean eta, ondorioz, mugitzeko eragozpenak, zurruntasuna eta lepoko uzkurdura. Zenbaitek besagainetan ere eduki dezake mina, eta besoak eta eskuak inurrituta ere bai. Jenderik gehiena bi edo hiru hilabeteren buruan osatzen da, baina batzuk, denbora hori pasatuta, lepoko oinaze kronikoarekin geratzen dira (% 14 eta % 42 artean), eta % 10i, berriz, etengabe agertzen zaie oinazea, oso luzaroan, gainera.
Lepoaldeko oinazea ez bada joaten, jendeak pentsatzen du lesio larriren bat eduki dezakeela (paraplejia edo tetraplejia ekar dezakeena), eta medikutara joaten dira luze gabe.
Behin kontsultara joanda, anamnesi bat egiten diete lehenbizi (galdeketa klinikoa, non galdetzen dieten nola gertatu zen istripua eta zer-nolako eragozpenak sortu dituen), eta gero, erradiografia bat egiten diete, bestelako lesiorik baduten edo ez ikusteko (lotailu-haustura), eta gerta liteke erresonantzia magnetikoa ere egitea.
Ondorioak minimizatu
Lepoko zartadari ematen zaion sendabidea edo tratamendua ez da berdina kasu guztietan; gaixo bakoitzaren sintometara egokitzen da, eta gorputzeko beste lesio traumatologikoen antzekoa izaten da. Lesioak berak eragiten duen minarentzat, ahotik hartzeko analgesikoak eta anti-inflamatorioak hartzen dira. Oinazea joan ezean eta mugitzerakoan mina sentituz gero, lepoko bat jarri eta lepoa immobilizatzea izaten da aukera bat, orkatilarekin egiten den antzera: min ematen duenean, orkatiletako bat jartzen da. Lepotakoa zazpi-hamar egunetan eramatekoa izaten da, egunean zehar gehienbat (gauetan ez da beharrezko izaten). Horrexegatik esaten zaio lepotako guri ez-jarraitua. Dena den, ez da falta eztabaidarik lepotakoaren auzian, zeren frogatua baitago immobilizatzeko joera sarriegia ez dela ona, sorgin-gurpil bat sortzen baitu: lepoa mugitu ezinik dagoela, uzkurtu egiten da eta gero eta gehiago zurruntzen. Hurrengo urratsa izaten da gaixoari erakustea zer ariketa eta nola egin behar dituen lepoaren zurruntasunari aurre egiteko. Zurruntasuna kentzeko masajeak ere har ditzake, fisioterapeuta batek emanak. Hain zuzen, zenbait ikerketa medikuk erakutsi dutenez, fisioterapia-programa bati jarraitzen dioten gaixoen minak hobera egiten du, lepoa egonean utzi eta lepotakoa erabiltzen dutenekin alderatuta. Azkenik, beste sendagai batzuk ere erabil daitezke mina arintzeko: adibidez, azalean emateko analgesikoak edo min-kentzaileak (espraiak eta ukenduak).
- Sekula ez kendu ibilgailuak dituen buru-euskarriak. Pertsona bakoitzaren neurrira egokitu buru-euskarria, eta segurtasun-uhala ongi lotuta eraman. Buru-euskarriak ez du geratu behar bidaiariaren begien azpitik.
- Ez da komeni jarlekuaren bizkarraldea gehiegi etzatea. Zenbat eta bertikalago egon (erosoa izateko moduan, betiere), orduan eta segurtasun gehiago emango dio ibilgailuan doanari.
- Istripua izan eta lepoaldeko mina sumatuz gero, ez da larritu behar. Jarrera baikor eta sosegatua eduki behar da, lesioa ez baita larria.
- Ahal bada, ohiko zereginekin jarraitzekoa komeni da, eta lanera joatea, erabateko atsedena ez baita izaten beti ona.
- Medikuak agintzen dituen analgesikoak hartu, eta fisioterapia-ariketekin osatu sendabidea, lehenago osatzeko.
- Gora begira edo albo batera etzanda lo egin, erosoen gertatzen den jarreran eta min gutxien ematen duenean.
Iturria: Andrés Combalía, Bartzelonako Ospitale Klinikoko Ortopedia-Kirurgia eta Traumatologiako aholkularia eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea