Fernando Lalana, idazlea

"Liburuak garesti daudela esatea aitzakia txar bat baino ez da, irakurri nahi ez dutenek darabiltena"

1 abril de 2011
Img entrevista listado 701

Ehun liburu baino gehiago idatzi dituzu. Nola lortu duzu istorio bat bere ere ez errepikatzea?

Erraza da. Imajinatzeko gaitasuna bizkortu egiten da erabili ahala. Zenbait eta ideia gehiago eduki, orduan eta gehiago bururatzen zaizkizu.

Inoiz ez al dizu erasan “orri zuriaren aurreko beldurrak”, sortzaileei hainbeste buruhauste ematen omen dizkienak?

Iruditzen zait asmakeria hutsa dela hori, egiaz idazle izan gabe idazten dutenek asmatua. Egiazko idazleak, lehenik, kontu handiarekin prestatzen ditu liburuak, eta idaztera esertzen denean, aski ongi jakiten du zer kontatu nahi duen. Ezinezkoa da burua hutsik geratzea.

Zuk baduzu errutina bat idazteko orduan?

Nik ez dut egunero idazten, baina saiatzen naiz maiz-maiz edukitzen horretarako gogoa, eta gauez idatzi zalea naiz. Liburu berri batekin hasten naizenean, bukatzeko data bat jartzen dut, gutxi gorabeherakoa, eta neure buruarekin konplitzen saiatzen naiz.

Krisiak estualdian jarri ditu argitaletxeak. Ez dira garai onak literaturan aritzeko edo hauxe da aukerarik onena berritzeko?

Azken berrogeita hamar urteetan, garai on gutxi izan dira Espainian literaturan aritzeko. Gure herrialdean gutxi irakurri izan da beti, eta gehiegi argitaratu. Gure idazlerik gehienak ez dira literaturako profesionalak, beste lan egonkorrago batzuetan ateratzen dute bizibidea. Berritzea beti da ona, eta, gaur egun hain irakurle gutxi izanda, batzuek uste dute euskarri berriak eskaintzea dela irtenbidea, baina nik uste dut edukia dela garrantzitsua. Historia onak idatzi behar dira, erakargarriak, dibertigarriak, interesekoak eta jendea harrituko dutenak. Ez zait iruditzen irakurleek zernahi onartuko dutenik euskarri modernoago batean eskaintzen diegulako.

Sagak modu ona al dira jendea harrapatu eta salmentei eusteko?

Literatura-tradizio handia dute sagek, genero batzuetan, bereziki. Baina sagez ari naiz, ez beste zebaitez: modu independentean irakur eta eros daitezkeen nobela sailak, pertsonaia protagonista berberak dituztenak. Hor ez dira sartzen trilogiak eta gisakoak, historia amaiezinak, liburuki bat eta beste bat daukatenak. Liburua nola bukatzen den jakiteko, hurrengoa erosi behar duzu. Idazlanak ez badauka argitaletxeak espero zuen arrakastarik, agian ez dute besterik argitaratuko, eta zer bukaera duen jakin gabe geratuko zara.


“Gure herrialdean gutxi irakurri izan
da beti, eta gehiegi argitaratu”

Zure liburuetako batzuk irakurle guztien eskura daude. Doan ekar litezke zure web-orritik, denbora mugatu baterako. Kostuak gehiegi baldintzatzen ote du kultura eskuratzeko aukera?

Kultura eskuratzeko aukera ez dago, inondik ere, kostuaren menpe; lehentasun kontua da. Objektiboki, liburuak dira aisialdirik merkeena, zenbat denborarako gozamena ematen duten aintzat hartuta. Doan irakurtzeko, hortxe eduki ditugu beti liburutegi publikoak. Liburuak garesti daudela esatea aitzakia txar bat baino ez da, irakurri nahi ez dutenek darabiltena. Liburuek oraingo erdia balio balute ere, irakurle kopuru berbera izango genuke.

Liburutegiak eta liburu-dendak ez dira, beraz, elkarren etsaiak?

Nik uste dut irakurle batzuk liburutegi publikoetakoak direla eta beste batzuek nahiago dutela beren liburutegia egin, eta, beraz, noizean behin, erosi egiten dituzte liburuak. Esker on eta errespetu berbera diet bi irakurle mota horiei. Esango nuke krisiak ez dituela nabarmen aldatu batzuen eta besteen ohiturak.

Inoiz izan al duzu tentaldirik banpiroei buruz idazteko, edo inork proposatu al dizu?

Nik ez dut fantasiarik irakurtzen eta idazten, fikzioa baizik, hori baita literaturen artean nagusia, nire irudiko. Fantasiazko generoa modan dago duela urte batzuetatik hona, baina moda joango da, eta sekula joan ez den hori itzuliko da: gertatu ez diren historiak, baina gerta litezkeenak. Argitaletxe batek proposatu zidan banpiroez idatz nezala, eta ezetz esan nien, aski modu txarrean, gainera.

Haur eta gazte literatura ote da dirua egiteko aukera berria?

Garai batean bai. Argitaletxeen asmakizun bat izan zen, eta duela hogeita hamar urte inguru iritsi zen Espainiara. Ni nerabe nintzenean, haurrentzako ipuinak saltzen zituzten -klasikoen egokitzapenak ziren gehienak-, eta literatura orokorreko liburuak. Orduan geunden irakurle gazte apurrak bila eta bila aritzen ginen liburutegietan, gure adinarekin bat zetozen literatura-lanak aurkitu nahian, baina ez zegoen nerabeentzat argitaratutako bildumarik.

Zerk bereizten ditu haurrentzako ipuin bat eta gazte-nobela bat?

Haur-literatura, ipuinak, literatura-genero independentea da, bere ezaugarri bereziak dituena, haurren gabeziek eta gustuek baldintzatuak. Era jakin bateko teknika eta trebetasuna eskatzen dizkio idazleari. Gazte-nobela, nik ulertzen dudan bezala, sailkapen komertzial hutsa da. Ez dago funtsezko ezaugarririk, literariorik, gazte-literatura eta literatura orokorra bereizten dituenik. Gazte-nobela bat helduentzako nobela bat da, nerabeentzat ere erakargarria eta eskuragarria dena.

Zer behar du gazte-literaturako liburu batek arrakasta lortzeko?

Ezustekoak. Irakurlea harritu egin behar da espero ez duen horrekin, imajinatzen ez duen horrekin, beste inoiz aurkitu ez duenarekin. Irakurle heldu eta prestatu batengandik, espero izatekoa da jakingo duela gozatzen hitzaren edertasunarekin soilik, prosaren fintasunarekin. Baina hamahiru urteko gazte bat aho zabalik utzi behar duzu orrialde bakoitzean, edo horretan saiatu, gutxienez.

Nola dakizu zer literatura-joera gustatzen zaien gazteei?

Nik niri gustatzen zaidanari buruz idazten dut beti. Niretzat idazten dut. Badira beti funtzionatzen dute gauzak: abentura, misterioa, izua, maitasuna edo heroismoa. Idazle gehienek erabiltzen duten inspirazio-iturri bera darabilt nik ere: besteren liburuak. Historia guztiak idatzita daude, era batean edo bestean. Horiei helduleku berriren bat aurkitzen saiatzea baino ez da geratzen.

Gurasoek hautatu behar dituzte seme-alaben lehen irakurgaiak, edo haiei utzi behar zaie gustuko zer duten aurkitzen?

Gauza guztiekin gertatzen den bezala, probatzera eman behar zaie, haiek erabaki dezaten zer gustatzen zaien gehiago eta zer gutxiago, harik eta beren irizpidea lantzen duten arte.

Antzerkirako idatzi dituzun lanek ere jaso izan dituzte laudorioak. Inoiz pentsatu al duzu zure ibilbidea genero horretara bideratzea?

Liburuak argitaratzen baino askoz lehenago hasi nintzen antzerkia egiten, baina lehen saria lortu nuelarik, Gran Angularra, El Zulo liburuagatik, literaturara lerratu nintzen. Antzerkia, orduan, zaletasun handi bihurtu zitzaidan, eta halaxe jarraitu du hogei urtez baino gehiagoz. Egile gisa, bederatzi edo hamar lan idatzi ditut, eta horietako bost, liburu bihurtu ziren estreinatu eta gero, baina antzezlanak idaztetik bizitzea dezente zailagoa da gazte-literaturatik bizitzea baino.

Zenbat irakurtzen du idazle batek?

Nik, behintzat, dezente irakurtzen dut. Ez nahi nukeen beste, baina astean liburu bat bai, hori dut gutxienekoa. Irakurriz ikasten da idazten, eta behin eskua hartzen zaionean, irakurtzen jarraitu behar da, hori baita burua elikatzeko modua, garuna abian jartzekoa.

Zure libururik ezagunenetako bat, Morirás en Charafinas, zinemara eraman zuten. Horrek balio al du irakurleak erakartzeko?

Zenbat literatura-lan argitaratzen diren kontuan hartuta, oso-oso gutxi egokitzen diren zinemarako, eta, beraz, ez litzaidake batere zentzuzkoa irudiko filmak ekoitziz handitu nahi izatea irakurle kopurua. Baina egia da, oro har, liburu bat zinemara eramaten denean, askoz jende gehiagoren intereseko bihurtzen dela liburu hori eta salmentak erruz handitzen direla.

Luma estilografikoen zalea zara. Halakoekin idazten al dituzu liburuak?

Lumarekin idazteak onura handiak dituela ikasi nuen eskaintza-saio luzeak egin behar izan nituenean nire lehen liburuak zirela eta. Eskuz idazten dudan guztia lumaz egiten dut, duela hogei urte baino gehiagotik hona, baina bada mende laurden bat idazlan originalak ordenagailuko pantailan lantzen hasi nintzela.