Nola birziklatzen dira gailu elektrikoak?
Legeak agintzen duen bezala, planta baimenduetan birziklatu behar dira gailu elektriko guztiak. Horietara eraman, eta hainbat elementu kaltegarri kentzen dizkiete: fosforoa, merkurioa edo hozteko gasak, besteak beste. Gainerako osagaiak (plastikoa, aluminioa, kobrea edo beira) prozesatu egiten dira, eta produktu berriak egiteko prestatzen.
Etxetik Garbigunera
Gailu elektrikoak (etxetresnak, telebistak eta gisakoak) ez dira utzi behar zabortegietan edo edukiontzietan. Garbiguneetara eraman behar dira. Beste aukera bat izan daiteke, gailu berri bat erosterakoan, zaharra dendan uztea, haiek bidal dezaten birziklatzera.
Biltegia eta birziklatze-planta
Garbigunera iritsi diren gailuak planta baimenduetara eramaten dituzte, han birzikla ditzaten. Planta horietara iristen direnean, baskulan pisatzen dituzte. Legeak esaten du adierazi egin behar dela zein den hondakin bakoitzaren jatorria eta zehatz-mehatz markatu behar dela horiekin egindako mugimendu eta prozesatze oro.
Zortzi ordu telebistak birziklatuz
Birziklatze-kateetan, zatikatze- eta birziklatze-protokolo aski zehatz eta jakina abiarazten dute hondakinak iristen direnean. Adibidez, Osornon dagoenean (Palentzia). Langileek zorrotz zaindu behar izaten dute segurtasuna, eta aurpegia eta gorputza babesteko, maska eta arropa bereziak erabiltzen dituzte. Telebistekin eta monitoreekin lan egiten duen lerroak ez du atsedenik hartzen zortzi orduz. Lehenik, kaskasa eta pantaila bereizten dituzte elkarrengandik, eta, gero, gainerako osagai elektrikoak kentzen dizkiete. Katearen bukaeran, edukiontziak daude, pieza mota bakoitzarentzat bat, eta horietan biltzen dituzte kableak, kobrezko bobinak, plaka nagusiak, eta abar.
Beruna, kadmioa eta fosforoa
Pantailari, berunezko beira eta kadmiozkoa kendu behar izaten zaizkio. Bi material horiek portzelanaren industrian erabiliko dituzte gero, lehengai gisa. Pantailaren barrualdean, fosforoa edukitzen dute, eta hori da elementurik kaltegarriena. Xurgatu egin behar izaten da, eta kudeatzaile baimendu baten esku uzten dute, tratamendu egokia eman diezaion.
Tasa ekologikoa
Garbiguneetan izaten diren lapurreten erruz eta hondakin toxikoak legez kanpo kudeatzeagatik (hozkailuen CFG gasekin gertatzen da hori, adibidez), karbono dioxido kopuru handiak isurtzen dira atmosferara. Delituzko jokabide horiek, gainera, kontsumitzaileen aurkakoak dira, zeren gailu bakoitzak tasa ekologikoa izaten baitu, prezioari erantsia, birziklatzeko orduan sortzen diren gastuei aurre egiteko, hain zuzen.