Mendirako lozakuak

Hoberenetako bat, denetan merkeena

Erabiltzaileak eraman nahi izango dituen bolumenak eta pisuak zehaztuko dute, hein handi batean, komeni zaion zakua
1 otsaila de 2002

Hoberenetako bat, denetan merkeena

Oraingoan aztertu diren mendi ibilaldietan erabiltzeko sei lozakuen prezioak 78 euroetatik (Ferrino Nightec 600D eta Vango Ultralite 700ML) 107 euroetaraino doaz (Yuma Altus Groenlandia). Denak “momia” motakoak badira ere, lagin bakoitzak daukan betegarriak zehazten ditu berariazko ezaugarriak, egoera meteorologiko desberdinetara egokitzekoak.

Eguraldi-gorabehera latzetan, kanpin denda barruan edo aire zabalean, behar bezain eroso lo egiteko aukera eskaini behar dio honelako lozakuak erabiltzaileari. Era berean, arina izan behar du, erraz garraiatuko bada, eta trinkoa.

Laborategiko azterketak erakutsi zituen emaitzen desberdina kontuan izaki, nekez asma daiteke kalitate eta prezioaren arteko erlazio hoberena zein den esatean. Erabiltzaileak lozakuaren pisuari eta bolumenari garrantzirik ematen ez badie, denetan merkeena (Ferrino Nightec 600D) da hautapen egokiena, erresistentzia eta gaitasun termiko onekoa delako. Lozakua ibilaldi luzeetan eraman nahi badu, berriz, Yuma Altus Groenlandia du mendizaleak aukera polita, aurrekoa baino garestiagoa den arren eta josturen erresistentzia hobetu beharko badu ere.

Gaitasun termikoa, funtsezkoa

Lagin gehienen etiketek, lozaku horiek erabil daitezkeen bi tenperatura-maila adierazten dituzte: lehenbizikoan, erabilerarik egokiena nolako baldintza klimatikoetan egin daitekeen agertzen da; bigarrenean, berriz, berebiziko prestakizun teknikoaz hornituriko erabiltzaileak bakar-bakarrik, bere buruaren erresistentzia ederki ezaguturik, zakua gehienez ere nolako baldintzetan erabil dezakeen adierazten zaizkio.

Ferrino laginak, egoera normalean, erosotasuna bermatzen du -6 ºC eta -10 ºC bitartean, eta muturreko tenperaturatzat -20 ºC finkatzen du. Salewa markakoak lozakua 9 eta 2 ºC bitarteko tenperaturetan baliatzea aholkatzen duen arren, 24 ºC eta -13 ºC hozberoetan ere erabil daitekeela adierazten du (tenperatura horretan jelatzea bakarrik galarazten du). Vaude laginak 8 ºC eta 2 ºC bitarteko tenperaturak egokiak direla badio ere, mutur-muturrekoak 25 ºC eta -3 ºC dira (jelatzea bakarrik eragozten duelarik). Coleman laginak, azkenik, lozakua 0 ºC tenperaturan baliatzea aholkatzen du baina premia gorriko hozberoak 5 ºC-tik -10 ºC-ra doa. Vango eta Yuma markakoek ez dute horrelako adierazpenik egiten.

Lozaku horien barrualdean gertatzen den bero-galera zehazteko froga moduko bat asmatu zuen CONSUMERek: zaku bakoitzean giza gorputzaren tenperaturan (36 ºC) zeuden 14na jelatina pakete sartu ziren. Orduan hasi zen kanpoaldeko tenperatura jaisten, enbor, oin eta buru aldeko bero-ihesa kontrolatuz.

Gaitasun termikoa neurtzeko froga horretan emaitzarik hoberenak Yuma eta Ferrino laginek erakutsi zituzten. Coleman lozakua on samar gertatu zen eta Vango, Vaude eta Salewa markakoak onartzeko moduan baino ez. Saiakera amaitutakoan, Yuma laginak 6,5 ºC bakarrik galdu zituen enborraren alderdian (oinetan 10 ºC eta buru aldean 12,5 ºC galdu zituen arren), baina Vaude laginak emaitza dezente okerragoak agertu zituen: 17,5 ºC galdu zituen enbor aldean, 15,5 ºC oinetan eta 27,5 ºC buru aldean).

Pisu eta bolumenetan, aldea

Lozaku guztiek poltsa barruan ez zuten bolumen berdina: 7,2 litroetatik (Vango) 34,2 litroetara (Ferrino) zihoan. Aldea, beraz, batetik bestera. Vaude eta Coleman laginen bolumena 11 litro ingurukoa den bitartean, Salewa-rena 13 litrokoa da eta Yuma markakoarena, azkenik, 20 litro, hortxe. Aldeak alde, lozakua zabaldu ondoren, laginen neurriak berdintsu bihurtu ziren.

Ferrino, Yuma, Coleman eta Vango laginen poltsek nylonezko zintak eta finkaleku plastikoak dauzkate, lozakua galkatu eta, horrela, bolumena murrizteko. Beste aldetik, Vaude da itxitura-alderdia hezetasunaren kontra babesteko ehunik ez daukan lagin bakarra.

Pisuari dagokionez, Vaude eta Vango dira lozaku arinenak (1.010 eta 1.040 gramo), ondotik Coleman, Salewa eta Yuma (1.440, 1.750 eta 1.910 gramo) datozkiela. Denetan astunena Ferrino da (2.140 gramo).

Bero-ihesak galarazteko helburuz, itxidura labaingarri bitartez egokitzeko moduko txanoa eta lepoko termiko egokigarria daukate lagin guztiek, Vangok eta Vaudek izan ezik. Denek, era berean, barrualdean velcroz (Vaude eta Coleman laginek, kremaileraz) ixten den poltsiko bat daukate, gauza txikiak gordetzeko.

Kremaileren barne aldean sei laginek banda isolatzailea daukate, erabiltzailea hotzetik babesteko. Banda horrez gainera, Vango markakoak hezetasunetik babesteko hegal bat dauka; Yuma laginak beste hegaltxo bat oraindik, kremailera traba ez dadin. Jostura, poltsiko eta kremaileren bukaerak ongi baloratu ziren (Vango laginaren poltsikoak eta josturak, aitzitik, deseginik edo urraturik zeuden, betegarria ateratzen zelarik).

Salewa eta Vaude dira funda galkagarrian gordetzeko soilenak, baina Vango eta Coleman laginek, galkatutakoan, gainontzekoek baino bolumen gutxiago daukate. Erabiltzeko erosotasunik egokiena -kremaileraren labainketa elementu nagusi izaki-Ferrino eta Coleman laginena izan zen. Lozakuari erantsitako osagarriei dagokienez, Yuma lagina da hoberena, hau da, osatuena.

Zulatze eta urratzearen kontrako erresistentzia

Kanpoko ehunak urratzeari ezartzen dion erresistentziari dagokionez, Ferrino eta Yuma (28-30 Newton) dezente hobeak izan ziren Vaude eta Coleman (20-21 Newton) baino. Ferrino eta Yuma, era berean, hoberenak izan ziren zulatzearen aurkako erresistentzian ere (108 eta 123 Newton), Vaude laginaren (62 Newton) aldean, batez ere. Josturen erresistentzia onartzeko modukoa baino ez zen izan Ferrino (442 Newton) eta Vaude (304 Newton) laginetan; gainerakoetan emaitzak askoz okerragoak izan ziren, Yuma, Vango eta Coleman laginetan (108, 214 eta 230 Newton) bereziki.

Zeharkako trakzioari aurre egitean hoberena Salewa laginaren kremailera izan zen (940 Newton), ondo-ondoan Yuma eta Ferrino laginak zetozkiola (870 eta 890 Newton). Denetan txarrena Vango markakoa izan zen: oihala urratu eta kremailera ireki egin zen 720 Newton aplikaturik, hau da, gainontzekoak baino dezente lehenago.

Etiketak, osatu gabeak

Etiketa zuzen bakarra Yuma laginarena izan zen. Gainerakoetan ez daude fabrikatzailearen edo inportatzailearen datuak (Vango, Ferrino, Salewa, Vaude, Coleman) edo, bestela, etiketako argibideak espainieraz bestelako hizkuntza batean agertzen dira (Vango, Salewa eta Vaude).

Ferrino eta Vaude laginen berme-agiriak bakarrik dira zuzenak. Yuma eta Salewa laginek ez daukate inongo berme-agiririk. Vango eta Coleman markakoek badute, baina akastunak dira (bietako aurrenekoa ez dago espainieraz eta ez du adierazten iraupenik; bigarrenak, berriz, ez du adierazten nor den titularra).

Ferrino eta Vauder laginen erabiltzeko eta mantentzeko argibideak bakarrik dira onartzeko modukoak baina, hala eta guztiz ere, su iturrien aurrean nolako neurriak hartu behar diren ez da aipatzen ez batean, ez bestean ere. Gainerako laginak are eta akatsez beteagoak agertzen dira. Beste aldetik, Vango, Coleman eta Salewa laginetan argibideetako batzuk ez daude espainieraz eta Vango markakoan, azkenik, baliatzen diren ikur batzuk ez dira normalizatutakoak.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Aztertu diren mendi ibilaldietan erabiltzeko sei lozakuen prezioak 77,53 euroetatik (12.900 pezeta) 106,68 euroetaraino (17.750 pezeta) doaz.
  • Kontsumitzaileari zor zaion informazioa (etiketa, bermea, erabiltzeko eta mantentzeko argibideak) akastuna da azterturiko lagin guztietan; dena den, Ferrino laginarena da denetan osatuena.
  • Pisu eta bolumenetan aldeak handiak dira, lagin batetik bestera. Vango da denetan txikien eta arinena eta Ferrino astun eta handiena. Erabiltzeko egokitasun eta ergonomiari goazkiola, Coleman eta Yuma nabarmendu ziren: garraiatzeko, galkatzeko erraztasuna eta erabiltzeko erosotasunagatik, lehena; osagarri baliagarri gehien zeuzkalako, bigarrena.
  • Ehunen, josturen eta kremaileren erresistentzia on-ona agertu zuen Ferrino laginak; Yuma Altus Groenlandia laginarekin batera, tenperatura hotzenen aurreko babes eraginkorragatik ere azpimarratzeko moduko gertatu zen.
  • Erabiltzaileak pisuari eta bolumenari garrantzi handirik ematen ez dienean, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Ferrino da, denetan merkeena. Pisua baldin bada kontuan hartzeko elementua, Yuma Altus Groenlandia aukera polita da, garestiena ere bera den arren.
MARKA FERRINO YUMA COLEMAN VANGO SALEWA VAUDE
Modeloa
Nightec 600D Altus Groenlandia Bambusa M-10 Ultralite 700 ML Olymp 500 Trekking Ultralight 210
Prezioa (euro/ pezeta)
77,53/ 12.900 106,68/ 17.750 89,85/ 14.950 78,07/ 12.990 88,89/ 14.790 101,57/ 16.900
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa
Etiketa Ez dago zuzen Zuzen Ez dago zuzen Ez dago zuzen Ez dago zuzen Ez dago zuzen
Bermeaa Zuzen Zuzen Ez dago zuzen Ez dago zuzen Ez dago zuzen Zuzen
Erabiltzeko eta mantentzeko argibideak O G G G E O
Aholkatu/ gehieneko tenperaturak
-6 a -10ºC/ -20ºC Ez du adierazten 0ºC/ 5 y -10ºC Ez du adierazten 9 a 2ºC/ 24 y -13ºC 8 a 2ºC/ 25 y -3ºC
Izariak
Bolumena G OM B B O O
Pisua G E OM B E B
Ezaugarri fisikoak /Bukaerak
Garraiatzeko poltsa
Konpresio- uhalak Bai Bai Bai Bai Ez Ez
Hezetasunaren aurkako ehuna Bai Bai Bai Bai Bai Ez
Lozakua
Txano egokigarria Bai Bai Bai Bai Bai Bai
Kremaileradun banda termiko isolatzailea Bai Bai Bai Bai Bai Bai
Lepoko termiko isolatzaile egokigarria Bai Bai Bai Ez Bai Ez
Poltsikoa Bai Bai Bai Bai Bai Bai
Bukaerak O O O E O O
Erabiltzeko egokitasuna eta ergonometria
Garraiatzeko erraztasuna OM OM B B OM OM
Zakua poltsan gordetzeko erraztasuna O O O O B B
Zakuaren poltsa barruko konprimigarritasuna OM OM B B G G
Erosotasuna B O B OM OM O
Erresistentzia
urraketaren aurka (kanpoko ehuna) B O MM E E MM
zulaketaren aurka B O E E OM G
josturena B G G G E OM
Zeharkako trakzioaren aurka (kremailerak) O O E G B E
Gaitasun termikoa
B OM OM E E E
Osoko balioztapena
Bikain Bikain O OM OM OM

B= bikain; O= ongi; OM= onartzeko moduan; E=erdipurdi; G=gaizki; OG=Oso gaizki

Bannan eta bannan

Un por un, 6 sacos de durmir de travesía

FERRINO NIGHTEC 600D

  • 77,53 euro. Denetan merkeena.
  • Aholkaturiko tenperatura: -6 – 10 ºC (muturrekoa: -20 ºC).
  • Osoko balorazioa: oso ongi.
  • Merkeena eta kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena, pisuari garrantzi handia ematen ez zaionean. Barneko ehuna kotoi eta poliesterrezkoa da (transpiragarriago eta atseginagoa). Etiketa zuzen ez dagoen arren, berak ematen dio informazio osatuena kontsumitzaileari. Denetan astun eta handiena. Ezaugarri fisiko eta bukaerak, ongi; erosotasunean, oso ongi. Tenperatura hotzen aurkako babes bikaina du bereizgarri nagusia.

YUMA ALTUS GROENLANDIA

  • 106,68 euro. Denetan garestiena.
  • Aholkaturiko tenperatura: ez du adierazten.
  • Osoko balorazioa: oso ongi.
  • Pisu eta bolumen txikiak premiazkoak (edo lehenetsiak) direnean, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Etiketa zuzen dagoen arren, argibideek eta bermeak akatsak dituzte. Ezaugarri fisiko eta bukaerak, ongi; garraiatzeko erraztasun eta erosotasunean, ongi. Josturetan izan ezik, erresistentziaz ere, ongi. Tenperatura hotzen aurkako babesa, bikaina.

COLEMAN BAMBUSA M-10

  • 89,85 euro.
  • Aholkaturiko tenperatura: 0 ºC (muturrekoak: 5 eta -10 ºC)
  • Osoko balorazioa: ongi.
  • Kontsumitzailea- rentzako informazioa, eskas. Biltzen denean, bolumen gutxi okupatzen du. Ezaugarri fisiko eta bukaerak, ongi. Erabiltzeko egokitasun eta ergonomiaz, oso ongi, batez ere garraiatzeko eta biltzeko erraza delako, eta erosoa. Josturen urraketan, erresistentzia ahulena agertu duenetako bat. Gaitasun termikoa, onartzeko modukoa.

VANGO ULTRALITE 700 ML

  • 78,07 euro.
  • Aholkaturiko tenperatura: Ez du adierazten.
  • Osoko balorazioa: onartzeko modukoa. Bigarren merkeena.
  • Kontsumitzailea- rentzako informazioa, eskasa. Pisu eta bolumen txikienekoa. Vaude laginarekin batera, lepoko termiko egokigarririk ez daukan bakarra. Bukaerak (josturetan eta poltsikoetan, batik bat) erdipurdikoak. Garraiatzeko eta poltsan galkatzeko erraztasun handia. Ez du erresistentzia handia, batez ere josturetan eta kremaileretan. Gaitasun termikoa, erdipurdikoa baino ez.

SALEWA OLYMP 500

  • 88,89 euro.
  • Aholkaturiko tenperatura: 9 – 2 ºC (muturrekoak 24 eta -13 ºC)
  • Osoko balorazioa: onartzeko modukoa. Kontsumitzailearentzako informazio eskasa. Barneko ehuna kotoi eta poliesterrezkoa (transpiragarri eta atsegina); betegarria, ahate-luma (transpiragarria baina nekez garbi daitekeena). Garraiatzeko poltsak ez du galkatze-zintarik, bolumen txikikoa, poltsan erraz gordetzeko modukoa. Zeharkako trakzioaren aurrean kremailerak erresistentzia handia agertzen du, baina kanpoko ehunarena eta josturena erdipurdikoa baizik ez da. Gaitasun termikoa ere, erdipurdikoa baino ez.

VAUDE TREKKING ULTRALIGHT 210

  • 101,57 euro.
  • Aholkaturiko tenperatura: 8 – 2 ºC (muturrekoak: 25 eta -3 ºC)
  • Osoko balorazioa: onartzeko modukoa.
  • Etiketa ez dago zuzen. Onartzeko moduko neurriak, pisua batik bat. Garraiatzeko poltsak ez du galkatzeko zintarik, ezta itxitura aldean hezetasunaren kontrako ehun babeslerik ere. Vango laginarekin batera, lepoko termiko egokigarririk ez daukan bakarra. Gordetzeko erraz-erraza. Erresistentzia ahulenetako bat, urraketa eta zulaketaren aurrean batez ere. Gaitasun termikoa, erdipurdikoa baizik ez.