Amaierarik gabeko kontua
Espainiako Ikerkuntza Soziologikoen Zentroak 2001eko martxoan argitara eman zuen ikerlanaren arabera, erantzun duten gazteen erdiak baino gehiagok umeak ekarri nahi ditu; horietako askok, gainera, bakarra ez dute aski. Errealitatea, ordea, zeharo bestelakoa da, munduko jaiotze-tasarik apalena Estatu espainolak baitu: 1,07 ume emakume bakoitzeko, alegia. Haurrak ekartzeko unean nolako eragozpenak dituzten galde eginik, gazteek arrazoi ekonomikoak agertu zituzten, sendo agertu ere. Umea ekartzea, izan ere, kontu garestia baita, aurre egin beharreko gastuen alderditik ez ezik, Administrazioak ematen dituen laguntzen eskasiagatik ere bai. Lehen seme-alabagatiko errenta-aitorpeneko famili kenketa 132,82 euro baizik ez den bitartean, jaio berri den haur horren lehen urteko ordainketak 6.000 euro ingurura iristen direla kalkulatu izan da. Estatuan joan den urtean jaio ziren 377.809 haurrak motxila bete-bete eginik etorriko ziren agian baina, iritsi aurretik ere, hamaikatxo gauza erosi behar izan zituzten beren aita-amek.
Erditze aurretik
Aurrekontuaren pusketa handiena haurra jaio ondoren gastatzen bada ere, bistan da emakume haurdunak aparteko gastuak egin behar dituela barne-arropa eta neurri handiko janzkiak erosteko (nahiz, kasu anitzetan arropa horiek ez diren armairutik berriro irtengo, umea jaiotakoan): soineko, galtza, atorra, gona edota beroki horien prezioa bestelako arropenaren tankerakoa da, astungarri batez: behin-behingoz baliatzekoak dira haurdunarenak. Ohiko kontua da, era berean, gehiegizko kargaren ondoriozko zirkulazio txarra edo nekea nozitzen duten hanken oinazeak, azken hamar urteotan ehunen teknologiak bizi izan duen aurrerakadari esker, arintzen dituzten panty eta galtzerdi mordoska erostea (15 eurotik aurrera). Estetikaz kanpo, kontuan izan dezagun premiazko bisitak bakarrik ez egitearren, emakumeak ginekologo pribatu batengana baldin badoa, kontsulta bakoitza 48,08 euro inguru kostako zaiola.
Sehaska eta bestelako osagarriak
600 eurotik gora doaz, are merkatuko oinarrizkoak aukeratzen badira ere. Sehaska soilaren prezioa 150 euro baino txikiagoa izango ez den arren, badira 600 euroetaraino iristen direnak ere; batetik besterako aldea, materialak eta eskaintzen dituen prestazioen -egurrezkoa den, lakatuta dagoen, gurpilak dituen, erregulagarria den…- araberakoa da.
Gastu horri, dagokion koltxoiarena erantsi beharko zaio, honen prezioa ere aldatzen delarik: aparrezkoa (18 euro), malgukiduna (48 euro) edo latexezkoa (120 euro). Sehaska hautatutakoan, jantzi egin beharko dugu maindirez (18 eurotatik aurrera), edredoiaz (60 euro) eta babesgarriez (18 euro). Haurra toki batetik bestera eramateko moises motakoak usu baliatzen dira (90 eurotik aurrera daude salgai). Ez ahantzi bainera, umea garbitzeko ezinbesteko elementua baita. Arropaz aldatzeko etxeko mahai arrunta edo berariazko altzaria erabiliz gero, etxeko bainuari egokitzen zaion modeloa erosi ahal izango dugu, 36 euroz azpitik. Aldatzeko altzari berezia eta tiraderak dauzkana nahiago baldin badugu, 60 eurotik gora joan beharko. Azkenean, paseatzeko karroa (90 eurotik 600era bitarte, aulki ere baldin bada) eta automobilerako berariazko aulkia ditugu. Horrelakoetan garrantzikoena, aulkitxo modelo hori homologaturik egotea da. Automobil-marka bakoitzak bere modeloak eskaintzen ditu, 60 eurotik aurrera.
Ezinbesteko osagarrien zerrenda hemen amaitzen bazen ere, agintzen duten erosotasuna medio, egunez egun ugaltzen ari da produktu berriak erantsiz. Umea etzateko hamaka (43 euro), otorduetan esertzeko berariazko aulkitxoa (60 euro) eta ohartarazle elektronikoa (18 eurotik gora) dira produktu berri horietako batzuk.
Arropa eta haur-oihalak
Lehendabiziko hiru hilabetean haurrari egunean zortzi aldiz ere aldatu beharko zaizkio pixoihalak (edoskitze guzti-guztien ondotik). Hazten den heinean oihal horien kopurua murriztuz doan arren, guztirako munta izugarria da: aurreneko urtean umeak 2.180 oihal gastatuko ditu, batez beste. Hortaz, 80 aleko paketea 16,53 euro inguru kostatzen delarik, eragiketak egin baizik ez dugu: haur-oihaletan soilik, familia horrek urtean gutxienez 450 euro gastatu beharko ditu. Horrelako oihalekin hertsiki loturik doaz beste hamaikatxo higiene-produktu, hala nola: termometroa, eskuila, orraziak, kolonia, azkazal-moztekoa eta xaboia… (12 eurotik gora). Ez dugu bukatu: horiei larruazala babesteko produktuak gehitu behar baitzaizkie: talkoa, lozioak eta kremak… hau da, hiruhilekoan 15 euro, hor nonbait.
Haurraren arropa da garrantzi handiko beste atal bat, normalean gurasoek horretarako senide eta adiskideen laguntza jasotzen badute ere. Soineko batzuk ezinbestekoak izaten dira, hala nola body motakoak (3 eurotik aurrera), pijama (18 euro) eta kalera ateratzeko arropa (15 eurotik hasita). Horrelakoak merke samarrak gertatzen badira ere, gastu handiagoa egin nahi duenak aukera zabal-zabala du, zaletasunak beteko baditu: haurrentzako arroparen prezioak eta helduentzakoarenak geroz eta berdintsuago bihurtzen ari dira; areago, marka ospetsu zenbaitek haurrentzako berariazko jantziak erakusten dituzte beren desfileetan.
Esnea eta biberoiak
Amak umea bularretik edoskitzea erabaki baldin badu, atal honetaz ez du zertan kezkatu (aurreneko hilabeteetan, behintzat): tetina bat (5 euro) baizik ez du erosi beharko, horren premian baldin bada. Nolanahi ere, orain edo geroxeago aurre egin beharko dio esne maternizatua erosteari (18 eurotik gora): ontziak, hasieran, astebetea irauten duen arren, haurra hazi ahala atal honetako gastua ere handitu egingo da. Lehen urteko elikaduraren kostua 1.080 eta 1.500 euro bitartekoa dela kalkulatu dute. Ezinbestekoak dira biberoiak (3 eurotik hasita) eta, nahiz hauek beti bezala (mari bainuan) esteriliza daitezkeen, gaur badira berariazko etxetresna elektriko txikiak, hala nola biberoia berotzekoak (25 eurotatik hasita, 60raino, mikrouhin labeetan baliatzeko modukoak badira) eta esterilizatzekoak (25 euro). Bukatzeko, pediatrek zuhurtziaz baliatzea aholkatzen duten eta bere prezioa hutsaren hurrena den arren, higiene hutsagatik bada ere, txupetea (2,10 eurotik aurrera) maiz aldatzea komeni izaten dela ere kontuan hartu behar dugu.
Laugarren hilabetean
Lehen umea ekarri duten amen batez besteko adina 30 urtetik gora joana da egun eta, etxetik kanpoko beharrean den-denak ez dabiltzan arren, lana eta famili bizitza uztartu dutenak geroz eta ugariago dira. Oraingoz gehienbat emakumeak hartzen duen amatasunagatiko baja agortu ondoren, haur jaio berria zaintzeko toki edo pertsona aproposa bilatu beharko da. Horrek, umearen lehen urteko gastuak ugaldu egingo ditu: batez beste, hilean 240,40 euro kostatuko da haurtzaindegia; haurra zaintzen duen pertsonak, bestela, 6 euro kobratuko dizkie orduko.
Aipaturiko kontzeptu guztien batuketa egin ondoren, beraz, ume jaio berriak (aurrenekoa denean, batik bat) famili aurrekontuari kenduko dion pusketa gutxienez 6.000 euro izango dela balioestea ez da, inondik ere, gehiegikeria.
Ama ere, eder
Amak edertasun-produktuetan gastatzen duena ere kontuan hartzea oso bidezkoa da, bederatzi hilabete horiek eragingo dioten endekapen fisikoari saihets egin nahi badio, bederen. Ilea zaintzeak ere sekulako garrantzia hartuko du: hormonen eraldaketa eta burdina-gabeziagatik, biloa opaku bihurtzen da, distira osoa galdurik. Hondamenditik irteteko ama gazte horrek hainbat aukera ditu: ilea indartzeko bizkortze-tratamendua egin (14,88 euro), buru-azala zaintzen duten produktuak baliatu (14 euro) edo egitura sendotuko duen kosmetikozko geruza aplikatzea (12,02 euro). Haurdunaldian eta ondoren larruazala zaintzea ere premia gorria du. Emakume gehienek itzuri ezinezkoak dituzten bular eta sabeleko ildoen kontrako borroka hasiko dute orduan: larruazala egunero-egunero hidratatu ezean, epidermisean dautzan kolageno eta elastinazko zuntzak hautsirik, erditze ondoan begi-bistan agertzen diren ildoak osatzen dira. Ildoen aurkakoak (8,26 eurotik hasita), eta zolduren kontrako olio nutritzaile (25 euro) eta hidratatzaileak (14,03 euro) dira merkatuko kosmetika-marka ezagunek ama berriari eskaintzen dizkioten artikuluetako batzuk. Kosmetika-geruza tenkatzaileen, jele indartzaileen eta laxotasuna zuzentzen duten era guztietako antizelulitikoen aplikazioa, noski, edoskitzaroa amaitu arte atzeratu beharko da.