Zergatik zerua argitu, hiria argitu ordez?
Errioxako Haro herria izan zen 1891 urtean argi elektriko bidez kaleak argiztatu zituen lehena, Estatu espainiarrean. Hortik sortu zen bertara gerturatuz doan bidaiariaren esana: “Dagoeneko Haron gara, argiek erakutsi bezala”. Anekdotak gorabehera, kontua da, harrezkero mende osoa iragan ondoren, iragarpenaren esanahia gordindu eta larritu egin dela: hirietako argitasun eskergak zerua ezkutatu egiten du, hau da, argi bidezko kontaminazioa geroz eta indartsuago bihurtzen ari da eta hiritar gehienok ez gara kontziente horrelako poluzioa nozitzeaz. Kontaminazio akustikoarekin ere antzeko zerbait gertatzen zen baina arazoaz mintzatzen hasi eta haren kalteak -nabarmenagoak izatearren- berehala hauteman genituen. Gehiegizko argitasuna ez da gertatzen hots ozenegia bezain gogaikarria baina xahuketa energetiko eta ekonomikoa izateaz gainera (argi horren parterik handiena behar ez den huraxe argiztatzean baliatzen baita), atzerakada kulturalaren adierazpena ere bada: bertan interesa duten gizakiei ortzia ezkutatu egiten zaie eta, beste aldetik, ingurugiro alorreko kaltea ere eragiten da, gauezko fauna nahastu, lekuz aldarazi edo suntsitu egiten dugulako horrela. Hirietako, errepideetako eta, areago, hiri-argiztapena imitatzen duten etxebizitza partikular eta urbanizazioen argi-sarea hautatzean eta diseinatzean, eguneroko akatsei amaiera emateko norberaren eta erakundeen borondatea ezinbestekoa da horrelako kontaminazioaren aurka borrokatu ahal izateko.
Aprobetxatu gabeko argia
Argi-kontaminazioari aurre egiteko neurrien ikerketan eta dibulgazioan aitzindari den Kanarietako Astrofisikako Institutuak honela deskribatzen du: “Poluzio hori, argi-iturri desegokiak erabiltzearren eta gehiegizko argiztapenaren ondorioz, gasen eta airearen partikuletan gertatzen den islapenak eta argi artifizialaren difusioak gauezko zeruan sortzen duten distira da”. Bestela azaltzearren, poluzio hori, zorua eta eraikinak argiztatzeko (nahiaz kontra bada ere) aprobetxatzen ez den argiak eragiten du. Baliteke argi-sorta beherantz zuzendua ez izatea edo, bestela, argi-erradiazioaren uhin-longitudea gizakiaren begiak hauteman ez eta argi horrek zeru aldera ihes egitea, atmosfera poluituz.
Bide publikoaren argiztapena
Azken urte hauetan ohitu gara gauezko argiztapena egun argikoaren antzekoa izan dadin. Kontua da behar ez bezala egiten dela hori eta, horrenbestez, energia asko alferrik xahutzen eta gaueko ortzia galtzen ari garela. Horrez gainera eta edonork hauteman dezakeen bezala, eguzkia sartu ondoren, kanpotik datorkigun (eta jaso nahi ez dugun) argiak gure etxebizitza inbaditzen du: nahiz eta horretara ere jarri garen, gauezko atsedena eragozten digun faktorea da hori. Bide publikoko itsudurak oinezkoengan eta -arriskutsuena- gidariengan du eragina. Dena den, argiztapen-instalazioen okerreko diseinuaren ondorio da eta, azken finean, denon segurtasuna jartzen du kolokan.
Aurrezkiaren hasiera, plangintzan
Orain arteko urbanizazio-proiektuetan ez da lehenetsi argi kontaminazioa murrizteko beharrezkoak diren neurriak argiteria publikoak edukitzerik. Antzinako argiztapen-sistemaren ordez berria ezartzean ere ez da horrelakorik gogoan hartu: aurrerantzean kontua ez da izango argi gehiago ematea, hobeki argiztatzea baizik, modurik eraginkorrenean eta beharrezkoa den tokian (hau da, zoruan) bakar-bakarrik. Argiteria publikoko instalazio batek irauten duen bitartean egingo duen energi gastua, ezartzea kostatu zenaren bi halako izaten da, gutxi gorabehera. Horrenbestez, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta, aldi berean, argi kontaminazioa murrizteko egin ohi diren inbertsioek aurrezki energetiko eta ekonomikoa ondorioztatuko dute.
Faunak eta floran duen eragina
Hainbat estatutan eginiko ikerlan zientifikoek agerian utzi dutenez, gaizki diseinaturiko argiteriak eragin kaltegarriak izaten ditu gauezko flora eta faunan. Eragindako izaki horiek izaten dira hegaztiak (bai migratzaileak, bai migratzaile ez direnak ere), ugaztun hegalariak eta, batez ere, gaueko intsektuak. Lepidopteroen espezieen %90etik gora gautarrak dira bizimoduz eta horien existentzia funtsezkoa dute gauez irekitzen diren loreez hornituriko landare askok eta, nola ez, hamaikatxo harraparik. Intsektu gautarren bizimodua aztoratzean, katea trofikoaren oinarria kolokan jartzen ari da.
Kontaminazio honek trafikoan ere eragiten du segurtasun gabeziarik. Argitasun handiko alderdi batetik datorrenean gizakiaren begia esparru ilunera mantso-mantso egokitzen denez, errepide-tarte batzuetan gaizki proiektaturik dauden argiteriek itsudurak sortarazten dituzte gidariengan. Horrelakorik gerta ez dadin, argitasun-maila batetik beste batera pittinka igarotzeko moduko argiteriak ezartzea aholkatzen dute adituek, gizakiaren begiari argitasun-maila egokiaren arabera funtziona dezan ahalbideratzeko.
Astronomia ere, kalteturik
Harrigarria bada ere, XXI. mendeko aurrerakuntza teknologikoak gaur egungo astronomiarentzat kaltegarri gerta daitezke inoiz. Belaunaldi berriko lau metroko teleskopio erraldoiek -sentsibilitate handiko detektagailu elektronikoez ederki hornituak- gizakiaren begiak atzeman ditzakeen izarrik urrunenak baino 250 milioi aldiz urrutiagoko objektuak behatzea (hau da, kandela bakar baten argia 100.000 kilometrora hautematearen pareko azioa) ahalbideratzen duten arren, lente hagitz indartsuez osaturiko makina erraldoiak ez ezik zeru ilunagoa behar izaten dute astronomoek: hauexek dira geroz eta zailagoak bilatzen.
Argi kontaminazioari aurre egin behar… Zergatik baina?
- Energiaren -eta, zeharka, erregaien- kontsumoa murriztu egiten du.
- Gauezko ingurugiroa zaintzen du, naturari jatorrizko habitateko estadioak itzultzen baitizkio ostera eta, aldi berean, gaueko ugaztun eta hegaztiak babesten dira.
- Gidarien itsudura murriztu egiten denez, segurtasuna areagotu egiten da.
- Aire edo itsas trafikoaren gaueko ikusgarritasuna (zeru iluna) lagundu egiten da honela.
- Behaketa astronomikoan aritzea ahalbideratzen zaio profesionalari zein zaletu hutsari.
- Era berean, Lurrak kaltetu eta poluitu gabe -zeru garbia edukitzeko eskubidea barne- irauteko eskubidea jasoz, UNESCOk plazaratu zuen Etorkizuneko Belaunen Aldarrikapen Unibertsala ere betetzen da era horretan.
Bandalismoaren aurka
New Yorken -hau da, atmosferatik irten beharrik izateke argi-kontaminazioa nabarmen hautematen deneko hirian- eginiko hainbat ikerlanek agertu bezala, gehiegizko argitasuna murriztearen ondorioz bandalismoa apaldu egiten da. Sen onaz beste aldera omen doan tesi horrek, beste aldetik, hainbat datu argigarri ere erakusten ditu: esate baterako, argiztapen ona argia lurrera zuzentzen duena dela, ez ingurua argitzen duena. Ikerketak agertzen zuenez, argiztaturiko instalazioetan hobe da segurtasun argiteriak ez baliatzea: bestela, bertara iritsi nahi duenari instalazioa non dagoen adierazteaz gainera, bidea errazteko hainbat pista edo argigarri ematen dizkiogu. Eraginkorrago gertatzen da presentziaren bitartez (edo antzekoen bidez) pizten den argiteria, adibidez. Gauez presentzia ikusgaitz egiteak lapurreten biktima izatea ekiditeko bide izan daitekeen etxe edo txalet isolatuetan ere beste horrenbeste gertatzen da.
Lanparak eta argi kontaminazioa
Egungo merkatuan dauden lanpara motak, espektroei dagokienez, hurrengo eran sailkatuko ditugu:
- Sodio lurruna presio apalean darabiltenak: espektroko alderdi bakar batean emititzen dute, praktikan, gainontzeko guztia garbi utzirik. Argi horixka monokromatikoa dute. Segurtasun argiterietan eta hiriguneez kanpoko errepide tarteetan ezartzeko egokiak, merkatuan dauden lanpara eraginkorrenak dira eta, gainera, hondakin toxiko zein arriskutsurik ez dute uzten.
- Sodio lurruna presio altuan darabiltenak: espektro ikusgarrian bakarrik emititzen dute. Argi horixka dute, %20 eta %80 bitarteko etekinarekin, modeloaren arabera. Kanpo aldeko argiteria mota guztietan ezartzeko egokiak. Presio apalekoen ondotik, merkatuan dauden lanpara eraginkorrenak dira.
- Goritasun-lanparak: ez dute emititzen ultramorean, bai ordea infragorri gertuan. Horien espektroa etengabea da. Argi horixka dute, kolore-etekina %100ekoa izaki. Kanpo aldeko argiterietan ezartzerik ez da aholkatzen, non eta apaingarriak argiztatzeko ez den. Merkatuan dauden lanparetatik eraginkortasun apalenekoak dira.
- Goritasun-lanpara halogenoak: aurrekoak bezalakoak izaki, ultramorean gehixeago emititzen dute, ez baldin badaukate kristal barreiatzailerik (kristal hori ez daukatenak arriskutsuak izaten dira, ultramorean gogor emititzen dutelako). Goritasun-lanpara konbentzionalak baino eraginkorragoak dira.
- Lanpara fluoreszenteak, tutu erakoak eta konpaktuak: (merkurio lurruna presio apalean): ultramorean emititzen dute. Argi zurikoak izaten dira, %40 eta %90 bitarteko etekin kromatikoa dutenak. Oinezkoentzako eta lorategietako argiterian ezartzeko egokiak. Eraginkortasun handiko lanpara hauek erdi pareko kontaminazioa eragiten dute, behar bezalako pantailen bidez babesturik eta instalazio handietan erabiltzen ez direnean, horizontean argirik emiti ez dezaten.
- Merkurio lurruna presio altuan darabiltenak: ultramorean asko emititzen dute. Argi zurixka dute, %60tik beherako etekinarekin. Oinezkoentzako eta lorategietako argiterian ezartzeko egokiak. Deskarga-lanparetan, hauexek dira merkatuan dauden eraginkortasun gutxienekoak.
- Halogenuro metalikozko lanparak: ultramorean izugarrizko emisioa dute. Hauen argi zuri urdinduaren etekina %60 eta %90koa da. Kirol ikuskizun garrantzitsuenetan eta etekin kromatiko handia ateratzea premiazko den guztietan instalatzea aholkatzen dute. Presio handiko sodiozkoen antzekoak dira, oso eraginkorrak, baina gutxi irauten dute.
- Kasuan kasuko erabileraren arabera, argiztapen egokiena baliatzea: bideetakoa, oinezkoentzakoa, trafikoarentzakoa, apaingarria…
- Egun argia dagoenean argiztapen artifiziala martxan ez dagoela bermatzeko, zelula fotoelektrikoak, erloju astronomikoak edo antzeko pizte-sistema kalitatedunak erabiltzea.
- Sodio lurrunezko lanparek merkurio lurrunezkoek baino ia erdia bakarrik kontsumitzen dutelarik, argi bidezko kontaminazio gutxiago sortarazten dute.
- Kaleko farolen itxidurak lauak izan daitezen eta, gainera, erabiltzen den materiala transmisio-kalitate on-onekoa izan eta aire zabalean luzaro egoteak eragiten duen endekapenari aurre egin diezaion xedatzea.
- Globo tankerako farolak kalean ez erabiltzea gainaldean erreflektore bat ez baldin badaukate, plano horizontalaz gainetik argi-emisio handia eragiten dutelako.
- Apaintzeko argiteriari dagokionez, egokiena kalean etekin handiko farola asimetrikoak instalatzea da, argi gutxiago kontsumituz hobeto argiztatzen dutelako.
- Plano horizontalaz gainetik argia igortzeari saihets egin behar zaio, kaleetako argiztapenean batik bat.
- Neurri hauetan salbuespentzat jo beharko dira tunel eta lurpeko pasabideetako argiztapena.