Elikadura iraunkorra: ingurumena ez irensteko
Iraunkortasuna eta ingurumena eskutik
joatea nahi genuke, eta eskatzen
hasita, elikaduraren gaia eta
elikadura-orekaren auzia ere bi horien
mailan jartzea. Elikadurari aplikatuta,
hau litzateke iraunkortasuna ulertzeko
moduetako bat: ingurumena errespetatuz
eta zainduz ekoitzi, transformatu eta
merkaturatu diren elikagaiak hautatzea.
Baina iraunkortasunak baditu beste
zenbait alderdi ere. Horietako bat, elikadura-
orekarena. Hau da, norberak oreka
bilatzea elikatzerakoan, gizarterik desarrollistenetan
nagusi diren gehiegikeriak
egin gabe. Eta bi horiekin batera,
beste hainbat ekintza ere egin ditzakegu
iraunkortasunaren alde (geure buruaren
alde, azken batean): bizikleta erabiltzea
erosketak egiteko, astea ongi antolatzea
denbora eta erregaia alferrik ez
gastatzeko zenbait jardueratan, orgatxo
edo poltsa berrerabilgarriak erabiltzea,
bilgarri eta ontzi gutxiago dituzten salgaiak
hautatzea eta ingurumenari kalte
gutxiago egiten dioten garbigarriak-eta
erostea. Etxe barrenean ongi erreparatu
behar genioke jakiak biltegiratzeko
eta prestatzeko moduari, eta ikasi egin
behar genuke elikagaiei eta sortzen diren
hondakinei probetxu ateratzen eta
horiek berrerabiltzen. Energia berriztagarriak
erabiltzeko urratsa egitea ere ez
da alferrekoa (eguzki-panel termikoak
jar daitezke ura berotzeko), lagungarria
baita energia optimizatzeko eta, ondorioz,
dirua aurreztu eta natura zaintzeko.
Pausoz pauso, elikadura iraunkorraren bidean
Jarrera eta jokamolde berrietara ohitzea eskatzen du elikadura iraunkorrak. Zenbaitek izena ere jarri diote ingurumena errespetatzen duen elikabideari: “Karbono gutxiko dieta”. Izena bat izan edo bestea, helburua bat eta bakarra da: berotegi-gas gutxiago sortzen dituzten elikagaiak kontsumitzea, klima-aldaketaren ondorio txarrak murrizte aldera.
Bide horretan egiten den urrats bakoitza lagungarri izango da elikadura iraunkorraren eredura hurbiltzeko eta, aldi berean, errespetu eta begirune gehiago erakusteko naturari, etorkizuneko belaunaldiei eta jendarte pobretuenei.
Elikagaiak hautatzerakoan
- Tokian tokikoa. Merkatuak globalizatu izanak asko ugaritu du elikagai-eskaintza, eta munduko hainbat bazterretatik ekarritako salgaiak aurki ditzakegu etxe ondoan, urteko edozein sasoitan, gainera. Elikagai, zapore eta testura berriak ezagutzeko aukera ematen du horrek, eta jakiak prestatzeko modu berriak saiatzera ere bultzatzen gaitu. Baina, nolabaiteko onura horien aldean, askoz handiagoak dira kalteak: izugarrizko energia pila xahutu behar izaten da garraioan (barkuak, kamioiak edo hegazkinak), eta jaki pila galantak hondatzen eta alferrik galtzen dira. Eta horrek guztiak arrastoa uzten du, berotegi-gasak ugaritu egiten dira eta. Beraz, gure saskia iraunkorra izan dadin nahi badugu, tokian tokiko elikagaiak erosteko joera hartu beharko dugu (frutak, barazkiak, lekaleak, arrainak, haragiak…), bizi garen inguruan lantzen edo sortzen direnak, kalitatez ere hobeak izaten dira eta (ez dute mantenugairik galtzen biltegian egon beharraren ondorioz, ez garraiatzen dituztenean ere). Joera hori gero eta hedatuagoa dago laborarien, abeltzainen, elikagai-banatzaileen eta kontsumitzaileen artean, eta horrela lortzen da, hain zuzen, espezie autoktonoak iraunaraztea eta tokiko ekonomia sustatzea.
- Sasoian sasoikoa eta behar den garaian bildua. Barazkiak eta frutak ongi umotuta daudela biltzea funtsezkoa da espezieen hazte-zikloa errespetatzeko eta natura bera zaintzeko, eta hori bezain garrantzitsua da, asteko menua prestatzerakoan, zer urte-sasoitan gauden aintzat hartu eta garaiari dagozkion elikagaiak hautatzea. Sasoiko elikagaiak freskoagoak dira, zapore gehiago dute eta luzaroago irauten dute. Arrainei dagokienez, legez ezarritako gutxieneko neurria dutenak harrapatu eta kontsumitu behar dira, horrela baino ez baita bermatuko arrantza-baliabideen iraunkortasuna. Gutxieneko neurri hauek jarri ditu FROM erakundeak arrain-espezieentzat (Arrantza-produktuen eta itsas kultiboen merkatua arautzeko eta antolatzeko funtsa da): legatzarentzat eta mihi-arrainarentzat, 20 cm; sardinarentzat eta barbarinarentzat, 11 cm; antxoarentzat, 9 cm… Komeni da kontsumitzaileak jakin dezan informazio hori, zeren arrandegian edo jatetxeetan arraintxoak eskatzen dituenean, edo beste arrain-espezie heldugabe batzuk, arrantza mota bidegabe hori sustatzen ari baita, eta espezie horien etorkizuna arriskuan jartzen.
- Elikagaiei ahalik eta probetxu gehien atera. Fruta azal eta guzti jatea (ongi garbitu ondoren, jakina) aukera integralagoa eta osatuagoa da, azalaren zuntza eta bitaminak ere geureganatzen baititugu era horretan. Arrain txikiak hezur eta guzti janez gero, berriz, hezurdurak duen kaltzioa hartzen da, eta berdurak egosteko erabili den urari ere probetxu ateratzen ahal zaio, beste plater batzuk egiteko erabiliz.
- Janari-hondarrak berrerabili. Janaria berrerabiltzeko aukera ona da hori, eta, horren bidez, elikadura-baliabideak optimizatzea eta aurreztea lortzen da. Jan gabe geratu diren hondarrek, gutxi izanda ere, beste plater batzuk prestatzeko balio dezakete: zopak, flan gaziak, arrautza beteak, kaneloiak, kroketak, enpanadillak…
- Landare-proteina gehiago. Klima-aldaketaren gaia aztertzen duten adituek azpimarratu izan dutenez, animalia-jatorriko elikagaiak ekoizteak kalte nabarmena egiten dio ingurumenari (bai haragia bera ekoizteak, bai eta animalietatik eratorritako produktuak ere: esnea, arrautzak…). Arrazoi bat baino gehiago daude hori hala izan dadin. Aziendak berak, adibidez, berotegi-gas asko isurarazten ditu (gorotzetik, esaterako, CO2 eta amoniakoa kanporatzen dira, eta hausnarkarien digestio-sistemak metanoa sortzen du, gai oso toxikoa). Horrez gain, lur eremu handiak behar izaten dira animaliak bazkatzeko. Bitxia da, baina gizakiek jateko moduko proteina gehiago kontsumitzen ditu aziendak (aleak, landare-jakiak, lekaledunak), bere produktuek ematen dituztenak baino (haragiak, esneak eta arrautzek). Eta produktu horietako batzuk, gainera, gehiegizko neurrian hartuz gero (haragia eta esnekiak), ez dira batere osasungarriak, gantz saturatuak eta kolesterola ematen baitituzte. Hori guztia jakinda, osasun erakundeak, Osasunerako Mundu Erakundearen laguntzarekin, hasiak dira esaten haragi gutxiago jan behar dela (haragi gorria eta haragi prozesatuak, batez ere) eta berdin animalia-gantza ere. Kontua ez da, ordea, haragia jateari uztea eta barazkijale egitea. Aukera bat izan daiteke, baina bada modua haragia osasungarri eta gustagarri gertatzeko aldi berean: egoki den neurrian jatea. Eguneroko menuan animalia-jatorriko proteina gutxiago jan behar genituzke, eta landare-jatorrikoak hartu, kalitatezkoak betiere. Hori lortzeko, laboreak, fruitu lehorrak eta lekaleak konbinatzea da gakoa. Lekale-eltzekariak, adibidez, arrozarekin eta berdurekin presta daitezke; plater merkea da, zaporetsua eta dieta orekatua egiteko ezin hobea. Dietan aldaketa hori egitea ingurumenaren mesedetan izango da, eta, gainera, aukera emango du munduko herritarren artean dauden elikadura-beharrak hobeki asetzeko.
- Biltegian tokia egin behar zaie… artisau-produktu kalitatezkoei, jatorri izendapena dutenei, ekoizpen integratu eta ekologiko bidez eginei. Horien guztien ekoizpen moduek, nahiz eta ez izan denak berdin-berdinak, baliabide eta arautze-mekanismo naturalak erabiltzen dituzte, ingurumenak ez dezan kalterik jasan eta, epe luzera, laborantza, abeltzaintza eta arrantza iraunkorra bermatzeko modua egon dadin. Aintzat hartzekoak dira, halaber, Bidezko Merkataritzako produktuak, herrialderik pobretuenetatik inportatuak; horien bidez, tratu bidezkoagoa ematen zaie tokiko ekoizleei.
badugu, tokian-tokiko elikagaiak erosteko
joera hartu behar dugu
Biltegiratzerakoan eta prestatzerakoan
- Egoki desizoztu. Unean-unean behar den elikagai kopurua baino ez da desizoztu behar (ontzi garbi eta irazgaitz batean), hozkailuan sartuta, eta hurrengo 24 orduetan jan behar da. Hori da modurik seguruena elikagaiak berezko itxura, zaporea eta usaina har ditzan. Ur-txorrotaren azpian jarrita desizoztea ez da batere ona; ura alferrik galtzeaz gain, murriztu egiten du produktuaren kalitate gastronomikoa, tenperatura aldaketa bat-bateko eta azkarrak kalte egiten baitie elikagaiaren baldintza organoleptikoei.
- Sukaldean aurreztu. Presiozko eltzeak eta eltze azkarrak erabilita, denbora eta energia dezente aurrezten da. Era berean, sukaldea elektrikoa bada, plaken hondar-beroa erabil daiteke jakiei azken beroaldia emateko. Eta aldi berean bi jaki prestatzeko moduan ere antola daiteke menua: batetik, pasta egos liteke, eta eltze berean, sortzen den lurrunaz baliatuz, berdurak bestetik. Gainera, energia alferrik ez xahutzeko, ez da komeni eltze txikiak su handietan jartzea, alderantziz baizik: bero-potentziari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko, suaren diametroa baino txikiagoa??? duten ontziak erabili behar dira.
- Ura arduraz erabili. Jakirik gehienak prestatzeko, ura erabili behar izaten da, eta, beraz, kontzientzia hartu beharra dago, eta ondasun hori aurrezteko bitartekoak jarri. Ur kopuru neurtua erabili behar da, adibidez, barazkiak garbitzeko eta jakiak prestatzeko, eta elikagaiak egosterakoan sortzen diren saldak berrerabili egin behar dira beste plater batzuk prestatzeko. Etxean egiten diren gainerako lanetan ere zaindu behar da urari dagokion alderdia: ontziak garbigailuan garbitzea komeni da, eskuz egin beharrean; tanta-jarioak saihestu behar dira; ur-ihesak azkar konpondu.
- Egoki biltegiratu. Elikagaiak ongi ordenatuta gorde behar dira hozkailuan, izozkailuan edo biltegian, eta egoki txandakatu behar dira, iraungi baino lehen kontsumitzeko eta produktuei etekin guztia ateratzeko.
desizoztea ez da batere ohitura
ona ingurumenarentzat
- Jaki-hondarrekin, konposta egin. Fruta-azalak eta barazki- eta berdura-hondarrak dira ezagunenak eta ugarienak. Baina hondakin organiko ugarik balio dute konposta egiteko: kafe-hondarrak eta horientzako iragazkiak; te-zorroak; paper-zapi erabiliak; kartoi-kaxak (zati txikietan); paperezko poltsak, platerak eta toallak; ogi, pizza, pasta eta arroz egosiaren hondarrak; galletak; laboreak; zelofan paperezko poltsak (ez plastikozkoak); fruitu lehorren oskolak (intxaurrenak izan ezik); gazta lizunduak; izozki urtuak…
- Sukaldeko olioa, latako elikagaiena… birziklatu. Olioa oso kutsatzailea da, eta ekintza erraz-erraz horri esker, kalte asko saihesten dira; gainera, produktu ekologikoak egiteko balio du: biodiesela eta xaboiak, adibidez. Gero eta udalerri gehiagotan daude horiek biltzeko edukiontziak edo garbiguneak, gero birziklatu ahal izateko.
- Zaborra birziklatu. Ohitura hartu behar da zaborra gaika bereizteko: organikoa alde batetik, papera eta kartoia bestetik, beira ere bai eta, azkenik, gainerako ontziak (plastikozkoak, latak, brickak). Elikadura-industriak, berriz, ontzi eta bilgarririk gabeko elikagaiak sortu eta merkaturatzera jo behar luke. Kontsumitzaileek ere erabaki dezakete horien aldeko hautua egitea, baina bilgarridunak eta ontzietan datozenak erosten baditu, horiek birziklatzea da egokiena.