Txokolatea: bekatua edo plazer osasungarria?
Penak goxatzeko, egun ilun bati argi pixka bat egiteko edo unerik ederrenen gozoa ospatzeko. Gauza askotarako erabiltzen da txokolatea. Batzuek esaten dute ezaugarri osasungarriak dituela, eta beste batzuek, aldiz, hainbat kalte ekarri ohi dituela: aknea, pisu gehiegia, migraina edo txantxarra. Mendekotasuna sortzen duela ere esaten dute zenbaitek. Denetarik entzuten da, baina ezin da ziurtasunez esan zer oinarri daukaten aipamen horiek.
Kakaoaren eratorri nagusia da txokolatea, eta adituek diotenez, txokolatearen zenbait osagai onuragarriak dira herdoilaren aurka egiteko, eta hori, bereziki, bihotz-hodien osasunarentzat gertatzen da mesedegarri. Txokolatearen dohainei buruz hitz egiten hasi aurretik (zientziak frogatu duenari jarraituz, betiere), bereizi egin behar dira txokolate motak, bat baino gehiago daude eta: beltza, esneduna eta zuria, hain zuzen. Argitara eman diren zenbait ikerketak nabarmendu dutenez, txokolateak baditu ezaugarri onuragarriak, baina txokolaterik puruena izan behar du, beltza alegia, eta neurrian jan behar da: 20 gramo txokolate jateak, adibidez, on egin liezaieke bihotz-hodiei eta egoera emozionalari.
Txokolate beltza: osasuna tableta batean
Herri-jakinduriak ezaugarri eta dohain asko jarri izan dizkio txokolateari. Sendatzeko gaitasuna omen duela, kaltegarria dela, afrodisiakoa… Gauza asko esan dira, eta oraindik ere hainbat ikerketa egiten dira, txokolatearen ezaugarriak zein diren jakin nahian. Kakaoa kontsumitzeko modurik ohikoena txokolatea jatea izaten da, horixe da-eta haren eratorri nagusia. Beraz, osasunean eraginik baldin badu, txokolateak izango du. Gauza jakinen artean, badakigu txokolatearen kalitatea hainbat eta hobea izango dela, zenbat eta kakao-pasta gehiago eduki, eta osasunari ekartzen dizkion onurak ere, beraz, eztabaidaezinagoak izango direla. Txokolate beltzak (% 99 aipamena ageri duenak), esaterako, % 99 dauka kakao-pasta, txokolate esnedunak halako bi eta gehiago, hain zuzen (esnedunak % 40 baino gutxiago du kakaoa), eta herdoilaren aurkako babes-osagaiak ere bi halako dauzka. Txokolate zuriak, berriz, kakao-gurina izaten du, baina ez kakao-pasta, herdoilaren aurkako osagai ugari dituen hori. Ez da zuzena, beraz, txokolatearen dohainez hitz egitea, beste zehaztapenik egin gabe, zeren esneduna baita jendeak gehien jaten duen txokolatea, eta osasungarriena, aldiz, beltza da (eta zenbat eta kakao gehiago eduki, alegia zenbat eta mikatzagoa izan, orduan eta hobea, gainera). Are gehiago: ikerketek azpimarratzen dute kakaoak herdoilaren aurka egiteko duen gaitasuna baliogabetu egiten dela esnearen eraginez, eta esnea da, hain zuzen, gehien kontsumitzen den txokolate motaren osagaietako bat, baita kakaoa disolbatuta hartzeko erabiltzen dena ere. Adituek esaten dutenez, baliteke xurgatu ezin diren konposatuak sortzea herdoilaren aurkako gaien eta esne-proteinen artean, eta horrek galaraztea kakaoaren dohain hori. Beste hitz batzuekin esanda: txokolatea benetan osasungarria izan dadin, purua izan behar du, mikatza.
Nabarmentzeko alderdiak
- Arteria-presioa apaltzen du. Ikertzaile australiarrek egin dute meta-analisirik berriena, eta ondorio hauxe atera dute: txokolate beltza edo kakao puruaren eratorriak maiz jateak, itxuraz, badu zerikusia pertsona hipertentsoen arteria-presioa apaltzearekin (ez da asko murrizten, baina oso aintzat hartzekoa da). Polifenolen ahalmenari lotua egongo litzateke ekintza-mekanismoa; kakaoak dituen osagaiak dira polifenolak, herdoilaren aurkakoak, eta oxido nitriko endoteliala ugaritzen dute, zeinak arterien hodiak zabaltzeko lanean parte hartzen baitu, eta, zabaltze horren ondorioz, apaldu egiten da arteria-presioa.
- Kolesterola erregulatzen du. Kakao-gurinaren gantz saturatuak, azido esteariko ugari dituenez, beste elikagai batzuen gantz saturatuak ez bezala, ez du areagotzen kolesterola, alderantziz baizik. Kakaoa edo txokolate beltza janda, gutxitu egiten da kolesterol osoa eta LDL kolesterola (txarra), eta HDL kolesterolean (onean), berriz, ez du aldaketarik eragiten. Ondorio horiek atera dituzte Mediku Zientzien Pekingo Unibertsitateko ikertzaileek, kakaoaren eratorriek lipidoen izaeran zer eragin daukaten ikusteko egin den meta-analisi bakarrean. Egileek iradokitzen dute ikertu egin behar dela zein den dosi osasungarria eta epe luzera zer eragin ekarriko duen lipidoen mailan.
Kakaoak onura horiek baldin baditu ere, kontuan hartu behar da zein diren herritarrek gehien kontsumitzen dituzten eratorriak (kakao disolbagarria, kakao-edariak, txokolate esneduna, barratxoak, bonboiak, trufak…), eta horiek, hain justu, azukre, gantz eta kaloria ugariko produktuak dira. Ondorioz, ez dira batere onuragarriak bihotz-hodien osasunarentzat. Horien ordez, kakao purua edo txokolate beltza hartu behar luke jendeak, neurrian betiere.
Txokolate beltza | Txokolate esneduna | Txokolate zuria | Kakao-hauts disolbagarria | |
---|---|---|---|---|
Energia (kcal) | 104 | 107 | 113.2 | 74 |
Proteinak (g) | 102.6 | 1.58 | 1.68 | 1.14 |
Azukreak (g) | 8,3 | 11 | 11.2 | 14.4 |
Gantzak (g) | 7,1 | 6.2 | 6.54 | 0.6 |
Ezaugarriak: gozo baten inguruko mitoak eta egiak
Ez du sortzen mendekotasunik, baina gogo-aldartea hobetu dezake. Zerrenda luzea egin liteke txokolateak omen dituen ezaugarriekin: bizigarria, lasaigarria, euforia-sortzaile, afrodisiako eta depresioaren aurkako ere bai. Asko hitz egiten da gogo-aldartean daukan eraginaz, baina ikerketa gutxik erakutsi dute bien arteko lotura. Zenbaiten ustez, kakaoaren osagai batzuek eragin ona sortzen dute gogo-aldarte onarekin zerikusia duten neurotransmisoreetan (dopamina). Metilxantinak aipatzen dituzte batzuek (kafeina eta teobromina), eragin bizigarri arina daukatelako, baita feniletilamina eta anandamida ere. Kakaoaren osagai dira guztiak, eta jan ondoren izaten den plazer eta ongizate irudipenari atxikitzen zaizkie. Lotura fisiologiko horien bidez azaldu nahi izan dute, adibidez, abailduta edo ondoezik sentitzen diren pertsonengan txokolatea neurrigabe jateko joera agertzea. Txokolateak gogo-aldartean daukan eragina aztertzeko egin den lanik zorrotzena Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitatean egin dute, Psikiatria Eskolan (Australia). Egileek atera duten ondorioetako batek hauxe dio: triste, haserre edo antsietateak jota egon, eta osasun emozional kaxkar hori hobetzeko txokolatea jatea bizkorgarri gerta daiteke, nahiz eta irudipen iragankorra izan. Beraz, jendeak dioen bezala, “terapia baino merkeagoa da txokolatea, eta ez da hitzordurik hartu behar”.
- Txokolatea eta migraina. Kakaoak eta txokolateak amina kopuru handiak dauzkate (tiramina, histamina eta feniletilamina). Zenbait ikerketa zientifikok migrainekin lotzen ditu substantzia horiek, baina beste zenbait ikerketak diote ez dagoela oinarri zientifikorik lotura hori egiteko. Faktore askoren eraginez sortzen da migraina, eta ezin izan da guztiz frogatu substantzia horiek ere faktore horien artean dauden.
- Txokolatea eta aknea. Betidanik esan izan da dietak zerikusi handia duela aknea sortzeko orduan. Azaleko gaixotasunik ohikoenetakoa da aknea, eta gai horri buruz egin den azterketarik berrienak ondorioztatu du ezin dela frogatu txokolateak pikor eta zaldarrak agerrarazten dituela. Azterlan horrek dioenez, sebo gehiegi sortzearen ondorioz agertzen da aknea, eta faktore hormonalek eragiten dute, ez soilik dietetikoek.
- Txokolateak gizendu egiten du. Txokolatea gozoen saileko elikagaia da. Azukreak eta gantzak dauzka, eta dentsitate energetiko handia. Dosi txikietan jatea komeni da, eta noizean behin. Pisu gehiegiaren edo gizentasunaren eragilea ez da izaten elikagai bat bakarra. Nagusiki, dieta desorekatu eta hiperenergetikoaren erruz eta ariketa fisikorik ez egiteagatik gizentzen gara.
- Txantxarra eragiten du. Elikagai azukretsua denez, txantxarra sortzen duenetakoa da txokolatea. Hala ere, azukreak ez ezik, beste faktore batzuek ere eragiten dute txantxarra sortzeko orduan: elikagaien testurak, hortzetara itsasteko erraztasunak (gozoki guri eta itsaskorrak, galletak, ogi txigortua…) eta aho-higieneak. Kakaoak ekar dezakeen kaltea gutxitu egiten da txokolatea beste jaki batzuekin batera hartuz gero eta jan ondoren hortz-haginak eskuilaz garbituz gero.
- Kakaoa da txokolate guztien oinarrizko osagaia, eta horren araberakoa izaten da produktuaren kalitate organoleptikoa, elikadura-kalitatea eta ezaugarri osasungarriak. Hain zuzen, txokolateak zenbat eta kakao portzentaje handiagoa eduki, hainbat eta kalitate hobea izango du. Kakaoaren eratorriak azukrearekin nahasten direnean (eta esnearekin ere bai zenbaitetan), txokolate mota bat baino gehiago sortzen dira: beltza (kakao gehiagorekin edo gutxiagorekin), esneduna eta zuria.
- Txokolate beltza kakao-pasta eta kakao-gantza azukrearekin nahastuta egiten da, eta jendeari gehien gustatzen zaionetakoa da, bere zapore mikatz eta purua dela medio. Ez diote eransten bestelako produkturik, gehigarriren bat izan ezik. Txokolate mota horrek, gutxienez, % 50 eduki behar du kakao-pasta. Kopuru horretatik gora hasten da nabarmentzen kakaoaren zapore mikatza. Etiketa batzuek gisa honetako aipamenak ekartzen dituzte: % 70, % 85, % 99, eta zenbaki horiekin, zenbat kakao-pasta daukaten jakinarazten dute. Zenbat eta gehiago eduki, orduan eta mikatzagoa izango da txokolatea, eta orduan eta ezaugarri osasungarri gehiago edukiko ditu.
- Txokolate esneduna da beste txokolate mota, eta horixe jaten du gehien jendeak. Kakao-pastari esnea erantsiz egiten da (gaingabetua izan daiteke edo osoa). Horrelaxe lortzen da ohiko txokolate esneduna (fina edo estrafina) edo esne gaingabetuduna. Mota horretako txokolateak % 40 baino gutxiago eduki behar du kakao-pasta.
- Azkenik, txokolate zuria egiteko, kakao-gurina soilik erabiltzen da (% 20, gutxienez), eta azukrea, esnea eta gehigarriak nahasten zaizkio. Ez du izaten kakao-pastarik, eta, beraz, ez du herdoilaren aurkako osagairik.
Horiek dira oinarrizko hiru txokolate motak. Horiek guztiek aukera ematen dute fruitu lehorrak eransteko (osorik edo zatituta) edo laboreak bestela (% 8 eta 40 artean ibili ohi da osagai horren kopurua), eta frutekin ere osa daitezke, izan osoak edo zatituak, konfitatuak edo lehortuak.
Elikaduraren ikuspegitik, oso jaki energetikoak dira txokolatea eta haren eratorriak, karbohidrato eta gantz asko izaten dute eta. Gantza, nagusiki, kakao-gurinetik dator (kakao-ale ehoetatik ateratako olioa da gurin hori). Gantz azido jakin batzuk ageri dira bertan, estearikoa besteren artean, eta familia bereko beste batzuek ez bezala, ez du odoleko kolesterola areagotzen. Oso proteina gutxi ematen ditu txokolateak, salbu esnea edo haren eratorriak erantsi ez bazaizkio. Elikagai bizkorgarria edo suspergarria da, teobromina baitauka, nerbio-sistema bizkortzen duen substantzia bat, kafeinaren edo teinaren gisakoa, baina ez hain eragin indartsukoa. Txokolatea maiz janda ere, neurrian hartu behar da, dieta orekatu eta osasungarriaren barrenean betiere. Egunean 20 gramo jatea litzateke errazio osasungarria.