Emakumeen gernu jarioa: Tabu gutxiago, sendabide gehiago
Isilean eramatea egokitu zaie, baina hori ere ari da aldatzen. Emakumeen gernu-jarioaren edo gernu-inkontinentziaren gaia tabu izateari uzten ari zaio poliki-poliki, eta uste baino arazo ohikoagoa eta hedatuagoa dela ohartzen ari gara. Gero eta kasu gehiagoren berri jasotzen da, eta arazoa nolanahikoa ez den seinale izan liteke, besteak beste, gernu-jarioari aurre egiteko konpresen iragarkien ugaritasuna. Gazteen artean arazo hori pairatzen dutenen artean, adibidez, askoz gehiago dira emakumeak (gizonak halako bost); adinean aurrera egin ahala, ordea, berdindu egiten dira bi sexuen arteko proportzioak. Kataluniako Osasun Inkestak emandako datuen arabera (18.000 pertsonak parte hartu dute), emakumeen % 12,2k eta gizonen % 3,6k pairatzen dute. Montserrat Espuñak eta Bartzelonako Ospitale Klinikoko beste egile batzuek landu dute inkesta hori, eta hor ageri denez, 65 urtetik aurrera, gernu-jarioa bikoiztu egiten da emakumeengan, eta % 26,6ra iristen da.
Nahasmendu hori agertzeko arrazoietako bat emakumearen beraren biologia dela esaten dute adituek. Biologia horri esker, umeak eduki ditzake, baina haurdunaldiak eta erditzeak zenbait ondorio ere uzten dizkio, eta gernu-jarioa da horietako bat. Dena den, faktore batek baino gehiagok eragiten dute arazo hori sarriago agertzea emakumeengan, eta biologiarena, beste bat gehiago baino ez da. Sendabideak ere gero eta ugariagoak dira, eta azkenaldian agertu eta gehien zabaldu denetakoa, toxina botulinikozko injekzioak dira.
Jario motak
Emakume gazteetan, ahaleginagatiko jarioa izaten da ohikoena, eta 60 urtetik aurrera, berriz, ohikoagoa izaten da premiagatiko jarioa. Bi jario mota horien jatorrian ez daude arrazoi berak, eta eman beharreko sendabidea ere ezin berdina izan, beraz. Bi horiez gain, ordea, bada beste bat ere: jario edo inkontinentzia mistoa. Aipatu ditugun bi jario motak aldi berean pairatzea esan nahi du, eta, ondorioz, pertsona horiei gernuak ihes egiten die, bai ahalegin edo esfortzu bat egiten dutenean, bai komunerako premia sortzen zaienean.
Izen horrekin, hauxe adierazi nahi da: gernua nahi gabe ateratzea, ahalegin bat egiteagatik (eztul egiterakoan, doministikuka hastean edo barre egiterakoan) edo pelbis-zoruko giharrei eragiten dieten egoeren ondorioz (haurdunaldiaren eta erditzearen ondorioz, adibidez). Sabel-barrunbearen oinarrian daude gihar horiek; hamaka edo inbutu moduko bat eratzen dute pelbisaren amaieran, eta uzkurtu egiten dira, gihar horiek eusten dieten organo guztiak bere lekuan egon daitezen eta egoki funtziona dezaten (maskuria, umetokia, eta abar). Gainera, lagundu egiten dute gernu-bidea ixten, gernuak ihes egin ez dezan. Baina emakumeak bagina bidezko erditze bat izaten duenean, gihar horiek zabaldu egiten dira, eta beren kokalekura itzultzen diren arren, batzuetan ez dira erabat lehengoratzen. Are gehiago: haurdunaldia bera gainzama bihurtzen da, eta ahuldu egiten ditu gihar horiek. Haurdunaldia eta erditzea egoera gogorrak izaten dira pelbis-zoruko giharrentzat.
2010ean argitaratu zen ikerketa batek ere argi erakusten du egoera horiek nola eragiten dieten emakumeei. Pelbis Zorua Ikertzeko Espainiako Taldeak (GRESP) egin zuen, eta hor ageri denez, haurdun zeuden emakumeen % 30ek eduki zuten gernu-jarioa lehen haurdunaldian, nahiz eta ordu arte sekula ez gertatu; emakume horien % 16k jarioarekin jarraitu zuen erditu ondoren ere, eta sei hilabete igaro ondoren, % 8k jarraitzen zuten berdin. Emakume asko berez osatzen dira erditu eta hurrengo sei hilabeteetan, baina gainerakoek neurri terapeutikoak hartu behar izaten dituzte.
ondoren gernu-jarioa agertzea
Ikerketa horretan bertan, jarraipen berezia egin zieten 1.100 emakumeri, haurdunaldiko lehen, bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan eta erditzerakoan, eta horren bidez identifikatu nahi izan zuten zer arrisku-faktorek ekarri ohi duten ahaleginagatiko jarioa edo inkontinentzia. Aldi horiek igarota, honako ondorio hauek atera zituzten: haurdunaldi hasierako gizentasunak (gorputz-masaren indizea 30etik gorakoa izatea) bikoiztu egiten du jarioa edukitzeko arriskua; familian beste norbaitek pairatu izanak (ahizpak edo amak) hirukoiztu egiten du; haurdunaldian pisu gehiegi hartzeak ere bikoiztu egiten du (nahiz eta haurdun geratu aurretik pisu normala eduki); eta bagina bidez erditzeak bi eta hiru aldiz handiagoa bihurtzen du probabilitatea.
Kirol jakin batzuk egiteak ere zerikusi zuzena du, pelbis-zoruan eragiten duten kirolak, hain zuzen (ohe elastiko baten gainean saltoka ariko bagina bezala izaten da pelbis-zoruarentzat). Hori gertatzen zaie, adibidez, goi mailan lehiatzen diren atletei, baina baita aerobic edo steps egiten duen edozein emakumeri ere. Gizentasunak, berez, haurdun egon edo ez, handitu egiten du gernu-jarioa izateko arriskua, eta gorozki-jarioa izatekoa ere bai. Eta, azkenik, eztul kronikoa duten emakumeek ere, bai alergiagatik, bai bronkitis kronikoagatik edo bai erretzeagatik, arrisku handia edukitzen dute.
Jario edo inkontinentzia mota hau izaten duten pertsonek, pixagalea daukatenean, ezin izaten dute kontrolatu gernu-egitea bera, eta komunera heldu baino lehen ateratzen zaie. Gehienbat adineko jendeari eragiten dio, eta mekanismoa zein den azaltzeko, haurren adibidea izan liteke egokiena: garunak pixa egiteko agindua bidaltzen du, eta haurrak pixoihalean edo galtzetan egiten du, ez baita gai esfinterra kontrolatzeko. Asko kostatzen da maskuria kontrolatzen ikastea, zeina berez uzkurtzeko prestatua baitago, bihotza bezala. Hain justu, premiagatiko jarioa daukanak galdu egin du kontrol hori; garunak ezin izaten dio maskuriari agindu itxaron dezala, eta orduan sortzen da premia.
Baina izan daiteke zenbait traumatismoren ondorio ere, edo arrazoi neurologiko nabarmen batek eragina: hezur-muineko lesioek, Parkinsonak, esklerosi anizkoitzak edo garun-hodietako istripuek. Arrazoi ez-neurologikoak ere izan daitezke, maskuri hiperaktibo idiopatikoa, adibidez; hau da, neurologikoki pertsona normalak izaten dira itxuraz, baina komunera joateko premia kontrolaezina sentitzen dute, nahiz eta ez jakin zergatik. Diabetesa daukatenei ere, batzuetan, neuropatia diabetikoa sortzen zaie; horrek sistema neurologikoari eragiten dio, eta gernu-jario mistoa izateko arriskua handitzen du. Bestalde, kardiopatiak dauzkatenek diuretikoak hartu behar izaten dituzte, eta askoz ere gernu gehiago sortzen zaie. Adina ere faktore aipagarria da; izan ere, gernu-egitea kontrolatzen duten mekanismoak hondatu egiten dira urteekin.
Diagnostikoa: tabutik, azterketa urodinamikora
Luze joaten da diagnostikoa. Adituek salatzen dutenez, emakumeek ez diete deus adierazten beren medikuei, eta horiek ere ez diete deus galdetzen. Herritarren % 50ek badakite gernu-jarioa edo inkontinentzia daukatela, baina medikuari ez diete egiten horren inguruko aipamenik, pentsatzen dutelako adinak berez dakarren gaitza dela edo iruditzen zaielako izen txarra duela, uste baitute kirurgiarekin oso emaitza apalak lortzen direla (halaxe gertatzen zen garai batean). Behin medikuaren kontsultara joanda, medikuak edo ginekologoak miaketa fisiko bat egingo dio emakumeari, eta horrela ikusi ahal izango du ahaleginagatiko jarioa duen edo premiagatikoa.
Zenbaitetan, sintomak ez dira argi agertzen, eta azterketa osatuago bat egin behar izaten da. Hori egiteko, unitate espezializatu batera edo Pelbis Zoruaren Unitatera joan behar izaten da, eta han, azterketa urodinamiko bat egiten dute, maskuriaren funtzioa ebaluatzeko. Azterketa horretan, maskuriaren presioak erregistratzen dituzte, eta horrela neurtzen dituzte gernu-ihesak, pixa egiteko premia sortu eta maskuria uzkurtzen denean edo espasmo bat egiten duenean. Ordubete irauten du azterketa horrek, eta baraurik joan beharra dago. Zunda bat sartzen dute gernu-hoditik (uretra), eta gazurez betetzen dute maskuria; hori egin bitartean, maskuriaren presioak neurtzen dituzte, eta horien laguntzaz egingo dute diagnostikoa gero.
Jario mota bakoitzak bere sendabidea
- Kegel-en ariketak. Gernu-jario arina edo ez-larria den kasuetan, pelbis-zoruko giharrak ahul daudenean, fisioterapia-tratamendu kontserbatzaile bat agintzen dute. Kegelen ariketak dira, 50eko hamarkadan sortuak, eta pelbis-zoruko giharrak uzkurtzeko ariketak dira: emakumeak bagina uzkurtu behar du barrualderantz, bost edo sei segundoz, eta gero lasaitu. Uzkurtze-saio horiek 8-12 aldiz egitekoak dira aldiro, egunean hiru aldiz, gutxienez. Tratamendu hori eraginkorragoa da espezialista batek eskua baginaren gainean jarri eta mugimenduak nola egin behar diren erakusten duenean.
- Kirurgia. Aurreko sendabideak huts egin duenean eta pelbis-zoruko giharrek eutsi ezin dutenean, indargarri bat jarri behar izaten da uretraren azpitik, itxita egon dadin eta gernuak nahi gabe ihes egin ez dezan ahalegin edo esfortzuren bat egindakoan. “Tentsio gabeko banda” esaten zaio kirurgia mota horri; mota batekoak baino gehiagotakoak daude, eta oso gutxi erasaten diote gaixoari. Ebakuntza egin eta egun berean bidaltzen dute etxera, baina gaixoak nahi badu, gau bat eman dezake ospitalean.
- Ikertzen ari diren tratamendua. Uneotan, zelula-amen bidez ikertzen ari dira nola ekarri bere onera gernu-bidea ixten duen sistema.
uzkurtzea, alegia, lagungarria da jario mota
batzuk sendatzeko
- Botika antikolinergikoak. Uzkurdurak geldiarazten dituzte.
- Maskuria berriz heztea. Ohiturak nola aldatu erakusten zaie gaixoei, gernu-egitea kontrola dezaten, eta Kegelen ariketak egiten ere erakusten diete.
- Botox-injekzioa. Gernu-jarioari aurre egiteko darabilten tratamendurik berritzaileena da. Gaur egun, oso kasu jakinetan baino ez da sartzen Gizarte Segurantzan. Izan ere, oso kasu ikertuentzat soilik agintzen dute, pastillek eta aurreko sendabideek emaitzarik eman ez duten kasuentzat, hain zuzen. Botoxa edo toxina botulinikoa sei hilabetetik behin edo urtean behin ematen diote gaixoari, eta ez dauka kontraindikazio edo arrisku askorik, salbu eta eritasun neurokuskularrentzat (miastenia gravis delakoarentzat, adibidez), edo gehiegizko gernu-debekua sortzeko arriskua egon litekeenean.
- Ez edan egunean 1,5 litro ur baino gehiago.
- Ez hartu kaferik, ez kolazko freskagarririk edo kafeina daraman substantziarik, ez eta terik ere, diuretikoak dira eta.
- Ez erabili eztitzaile artifizialak, jario gehiago eragiten dute eta.
- Pisua kontrolatu, bai jarioari aurre hartzeko, bai tratamendua laguntzeko.
- Pelbis-zorua uzkurtzeko ariketak egin, bai prebentzio-helburuekin bai helburu terapeutikoekin.
Iturria: Montse Espuña, Bartzelonako Ospitale Klinikoko Ginekologia aholkulari eta Pelbis Zoruaren Unitateko arduraduna, eta SEGOren Pelbis Zoruaren Saileko lehendakaria consultor senior de Ginecología y responsable de la Unidad del Suelo Pélvico del Hospital Clínico, de Barcelona, y presidenta de la sección de Suelo Pélvico de la SEGO