Gaixotasun isila
Mononukleosi infekziosoa edo musuaren gaixotasuna gutxi ezagutzen dugun patologia da, baina uste baino eragin handiagokoa. Gaixotasun infekzioso akutua da, hedapen unibertsalekoa, gizakietan bakarrik agertzen dena eta Epstein-Barr birusak (EBB) sortua. Hasiera batean oharkabean pasa liteke eta lehen sintomak (buruko mina, nekea eta sukarra) agertzen direnean oso erraza da beste gaixotasun batzuen sintomekin nahastea. Batez ere nerabe eta pertsona heldu gazteei eragiten die -herrialde garatuetan bereziki-, baina haurren artean ere kasu ugari izaten da, garapen bidetan diren herrialdeetan gehienbat. Haurrengan, sintomarik gabeko prozesuak izaten dira, berriro infektatzeko arriskuaren aurrean inmunitatea ematen dietenak. Hala ere, mononukleosia ez da oso kutsagarria eta bere eragina %15etik beherakoa izaten da gaitza jasateko arriskua duten unibertsitateko ikasleen artean.
Transmisioa eta sintomak
Gizakia da birus mota hau kutsatzeko iturri bakarra, batez ere txistuaren bitartez kutsatzen baita; horregatik deitu ohi zaio musuaren gaixotasuna, ahoan musu ematea baita gaitza transmititzeko erarik ohikoena. 15 eta 25 urte bitarte neska eta mutilengan izaten du eragina batez ere, eta gutxiago 35 urtetik gorako helduengan. Haur eta titiko umeen artean gertatzen diren infekzio gehienak sintomarik gabeak izaten dira edo faringitis arina besterik ez dute sortzen, amigdalitisarekin edo gabe. Aitzitik, infektaturiko nerabeen % 80rengan mononukleosi infekziosoaren sintoma tipikoak eragiten ditu. Adineko pertsonengan sintoma zehatzik gabe agertu ohi da, luzaro sukarra, ondoeza eta giharretako mina adibidez. Askotan oharkabean pasatzen da mononukleosia, baina beste zenbaitetan konplikatu egin ohi da eta arazoak sor ditzake, larriak gutxitan izaten diren arren.
Gaitza eragiten duen birusa, EBB delakoa, herpes-birusen familiakoa da pertsona infektaturik dagoenean eta B linfozitoetan itsatsi eta horien barrura sartzen da. 30 eta 50 egun bitarteko inkubazio-aldiaren ondoren, -10 eta 14 egun bitarte haurren artean- sintoma zehaztu gabeak agertu ohi dira, sukar-prozesu askotakoen antzekoak: buruko mina, nekea eta sukarra. Egun gutxiren buruan gaixotasunaren bereizgarri den hirukotea agertu ohi da: sukarra, faringe eta amigdalen hantura eta adenopatiak (ganglioak). Sukarra, kasuen %99an agertzen da eta handia izan ohi da (39 eta 40 gradu artekoa), gehienetan iluntzean. Egunetan zehar iraun dezake, astebete baino gehiago ere bai inoiz. Eztarri, faringe eta amigdalen inflamazioa gaixoen %85ean agertzen da eta eztarri guztia hartzen du. Infektatuen erdiak jariaketa zornetsua ere izaten dute. Adenopatiak handitu eta puzturiko ganglioak dira eta 3 eta 4 aste artean behar izaten dute sendatzeko. Lepokoak eta belarri ostekoak harrapatu ohi ditu, zenbaitetan ganglioen hantura lepoa baino haratago zabaltzen den arren. Adenopatiak ukitzea minbera izaten da gaixoarentzat.
Zenbaitetan, amigdalen tamaina handitzeak eta faringea eta ganglio lokalak puzteak butxadura eragin dezake arnasbideetan eta espezialistaren laguntza behar izan daiteke. Gaixotasunaren beste ezaugarri batzuk ez dira konstanteak izaten: nekea, barearen tamaina handitzea (esplenomegalia), gibelaren tamaina handitzea (hepatomegalia), betazalak handitzea (edema palpebrala) eta exantema (gorputz guztian zehar agertzen den negala).
Tratamendua
Mononukleosi infekziosoak ez du tratamendu espezifikorik, sintomatiko hutsa da eta sukarra den bitartean ohean atseden hartzea eta paracetamol eta antzeko analgesikoak hartzea beste biderik ez dago. Konplikazio larrien kasuan baino ez da kortikoideak hartzea aukeratu behar. Antibiotikoak sobreinfekzioa dagoenean bakarrik dira egokiak eta sekula ez dira erabili behar ez anpizilina ez eta amoxilina ere, hedapen zabaleko antibiotikoak biak ere. Aciclovir edo antzeko birus-aurkakoek ere ez dute espero zen emaitzarik eman. Faringe eta amigdalen inflamazioa oso ohikoa eta gogaikarria izaten denez, povidona iodatuarekin gargarak egitea gomendatzen da. Gaur egun txerto motaren bat sortzea ikertzen ari dira, baina txertorik ez dagoen bitartean, prebentzio era bakarra dago: infektaturik gauden bitartean musurik ez ematea, infekzio iturri bakarra gizona eta emakumea baitira eta txistuaren bidez kutsatzen baita. Baina hortxe dago arazoa ere: gaixotasuna hasiera batean oharkabean pasa daitekeenez, infekzioaren diagnostikoa sintomak oso argiak direnean egiten da eta ordurako baliteke beste norbait kutsatu izana.
Prozesu infekzioso hau sendatzeko bi hilabete behar izaten da gehienez ere, konplikaziorik agertu ezean behintzat eta normalean ez da hala gertatzen. Mononukleosia onbera izan ohi da gehienetan eta 3-4 astean gaixoa sendatu egiten da, nekeak eta ganglio handituek iraun badezakete ere. Gaixotasunaren diagnostikoa sintoma berezi horietan eta laborategiko probetan oinarritzen da batez ere, serologiakoetan bereziki, gaixotasunean zehar antigorputzak sortzen baitira.
Konplikazio ugari ager daiteke, baina hori ez da maiz gertatzen.
- Neurologikoak: oso gutxitan, baina meningitisa, entzefalitisa, aurpegiko paralisia, etab…
Barea haustea: oso gutxitan gertatzen da (kasuen % 0,1ean) baina larria da; traumatismo txikiek eragin dezakete edo baita bat-batean ere.
Gibeleko gorabeherak: arruntagoak izan ohi dira, arazo seriorik ia sekula sortzen ez badute ere. Horien barruan, ikterizia (larruazaleko kolore horia, odoleko bilirrubinaren eraginez) baina ez da oso arrunta.
Hepatiak hausteagatiko anemia (anemia hemolitikoa): kasuen % 2an gertatzen da eta zenbaitetan plaketa kopurua jaistea ere gertatu ohi da.